Zeelanda Berria
Zeelanda Berria[1] edo Aotearoa (ingelesez: New Zealand; maorieraz: Aotearoa, aɔˈtɛaɾɔa ahoskatua) Ozeaniako hegoaldeko estatu burujabe bat da. Bi uharte nagusiz osatuta dago, iparraldekoa eta hegoaldekoa, eta badira beste uharte txiki batzuk ere. Wellington du hiriburu, baina Auckland da hiri handiena. Uhartearen urruntasunagatik, gizakiek populatu zuten azken uharteetakoa da. Isolamendu garai luzearen ondorioz, biodibertsitate desberdinak garatu ditu animalietan, onddoetan eta landareetan.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeelanda Berria bi uharte handiz eta hainbat txikiz osatuta dago, ur hemisferioaren erdian kokatua. Bi uharte handiak Ipar Uhartea (North Island edo Te-Ika-a-Maui) eta Hego Uhartea (South Island edo Te Wai Pounamu) dira. Estatuaren luze-zabal osoa 268.680 km2 da, Italia baino apur bat txikiagoa. Ardatz luzeena 1.600 km da ipar-hego eta kostak 15.134 km dira gutxi gorabehera.
Hego Uhartea lur gunea handiena da eta luzerako ardatzean Hego Alpeek erdibanatzen dute. Mendirik garaiena Aoraki/Mount Cook da (3.754 m). 18 mendi daude 3.000 m baino gehiago dutenak Hego Uhartean. Ipar Uhartea ez da hain menditsua, baina hainbat sumendi ditu. Mendi garaiena Ruapehu sumendi aktiboa da (2797 m)
Zeelanda Berria Zeelandiaren zatia da, % 93 ur azpian dagoen kontinentea, alegia. Zeelandia Australiaren erdia da luze-zabalean ia. Itxuraz luze eta estua da, Zeelanda Berria bera bezala. Duela 25 milioi urte hasi ziren plaka tektonikoen mugimendu bortitzek banandu zuten.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima epela du, oso gutxitan 0°C azpitik edo 30 °C gainetik. Hala ere, egoera aldatu egiten da mendebaldeko kostako hotz eta hezetik, Mackenzie Arroko lehor eta kontinentalera, Ipar Auckland penintsulako klima tropikalera iristeraino. Hiri nagusien artean, lehorrena Christchurch da, urtean 640 mm euri urtean jasotzen baitu. Hezeena Auckland da (kopuru bikoitza jasotzen du).
Hiria | Urt/Ots (°C) | Uztaila (°C) |
---|---|---|
Auckland | 23/16 | 14/7 |
Wellington | 20/13 | 11/6 |
Christchurch | 22/12 | 10/0 |
Hamilton | 24/13 | 14/4 |
Tauranga | 24/15 | 14/6 |
Dunedin | 19/11 | 10/3 |
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiek okupaturiko azken lurraldeetakoa da Zeelanda Berria. Ziurrenik, maoriak 500 eta 1300 artean iritsi ziren.
Bertara iritsi zen lehen europarra Abel Tasman esploratzaile herbeheretarra izan zen, Ipar eta Hego Uharteen inguruan 1642an nabigatu zuena. Holandarrek Staaten Landt izena eman zioten hasieran, baina ia berehala Nieuw-Zeeland hartu zuen, hots, Zeelanda Berria, Herbehereetako Zeeland eskualdearen omenez.
1769. urtean James Cook esploratzaileak uharteak ikuskatu zituen, baleazale europarrei bidea erraztuz. 1840ean Waitangiko Ituna izenpetzean, Zeelanda Berria britainiarren kolonia bihurtu zen. 1893 urtean, emakumeen boto onarten zuen lehen estatua izan zen, Kate Sheppardek gidatutako mugimendu sozialari esker. Hala ere, emakumeak hauteskundeetan parte har zezaketen baina ez bere burua aurkeztu. Eskubide hau 1919an lortu zuten.
1907ko irailaren 26an jabetza independente bihurtu zen. 1931n Erresuma Batuko Parlamentuak independetzia onetsi zion Wenstminsterko Estatutua izenpetzean eta 1947an Zeelanda Berriko Parlamentuak berrestean. Harez geroztik, Commonwealth elkarteko estatu burujabea da.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualdeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeelanda Berria 16 eskualdetan banatua dago.
Menpeko lurraldeak: Cook uharteak, Niue eta Tokelau.
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Auckland: 404.658 biztanle (2006ko erroldan, metropoli-gunea kontuan hartu barik).
- Christchurch: 348.435 biztanle.
- Wellington: 179.466 biztanle.
- Hamilton: 129.249 biztanle.
- Dunedin: 118.683 biztanle.
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeelanda Berria demokrazia parlamentario independentea eta ofizialki monarkia konstituzionala da. Erresuma Batuko erregina, gaur egun Elisabeth II.a, Zeelanda Berriko monarka gisa, Estatuburua da. Hura ez dagoenean, gobernadore orokor batek ordezkatzen du, eta gaur egun Patsy Reddyk betetzen du kargua. Erreginak "erreinatzen du, baina ez du gobernatzen",[3] ez du eragin politikorik, bere funtzioa sinbolikoa baino ez da.[4].
Ez dago konstituzio idatzirik; Constitution Act 1986 da herrialdearen egitura konstituzionalari buruzko dokumentu formal nagusia; lehen Konstituzio Akta 1852koa da.[5] Gobernadore nagusiak lehen ministroa izendatu eta kargutik kendu eta parlamentua desegiteko ahalmena du. Kontseilu Exekutiboko burua ere bada, Koroaren ministro guztiek osatutako batzorde formala. Kontseiluko kideek Parlamentuko kide izan behar dute, eta gehienak kabinetean daude. Kabinetea organo exekutibo gorenena da; lehen ministroak zuzentzen du, hau da, alderdiko buruzagi parlamentarioak edo koalizio agintariak.
-
Elisabeth II.a da Zeelanda Berriko erregina.
-
Patsy Reddy da Zeelanda Berriko Gobernadore Nagusia.
-
Jacinda Ardern, 2017tik Zeelanda Berriko Lehen Ministroa.
Lehen ministroa 2017az geroztik Jacinda Ardern da, hauteskundeak irabazi zituen Alderdi Laboristako burua, eta John Key eta Bill Englishen Alderdi Nazionalaren bederatzi urteko agintaldiaren etena ekarri zuena. Alderdi Laborista Lehenengo Zeelanda Berriarekin eta Alderdi Berdearekin koalizioan gobernatzen ari da.[6].
Zeelanda Berriko Parlamentuak ganbera bat du, Ordezkarien Ganbera, normalean 120 diputatu biltzen dituena.[7] Garai bateko goi-ganbera, Kontseilu Legegilea, 1951n indargabetu zuten. Hauteskunde legegileak hiru urtean behin egiten dira, bozketa proportzional plurinominalaren bidaz, ordezkaritza proportzional mistoa deiturikoan, 1993an erreferendum baten ondoren ezarria. 2005eko legegintza-hauteskundeen ondorioz, eserleku osagarri bat (overhang) sortu zen Parlamentuan, Alderdi Maoriak betetzen zuena.
Zeelanda Berriko Gorte Gorena da goi-mailako tribunala, 2003ko Supreme Court Act legearen bitartez erabaki zena, eta ondorioz, Londresko Kontseilu Pribatuko Batzorde Judizialera jotzeko aukera indargabetu zen.[8] Gorte Goreneko lehendakaria Dame Sian Elias da. Sistema judizialak barne hartzen ditu Auzitegi Nagusia eta Apelazio Auzitegia, baita beheragoko auzitegiak ere.
Herrialdearen berezitasunetako bat da lehen mailako postu guztiak emakumeak izan direla: Viktoria erreginak (1840-1901) gero Isabel II.a (1952tik); bi gobernari ohi nagusi, Catherine Tizard (1990-1996) eta Silvia Cartwright (2001-2006); hiru lehen ministro, Jenny Shipley (1997-1999), Helen Clark (1999-2008) eta Jacinda Ardern; Ordezkarien Ganberako lehendakaria (speaker) Margaret Wilson (2005-2008); eta Gorte Goreneko lehendakaria, Sian Elias (1999tik).[9] Era berean, Zeelanda Berria izan zen emakumeei bozkatzeko eskubidea ematen lehena, 1893an.[7] 2009ko azaroaren 30ean, 16. herrialdea zen, emakume parlamentarioen proportzio handienarekin (Ordezkarien Ganberan 122 aulkiko 41 diputatu, hau da, heren bat baino gehiago).[10]
"Zeelanda Berriko Erresuma" (Realm of New Zealand) izenekoak barne hartzen ditu Cook eta Niue uharteak, autonomoak, baina elkarte librean, Tokelau, eta Rossen Dependentzia (Zeelanda Berriak Antartikan duen lurralde-aldarrikapena).
Lurralde administrazioa eta kanpoko lurraldeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako lehen kolonoek Zeelanda Berria probintzietan banatu zuten. 1876an kendu ziren, arrazoi ekonomikoengatik gobernua zentralizatu ahal izateko. Hala, Zeelanda Berriak ez du administrazio-banaketarik (probintziak, estatuak edo lurraldeak), lurralde-administrazioa izan ezik. Hala ere, probintzien espirituak bere horretan dirau, eta lehia nabarmena dago kirol eta kultur ekitaldietan. 1876tik, lurralde-administrazioak Zeelanda Berriko eskualdeak kudeatzen ditu. 1989an, gobernuak lurralde-administrazioa erabat berrantolatu zuen, eta gaur egungo egitura eskualde-kontseiluen eta lurralde-agintarien bi mailatan ezarri zuen. 1991n, Resource Management Act 1991k Town and Country Planning Act ordeztu zuen, lurralde-administraziorako legedi nagusi gisa.[11].
Gaur egun, Zeelanda Berriak hamabi eskualde-kontseilu ditu ingurumena eta azpiegitura administratzeko, eta hirurogeita hamahiru lurralde-agintaritza, errepideez, hondakin-urez, eraikuntzaz eta tokiko beste gai batzuez arduratzen direnak. Lurralde-agintariek hamasei udal-kontseilu, berrogeita hamazazpi barruti-kontseilu eta Chatham Uharteetako Konderriko Kontseilua dituzte. Lurralde-kontseiluetako lau (hiri bat eta hiru barruti) eta Chatham uharteetako konderriko kontseilua ere eskualde-kontseilu gisa aritzen dira, eta, beraz, autoritate unitarioak deitzen zaie. Agintaritza unitarioen barrutiak ez dira eskualde-barrutietako kontseiluen azpizatiketak, eta batzuk hainbat eskualde-kontseilutan banatzen dira.
Hauek dira eskualdeak: Northland, Auckland, Waikato, Bay of Plenty, Gisborne[12], Hawke's Bay, Taranaki, Manawatu-Wanganui, Wellington, Tasman[12], Marlborough[12], Nelson[12], West Coast, Canterbury, Otago, Southland, eta Chatham uharteak.[12]
Tokelau uharteek estatus berezia dute. Beraz, artxipelagoa lurralde gisa kalifikatuta dago.
Hego Pazifikoko nazio garrantzitsu gisa, Zeelanda Berriak maiz egiten du lan Ozeano Bareko beste uharte-nazio batzuekin, eta Cook eta Niue uharteekin lotura politikoa izaten jarraitzen du. Zeelanda Berriak Scott base antartikoa ere badu Rossen dependentzian. Beste herrialde batzuek Christchurch eta aireportua erabiltzen dituzte base antartikoak hornitzeko eta babesteko, "Antartikako atea" goitizenaz baliatuz (Gateway to Antarctica).
Nazioarteko harremanak eta indar armatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeelanda Berriak ekologiarekin, giza eskubideekin eta merkataritza librearekin lotutako gaietan garatutako politika aplikatzen du, bereziki nekazaritzan. Erakunde geopolitiko hauetako kide da: APEC, Ekialdeko Asiako Gailurra, Commonwealth, ELGA eta Nazio Batuak. Merkataritza libreko hainbat akordio sinatu ditu, eta horietako garrantzitsuena da Closer Economic Relations Australiarekin.
Herrialdea sortu eta lehen ehun urtean, Zeelanda Berria Erresuma Batuarekin lerrokatu zen kanpo-politikan. Alemaniari gerra deklaratu zion 1939ko irailaren 3an; garai hartako lehen ministroak, Michael Savagek, hau aldarrikatu zuen: "Doan lekura, gu goaz; dagoen lekuan,gu gaude"[13] Hala ere, gerra finitua, Estatu Batuen eragina handitu egin zen; aldi berean, Zeelanda Berria nortasun nazionala argiago sentitzen hasi zen. ANZUSen ituna sinatu zuen (Australia, New Zealand, United States Security Treaty) 1951n, eta tropak bidali zituen Koreako eta Vietnamgo gerretan parte hartzera. Suezko Kanalaren krisiaren ondoren, Erresuma Batuak gero eta gehiago Europara mugatu zen. Zeelanda Berriak merkatu berriak garatu behar izan zituen Erresuma Batua 1973an Europako Erkidegoan sartu ondoren.[14]
Zeelanda Berria Australiaren posizioetatik hurbil egon ohi da tradizioz, haren kanpo-politikak antzeko joera historikoa baitzuen. Pazifikoko uharte asko, Samoa barne, Zeelanda Berriaren norabideari jarraitu diote. Estatu Batuetako eragina gutxitu egin da Zeelanda Berrian, Vietnamgo gerrak porrot egin ondoren. Frantziarekiko harremanak okerrera egin zuen Rainbow Warrior aferaren eta Ozeano Bareko proba nuklearren ondorioz.
ANZUS itunak lankidetza militar osoa aurreikusten zuen Zeelanda Berriaren, Australiaren eta Estatu Batuen artean, baina ez da horrela gertatu. 1985eko otsailean, Zeelanda Berriak uko egin zion bere portuetara ontzi nuklearrak edo arma nuklearrak zituztenak sartzeari. 1987ko ekainean desnuklearizatutako lurralde bihurtu zen herrialdea, hori egin zuen lehen estatu garatua. 1986an, Zeelanda Berriko itunak zehaztutako betebeharrak bertan behera utzi zituztela iragarri zuten Estatu Batuek.[15][16][17] New Zealand Nuclear Free Zone, Disarmament, and Arms Control Act 1987k debekatu egiten du lurraldean arma nuklearrak instalatzea eta Zeelanda Berriko uretan ontzi nuklearrak edo arma nuklearrak sartzea. Legeria hori eztabaida-iturri da oraindik ere, eta Estatu Batuek eskatutako tratatuaren etenaldia etengabe baztertzeko oinarria da.
Iwien (tribuak) arteko gudez, eta britainiar kolonoen eta iwien arteko gerra luzeez gain, Zeelanda Berriak Bigarren Boerren Gerran, Lehen eta Bigarren Mundu Gerran, Koreako Gerran, Malasiako matxinada komunistan parte hartu zuen (eta Indonesiako gerran sortu zen gatazkan tropak eta hegazkinak bidali zituen). Beste hauetan parte hartu zuen ere: Vietnamgo gerra, Golkoko gerra, Afganistango gerra, eta Irakeko gerran zehar azpiegiturak hobetzeko ingeniari militarrak bidali izan ditu.
New Zealand Defence Forcek hiru adar ditu: New Zealand Army, Royal New Zealand Navy eta Royal New Zealand Air Force. Herrialdeak uste du bere defentsa nazionaleko beharrak apalak izan behar direla; aire-borrokarako gaitasuna galdu zuen 2001ean. Zeelanda Berriak soldaduak bidali ditu bakea mantentzeko azken misio batzuetara, eskualdekoak zein nazioartekoak: Zipre, Somalia, Bosnia eta Herzegovina, Sinai, Angola, Kanbodia, Irakeko muga, Bougainville uhartea, Ekialdeko Timor eta Salomon uharteak.[18]
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeelanda Berria herrialde industrializatua da, eta BPGa 185.800 milioi dolarrekoa zen 2013an. Bizi-maila handia da, eta BPG 41.555,75 dolar estatubatuar da pertsona bakoitzeko, 2013an. Batez ere esportazioko herrialdea da, eta, 2013an, 26.746.200.000 dolar esportatzen ditu nekazaritzako produktuetan.[19].
Zeelanda Berria ELGAko bigarren herrialdea da, eta 1980ko hamarkadaren bigarren erditik aurrera diru-sarreren eta gastuen arteko desberdintasunak areagotu egin dira.[20].
Ekonomiaren egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hirugarren sektorea Zeelanda Berriko ekonomiaren sektorerik garrantzitsuena da (BPGaren h,8), ondoren bigarren sektorea (&,9) eta lehen sektorea (%4,3).[21] Zeelanda Berria kanpo-merkataritzaren menpe dagoen herrialdea da, batez ere nekazaritzaren eremuan. Esportazioek ekoizpenaren $ inguru hartzen dute,[21] eta hori nahiko handia da (txosten hori P ingurukoa da Europako zenbait herrialde txikitan).[22] Hori dela eta, oso sentikorra da nazioarteko produktuen gorabeherekin, eta errezentsio egoerek bereziki kalte egiten diote. Esportazio nagusiak nekazaritza, baratzezaintza, arrantza eta baso industria dira, esportazioen erdiak, gutxi gorabehera. Esportatzaile nagusiak Australia ( ,5), Estatu Batuak (,1), Japonia (,3), Txina (%5,4) eta Erresuma Batua (%4,9) dira.[21].
Turismoak garrantzi handia du Zeelanda Berriko ekonomian, hau da, 12,8 mila milioi dolar herrialdeko BPGan eta ia 200.000 pertsona lanaldi osoan, hau da, herrialdeko biztanleria aktiboaren %9,9.[23] Zeelanda Berriko Turismo Ministerioak hurrengo sei urteetan %4 handitzea aurreikusten du.[24]
Zeelanda Berriko 30 merkataritza-ganberek, berriz, 22.000 kide inguru biltzen dituzte tokiko eta nazioarteko mailan. Haien eginkizuna da enpresetan inspiratu eta eragitea eta arrakastara eramatea. Gainera, hazkunde ekonomiko iraunkorra eta errentagarria laguntzen eta sustatzen dute. Azkenik, ganbera horiek 4 polotan banatzen dira: iparraldea, erdialdea, canterbury eta hegoaldea.[25]
Diru-sarrerak eta ongizatea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2006an, Zeelanda Berriko etxeen batez besteko diru-sarrera (erosteko ahalmenaren parekotasunean zuzendua) AEBetako etxeen tik beherakoa izan zen.[26]. 2000. urteaz geroztik, diru-sarrera hori nabarmen handitu da, Zeelanda Berriak eta Australiak ihes egin baitute, neurri handi batean, 2000. urtearen hasierako atzeraldi ekonomikotik, beste herrialde aurreratu gehienetan eragina izan baitzuen. Batez besteko diru-sarreren hazkunde horrek, AEBetan izandako gutxitzearekin batera, bi herrialdeen arteko aldea nabarmen estutzea eragin zuen.
Garaia | Diru-sarrera etxeko EAPab 2006 (US$) |
Pertsona kopurua etxeko |
Hazkuntza (%) | |
---|---|---|---|---|
Estatu Batuak | 2000-2006 | $ 48.201[27] | 2,6[28] | |
Zeelanda Berria | 2000-2007 | $ 39.937[29] | 2,7[30] | 24,2[31],[32] |
Australia | 2001-2006 | $ 38.420[33] | 2,6[34] | 13,2[35],[36] |
Nahiz eta beste herrialde garatu batzuetan baino per capita BPG txikiagoa izan, Zeelanda Berriko biztanleak pozik daude beren bizitzarekin. Zeelanda Berria zazpigarren sailkatu zen 2010eko Giza Garapenaren Indizean[37] eta 15. The Economist aldizkariaren 2005eko Bizi Kalitatearen Indizean.[38] Herrialdea ere Legatum Instituteren 2007ko oparotasun-indize orokorrean lehena eta bosgarrena izan zen.[39],[40] Munduko hiri onenei buruzko 2007ko Mercer inkestaren arabera, Auckland ondo bizitzeko 5. postuan, eta Wellington, 12. postuan zeuden.[41].
Gertuko historia ekonomikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeelanda Berriko biztanleek bizi-maila handia izan dute historikoki, Erresuma Batuarekin harreman pribilegiatuetan eta merkatu komertzial egonkorrean oinarritua. Zeelanda Berriko ekonomia produktu primarioen sorta txiki batean oinarritu zen, hala nola artilea, haragia eta esnekiak. Produktu horien eskari handiak oparotasun ekonomikoko aldi luzeak ahalbidetu zituen, bereziki 1951ko artile industriaren boomean.
Hala ere, 1973an Erresuma Batua Europako Batasunean sartu izanak amaitu egin zituen bere harreman ekonomiko estuak. 1970eko hamarkadan, beste faktore batzuek, hala nola petrolio-talkek, Zeelanda Berriko ekonomiaren bizitasuna murriztu zuten, Australiaren eta Mendebaldeko Europaren bizi-maila gainditzea lortu baitzuen.[42] Gertaera horiek krisi ekonomiko luze eta larria ekarri zuten, eta Zeelanda Berriak Australiaren eta Mendebaldeko Europaren azpitik jarri zuen Zeelanda Berriko BPGa pertsonako, Munduko Bankuak jotako herrialde garatu guztietan.[43]
1984az geroztik, zenbait gobernuk erreforma garrantzitsuak egin dituzte egituran, ekonomia protekzionista eta arautua utzi eta ekonomia liberalizatu dute eta merkataritza librea hartu dute. Aldaketa horiei Rogernomics eta Ruthanasia deritze, garai hartako ekonomia-ministroen arabera, Roger Douglas eta Ruth Richardson. 1987ko urriko crac-ak eragindako atzeraldiak, erreformen talkarekin batera, langabezia handitu zuen herrialdean, eta 1990eko hamarkadaren hasieran biztanleria aktiboaren izatera iritsi zen. Egindako erreformek eta eskualdeko testuinguru ekonomiko oso onak aukera ematen diote ekonomiari azkar berreskuratzeko 1990ean, langabezia-tasa ELGAko hogeita zazpi herrialde «aberatsetako» bigarrena izanik (%3,5 2007ko irailean).[44][45] Hala ere, per capita BPGa jaitsi da ELGAko batez bestekoarekin alderatuta, 1990 urteetan, eta pobrezia handitu egin da.[46][47]
Gaur egungo gobernuak ekonomiaren arloan dituen helburuak merkataritza libreko akordioak egiten jarraitzea eta ezagutzaren ekonomia sortzea dira. 2004an, Txinarekin merkataritza libreko gune baterako elkarrizketak ireki zituen, eta, hala, hori egiten lehen herrialdeetako bat bihurtu zen. Zeelanda Berriko egungo erronka ekonomikoak BPGaren %8,2ko balantzea, elikagaiez kanpoko esportazioen garapen motela eta produktibitatearen hazkunde motela dira.[48] Zeelanda Berriak "garun-ihesak" jasan ditu 1970eko hamarkadaz geroztik, graduatutako gazteak Australian, Erresuma Batuan edo Estatu Batuetan behin betiko lanean hasi zirenean.[49] "Kiwi bizimodua" eta familia edo whanau faktoreak dira batzuk itzultzea eragiten dutenak; aldiz, ekonomiari, kulturari eta norberaren karrerari buruzko gogoetek beste batzuk bultzatzen dituzte irtetera eta ez itzultzera.[50]. Halaber, Zeelanda Berrian etengabe bizitzen ari diren atzerriko graduatu gazte gehiago daude.[51].
Zeelanda Berriko egoera ekonomikoak bilakaera nabarmena izan beharko luke hurrengo urteetan, 2008ko apirilaren 7an Txinako gobernuak merkataritza libreari buruz sinatu zuen itunaren ondorioz.
Hitzarmen hau Txinaren eta mendebaldeko herrialde baten artean sinatutako genero honetako garrantzitsuena da.
Itunak ondasun eta zerbitzuen trukea liberalizatu eta errazten du, enpresa-ingurunea hobetzen eta bi herrialdeen arteko lankidetza bultzatzen lagunduko du sektore ekonomiko askotan.
Eztabaida ugari sortu ditu, bereziki Aotearoa Zeelanda Berriko Alderdi Berdeak eta Alderdi Mistoak kritikatuak, espero zen emaitzari buruz (Zeelanda Berriko Neo ekonomiaren gorakada, herrialdeari Estatu Batuen edo Australiaren aurrean independentzia berria lortzen laguntzen diona).[52],[53]
Dozenaka estatubatuar aberatsek bunkerrak eraiki dituzte Zeelanda Berrian, fenomeno apokaliptiko baten edo gizarte-matxinada baten beldur baitira.[54]
Nekazaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekazaritza izan da eta da oraindik ere Zeelanda Berriko esportazio-industria garrantzitsuena.[55] 2006ko ekainetik 2007ko ekainera bitartean, esnekiek esportazio guztien ! inguru zuten, hau da, 7.500 milioi dolar. Haragiak % 13,2 zuen, zurak % 6,3, frutak % 3,5 eta arrantzak % 3,3.
Zeelanda Berriko esportazioen seiren bat esne-behien produktuak dira: esne-hautsa, gazta, gurina eta nahaste protidikoa. 4 milioi esne-behi baino gehiago daude, batez ere Ipar Uhartean (bereziki Waikato eta Taranaki eskualdeetan). Artilea, garai batean, ekonomia menderatzen zuen esportaziorik garrantzitsuena, ez da hain garrantzitsua 1960tik aurrera, eta prezioak jaitsi egin ziren; gaur egun, haragi-esportazioen erdia, esportazio guztien hamarrena, ardi-haragia da. Ardi-haztegiak Canterbury eskualdean daude nagusiki.[55] Azienda oso gutxitan egoten da eraikinen barruan, eta, normalean, larreetan uzten da. Bertan belarra eta beste elikagai batzuk ekar dakizkieke osagarri gisa, bereziki neguan. Belarraren hazkunde aldia aldatu egiten da denboraldiaren, eskualdearen eta klimaren arabera, baina 8-12 hilabete bitartekoa izaten da. Abereak baserriaren inguruan ere mantentzen dira, hesi elektrikoarekin. Arkumeen eta aratxeen jaiotza udaberrian egiteko planifikatuta dago, belarra berriz sortzen dela aprobetxatuz.
1970eko hamarkadan, nekazaritza dibertsifikatu nahi izan zen, orein-, ahuntz- eta txerri-haztegiak ezarriz; 1990eko hamarkadan, ordea, ez zen ahuntz- eta txerri-hazkuntzarik izan; oreina, batez ere, Canterbury eta Southland-en hazi zen. Oiloen hazkuntza garrantzitsua da estatu mailan. 2000. urtean erlezaintzako 5.000 abeletxek 9.000 tona ezti ekoitzi zituzten.[55]
Landare erabilgarriei dagokienez, garia eta garagarra dira nagusi merkatu nazionalean; batez ere Canterburyn hazten dira. Fruitu garrantzitsuenen artean daude sagarra (bereziki Hawke's Bayn), kiwia (Ugaritasunaren Badia), mahatsa eta abokatuak (Bay of Plenty eta Northland). Mahastizaintza gero eta garrantzitsuagoa da, eskualde aitzindariak Marlborough, Hawke's Bay eta Gisborne dira. 2001ean 382 mahasti zeuden, eta esportazioak 200 milioi dolarrera iritsi ziren.[55]
- Inportatutako produktu nagusiak:
- Makineria: % 24,6.
- Mineralak, produktu kimikoak eta plastikoak: % 22,2.
- Garraio-ekipamendua: % 13,5.
- Esportatutako produktu nagusiak:
- Janari eta abereak: % 46,5.
- Oinarrizko manufakturak: % 25,4.
- Baliabide nagusiak:
- Harrikatza: 2,3 miloi tona.
- Artilea: 335.000 tona.
- Garia: 135.000 tona.
- Ardi-azienda: 60,5 miloi buru.
- Behi-azienda: 7,5 miloi buru.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Talde etniko nagusiak: % 73,8 europar; % 9,6 maori, % 3,6 polinesiar, % 4,5 mestizo, % 8,5 beste.
- Biztanleen banaketa: % 68,6 hiritar, % 31,4 landatar.
- Urteko hazkunde-tasa: 8,6/1000 (1994).
- Ugaltze-tasa: 2/1000 (1994).
- Heriotza-tasa: 7,7/1000 (1994). Haurrena: 9/1.000 (1990-1995).
- Bizi-itxaropena: 73,4 urte gizonentzat eta 79,1 urte emakumeentzat (1994).
- Biztanleen banaketa, adin-tarteka:
- <15 urte: % 23,2.
- 15-29 urte: % 22,8.
- 30-44 urte: % 22,9.
- 45-59 urte: % 15,6.
- 60-74 urte: % 10,8.
- >74 urte: % 4,7.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingelesa eta maoriera hizkuntza ofizialak badira ere, lehenengoa erabat da nagusi gaur egun, eta bigarrena oso egoera gutxituan dago. Keinu hizkuntza ere ofiziala da: munduko salbuespenetakoa da Zeelanda Berria.
Ingelesa da Zeelanda Berriko hizkuntza nagusia, biztanleen �,4k hitz egiten baitu. Zeelanda Berriko ingelesa hizkuntzaren aldaera bat da, azentua eta lexiko bereizgarria dituena. Australiako ingelesaren antzekoa da, eta ipar hemisferioko hiztun asko ez dira gai azentuak bereizteko. Zeelanda Berriko ingelesaren eta beste dialekto ingeles batzuen arteko alde nabarmenena bokal laburren ahoskeran dago.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, bertako hizkuntza (maorí) eskoletan eta lantokietan ez hitz egiteko esan zitzaien maoriei, urruneko eskualde batzuetako hizkuntza komunitarioa gisa utziz. Azken hiru-lau hamarkadetan biziberritze-prozesu bat izan du hizkuntzak. 1987an Zeelanda Berriko hizkuntza ofizialetako bat izendatu zuten, eta biztanleen %4,0k hitz egiten du. Gaur egun, maorien hizkuntzan murgiltzeko eskolak daude, eta bi telebista-kate, batez ere maoriz emititzen dutenak. Leku askotako izen ofizialak maoriz eta ingelesez daude.
2018ko erroldaren arabera, samoera da hizkuntza ez-ofizial mintzatuena (%2,2), atzetik datoz "iparraldeko txinera" (mandarinera barne, %2,0), hindi (%1,5) eta frantsesa (%1,2). Zeelanda Berriko zeinu hizkuntza 22.986 lagunek ulertzen dute (%0,5).
Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gehien bat ingelesez idazten da, eta maori kultura eta maorien hizkuntzaren erabilera aurki daiteke idazlanetan. Europarrak XIX. mendean Zeelanda Berrira iritsi eta finkatu baino lehen, maori kulturak ahozko tradizio handia zuen. Lehen kolono europarrek Zeelanda Berria esploratu eta bidaiatzeko esperientziei buruz idatzi zuten. Literatura ingelesak ez bezala, Zeelanda Berriko literatura kontzeptua ez zen XX. mendera arte sortu, autoreak paisaiaren, isolamenduaren eta Zeelanda Berriko identitate nazionalaren gaiak aztertzen hasi zirenean.[56] XX. mendearen azken erdian maori idazleak gailendu egin ziren, eta maori hizkuntza eta kultura Zeelanda Berriko literaturaren zati gero eta garrantzitsuagoa bihurtu dira. [2]
Zeelanda Berriko kultura modernoaren zati garrantzitsu bihurtu da Zeelanda Berriko literatura, irakurle kopuru gero eta handiagoaren, literatura-sari eta -beken bidez, baita aldizkari literarioen garapenaren bidez ere.
Zeelanda Berriko idazle askok ospe lokala eta nazioartekoa lortu dute urteetan zehar, besteak beste, Katherine Mansfield, Frank Sargeson eta Jaquie Sturm ipuinetan, Janet Frame, Patricia Grace, Witi Ihimaera, Maurice Geet, Keri Hulme eta Eleanor Catton eleberritan, James K. Baxter, Fleur Adcock, Selina Tusitala Marsh eta Hone Tuwhare poesian, eta Margaret Mahy eta Joy Cowley gazte-literaturan.
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mundu osoan ospe handikoa da Zeelanda Berriko errugbi selekzioa, All Blacks izenaz ezaguna, titulu ugari bereganatu baititu eta partiden aurretik haka (maori dantza) ikusgarria egiten baitu.
Sukaldaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertako sukaldaritza Pazifikoko kostaldekoarekin dago lotuta, maori sukaldaritzaren ekarpenarekin eta kolonoek zein immigranteen ekarritako tradizioen eraginarekin. Ohiko osagai eta plateren artean ondokoak azpimarratu daitezke: arkumea, izokina, kōura (ibai-karramarro), Bluff ostrak, arrai-txiki, pāua (itsas kurkuilu), muskuiluak, bieirak, kūmara (batata), kiwia, tamarilo eta pavlova (postre nazionaltzat hartua).
Hāngī esaten zaio maori tradizioan kozinatzeko erabiltzen den metodoari, harri beroekin egindako lurreko labe batean prestatua. Oraindik erabiltzen da talde handientzat festatan, tangihanga hiletetan esaterako.[57]
Ingurumena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Natura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Queenstown aldeko nekazaritza-eremua
-
Emerald Lakes, Tongariro
-
Pencarrow Head, Wellington
Zeelandaberritar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ernest Rutherford (1871–1937), fisikaria.
- Edmund Hillary (1919–2008), mendizalea eta esploratzailea.
- Peter Jackson (1961–), zinema zuzendaria.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ (Ingelesez) Climate data and activities. National Institute of Water and Atmospheric Research 2017ko otsailaren 28a (Noiz kontsultatua: 2016ko otsailaren 11).
- ↑ Ingeleses, reigns but does not rule
- ↑ (Ingelesez) «The Commonwealth» The Royal Family 2016-03-11..
- ↑ (Ingelesez) John Wilson, « Government and nation: The constitution », Te Ara Encyclopedia of New Zealand.
- ↑ (Frantsesez) Charlotte Chabas. (2017ko urriaren 19a). «La « stratosphérique » Jacinda Ardern devient première ministre de la Nouvelle-Zélande» Le Monde..
- ↑ a b (Ingelesez) John Wilson, « Government and nation: The electoral system », Te Ara Encyclopedia of New Zealand.
- ↑ (Ingelesez) John Wilson, « Government and nation: The legal system », Te Ara Encyclopedia of New Zealand.
- ↑ (Ingelesez) John Wilson, « Society: Sex and gender », Te Ara Encyclopedia of New Zealand.
- ↑ (Ingelesez) « Women in National Parliaments », Inter-Parliamentary Union, 30 novembre 2009.
- ↑ (Ingelesez) « Resource Management Act », Ministry for the Environment.
- ↑ a b c d e Agintaritza unitarioa.
- ↑ Ingelesez : Where she goes, we go; where she stands, we stand.
- ↑ (Ingelesez) Robert G. Patman, « Globalisation, Sovereignty, and the Transformation of New Zealand Foreign Policy », Working Paper 21/058, Centre for Strategic Studies, Victoria University of Wellington.
- ↑ (Ingelesez) David Lange, Nuclear Free: The New Zealand Way, Penguin Books, New Zealand, 1990.
- ↑ (Ingelesez) Kate Dewes, « Legal challenges to nuclear weapons from AOTEAROA/New Zealand », disarmsecure.org
- ↑ (Ingelesez) Robert Green, « The Naked Nuclear Emperor — Debunking Nuclear Deterrence », disarmsecure.org.
- ↑ New Zealand Defence Force Overseas Operations. ..
- ↑ Importations - Exportations - Nouvelle-Zélande. ..
- ↑ Le pays développé où les inégalités de revenus ont le plus augmenté est.... .
- ↑ a b c (Ingelesez) The World Factbook. (Noiz kontsultatua: 2017-02-26)..
- ↑ (Ingelesez) Finland – An ICT-Driven Knowledge Economy.
- ↑ (Ingelesez) « Key tourism statistics », Ministry of Tourism, août 2007.
- ↑ (Ingelesez) (pdf) Topline forecasts - National and regional. 2007..
- ↑ (Ingelesez) New Zealand Chambers :: New Zealand Chambers. ..
- ↑ (Ingelesez) Factsheet from the joint Senate economic committee on median household income.
- ↑ (Ingelesez) US Census Bureau news release in regards to median income
- ↑ (Ingelesez) Heather Whipps, « Census: U.S. household size shrinking », MSNBC, 21 septembre 2006.
- ↑ (Ingelesez) 2006 New Zealand income surveys showing median household income
- ↑ (Ingelesez) « Quickstats about New Zealand » ., Statistics New Zealand, 21 octobre 2007.
- ↑ (Ingelesez) « New Zealand income surveys 2000-2007 showing median household income », Statistics New Zealand.
- ↑ (Ingelesez) .[Betiko hautsitako esteka], Statistics New Zealand.
- ↑ (Ingelesez) « 2006 Census Quickstats », Australian Bureau of Statistics.
- ↑ (Ingelesez) « 2006 Census QuickStats », Australian Bureau of Statistics, 27 juin 2007.
- ↑ (Ingelesez) « 2001 & 2006 median household income for Australia », Australian Bureau of Statistics.
- ↑ (Ingelesez) « Australia consumer price index »
- ↑ (pdf) Rapport sur le développement humain 2010. ..
- ↑ (Ingelesez) « The Economist Intelligence Unit's quality-of-life index », The World in 2005, The Economist.
- ↑ (Ingelesez) Helen Malmgren, « Kiwis world's most satisfied » Copie archivée. ., National Business Review, 5 juillet 2007.
- ↑ (Ingelesez) The 2007 Legatum prosperity index.
- ↑ (Ingelesez) « Highlights from the 2007 Quality of Living Survey », 2 avril 2007.
- ↑ (Ingelesez) « Standard of living comparison table », 1966 Encyclopedia of New Zealand.
- ↑ (Ingelesez) « Up from down under », National Review.
- ↑ (Ingelesez) « Top 20 statistics », Statistics New Zealand.
- ↑ (Ingelesez) « The European economy: a history », Te Ara Encyclopedia of New Zealand.
- ↑ (Frantsesez) La Nouvelle-Zélande éprouvette du capitalisme total. 1997-04-01..
- ↑ New Zealand "experiment" a colossal failure - Jane Kelsey. ..
- ↑ (Ingelesez) « June quarter current account better than expected ». .[Betiko hautsitako esteka], New Zealand Herald, 20 septembre 2007.
- ↑ (Ingelesez) Sally Davenport, « Panic and panacea: brain drain and science and technology human capital policy », Research Policy, , 2004, 617-630 or.
- ↑ (Ingelesez) Duncan J. R. Jackson et al., « Exploring the Dynamics of New Zealand's Talent Flow », New Zealand Journal of Psychology, Vol. 34, 2005 ; K. Inkson et al., « The New Zealand Brain Drain: Expatriate views », University of Auckland Business Review, , 2004,29-39 or.
- ↑ (Ingelesez) R. Winkelmann, « The labour market performance of European immigrants in New Zealand in the 1980s and 1990s », The International Migration Review, 2000, 33-58 or.; Bain (2006), 44 or.
- ↑ « Maori Party opposes FTA with China » Copie archivée. ., communiqué de presse, 2008.
- ↑ Russel Norman, « Trading away our integrity – for what? ». .[Betiko hautsitako esteka], 2008.
- ↑ «Nouvelle-zélande. Là où fleurissent les bunkers de milliardaires» L'Humanité 2019.
- ↑ a b c d (Ingelesez) Brian Easton ; « Economy - Agricultural production », Te Ara Encyclopedia of New Zealand.
- ↑ (Ingelesez) «The making of New Zealand literature» nzhistory.govt.nz (Noiz kontsultatua: 2022-12-16).
- ↑ (Ingelesez) Taonga, New Zealand Ministry for Culture and Heritage Te Manatu. «Māori foods – kai Māori» teara.govt.nz (Noiz kontsultatua: 2022-12-16).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez)(Maorieraz) Zeelanda Berriko webgune ofiziala