Edukira joan

Zaldun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zaldunak Alaitzako margo erromanikoetan (Iruraiz-Gauna, Araba).
Zaldun baten erretratua, Carpaccio 1510.

Zaldun, zentzu zorrotzean, zaldizko edo zaldiz ibiltzen dena da, baina, normalean Erdi Aroan zaldiz borrokatzen zuen goi-mailako klaseko kidea izan ohi zen[1].

Antzinako Grezia eta Erromako garaietatik, zalduna izateak entzute handia esan nahi zuen, zaldi bat mantentzea garestia zelako. Erdi Aroan, hauek zalduneria osatzen zuten, bere jokabide kodea zuen erakunde militar feudala. Artur erregearen kondairak Europa osotik zabaldu zuen jokabide hori baina feudalismoaren desagerpenarekin batera erakundea ere pixkanaka-pixkanaka itzali zen[2]. Euskal Herrian, ikusgarriak dira zaldunen errepresentazioak Alaitzako elizako margo erromankoetan.

Zaldunak, kontzeptu bezala, zaldi gainean ibiltzen diren soldaduak dira eta hauek zalditeria osatzen dute, hots, armada baten barruan dagoen gorputz berezia, non soldaduek zaldi gainean egiten duten gerra. Hala ere, kontzeptua zabalagoa da, Erdi Aroan zehar zaldunak noble kondiziokoak izan ohi ziren, eta arau zein kode bereziak bereganatu zituzten. Zaldunen basailutza sistemaren bidez, errege edota beste botere feudal bati leialtasuna eskaintzen zieten eta ordain sari baten truke defendatzen zuten botere feudala. Zaldunen garai gorena XI. mendearen hasieran eman zen Frantzian eta XI. mendean zehar mediterraneoko zonaldeetan zabaldu zen.[3]

Zaldunen jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
San Jurgi eskultura, Donatellok eginda 1416. urtean.

Zaldunen fenomenoa, Europako mendebaldean, XI. eta XII. mendeetatik aurrera agertzen hasi zen. Hala ere, Europako historian zehar III. mendetik X. mendera arte zaldunen pertsonaia existitzen zen dagoeneko. Gainera, ekarpen handia egin zien aurrerapen teknologikoek, horien artean, estribuaren garapenak (VIII. mendean, Asiatik ekarritakoa). Zaldunen nabarmentzea, zehazki, sistema politiko baten aldaketatik dator. Zehazki, Frantzian IX. mendean Inperio Karolingioa banatzen hasi zenean hasi zena. Lurralde hain zabal batean era zentralizatuan gobernatzea ezinezkoa zela konturatu zen Frantziako enperadorea. Beraz, denborarekin konderriak eta dukerriak boterea hartzen hasi ziren inperioaren mendebaldean. Horren eskutik dator konderri horiek jaurgo autonomoak bilakatzea, haren poblazioa gazteluen eta gizon armatuen bidez (milites) gobernatzen zutelarik, eta hemen gauzatzen da “zaldunen goiztiria”. [4]

Hasiera bateko zaldunen egoera soziala definitzea ez da oso ziurra. Zaldunak ez ziren nobleak; zalditeriaren eta nobleen arteko identitatea zonalde batzuetan XIII. mendean gauzatu zelako. Hala ere, azpimarratu beharra dago zalditeriaren bidez, XI. eta XII. mendeetan, nekazari lurjabe asko maila sozialean igo zirela, aristokraziako maila baxuenetan kokatuz. Kontzeptu hau Jean Flori historialariak bigarren mailako aristokrazia bezala definitzen du. Kontuan hartzekoa da mende horietan zehar zaldunak ez zirela gizon libreak izaten eta beti haren jaunaren ikurraren menpe agertzen zirela. Beraz, zaila da talde sozial bezala definitzea, ez baditugu ordo militum-ean sartzen. Hori esanda, ondorioztatu daiteke zaldunak XI. eta XII. mendeetan jaunen eta printzipeen baitan egon ziren elitezko soldaduak izan zirela eta hauek aginte betearazle bezala jardun zutela horien lurraldeetan. [4]

Zaldunen inbestiduraren inguruan, badirudi denborarekin gero eta esklusiboagoa bihurtu zela zalduna izatea. XIII. mendera arte oso gutxi ziren zalduna izateko baldintzak; alde batetik, fisiko ona izatea (emakumeak, umeak eta argalak kanpoan geratzen ziren) eta bestetik, haren armamentua ordaintzeko beharrezko gaitasun ekonomikoa eta entrenatzeko denbora librea izatea, militian sartzeko. XIII. mendetik aurrera hainbat murrizketa juridiko agertu ziren. Alemaniako zonaldean adibidez, debekatuta zegoen nekazarien semeak militian sartzea eta zaldun estatusa oinordetzan oinarritzen hasi zen. Horrek zera suposatzen zuen, zaldunen semeek bakarrik zeukatela zaldun izateko eskubidea. Frantzian aldiz, zaldunen tituluak itxura noble bat hartu zuen, hasieran tasa eta zergak ordaintzeagatik libre zeuden, baina ordutik aurrera zalduna izateko jaiotzatik edo mesede erreal baten bitartez bereganatu behar zuten estatus hori. Horrek berarekin zakarren ondorioa gero eta zaldun gutxiago egotea izan zen, militia gero eta garestiagoa zen eta balio handiko titulua bihurtu zen. [4]

Zaldunen armamentua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erasotzeko armak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zaldun gotiko baten armadura eta armamentua.

Zaldunen elementurik garrantzitsuenak, zaldia alde batera utzita, ezpata eta lantza (lancea/hasta, latinez) izan ziren. Egia da beste arma batzuk ere erabiltzen zirela, hala nola; arkuak, baleztak, aizkorak eta borrak, baina, arma mota hauek maila askoz ere txikiagoetan erabiltzen zituzten. Zaldunen ezpatak simbolo bihurtu ziren Erdi Aroan zehar; hauek hasiera batean esku batekin erabiltzen ziren, baina, XV. mendetik aurrera bi eskuak erabiltzen hasi ziren, armarik hilgarriena bihurtuz. Lantzak, aldiz, egurrezkoak ziren eta denborarekin haien luzera handitu zen oso arma pisutsuak bilakatuz. [4]

Defentsarako armak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrekin batera armadura zaldunen beste elementu garrantzitsu bat izan zen. Metal ezberdinen aleazioz eratutako mailazko kotak eta armadura astunagoak erabiltzen zituzten, zein eta kasko ederrek, gainontzeko gerlari xumeen aurrean identitatea ematen zieten. Armen antzera, armadurek garapen bat jasan zuten Erdi Aroan zehar. Metalurgiaren garapenarekin, armadurak gero eta artikulatuagoak, gorputzeko atal gehiago babesten dituztenak eratu zituzten. Bi aldaera nagusitu ziren: gotikoa eta italiarra. Ezkutuak garrantzia galdu zuen armaduraren garapen honen aurrean eta galdu egin zen, jada ez zen beharrik, bi eskuak libre borrokarako.[5]

Zaldun kodeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zaldun baten inbestidura Erdi Aroko erregina gauzatutakoa. Edmund Blair Leighton.
Omenaldi baten irudia, zaldun batek jaun edo zaldun goragoko bati gorazarre egiten dio, eta eskribauak ofizialki erregistratzen du.

Zalduneriaren sorreraren testuinguruan, non botere harremanak basailutzaren bidez egituratzen ziren, zaldunek haien kode zein harreman sistema propioa garatu zuten. Hau, Erdi Aro betean zehar garatzen joan zen fenomenoa izan zen. Behe Erdi Aroko sistema feudalaren ahultzearekin ez ziren guztiz desagertu, baina asko indargabetu ziren.

Leialtasuna eta omenaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leialtasunak, ohoreak, traizioak… gaur egun daukatenaren dimentsio eta garrantzia ezberdinak irabazi zituzten. Zaldunek nobleari leialtasuna erakutsi ezean beraien basailutza zor zioten, eta omenaldia bezalako erritualak garatu ziren hori adierazteko. Omenaldiko errituala ohikoan bi elementuz osatua zegoen berez: immixtio manuum eta volo-az. Lehenik basailuak jaunaren aurrean belaunikatu eta bien eskuak elkartu behar zituen, inmixtio manuum edota Handgebärde deiturikoa. Honen bitartez, jaunak bere propioekin basailuaren eskuak besarkatzen zituen, bere pean jarriz enkomendatua.[4] Immixtio manuuma egina, basailu bilakatuko zenak borondate adierazpena (voloa) egin behar zuen jarraian. Hala ere, hauetatik benetan garrantzitsua immixtio manuuma zen, garaiko mentalitate eta kontzepzio juridikoetan kontratuek akto material baten beharra eskatzen baitzuten, orokorrean balio sinbolikoduna.[6]

Rol maskulino eta femeninoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lantzelot eta Ginebra, zaldunen erromantizazio anakronikoa 19. mendeko margolan batean.)

Bestalde, rol maskulino eta femenino oso sexistak bizi ziren zaldunen kulturan. Zaldun batek ahultasuna erakustean, gainontzeko noble eta zaldunen errespetua galtzen zuen mespretxatua izanik. Aipatzekoa da konbenientziazko ezkontza bat lortzerako orduan balore horiek zuten garrantzia. Hemen hasten da zaldunen erromantizazioa anakronismo adibide argi batean. Erdi aroko poema zein kontakizunetan jasoak izaten ziren eta gaur egungo zinematografiak modu oso exageratu batean saldu nahi izan du noizbait. [5]

Emakumeen papera ere oso murriztua izan zen, ia modu absolutuan sumisio paper bat izatera iritsi zena. Hauen arteko elkartzea, konbenientziazko ezkontza baten kontextuan ematen zen. Testuinguru horretan, zaldun baloreen arabera kontsiderazio onean zegoen zalduna posizio hobeagokoa zen familia bateko alaba batekin ezkon zitekeen. Horrela, bere botere politiko zein ekonomikoa handitzea lortzen zuten. Familiarengandik ere herentzia oso garratzitsua jasotzen dute zaldunek, baina, hau ez zen soilik jasotako lur edo tituluetan isladatzen, baizik eta familiaren posizioa ere nabarmena zen ezberdintasun hori. Beraz, ondorioztatu daiteke politikan zein gerran burutzen zuten parte hartzea oso altua izaten zela, eta horiek izaten zirela bizitza sozialaren arauak zein jarrerak ezartzen zituena. [5]

Nafarroako zaldunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Karlos IV.a Nafarroakoa. Haren oinetan erbitxakur zuria ikus daiteke.

Iruñeko Erresumaren sorreraren garaitik, zalditeria, erresuma honen armadaren parte zenaren dokumentazio eta aipamenak ditugu. Esaterako, 841. urtean Harit ibn Bazi jeneral banukasitarrak eta Gartzia Enekoitz, Eneko Haritzaren semeak musulmanei zeladak antolatzeko bat egin zuten, zelada hauetan zaldunek parte hartu zutelarik. 843. urtean, bestalde, kronika arabiarren arabera, Abd al-Rahman II.aren aurkako gatazketan Fortun Iñigez “Iruñeko zaldunik hoberena” eta beste 115 zaldun hil ziren[7].

XIV. mendean zehar, Nafarroako Erresuma Évreux-ko erret-etxeko errege ezberdinen kontrolpean zegoen garaian, erresumaren defentsarako armada iraunkortzen eta profesionalizatzen joan zen, bertan 200 zaldun inguruk parte hartzen zutela aipatzen delarik.[7]

Zaldun horiek erregeak izendatuak ziren eta garai horretan izendapen hori erritual batez egiten zen. Horrela, zaldunak eskubide eta betebehar batzuk jasotzen zituen. Batetik, Iruñeko Erresuman, zaldunak eskubidea zeukan eta aldi berean behartuta zegoen gerra-zaldi propioa edukitzera, baita armadura ofentsiboa (lantza eta ezpata) eta defentsiboa (ezkutua, zela eta uhalderia) edukitzera ere; ezkutari bat (‘serviens armorum’) edukitzeko eskubidea eta betebeharra ere zeukan, zeinak zamari batean zaldunaren tresneria garraiatzen zuen eta hau janzten laguntzen zion. Azkenik, erregeari urtean 40 egunez zerbitzatzeko betebeharra zeukan, 40 egun hauek modu jarraian ala ez, eta erresuma barruan edo bertatik kanpo bete ahal zituelarik.[8]

Évreux erret-etxeko Karlos III.a tronura iristean, 1390. urtean, bere koroatze-egunean hamabi aitoren seme gazte zaldun izendatu zituen, eta hauei tresneria osoa oparitu zien (urre koloreko armadura, ezpata, kaskoa eta ezproiak, eta batzuei baita urre koloreko zela, ahokoa eta brida ere). Garaiko ohitura frantziarrari jarraiki, hurrengo urtean Erbi-txakur Txuriaren Zalditeria-ordena edo Fede Onaren Zalditeria-ordena sortu zuen. Erregeak berak izendatzen zituen zalditeria-ordena honen partaide ziren zaldunak, eta hauei erbi-txakur baten intsignia bat zeraman urrezko edo zilarrezko lepoko bat oparitzen zien. Zaldunek lepoko hau soinean eramaten zuten, baita kapa luze bat ere. [9]

Nafarroako Foru Orokorrak bere izaera desohoratzen zuen zaldunaren kasua jasotzen du; erregeak publikoki degradatu behar zuen, eta honek laban batez mozten zuen zaldunaren espala zintzilik zuen uhala, hura lurrera eror zedin.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Zaldun. .
  2. Tanner, J R., Previte-Orton, C W., Brooke Z N. (1929) The Cambridge Medieval History, Volume VI: Victory of the papacy. Cambridge: Cambridge University Press
  3. Bonnassie, Pierre. (1983). Vocabulario básico de la historia medieval. Editorial Crítica ISBN 84-7423-201-5. PMC 12077031. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  4. a b c d e Flori, Jean. (2001). Caballeros y caballería en la edad media. Paidos ISBN 84-493-1039-3. PMC 49545604. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13). Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":0" defined multiple times with different content
  5. a b c Keen, Maurice. (2010). La caballería : la vida caballeresca en la Edad Media. (1a ed. argitaraldia) Ariel ISBN 978-84-344-3495-0. PMC 651128939. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  6. Ganshof, F.L.. (1979). El Feudalismo. Ariel, 117 or..
  7. a b Lacarra, José María.. (1975). Historia del reino de Navarra en la Edad Media. Caja de Ahorros de Navarra ISBN 84-500-7465-7. PMC 3386289. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  8. Gran Enciclopedia de Navarra | CABALLERO. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  9. Gran Enciclopedia de Navarra | LEBREL BLANCO, ORDEN DEL. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  • FLORI, J. (2001): Caballeros y la caballería de la edad media. Paidos Iberica (Edk.). Barcelona, España
  • KEEN, M. (2010): La caballería: la vida caballeresca de la Edad Media. Editorial Ariel. Barcelona, España.
  • BONNASIE, P. (1983): Vocabulario básico de la historia medieval. Crítica (Edk.) Barcelona, España.
  • LACARRA, J.M. (1975): Historia del Reino de Navarra en la Edad Media. Caja de Ahorros de Navarra (Edk.). Navarra, España.
  • Caja de Ahorros de Navarra (Ed.). “Caballero”. Gran Enciclopedia de Navarra. http://www.enciclopedianavarra.com/.
  • Caja de Ahorros de Navarra (Ed.). “Lebrel Blanco, Orden del”. Gran Enciclopedia de Navarra. http://www.enciclopedianavarra.com/

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]