Wy/eu/Zumaiako ibilbideak
Gipuzkoako Zumaia udalerriak hainbat ibilbide ditu:
Herrigunean zehar
[edit | edit source]Altuago dagoen eremuko kale estuetan, Idazkariaren kalean hain zuzen, Juan Olazabal zumaiarrak —Filipe IV.a Espainiakoaren idazkariak— eraikitako etxe dotorea, armarri ederrak dituena. 1652an Joan Olazabalek Zumaian haurrentzako eskola sortu zuen.
Kaleetan pixka bat ibiliz gero, Ubillos dorrearekin topo egingo dugu. Gaur egun eskola da. Leiho bikiak ditu, leiho‑gurutze eta guzti, eta Gaztelako estiloko barne‑patioa du. Herriaren goialdean, ingurua mendean hartuta, Andra Mari Arritokieta ermita, Zumaiaren zaindaria, eta Ospitale zaharraren eraikina, gaitz kutsagarriak zituzten gaixoentzako egina. Ospitalean hartutako gaixorik ospetsuena San Frantzisko Borja izan zen.
Portura jaitsiko gara, Julio Beobide eskultore zumaiarraren tailer‑estudioa bisitatzera: Kresala etxean dago, itsasargiaren pasealeku atseginean. Ikusgai daude zirriborroak, tailak, bustoak, apunteak, eta bukatu gabeko Kristoa, gubiaz kolpeka lantzen ari zena, Errenteriako Kaputxinoen elizan jartzeko.
Itzurundik abiatzen den bidetik, San Telmo ermitara igoko gara, Itzurun hondartza flysch ikusgarriak itsasoan sartzen diren gainean baitago. Itsasturien San Telmo kofradia 1610erako antolatuta zegoen, eta ermita du egoitza. Itzurun hondartzako geruza bertikalak hirugarren arokoak dira, mundu osoan erreferentziatzat hartuak. Gainera, Euskal Herriko itsasertz guztian ez dago hondartzarik, hainbeste iodo duenik.
Herrigunetik pixka bat aldenduta daude Santiago ermita, Ignacio Zuloagaren lursaila eta museoa (N‑634 errepidearen ondoan) eta Santiago hondartza jendetsua. Jakin badakigu oso antzinakoa dela ermita. Bisitarien atentzioa erakartzen du Beobidek tailatutako Kristoak, besoak zut dituenak, baita Kintin Torreren Mater Dolorosa hunkigarriak ere. Ermitari atxikita, Zuloagaren arte‑museoa eta estudioa (biak batera), hainbat lan ikusteko aukera ematen duena: Plazido Zuloagak —margolariaren aitak— egindako damaskinatuak; Goyaren, Zurbaranen, El Grecoren eta Riberaren irudiak eta olioak, etxe‑jabeak erosiak; eta hainbat arte‑tratatu, Zuloagaren artelanen erreprodukzioak eta haiei buruzko iruzkinak dituztenak.
Artadira
[edit | edit source]Ikus «San Migel Artadi», Wikipedian Zuloaga lursailetik ehun metrora abiatzen da herri‑bide bat, artadi batean ordu laurdena ibili ostean San Migel Artadi baserri‑auzora eramango gaituena. Eliza modernoa du, eta bista apartak.
Beduara eta Oikiara
[edit | edit source]Ikus «[[:w:eu:Bedua|Bedua» eta «Oikia», Wikipedian Zumaiako portuan txalupa motorduna hartzea iradokitzen dugu, Urola ibaiaren itsasadarraren meandroetan gora egin eta Beduako lonjako ontziralekuan ainguratzeko.
Kilometro batera Oikia auzoa dago, eta bidean, ezkerrean, etxe bikaina dago itsasadarraren ertzean: Kondekua. Karratua da, oso handia, eta euskal barrokoaren estilo soila du. Portada nagusia balea baten masailezurraz sendotua dago. Oikiako San Bartolome elizak altxor ederra du: erretaula polikromatua, Andres Araozek 1560an zizelkatua. Korupeko Kristo gotikoa ere ederki egina dago, lantza bat bezain zuzena. Elizatik gertu dago Goiburu Txortengua baserria, armarria eta garai bateko bikaintasunaren aztarnak bistan dituela.