Irakasleentzako oinarrizko azalpenak: hezkuntza gida
This is text of the Wikipedia Education Program brochure Instructor Basics: How to use Wikipedia as a teaching tool, revised late 2013.
text
page 1 (cover)
Irakasleentzako oinarrizko azalpenak: Nola erabili Wikipedia irakasteko tresnatzat
Wikimedia Fundazioa
page 2
Wikipedia online entziklopedia libre bat da, edonork edita dezakeena. Munduko webgune bisitatuenen artean bosgarrena izanik, unibertsitate ikasle gehienek erabiltzen duten Wikipedia baliabidetzat. Era berean, mundu osoko irakasle askok erabili dute Wikipedia irakaskuntzako tresnatzat beren unibertsitateko ikasgeletan. Gida honetan, haien esperientziak bildu ditugu, zure ikasgelan Wikipedia nola erabil dezakezun erabakitzen laguntzeko.
Gida hau hiru zatitan antolatu dugu:
Eskolako lanen plangintza
Ikasi Wikipediako funtsezko politikak, eta eskuratu informazio gehiago eskolako lanak diseinatzeari buruz, ardatz gisa hartuta ikasleei eskatzea Wikipediako artikuluak idatz ditzatela eskolarako.
Ikastaldiaren barruan
Ikas ezazu ea zein den Wikipediako artikulu on baten egitura, ea ikasleek nola aukeratu beharko lituzketen hobetuko dituzten artikuluak, ea zer iradokizun dauden Wikipediako laborategi saio batean lantzeko gaiei buruz, eta ea nola jardun Wikipediako editoreen komunitatearekin elkarrekintzan.
Ikastaldiaren ondoren
Ikus ezazu beste irakasle batzuei baliagarri izan zaien Wikipediako lanen ebaluaziorako egituraren adibide bat.
page 3
Eskolako lanen plangintza
Funtsezko politikak ulertzea
Wikipedia 2001ean abiatu zenetik, editore boluntarioen —wikilarien— komunitateak funtsezko hainbat politika garatu ditu, Wikipedia ahalik eta fidagarriena eta erabilgarriena izan dadin. Zure ikastaldean sartzen duzun edozein lanek politika horiei jarraitu behar die. Funtsezko politika horiek ulertzea beharrezkoa da zuk garatutako eskolako lanak, zure ikaste helburuak betetzeaz gainera, Wikipedia hobetuko duela ziurtatzeko.
Eduki librea
«Ikasleek Wikipedian sartzen duten lana eduki librea da, eta ondare komunaren parte bihurtzen da. Edonork edita eta berrerabil dezake, lizentzia libre batekin. Wikipedian idatzitako guztiak originala izan behar du oro har. Wikipediako irizpideek debekatu egiten dute iturri gehienetatik kopiatu eta itsastea.»
— User:Lechatjaune (azken bi esaldiak, Xabier Armendaritzek moldatuak, zehatzago izan daitezen)
CC BY-SA 3.0 argazkia. Egilea: User:Lechatjaune
Ikuspuntu neutrala
«Wikipediako guztia ikuspegi neutraletik idatzi behar da. Wikipedia ez da ez da argumentatzeko edo ideia bat aldezteko tokia. Informazio guztia zehaztasunez eta alderdikeriarik gabe aurkeztu behar da, iturri fidagarriek argitaratutako ikuspegi nabarmen guztiak deskribatuta. Gai bati buruzko iritziak azaldu behar zenituzke, baten edo bestearen alde egin gabe.»
— User:GorillaWarfare
CC BY-SA 3.0 argazkia. Egilea: User:GorillaWarfare
Nabaritasuna
«Nabaritasunaren kontzeptua erabiltzen dugu ea gai batek artikulu bat merezi duen erabakitzeko. Oro har, gai bat nabaria dela jotzen dugu, baldin hirugarren alderdi batek gaiari buruzko argibideak eman baditu iturri fidagarrietan. Ikasleak artikulu berriak hasten ari badira, gaiari buruzko iturri fidagarri independente batzuk aurkitu beharko lituzkete, hasi baino lehen.»
— User:Mohamed Ouda
CC BY-SA 3.0 argazkia. Egilea: User:Faris knight
Iturri fidagarriak
«Wikipediako iturri fidagarrienak hirugarren alderdietako iturriak dira, datuak egiaztatzeagatik ospea irabazi dutenak, adibidez: argitaletxe akademikoek argitaratutako liburuak, parekoek berrikusitako aldizkari akademikoak, eta nazioarteko egunkariak. Ahal bada, ez aipatu blogak, prentsa oharrak, eta hain formalak ez diren beste iturri batzuk. Ikasleek ikuspegi nabarmenak agertzen dituzten iturriak erabili beharko lituzkete, eta ez agerpen bakarreko ikerlanak edo bazterreko teoriak dituzten lanak.»
— User:Mariana Jó
CC BY-SA 3.0 argazkia. Egilea: User:Mariana Jó
Fede ona
«Wikipedian editatzen duten guztiek, ikasleek barne, besteak fede onez ari direla uste izan behar dute, besteekin elkarrekintzan dabiltzanean. Horrek esan nahi du errespetuz tratatzen dugula elkar, eta uste izaten dugula denok ari garela helburu bera hartuta: Wikipediako edukia hobetzea. Gizalegez jokatzea estimatzen dugu, gai eztabaidatsuei buruz elkarrekintzan ari garenean. Gogoan izan editatzen den edukiaz eztabaidatu behar dela betiere, eta inoiz ez editatzen ari den pertsonaz; eta ez egin eraso pertsonalik.»
— User:Mike Christie
CC BY-SA 3.0 argazkia. Egilea: User:Mike Christie
page 4
Eskolako lanen plangintza
Zure eskolako lana diseinatzea
Wikipediak eskolako lanetarako aukera ugari eskaintzen ditu, zure ikaste helburuak oinarri hartuta. Kontuan har ezazu ea zein diren zure ikasleen gaitasun multzoak, ea zenbat ekarpen nahi duzun ikasleek Wikipediari egitea, eta ea zenbat denbora duzun, ikasturtean, eskolako lanari emateko.
Gida honetan, irakasgaiari lotutako gai bati buruz artikulu bat idazteko lana ikasleei nola eskatu azaltzen dugu. Izan ere, eskolako lan hori da irakasleek gehien erabiltzen dutenetako bat.
Eskolako lana: Idatzi artikulu bat
«Idatzi artikulu bat» lanean, ikasleei eskatuko diezu lehendik dagoen artikulu bat handitzea edo artikulu berri bat sortzea, irakasgaiari lotutako gai bat hartuta. Iturri fidagarriak erabiliz, ikasleek gaiari buruzko informazioa dokumentatuko dute. Sarritan, irakasleek eskolako lan hau azaltzen dute offline dagoen txosten analitiko luzeago batekin batera; ikasleen Wikipedia artikuluek haien txostenetako literatura-aztertzearen atalak osatzen dituzte.
Ordezko lanak:
Itzuli artikulu bat
Hizkuntza irakasleentzat, oso eskolako lan praktikoa izaten da hori. Zure ikasleek har ditzatela ikasten ari diren hizkuntzako Wikipediako kalitate handiko artikuluak, beren ama hizkuntzako Wikipedian oraindik ez daudenak, eta itzul ditzatela artikulu horiek beren ama hizkuntzara.
Gehitu irudiak artikulu bati
Zure ikasleak multimedien arloan trebeak badira, bide hori ona izan daiteke Wikipediara ekarpena egiteko, testuak landu beharrean. Iraganean, ikasleek beren inguruko monumentuei argazkiak egin izan dizkiete, haien irudirik ez zuten artikuluetarako; infografiak diseinatu izan dituzte, Wikipedian kontzeptuak irudiztatzeko; edota bideoak sortu izan dituzte, ikus-entzunezkoen bidez adieraztearren artikuluak testuaren bidez deskribatzen duena.
Zuzenketak egitea
Wikipedia erabiltzaileek sortutako baliabide bat denez, tekleatze akats ugari aurkituko dituzu, bai eta idazkera hobetzeko premia handiak ere. Ikasleei artikulu baten gramatika hobetu dezatela eskatzea bide ona da zuzenketa trebetasunak ikas ditzaten, eta zure diziplinan idazketa ona nola egiten den kritikoki pentsa dezaten.
Beste gida batean (Kasuen azterketa: Nola baliatzen duten irakasleek Wikipedia irakasteko izenburua duena) sartuta daude mundu osoan irakasleek erabili dituzten ikasketa programetara eta eskolako lanen deskribapenetara joateko estekak. Ikasleei jartzen zaizkien eskolako lan arrunt gutxi batzuk azaldu ditugu hemen, baina beste gida horretara jotzeko aholkatzen dizugu, ideia gehiago izan ditzazun.
https://education.wikimedia.org/casestudies
Irakasleentzako oinarrizko azalpenak / Eskolako lanak planifikatzea
page 5
Ikaste helburuak
Ikasleei Wikipedia artikulu bat idatz dezaten eskatzeak, oro har, ondo betetzen ditu lau ikaste helburu hauek.
Idazte gaitasunak garatzea
Ikasleek ikasten dute nola idatzi behar den, mundu osoko online biztanleen proportzio handi bat diren askotariko irakurle interesdunentzat. Are gehiago, Wikipediak egiaztagarritasunaren eta ikerlan originalik ez sartzearen gainean jartzen duen enfasiari esker, ikasleek hobeto ulertzen dute zer alde dagoen datu objektiboetan oinarritutako idazkeraren eta konbentzitzeko idazkeraren artean.
Hedabideak eta informazio alfabetatzea
Wikipediaren eduki-garapen garden eta lankidetzazkoari esker, ikasleek sakonago ulertzen dute informazioa nola ekoizten eta nola kontsumitzen den. Horrek ikasleei aukera bikaina ematen die, eskuragarri dauden iturriei eta haien erabilera egokiari buruz gogoeta egiteko.
Pentsamendu kritikoa eta ikerketa gaitasunak
Ikasleek ikasten dute Wikipedia artikuluak kritikoki aztertzen, zehaztearren ea zenbateko egokitasunez lantzen duen artikulu batek gaia, baloratzearren ea zer informazio falta den, eta ebaluatzearren ea artikulua zein neurritaraino dagoen dokumentatuta iturri fidagarriekin. Testuinguru zabalagoan, Wikipedia artikuluak ebaluatzea lagungarria zaie ikasleei, ikas dezaten nola ebaluatzen diren iturri mota guztiak, eta ez bakarrik Wikipedia. Artikulu bat baloratzeko eta zer informazio falta den erabakitzeko prozesuaren oso antzekoa da ikerketa akademikoan funtsezkoa den literatura-aztertzearen prozesua.
Lankidetza
Ikasleek zuzenean ikasten dute nola aritzen den editore aktibo boluntarioen komunitate batekin lankidetzan (komunitate horretan beren ikaskideak barne hartuta), eduki entziklopedikoa garatzeko. Askotan, beren lanari buruzko feedbacka jasotzen dute, eta edukiari buruzko adostasuna eratzearren beste editore batzuekin negoziatzen ikasten dute.
Ikasketa programaren diseinua
Irakasle eskarmentudunek diotenez, Wikipedia editatzen arituko diren ikasleentzat funtsezkoa da eroso egotea, testuaren wikikodearekin ez ezik, komunitatearekin ere. Ikastaldiaren hastapenetan lan txikiak eskatzen badizkiegu (adibidez, behean zerrendatutakoak), errazago egokituko dira Wikipediara. Ikastaldian zehar mugarri hauek jartzen ez dituzten irakasleek, eskuarki, esperientzia txarrak izaten dituzte ikasleei jarritako lanekin.
Eginkizun erraz hauek ikasleak prestatzen dituzte Wikipediako lan luzeagoetarako, ikasleei geroago beharko dituzten trebetasunen hastapenak ematen baitizkiete.
› Ikasleek erabiltzaile orri bat sortu beharko lukete, beren buruaz esaldi bat edo bi gehituta, eta Wikimedia Commonsetik —Wikipediaren irudi biltegitik— irudi bat gehituta.
› Anima itzazu ikasleak, eurek egindako argazki bat Wikimedia Commonsera igo dezaten.
› Eska iezaiezu ikasleei hobetu dezatela irakasgaiari lotutako artikulu batean esaldi bat edo biren argitasuna.
› Ikasleek irakasgaiko irakurgai bat erabil lezakete artikuluan erreferentzia bat gehitzeko.
› Behin zer gairi buruz idatziko duten hautatuta dutenean, ikasleek mezu bat idatzi behar lukete artikulu horren eztabaida orrian, iturri batzuk proposatzeko.
› Eska iezaiezu ikasleei egin asmo dituzten aldaketen eskema bat eztabaida orrian, idazten hasi baino lehen.
Behin ikasleek urrats horiek egin dituztenean, erosoago egongo dira Wikipedian lan egiten. Ikasleek lana geroko uzteko joera dute; beraz, hobe da urrats hauek hasierako mugarritzat erabiltzea, eta egin ditzatela artikuluan idazten hasi baino lehen.
Bada gida lagungarri bat, ikasleei honelako lanak jarri dizkieten 100dik gora irakaslek erabilitako ikasketa programa adibidezko bat eskaintzen duena. Hemen deskarga dezakezu gida:
https://education.wikimedia.org/syllabus Eskolako lanak planifikatzea / Irakasleentzako oinarrizko azalpenak
page 6
Ikastaldiaren barruan
Artikulu bat aukeratzea
Ikasleek zer artikulu landu behar dituzten erabakitzea lan zaila izan daiteke. Irakasle batzuek artikulu zerrenda bat egiten dute, eta ikasleei eskatzen diete zerrendatik aukeratzeko; beste batzuek, ikasleei eskatzen diete proposa ditzatela gaiak. Nahi baduzu ikasleek artikulu berriak sortzea, lehendik dauden artikuluak hobetzea baino, egiazta ezazu irakurri dutela Wikipediak nabaritasunari buruz duen politika, eta seguru dakitela gaiak nabariak direla, hau da, zure arloko izen oneko hirugarren alderdien iturrietan ondo azalduak.
Zer behar du Wikipediako artikulu batek ona izateko? Zeuk eta zure ikasleek ondo ikas ezazue zuen diziplinako Wikipedia artikulu tipikoaren egitura; horrela, ikasleek jakingo dute zer motatako atalak jarri beharko lituzketen. Ikasle gehienek segur aski lehenago inoiz ez dute pentsatu entziklopedia artikulu baten egiturari buruz. Beraz, garrantzitsua da eskolan minutu gutxi batzuk ematea entziklopedietan informazioa nola egituratzen den argitzeko.
Egin behar direnak
- › Eska iezaiezu ikasleei aukera dezatela diziplinan ondo ezarrita dagoen gai bat, Wikipedian oraindik agerpen ahula duena. Gai horretaz literatura ugaria baldin badago, baina informazio horren zati txiki bat baino ez badago Wikipedian, horixe da lanerako egoera onena.
- › Bila itzazu «zirriborroa» marka duten artikuluak. Wikipediako bilaketa laukian «Kategoria:Zirriborroak» idatzita eta kategoria horren barruan zure diziplinako azpikategoriara joanda aurkituko dituzu.
- › Artikulu bat sortu baino lehen, bila itzazu artikulu izenburuaren hainbat aldaera. Askotan, gai bat dagoeneko beste izen batekin landuta dagoela aurkituko duzu.
Egin behar ez direnak
- › Ez saiatu hobetzen oso gai zabalak dituzten artikuluak (esaterako, «Zuzenbidea») edo Wikipedian dagoeneko kalitate handikoak diren artikuluak («Artikulu nabarmenduak»). Gai horiek hobetzea zailagoa da.
- › Ez saiatu hobetzen oso eztabaidatsuak diren gaiak, hala nola prostituzioa edo terrorismoa. Gai eztabaidatsuek maiz liskarrak dakartzate Wikipedian. Horrelako gaien ordez, haien azpigaien artikuluak lantzera animatu beharko genituzke ikasleak.
- › Ez hartu literaturan gutxi landu diren gaiak. Ikasleentzat zaila izango da Wikipediako artikulu bat sortzeko aski iturri fidagarri ematea.
- › Ez hasi artikuluak saiakera kutsua duten izenburuekin, hala nola «Arrisku handiko hipoteken oraintsuko krisiak Euskal Herriko eta munduko ekonomian izan dituen eraginak»; horren ordez, «Arrisku handiko hipoteken krisia» izan beharko litzateke izenburua. Wikipedia entziklopedia bat da, ez da saiakeretarako tokia.
Irakasleentzako oinarrizko azalpenak / Ikastaldiaren barruan
page 7
Wikipediako artikulu baten ohiko egitura
Wikipedia artikulu batek, kalitatezkoa izango bada, beharrezkoak ditu egitura ondo definitu bat, eduki entziklopedikoa, eta komunitate aktibo bat.
Sarrerako atala
Sarrerako atalak artikuluan landutako funtsezko puntuak laburbildu behar lituzke. Gogoan izan ezazu sarrerako atalak ez duela atalbururik. Lehenengo esaldiak artikuluaren gaiaren definizioa eman beharko luke.
Infotaula
Artikulu askok infotaula (informazio taula) bat dute, gaiaren funtsezko elementuak deskribatzeko. Bila ezazu zurearen antzeko gai bat duen artikulu bat, eta kopia ezazu infotaularen kodea, zure artikuluak ere infotaula izan dezan.
Artikuluaren gorputza
Atalburuek argi ezartzen dituzte artikuluari dagozkion atalak. Ondoko irudian ageri den artikuluaren kasuan, gorputzak urakanaren historia eta eraginak azaltzen ditu.
Irudiak
Lizentzia librea duten irudiak Wikipedia artikuluetara gehitu daitezke Wikimedia Commonsetik.
Eranskinak eta oin oharrak
Edukiaren ondoren datoz atal hauek: artikuluan erabilitako iturriena («Erreferentziak»); zerikusia duten Wikipediako artikuluena («Ikus, gainera»); eta irakurleek informazio gehiago nahi badute kontsulta ditzaketen beste webguneen zerrendarena («Kanpo loturak»).
page 8
Ikastaldiaren barruan
Wikigintzaren oinarriak ikasleei irakastea
Eskoletako lehenengo asteetan, gomendatzen dizugu ikasleei eman diezaiezula Wikipediari buruzko oinarrizko ezaguerak, besteak beste: nola editatzen den, eta Wikipedian erabili beharreko idazkera zertan ezberdintzen den eskolako ohiko saiakera testuetatik.
Astia baldin baduzu, eraman itzazu ikasleak ordenagailu gelara, eta egizu wikikodea nola erabiltzen den azaltzeko saio praktiko bat. Horrela, ikasleek zuzenean ikusiko dute nola gauzatzen diren benetako edizioak, akatsak egiteko toki seguru bat izango dute, eta unean bertan egin ahal izango dituzte galderak. Horrelako saio praktikoek ordubete edo bi iraun ohi dute.
Wikikodearekin eroso sentitzen bazara, zeuk eman dezakezu saio praktikoa. Bestela, tokiko wikilariak ekar ditzakezu; edo zure unibertsitateko Wikipedia aditua, zure unibertsitateak halakorik baldin badu.
Landu beharreko alderdiei buruzko iradokizunak
- › Letra lodiak eta etzanak jartzea
- › Nola sortu atalburuak
- › Nola editatu azpiatalak
- › Nola sortu zerrenda buletdunak eta zenbakituak
- › Nola sortu loturak
- › Nola sortu erreferentziak
- › Nola sortu proba orri bat
- › Zertan bereizten diren artikulu orriak, eztabaida orriak eta erabiltzaile orriak
› Eztabaida orrien erabilera Eginkizun hori ikasleek ikasgelatik kanpoko beren denboran egitea nahiago baduzu, badaude jarraibide batzuk online, ingelesez, helbide honetan:
Onena da ikasleek beren erabiltzaile kontuak sortuta izatea saio praktikora etorri baino lehen. Horrela, Wikipediak erabiltzaile izenei buruz duen araubidea irakurri ahal izango dute, eta pentsatu ahal izango dute zein neurritaraino jardun nahi duten anonimoki Wikipedian (gainera, horrela ez da arazorik izango denbora laburrean toki bakar batetik erabiltzaile kontu ugari sortzean indarrean jartzen diren mugapen automatikoekin).
Zertan bereizten den Wikipediako artikulua eskolako saiakera lan batetik
Hona hemen Wikipedian idaztean ikasleei gehixeago pentsaraziko dieten zenbait alderdi:
Datu soiletan oinarritua da, ez du konbentzitzeko helburua.
Argudioak eman beharrean, ikasleen lana izango da gaiari buruz dagoen informazioa deskribatzea, iturri fidagarriak aipatuz.
Tonu formala eta hizkuntza ulerterraza.
Artikuluak tonu formalarekin idatzi behar dira, baina erraz ulertzeko moduan. Wikipedia ez da ikasleek beren hiztegi zabala erakusteko tokia. Wikipediaren irakurleak mundu osokoak dira, eta gaiari buruz lehenago inoiz ezer jakin ez duten pertsonek irakurriko dute ikasleak idazten ari direna. Ikasleek gaiaren oinarriak garbi adierazi behar dituzte idazten duten testuan.
Ez txertatu norbaiten esanak bere hartan jasotzen dituzten testu luzeak.
Idazkera akademikoan, iturri fidagarrietatik hitzez hitzeko aipu luzeak hartzea aldezten da; baina Wikipediaren arauetan jasota dago ahal den guztietan zeure hitzekin adierazi beharko zenukeela. Iturrietatik hitzez hitzeko aipuak jasotzea ontzat hartzen da, baina ikasleek saiatu behar lukete beren hitzekin testuingurua azaltzen, eta originaletik funtsezko esaldi bat edo bi besterik ez aipatzen.
Irakasleentzako oinarrizko azalpenak / Ikastaldiaren barruan
page 9
Komunitatearekin elkarrekintzan jardutea
Wikipediako komunitatearekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da ikasleek Wikipediako lanari etekin osoa ateratzeko. Baina nola egin hori?
CC BY-SA 3.0 argazkiak. Egilea: Jelly Helm
Wikilariek elkarrekintzan jarduten dute elkarri mezuak idatziz artikuluen eztabaida orrietan edo bata bestearen erabiltzaile orrietan. Beste erabiltzaile batek zurekin komunikatu nahi badu, normalean mezu bat idatziko dizu zuzenean zure eztabaida orrian, edo lantzen aritu zaren artikuluaren eztabaida orrian. Ideia ona da mezu horien jarraipena egitea eta erantzutea.
Wikipediako elkarrekintza guztietan, besteak fede onez ari direla uste izan behar da. Hau da, kontrakoa frogatzen ez bada, denok pentsatu behar dugu beste editoreak entziklopedia hobetzeko asmoz ari direla. Horrenbestez, editore guztiak errespetuz tratatu behar dira.
Wikipedia artikuluei aldaketak egitean, espero izaten da editoreek aldaketen azalpen labur bat emango dutela edizioaren laburpenean. Edizio leihoko «Laburpena» lauki txikian azalpen labur hori jartzen duzunean (adibidez: «Ortografia zuzendu» edo «Erreferentzia bat gehitu»), besteek artikuluaren historia jarraitu ahal izango dute «Ikusi historia» fitxan klikatzean.
Portaera egokia
Edozein komunitatetan bezala, Wikipediak baditu portaera egokirako jarraibideak. Hona hemen jarraibide horien deskribapen labur bat, wikilariekin harreman ona izan dezazun:
› Uste izan ezazu fede onez dabiltzala: Uste izan ezazu beste editoreak proiektua hobetzen saiatzen ari direla. Saia zaitez haien ikuspuntua ulertzen. Eztabaidatu. Negoziatu.
› Izan zaitez adeitsua, eta gogoan izan ezazu zailagoa dela sarkasmo eta ironiari antzematea testuetan, aurrez aurre hitz egitean baino.
› Beti sina itzazu zure mezuak, eztabaida orrietan idazten duzunean. Horrela, besteek zer esan duzun garbi ikusiko dute. Sinatzeko, sakatu sinaduraren botoia edo idatzi lau tilet (~~~~). Horrela, automatikoki agertuko da zure erabiltzaile izena eta data.
› Entziklopediari aldaketa handirik egin nahi badiozu, eztabaida ezazu eztabaida orrietan.
› Eztabaida ezazu artikuluaren edukiaz, ez editoreez. Ez egin eraso pertsonalik.
Ikastaldiaren barruan / Irakasleentzako oinarrizko azalpenak
page 10
Ikastaldiaren ondoren
Ikasleen lana ebaluatzea
Nola ebalua ditzakezu ikasleek Wikipediari egindako ekarpenak eta Wikipediari buruz idatzitakoa? Jarri diezun lanaren konplexutasunaren arabera, nota jartzeko irizpideak zehaztea errazagoa edo zailagoa izango da. Hona hemen beste irakasle batzuei ondo etorri zaizkien nota jartzeari buruzko irizpide batzuk, adibide gisa.
Nota jartzeko egituraren adibidea
% 5 bakoitzarentzat (x4)
Hastapenetako Wikipedia ariketetan izandako parte-hartze maila
% 10
Eskolako blogean edo eztabaidetan izandako parte-hartzea
% 10
Ikaskideekin egindako parekoen berrikuspenak eta lankidetza
% 50
Wikipediari egin dizkiozun ekarpen nagusien kalitatea
% 10
Lan amaierako txostena
ikaslearen nota
Irakasleentzako oinarrizko azalpenak / Ikastaldiaren ondoren
page 11
Hastapenetako Wikipedia ariketak
Ikasleek osatu al dituzte zure ikasketa programan zerrendatutako mugarriak edo urratsak (5. orrialdean aipatu dira lehenengoz)?
Ikastaldearen bloga edo ikasgelako eztabaidak
Irakasle askok eskatzen diete ikasleei beren esperientziari buruzko blog bat egin eta manten dezatela. Astero edo bi astean behin galdera lagungarriak eginez (konparazio baterako: «Zenbateraino dira Wikipediako editoreak bere burua hautatzen duen talde bat? Zergatik?»), online komunitate entziklopediko honen inguruko gai nagusiei buruz gogoeta egiten hasten lagunduko diezu. Gainera, wikian eta wikiz kanpo notarako materiala emango dizu. Zure eskola orduetan astia baldin baduzu, eztabaida hauek bereziki emankorrak dira aurrez aurre eginda.
Parekoek berrikustea
Ikasleek bata bestearen lana ebaluatzen dute Wikipedian, han bertan edo beste toki batean elkarri oharrak eta kritikak utzita. Ebaluazio horiek hainbat gai har ditzakete, hala nola ea erreferentziak zenbateraino diren fidagarriak, ea artikuluak gai osoa ondo lantzen duen, edo ea artikulua zenbateraino dagoen ondo idatzita.
Ekarpenen kalitatea
Irakasle askok konparazioa egiten dute, ea artikuluak zer itxura zuen ikasleek landu aurretik eta ondoren, artikuluaren historia erabiliz. Hasierako bertsioa eta amaierakoa konpara ditzakezu; ikasleek egindako ekarpenak bakarrik har ditzakezu; eta ikasleek egindako aldaketak banan-banan ikus ditzakezu. Beharbada, nahiago izango duzu konparazio horiek ikasleek eurek egitea eta zuri aurkeztu beharreko idazlanean sartzea.
Lan amaierako txostena
Eskolako lana bukatutakoan, eska iezaiezu ikasleei lan amaierako txosten labur bat idatz dezatela, Wikipedia erabiltzean izan duten esperientziari buruz. Hori baliagarria da Wikipediako proiektu labur nahiz luzeetarako. Adibidez, interesgarria izan daiteke zure ikasleei eskatzea idatz dezatela txostenaren bertsio labur bat Wikipedia editatzen hasi aurretik, zer espero duten labur azaltzeko; eta, lana bukatu dutenean, gogoeta egin dezatela ea espero zutena bete den ala ez.
Baliabide gehigarriak
Irakasleentzat
Kasuen azterketa: Nola baliatzen duten irakasleek Wikipedia irakasteko
Sei herrialdetako hamabost irakasle agertzen dira gida horretan. Bakoitzak azaltzen du nola erabili duen Wikipedia ikasgelan, edo nola jarri duen eskolako lan horren nota. Gida horren web bertsioan sartuta daude ikasketa programetara eta eskolako lanen eskuorrietara joateko loturak.
https://education.wikimedia.org/casestudies
Ikasketa programaren adibidea
Astez asteko gida bat, «Idatzi Wikipedia artikulu bat» motako lan bat zure eskoletan sartzeko moduari buruz. Hor sartuta daude funtsezko zenbait mugarri edo urrats, ikasleek Wikipedia editatzeari hezkuntza onurarik handienak ateratzea ziurtatzeko eraginkorrak izan direnak.
https://education.wikimedia.org/syllabus
Online orientazioa: Wikipedia, irakasteko tresnatzat
Irakasle guztiak animatzen ditugu irakasleentzako online orientazioa egitera, ikasketa programa planifikatu baino lehen. Orientazio horrek azalduko dizkizu Wikipediako kultura eta arauak, erakutsiko dizkizu editatzeari buruzko oinarrizko ezaguerak, eta Wikipediako ohiko eskolako lan bat azalduko dizu urratsez urrats.
Ikasleentzat
Ongi etorri Wikipediara
Wikipediara ekarpenak egiteari buruzko oinarrizko azalpenak: nola sortu Wikipediako erabiltzaile kontu bat, nola hasi editatzen, eta nola komunikatu beste editoreekin. Era berean, ikasiko duzu nola eboluzionatzen duten artikuluek Wikipedian, eta nola neurtu lehendik dagoen artikulu baten kalitatea.
https://education.wikimedia.org/welcometowikipedia
Editatzeari buruzko oinarrizko azalpenak
Ikasleak animatzen ditugu online trebakuntza saio bat egitera, Wikipediara ekarpenak egiteko oinarrizko ezaguerak urratsez urrats ikasteko.
Baliabide gehigarriak / Irakasleentzako oinarrizko azalpenak
page 12 (back cover)
Prest zaude Wikipediako Hezkuntza Programara batzeko?
Hezkuntza programak dagoeneko badira herrialde askotan, eta Wikimediako boluntarioak programa berriak sortzen ari dira ikasturte bakoitzean. Wikipediako Hezkuntza Programa lanean ari den herrialde batzuetan, Wikipediako enbaxadore boluntarioak prest izaten dira zuri eta zure ikasleei laguntza emateko, eskolako lanerako Wikipediara ekarpenak egiteko modu onenak ikasteko prozesuan.
Zatoz! Informazio gehiago eskuratzeko, bisita ezazu
https://education.wikimedia.org
Wikimedia Commons webguneko irudi guztiek CC BY-SA lizentzia dute, edo jabego publikokoak dira, bestela adierazi ezean. Hemengo edukiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 lizentzia du (https://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0/deed.eu), edo lizentzia horren geroztiko bertsioren bat.
Wikimedia Fundazioaren marka erregistratuak eta logoak, eta beste ezein erakunderenak, ez daude sartuta Creative Commons lizentzia horretan. Wikimedia Foundation, Wikipedia, Wikimedia Commons, MediaWiki, Wiktionary, Wikibooks, Wikidata, Wikisource, Wikinews, Wikiquote, Wikiversity, Wikivoyage, Wikispecies eta Meta-Wiki markatzat erregistratzekotan daude edo Wikimedia Fundazioaren marka erregistratuak dira.
Informazio gehiago nahi baduzu, ikus ezazu marka erregistratuei buruzko politikaren gure orria (ingelesez): https://wikimediafoundation.org/wiki/Trademark_Policy.
Lizentzia baldintzei edo marken politikari buruzko beste edozein galdera izanez gero, idatzi helbide honetara: [email protected]