Edukira joan

Zorrotz Morrotz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zorrotz-Morrotz» orritik birbideratua)
Zorrotz Morrotz
MotaZorrotzako Euskal Txokoaren aldizkaria
Fitxa teknikoa
HizkuntzaEuskara
Argitaratze lekuaBilbo
Banaketa
Banatze-eremuaZorrotza
MaiztasunaBi hilean behin
https://uriola.eus/prentsa/Zorrotz-morrotz/

Zorrotz Morrotz Zorrotzako Euskal Txokoak argitaratutako aldizkaria da. 1995eko irailean kaleratu zuten lehen zenbakia. Aldizkaria bi hilean behin argitaratzen da. Uriola.eus Bilboko hedabide digitalaren webgunean eskuragarri daude aldizkariaren zenbakien bertsio digitalak. Zorrotz Morrotz aldizkariak Bilboko udalaren diru-laguntzak jasotzen ditu.[1]

Zorrotz Morrotz 1995eko irailean jaio zen. Lehen argitalpen hura tinta bakarreko 4 orrialdetan banatu zen Zorrotzako postontzi guztietan. Dena Zorrotzako euskal txokoa plataformatik sortzen da, auzoko elkarte euskaltzaletik. Zorrotz Morrotz auzoan euskara sustatzeko helburu nagusiarekin sortu zen.

Aldizkariak aldaketa nabaria izan zuen 2015ean; lehen aldiz publizitatea sartzen hasi zen, eta proiektuak orain arte ez zuen seriotasuna hartu zuen, hainbat arrazoirengatik. 2015ean bi hilabeteko aldizkakotasuna ezarri zen, aldizkariaren edukian eta formatuan aldaketak sartzeaz gain. Formatu txikiagora pasa zen, eta auzoko jendeari egindako elkarrizketei eman zitzaien lehentasuna.

Aldizkariaren egitura beti bera da eta beti orri kopuru bera du, 24. Aldizkariak protagonistaren irudi bat darama azalean, gero aldizkariaren elkarrizketan agertuko dena. Azalaren atzealdean, AEKri buruzko iragarki bat agertzen da beti orri oso bat betez. Aldizkariaren hirugarren orrialdean hainbat elementu agertzen dira: aldizkariaren kontaktua, aldizkaria egiteaz arduratzen diren pertsonen izenak, irakurleak aldizkarira harpidetzera bultzatzeko iragarkia, Zorrotza auzoko hainbat saltokiren iragarkiak, eta lehenengo albistea. 4. orrialdeetan, albiste gehiago. Bosgarren orrialdean, auzoko establezimenduei buruzko iragarkiak. Aldizkarian zehar, praktikan, orri bakoiti guztietan agertzen dira iragarkiak. Seigarren orrian, albisteak. Zazpigarrenean, bi atal: txoko feminista eta salaketa argazkia. Txoko feministan, ikuspuntu feministatik artikulu txiki bat idazten da. Salaketa argazkia atalean, auzoan ateratako argazki bat ikusten da, eta argazkiaren kokalekuaren egungo egoera salatzen da.

8. eta 9. orrialdeetan, "Mundutik Zorrotzara" atala agertzen da. Atal honetan, arrazoi batengatik edo besteagatik auzora etorri diren edo auzoan jaio diren eta gaur egun beste leku batean bizitzen ari diren pertsonen istorioa kontatzen da. Atal honetan, protagonistek beren istorioak kontatzen dituzten elkarrizketa bat egiten da. 10. eta 11. orrialdeetan, auzoarekin zerikusia duen erreportaje bat. 12-15 orrialdeetan, azalean agertu den protagonistari buruzko elkarrizketa. Elkarrizketa horrek lau orrialde hartzen ditu. 16. orrialdean kultura-ekintza bat zehazten da, azalpen labur bat duen liburu baten gomendioaz gain. Honetaz aparte, disko bati buruzko musika-gomendio bat agertzen da, dagokion azalpenarekin batera. 17. orrialdea auzoko taberna edo jatetxe bati buruzkoa da; bertan zehazten da aipatutako tabernan eskaintzen den menua edo pintxoetako bat nola prestatzen den, establezimenduaren ordutegia eta kontaktua eskaintzeaz gain.

18. eta 19. orrialdeetan auzoaren iraganarekin lotutako artikulu bat agertzen da beti; bertan auzoaren jarduerak, antzinako egiturak, auzoan egin ziren planak eta abar azaltzen dira. 20. eta 21. orrialdeetan, auzoko hainbat bizilagunek sinatutako iritzi-artikulu bi daude. 22. orrialdean, protagonismoa auzoko bizilagunentzat da berriz ere; orri horretan, planteatzen zaien gai bati buruzko hainbat ikuspuntu agertzen dira, eta haien iritzia aipu moduan agertzen da. Azkenik, azken orrialdean Bilboko Udalaren iragarki bat agertzen da, orri osoa hartzen duena; aldizkariaren azken orrian (24), orri osoa hartzen duen iragarki bat ere aurki dezakegu; kasu honetan, Kutxabank bankuarena da iragarkia.

Ildo editoriala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkariak informazio orokorra argitaratzen du. Aldizkari euskaltzale eta ezkertiarra da, euskararekiko atxikimendua erakusten duelako, eta arazoak tratatzeko moduagatik. Herri aldizkari bat ere bada, non auzoko bizilagunak bertan egiten den edukiaren protagonista nagusiak dira.

Argitaratzailea Zorrotzako Euskal Txokoa
Erredakzioa Ibai Barrios

Ainara García

Igor Gutiérrez

Aitor Marín

Naroa Peña

Iratze Pérez

Zuriñe Vila

Laguntzaileak Manu Cobo

Asier Urkiza

Koordinazioa Naroa Peña
Diseinua eta maketazioa Aitor Marin. (amc diseinua)
Zuzenketak Iñigo Ramírez de la Piscina

Negozio eredua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkariak Bilboko Udalaren laguntza finantzarioa du; hau da aldizkariaren iturri nagusia. Laguntza horretaz gain, aldizkariak publizitateagatik ere jasotzen du dirua. Aldizkariak harpidetzeko aukera ematen du, baina horrek ez dakarkio inolako onura ekonomikorik aldizkariari, harpidedunek ez baitute inolako diru-kopururik ordaintzen harpidedun izateagatik.

Aldizkaria auzoko hainbat lekutan banatzen da. Aldizkaria euskaltegian eta kolaboratzaile diren saltokietan aurki daiteke. Aldizkariaren harpidedunek eurek adierazitako helbidean jasotzen dute beren alea, inolako diru-kopururik ordaindu beharrik gabe. Aldizkariek ez dute inolako kosturik, interesa duen edonork doan irakur dezake establezimendu laguntzaileetan. Aldizkariak ez dira saltokietan finko mantentzen; beraz, nahi izanez gero, irakurleek ere doan eska dezakete aldizkaria eramatea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Euskal Herria Artikulu hau Euskal Herriko kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.