Zoltán Tildy
Zoltán Tildy (Losonc, Hungariako Erresuma, Austria-Hungariako Inperioa, 1889ko azaroaren 18a – Budapest, 1961eko abuztuaren 3a) hungariar politikaria izan zen. Hungariako lehen ministroa izan zen 1945etik 1946ra eta presidentea 1946t8k 1948ra.
Erlijio protestantekoa zen, eta teologia ikasi zuen Hungarian eta Belfasten. 1921etik elizako artzaina izan zen eta "Familia Kristaua" egunkaria argitaratu zuen. 1929an, Jabe Txikien Alderdi Independentearekin bat egin zuen, eta diputatu hautatu zuten 1933an, 1936an eta 1939an. Hungariak Bigarren Mundu Gerran parte hartzearen aurkakoa izan zen, eta Alemaniar okupazioaren ondoren ezkutatu egin behar izan zuen.
1945eko azaroan lehen ministro izendatu zuten eta 1946ko otsailean herrialdeko presidente bihurtu zen. 1948ko uztailaren 31n dimititzera behartu zuten eta 1956ko maiatzaren 1era arte etxeko atxiloaldia ezarri zioten.
1956ko Hungariako Iraultzan koalizio gobernuko ministro izan zen. Sobietarrek matxinada zapaltzean atxilotu zuten eta 1958an sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 1959ko apirilean askatu zuten osasun-arrazoiengatik.