Edukira joan

Medeak

Wikiquotetik
Josebe Iturrioz-MEDEAK
Kattalin Miner-Nagore Iturrioz-MEDEAK

Medeak euskal talde feminista erradikala da.

Esanak

[aldatu]
  • "2000. urtean sortu genuen Medeak taldea Plazandreok-eko gazteek. Oso modu inuzentean sortu zen, beti genbiltzan kalea hartzearen bila. Garai horretan feminismoa beherakadan zegoen, eta gatazka bat egon zen mugimendu feminista autonomoa eta mistoaren artean. Gu, aldiz, oso indartsu geunden. Banderak astindu nahi genituen eta iraultza egin nahi genuen. Horrela hasi ginen, kaleko antzerkia egiten, elkarretaratzeak egiten…"
  • "Azken urteetan, feminismo instituzionalak indarra hartu duenean, egokitasun politikotik abiatuta, diskurtso bat garatu da gaiaren bueltan, eta gizarte honetan denak daude indarkeriaren kontra. Guk bestelako diskurtso bat egin nahi genuen eta batez ere emakumeen boteretzea landu, ez genuen biktimismotik hitz egin nahi. Indarkeriarekin amaitu nahi dugu ez poliziaren bitartez, baizik eta beste bide batzuetatik. Hori, politikoki, baina norbanakoari dagokionez, gauez ateratzen ginenean-eta, guretzat oso-oso inportantea izan da ildo hori: eraso matxisten aurrean, erantzun, eta erantzunok kolektiboki babestu, tinko."
    • Iturria: Ana Txurruka, Argia, 2016. [2]
  • "Badakigu instituzioetako feminismotik ezer gutxi espero dezakegula, nahiz ez dugun bere funtzioa ukatzen eta estrategikoa izan ez daitekeenik uste. Baina, argi dago, errotikako aldaketa, iraultza edo erradikalitate ideologiko zein praktikoa ez da instituzioetatik etorriko."
    • Iturria: Gorputz intsumisoen uluak II, Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak, 2013.[3]
  • "Baina ezin dugu joan eskertza handiena plazaratu gabe. Eskertza hori, lehenik, Euskal Herriko Mugimendu Feministari, bertako talde, kide, koordinadora, norbanakoei. Plazer bat izan da elkarrekin lan egin, ikasi, eztabaidatu eta borrokatzea. Eskertza berezia, baita ere, estatu eta munduko txoko desberdinetatik, uneoro ikuspegi berriak ekarri, entzunarazi, gure aulkian bihurritu arazi eta elkarrekin sortzen lagundu diguzuenei. Bereziki gogoan zaituzteugu, gure genealogia izan zaretenak; 2000. hamarkada hasierako queer teoria eta praktikalariak; postpornora begirada eta bidea zabaldu zenigutenak; gure zuritasunaren kontziente egunero egiten jarraitzen duzuenak; gure kosmobisio koloniala lehertu diguzuenak; sexu-lana gertuagotik ezagutu, entzun eta eskubideen alde borrokatzeko parada eman diguzuenak; transexualitatea teoria jolas batetik praktikara ekartzeko bide ez arautuak erakutsi dizkiguzuenak; feminismoa euskaratik eta euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu diguzuenak; (trans)feminismoa, orain aipatzen amaituko ez genukeen zapalkuntza guztiei aurre egiteko etxea dela gogorarazi eta eraikitzen lagundu diguzuenak".
    • Iturria: Hirutxuloko Hitza, 2020 [4]
  • "Emakumeok askotan feminista egiten gara indarkeriarekin topo egiten dugunean, orduantxe kolpatzen zaitu-eta benetan errealitateak. Medeaken beti saiatu gara pentsatzen ea nola erantzun indarkeriari eta hamaika modutan egin dugu: amorruz, haserre, nola kudeatu jakin gabe..."
    • Iturria: Ana Txurruka, Argia, 2016. [2]
  • "Gatazkak hor daude, sinesgaitzak ziruditen feminismo baztertzaile batzuen ahotsak ere entzuten hasi gara, eta kanpo zein barne erasoek ez dute etenik. Horregatik guztiagatik, Medeak eguneroko praktikatik desagertuko bada ere, ez dugu ahaztu nahi, guk ertzeko feminismo batean sinisten eta borrokatzen jarraituko dugula. Argi dugu, estrategiak estrategia, feminismoaren lekua kalea dela. Argi dugu, feminismoa, erradikala, deserosoa, antikapitalista, antiarrazista, antikapazitista, antiespezista, transa, sexu-langileen etxea, euskaltzalea, klaseari erreparatuko diona, konbatiboa, eta bolleroa izango dela".
    • Iturria: Hirutxuloko Hitza, 2020 [4]
  • "Ikusten ari gara, bizi ditugun garai hauek ere, garai interesgarriak direla feminismoentzat, mugimendu, eztabaida, ideia, aliantzen… garaiak. Guk argi dugu asko dagoela egiteko, eta argi dugu baita ere, feminismoak deserosoa izaten jarraitu behar duela; edo beste era batera esanda, feminismoa eroso izaten den momentuan susmoa baino, alerta piztu behar zaigula".
    • Iturria: Hirutxuloko Hitza, 2020 [4]
  • "Medeak eta nik, oso ondo haragitzen dugu ‘pertsonala dena politikoa da’ esaldia. Bueno, guk eta feminista gehienek, noski. Azkenean, feminista guztiak feminismoan sartzen gara arnasgune bat behar dugulako. Arnasgune bat, azken finean, ez da bakarrik praktika feministak egiteko lekua, baizik eta zu zaren moduan izateko aukera ematen dizuna."
  • "Mugimendu Feminista Klasikoa ez dago neska gazteak hartzeko prest. Erreleboa irits dadin desiratzen dago, baina ez du uste bere egituretan aldaketarik egin behar lukeenik horretarako."
    • Iturria: Gorputz intsumisoen uluak II, Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak, 2013.[3]
  • "Bi errealitate, egoera, aldaketa, gurutzatzen diren testuinguru batean kokatzen da Medeak: batetik, komunikaziorako eta ideia zein informazioa zabaltzeko, teknologia berrien erabileran; eta bestetik, feminismoaren subjektu politikoaren eraldaketan."
    • Iturria: Gorputz intsumisoen uluak II, Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak, 2013.[3]
  • "Transfeminismoak, trans aurrizki horrekin, feminismoaren subjektua zabaltzeko ahalegina egiten du. Trans horrek esan nahi du transexuala, esan nahi du transnazionala, transbertsalitateaz hitz egiten digu... Uler dezagun, nolabait, feminismoaren subjektuak ez dituela errealitate asko bere gain hartzen «emakumeak» dioenean. Hala, trans horrek bollerak, beltzak, putak, txiroak... beregain hartzea du helburu, eta, noski, horien harteko harremanak kontuan hartzea."
    • Iturria: Gorputz intsumisoen uluak II, Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak, 2013.[3]

Erreferentziak

[aldatu]
  1. 1,0 1,1 Salsamendi, Irati. «Ez dakit gizonezkoa ala emakumezkoa naizen. Ez dakit zein punturaino nahi diodan galdera horri erantzun itxi bat eman». 2019ko otsailaren 8. Hirutxuloko Hitza. 2019ko ekainaren 18an kontsultatua.
  2. 2,0 2,1 Sarriugarte Mochales, Danele. «Sarritan, berdintasun politikekin ez gara bazterkeria arriskuan dauden emakumeengana iristen». 2016ko urriaren 02aArgia. 2019ko ekainaren 18ak kontsultatua.
  3. 3,0 3,1 3,2 3,3 Medeak. «Gorputz intsumisoen uluak II». Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak. EDO. 2013. ISBN: 978-84-940489-5-1. 2019ko ekainaren 18an kontsultatua.
  4. 4,0 4,1 4,2 Salsamendi, Irati. "Medeak talde transfeministak bere jarduna etetea erabaki du". 2020ko uztailaren 6a. Hirutxuloko Hitza. 2020ko uztailaren 6an ikusia.

Kanpo loturak

[aldatu]
Wikipedian artikulu bat dago honi buruz:
Medeak