Edukira joan

Yosemite Parke Nazionala

Koordenatuak: 37°44′33″N 119°32′15″W / 37.7425°N 119.5375°W / 37.7425; -119.5375
Wikipedia, Entziklopedia askea

Yosemite Parke Nazionala
Gizateriaren Ondare
II. maila: parke nazional
Datu orokorrak
Mendirik altuenaMount Lyell (en) Itzuli
MotaNational Park of the United States (en) Itzuli, turismo-atrakzioa eta Parke nazional
Azalera3.027,19 km²
Geografia
Map
Koordenatuak37°44′33″N 119°32′15″W / 37.7425°N 119.5375°W / 37.7425; -119.5375
MendikateaSierra Nevada
Estatu burujabe Ameriketako Estatu Batuak
Estatua Kalifornia
Kaliforniako konderriTuolumne konderria

Yosemite Parke Nazionala San Frantzisko hiritik 320 km ekialderago dagoen parke nazional bat da, Ameriketako Estatu Batuetako Kalifornia estatukoa.

Zabalera 3.081 km² ingurukoa da eta Sierra Nevadako mendikatearen ekialdeko magalean dago. Urtero 3 milioi lagunek baino gehiagok bisitatzen dute, eta haietako gehienak Yosemite haraneko zatian baizik ez dira ibiltzen. 1984an parkea gizateriaren ondare izendatu zuten, eta nazioartean ongi irabazia du ospea, bere granitozko amildegiengatik, ur-jauziengatik, kristalantzeko ibaiengatik, sekuoia erraldoizko basoengatik eta aniztasun biologiko handiarengatik[1] (parkeko eremuaren % 95 inguru «gune basati» izendatuta dago). Estatu Batuetako gobernu federalak ezarri zuen lehendabiziko parke nazionala izan zen, eta hainbat pertsonaren lanarekin (hala nola John Muir) parke nazionalen ideia garatzeko eredu argia bilakatu zen.

Yosemite Sierra Nevadako habitat edo bizileku handi eta zatikatuenetakoa da eta landare nahiz animalia aniztasun handia du. Parkea itsas mailatik 600-4.000 metro bitarteko garaieran dago, eta bost landaredi eremu nagusi ditu: haritzen basogunea, behe-mendiko landaredia, goi-mendiko landaredia, landaredi behe-alpinoa eta landaredi alpinoa. Kaliforniako 7.000 landare espezieen erdiak Sierra Nevadan bizi dira, eta % 20 baino gehiago, Yosemite parkearen barnean.[1]

Geologiaren aldetik, granitozko arrokak dira eta arroka zaharragoen arrastoak ditu bereizgarri. Orain dela 10 milioi urte inguru, Sierra Nevada goratu egin zen, eta ondoren alborantz mugitu. Halaxe eratu ziren mendebaldeko magal leun samarrak eta ekialdeko magal malkartsuagoak. Goratzeak ibai eta erreken isurien malda handitu zuenez, haitzarte mehar eta sakonak eratu ziren. Duela milioi bat urte, gutxi gorabehera, elurra eta izotza metatu ziren eta, halaxe, zelai alpino garaienetan, glaziarrak sortu ziren. Glaziar haiek 1.200 metro lodi izatera iritsi ziren; eta, maldan behera zorua higatuz, U itxurako haranak ebaki eta landu zituzten. Gaur egun, bisitari kopuru handia du, «U» itxurako haranek eratutako paisaia ederrek erakarriak.[1]

Cathedral Peak eta Cathedral Lake

Parkea Kaliforniako Sierra Nevada mendikatearen erdialdean dago. Autoz San Frantziskotik bertako aparkalekura 3,5 orduan hel daiteke, Los Angelesetik 6 orduan eta San Bernardinotik 7 orduan. Yosemite gune birjin edo basatiez inguratua dago: hego-ekialdean Ansel Adams, ipar-ekialdean Hoover eta iparraldean Emigrant.

Parkea 3.081 km² luze-zabal da, eta Rhode Island gunetik gertu dago: azken horrek milaka aintzira eta urmael ditu, oinezkoentzako 1300 km bidezidor eta 560 km bide.[2] Gobernu federalak basati eta eszeniko izendatutako bi ibai, Merced eta Tuolumne, Yosemiteko mugetan sortzen dira eta mendebaldeko noranzkoa hartzen dute Kaliforniako Central Valley haraneko Sierrako oinetaraino. Urteko bisitariak 3,5 milioi baino gehiago dira: gehienak 7 km² dituen Yosemite Haraneko gunean ibiltzen dira.[2]

Arrokak eta higadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
El Capitan edo Kapitaina, granitozko harkaitzarra. Mundu osoko eskalatzaileen helburu.

Yosemiteko arroka eraketa ia gehienak Sierra Nevadako batolito arroka granitikozkoak dira.[3] Parkeko % 5 inguruan (ekialdean, Mount Dana menditik hurbil) arroka bolkaniko eta sedimentuen metamorfositik datozen eraketak daude.[4] Arroka horiek «terraza zintzilikariak» izena jasotzen duten, behin batez azpialdeko granitozko arroken terraza izan baitziren.[5]

Hainbat motatako gorapenek eta haustura sistemek jasandako higadura da gaur egun ikus litezkeen haran, haitzarte, mendi bizkar eta beste zenbait ezaugarrien sorkuntzaren arduraduna. Haustura eta loturen arteko banaketa zabala da, batez ere granitoan eta arroketan dagoen silizio dioxidoarengatik.

Zutoin eta zutabeak, Washington Column eta Lost Arrow zutabeak esate baterako, gurutzatutako loturez sortuak izan ziren. Lotura hauek jasandako higadura haran eta haitzarteen sorkuntzaren arduraduna izan da. Azken miloi urteetan higatzaileena izan den indar bakarra glaziar handiak izan dira, hauek ibai arroek sortutako V tankerako haranen itxura glaziar eraketako U itxurako haitzartetara aldatu dituzte.

Ezaugarri ospetsuenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Half Dome edo Domo Erdia

Yosemite Harana parkegune guztiko ehuneko bata besterik ez da, baina halere bisitariak iritsi eta egoten diren gune nagusia da. El Capitan («Kapitaina») haran guztiaren gainetik agertzen den granitozko harkaitz erraldoia da: mundu guztiko harri eskalada zaleen helburu gutiziatu eta ospetsuenetako bat da, hainbat zailtasun mailatako eskalada bideak urte osoz irekita egoten baitira. Sentinel Rock eta Half Dome granitozko domoak hurrenez hurren haranaren barrenetik hasita 900 eta 1.450 metroko garaietara ailegatzen dira.

Yosemiteko lur eremu garaiek gune ederrak dituzte, hala nola Tuolumne Meadows, Dana Meadows, Clark Range, Cathedral Range eta Kuna Crest. Sierra eta Pacific Crest Trail mendi bizkarrak Yosemiten barneratzen dira, haien gailurrak harkaitz metamorfiko gorrizkoak, adibide gisa Mount Dana eta Mount Gibbs, edota granitozkoak dira, Mount Conness bezala. Parke Nazionaleko tontorrik garaiena Mount Lyell da.

Parkeak sekuoia erraldoiez (Sequoiadendron giganteum) beteriko hiru baso edo zuhaizti ditu: Mariposa Grove (200 zuhaitz), Tuolumne Grove (25 zuhaitz) eta Merced Grove (20 zuhaitz). Sekuoiek beste motatako edozein zuhaitzek baino bolumen handiagoak izaten dituzte, baita sekulako garaiera eta biziraupen ikaragarriak ere. Izotz Aroa hasi aurretik zuhaitz horiek hedatuenak eta ugarienak ziren.[6]

Izotza eta ura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Yosemiteko Merced ibaia.

Sierran Nevadan jaiotzen diren Tuolumne eta Merced ibaiek 900 eta 1200 metro bitarteko sakonerako haitzarteak sortzen dituzte. Tuolumne ibaiak parkeko iparraldean dagoen 1.760 km² inguruko azalera duen gunea drainatzen du; Merced ibaia parkearen hego-ekialdeko gailurretan sortzen da, nagusiki Catedral eta Clark mendikateetan.[7]

Prozesu hidrikoak (glaziazioa, uholdea eta ibaiaren eragina barne) parkeko paisaien sorkuntzaren funtsezkoak izan dira. Lekuak 3.200 aintzira ditu, eta 2.700 km erreka.[8]

Hezeguneak haranaren behealdean daude eta orokorrean noizbehinkako uholde eta lurpeko ur mugimenduen bitartez erreka eta aintziretara hidrologikoki loturik daude. Larreetako bizileku edo habitatak 900 eta 3.500 metro arteko garaieran banatuta daude eta hezeguneak dira oro har.

Merced ibaiko Nevada ur-jauzia

Ur-jauziak dituzten harkaitz egitura ugari daude, bereziki apiril, maiatz eta ekainean, elurra urtzen denean. 782 metrorekin, Yosemiteko ur-jauzia Ipar Ameriketako garaiena da eta munduko hirugarrena. Haran berean Ribbon ur-jauzia dago, eta nahiz eta aurrekoak baino ur emari apalagoa izan, parkeko jauzi bertikal garaiena da (492 m).

Parkeko glaziarrak erlatiboki txikiak dira eta ia beti itzalpeko guneetan daude. Lyell glaziarra (65 hektarea) Sierra Nevadako handiena da. Yosemiteko glaziarretako bat bera ere ez da lekuaren paisaiako formazioan arduradun izan ziren Glaziazio Arokoen osteratzetakoa. Horiek glaziazio handiaren urtze ondorengo ataletako batean osatu ziren. Berokuntza globalak mundu osoko glaziarren neurri eta kopurua murriztu du. Yosemiteko glaziar asko galdu egin dira, John Muirrek 1871an aurkitu eta gune hartako glaziarren jatorriaren bere teoria indartu zuen Merced glaziarra barne, eta oraindik dirauten askok dagoeneko beren azaleraren % 75 galdu dute.

Parkeak klima mediterraneoa du. Beraz, eurite garaia negu leunean izaten da, eta gainerako urtaroak nahiko lehorrak izaten dira (udako hilabete beroenetan euriteak % 3koak baino eskasagoak izaten dira). Euri-jasak 2.400 metro inguru arte lurraldearen garaieraren handitzearekin bat gehitzen dira, eta handik aurrera eta goi gailurretaraino murriztuz doaz. Euri kopurua 1.200 metro garaierako 915 mm-tik 2.600 metro garaierako 1200 mm-tarako tartean egoten da. Elurra, berriz, azaroko hilabete arte lurrean ez da mamitzen, baina negu osoan pilatu eta martxoaren amaiera edo apirilaren hasiera arte bertan dirau.[9]

Lurraldearen garaiera gorantz doan heinean, tenperatura jaitsi egiten da. Yosemite Ozeano Baretik 160 km eskasera dagoenez, muturreko tenperaturak moderatuak izaten dira. Udan, Kaliforniako kostaldeko gune antizikloniko batek Sierra Nevada aire masez hornitzen du: horrela, Yosemiteko eremuak haize lehor eta garbiaz goza dezake.

Eguneko tenperatura 2.600 metroko garaiera duen Tuolumne Meadowsko gunean -3,9 eta 11,5 °C artekoa izaten da. Wawomatik hurbil dagoen hegoaldeko sarreran (1.887 metroko garaierarekin) tenperaturaren batezbestekoa 2,2–19,4 °C artekoa da. 2.440 metro baino gehiagoko garaiera duten guneetan udaldeko ekaitzek urtaro honetan ohikoak diren tenperatura bero eta lehorrak arindu egiten ditu. Landaredi idor, hezetasun baxua eta ekaitz elektrikoetan sortzen diren tximistek maizko suteak sortzen dituzte.


    Datu klimatikoak (Yosemite parkearen egoitza, itsas mailatik 1.200 metro gorago)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 9 11 14 18 22 27 32 32 28 22 14 8 20
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -2 -1 1 3 7 10 14 13 10 5 1 -2 5
Pilatutako prezipitazioa (mm) 165 163 133 64 40 15 12 3 17 52 115 137 916
Elurra (mm) 452 211 178 20 0 0 0 0 0 0 79 142 1085
Prezipitazio egunak (≥ 0.01 in) 8.9 8.7 10.0 6.8 4.7 2.0 1.2 0.9 2.8 4.0 6.9 7.8 64.8
Elur egunak (≥ 0.1 in) 2.8 1.5 1.8 0.6 0 0 0 0 0 0 0.5 1.5 8.7
Iturria: NOAA (batezbestekoak, 1981−2010) [10]
Glacier Point eta Half Domeko ikuspegia
Glacier Point eta Half Domeko ikuspegia

Ahwahneechee indiarrak eta Mariposako Gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mariposa konderriko indiarren akanpalekua, Kaliforniako Yosemite haranean. Egilea: Albert Bierstadt
1872ko Paiute ospakizuna, Yosemite Lodgeko txoko arrunt batean

Arkeologia aurkikuntzek diotenez, Yosemite harana gizakien bizileku izan da 3.000 bat urtez; hala ere, lehenengo bisitariak beharbada duela 8.000–10.000 urte iritsiko ziren.[11] Bertako biztanleak ahwahneechee zeritzoten beren buruari, hau da, «Ahwahneeko biztanleak».[12]

XIX. mendean izandako Kaliforniako Urrearen Sukarrak jende zuriaren presentzia nabarmen areagotu zuen. 1851. urtean, Mariposako Gerran, Estatu Batuetako Gudarosteko maiorra zen Jim Savagek bere Mariposa Batailoia Yosemite haranaren mendebaldera gidatu zuen, Chief Tenaya buruzagiaren agintepean zeuden 200 ahwahneecheen taldea harrapatzeko asmoz.[13] Batailoi haren barneraldia izan zen gizon zuriak haran hartan eginiko lehendabiziko sartze egiaztatua. Savagen talde erasotzaile hartako kide zen Lafayette Bunnell, konpainiako sendagilea, eta geroago haran horrek beregan piztu zituen zirrara edo eraginak idatziko zituen bere The Discovery of the Yosemite liburuan. Bunnell izan bide zen Tenaya Buruzagiarekin izan zituen elkarrizketetaz baliatuz haranaren izena eta aipamen idatzia jaso zuen lehena. Bunellek idatzi zuenez, Tenaya Buruzagia Ah-wah-nee-ko Pai-Ute koloniaren fundatzailea zen.[14] Miwoks indiarrek (bai eta kolono zuri gehienek ere) ahwahneechee taldekoak bereziki oldarkor eta arriskutsutzat zeuzkaten, eta euren arteko mugen inguruko borrokaldiak ugariak izaten ziren. Yosemite hitza miwork hizkuntzako yohhe'meti izenenetik dator eta «hiltzaileak dira» esan nahi du.[15] Batailoiko kideen gutun eta artikuluek harana eta haren inguruneko eremuaren berehalako ospe eta entzutea piztu zituzten.

Tenaya eta gainerako ahwahneecheetarrak berehalakoan atzeman zituzten, eta haien herrixkak erabat suntsitu; Fresnotik hurbil dagoen indiar erreserbara mugitzera behartu zituzten. Geroago ahwahneecheetar batzuei haranera itzultzea baimendu zitzaien, baina 1852ko udaberrian zortzi urre meatzariren aurkako erasoaldiaren ostean indiar haiek arazoak izan zituzten.[16] Talde hark ekialdean dagoen Mono Lakera ihes egin zuen, eta hango mono tribukoen artean babestu ziren; baina beren babesleen zaldi batzuk lapurtu ondoren 1853an mono paiute tribukoek ahwahneecheetarrei arrastoa jarraitu eta hil egin zituzten, baina Tenaya buruzagia ere. Bizirik atera zirenak Mono Lakera itzuli ziren eta han Mono Lakeko paiute tribuarekin nahasi ziren. Gaur egun, kokagune horretan berreraikitako Indian Village of Ahwahnee herrixka dago, Yosemiteko Museoaren atzealdean.

Lehendabiziko turistak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1855an James Mason Hutchings abenturazale lehiatsuak, Thomas Ayres margolariak eta beste bi abenturazalek barneraldi bat egin zuten eremu honetan, honela haraneko lehendabiziko turistak bilakatu zirelarik. Hutchingsek bizipen honi buruzko artikulu eta liburu ugari idatzi zituen eta gerora baita gune honetara zenbait txango egin ere. Ayresen margoak bertako zenbait kokaleku eta paisaien lehendabiziko irudiak izan ziren. Charles Leander Weed argazkilariak berriz 1859an Haranaren lehendabiziko argazkia egin zuen. Beranduagoko argazkilarien artean Ansel Adams dago.

Orain parkearen hego-mendebaldeko zati den Wawona lehen indiarren akanpalekua zen. 1857an Galen Clark kolonoak Wanonan dagoen Mariposa Groveko Giant Sequoia eriden zuen. Etxola soil batzuk eraiki ziren, bai eta eremu hortara iristeko zenbait bide ere. 1879an Groveko gunea bisitatu nahi zuten turistei zerbitzu bat eskaintzeko asmoz, Wawona Hotela eraiki zen. Turismoa handituz zihoan neurrian, bide eta hotelak ere gehituz joan ziren.

Yosemite Grant

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
John Muirren argazkia

Eremu honek pizten zituen irrika eta interes komertzialak zirela eta, zenbait hiritar nabarmenek, hala nola Galen Clarkek eta John Conness senatariak, gunea babestearen alde egin zuten. 1864ko Ekainaren 30an Parkea sortzeko lege proiektuak Estatu Batuetako Kongresuaren onarpena eta Abraham Lincoln Presidentearen sinadura jaso zituen: honela Yosemite Grant eremua sortu zen. Hau izango zen AEBetako Gobernu Federalak babesgune eta gozamen publikorako etorkizuneko parkea sortzeko lehendabiziko hurratsa, eta era berean ekintza hau izango zen 1872an munduko lehen parke naturala zen Yellowstone Parke Nazionala sortzeko oinarritzat hartu zen aurrekaria.[17] Yosemite Valley eta Mariposa Grove kokaguneak Kaliforniako herriari Estatu Parke gisa laga zitzaizkion eta bi urte beranduago komisari kontseilu bat izendatua izan zen.

Kontseiluak Galen Clark izendatu zuen Yosemite Granteko lehendabiziko zaintzaile, baina ez Clarkek eta ez Kontseiluak (Hutchings barne zela) ez zuten Homestead Act delakoa eragozteko gaitasunik izan (lege berri haren bidez, Estatu Batuetako gobernuak herrialde hartako zenbait gunetako lurralde zatiak kolonei eskaintzen zizkien). Lege hau ez zen 1875. urte aurretik argitaratu gabe egon zen eta ordurako eremu honetan kolonei eskainiriko lur sailak jadanik ezeztatu edo baliogabetuak zeuden. 1880an Clark eta orduan agintean zeuden komisarioak kaleratuak izan ziren, euren ordez Hutchings bilakatu zen parke zaintzaile berria.

Parkearen lehendabiziko hastapen urteetan turistentzako sarbideak eta Yosemite Haraneko bizi baldintzak hobetzeari ekin zitzaion. Turismoa modu nabarmenean handitu zen ziren. 1869an First Transcontinental Railroad trenbidea erabat amaitu ostean turismoa modu nabarmenean handitu zen baina halere Yosemiteko eremura joateko zaldiz egin behar zen ibilaldia oraindik deserosoa eta atzeraka botatzen zuen horietakoa zen. 1870. hamarkada erdialdera Haranera ailegatzen ziren bisitari kopuru gero eta handiagoari erantzun egokia eman nahian hiru zaldi gurdi edo diligentzia eraiki ziren.

Jaiotzez eskoziarra zen John Muirrek eremu hau ospetsu bilakatuko zuten artikuluak idatzi zituen, eta ondorioz berehala Yosemiteri buruzko interes zientifikoak gorantz egin zuen. Muir izan zen Yosemiteko Lur Eraketak Glaziar Alpino Handien ondorioz sortu zirelako teoria aipatu zuen lehendabizikoa, era berean Josiah Whitney eta beste zenbait zientzialariren etorrera saihestu zuen, Whitneyk Muir amateurtzat hartzen baitzuen.[18] Muirrek eremu honetako biologiari buruzko artikuluak idatzi zituen.

Gunea babesteko ahaleginen areagotzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Fallen Monarch eta F Troop, AEBetako 6. Zalduneria Yosemiteko naturgunean. 1899ko argazkia
Yosemiteko Parke Nazionala1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Yosemite Parke Nazionalaren mapa.

Mota Naturala
Irizpideak vii, viii
Erreferentzia 308
Kokalekua  AEB
Eskualdea2 Ipar Amerika
Izen ematea 1984 (VIII. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Yosemite Haraneko larre eta zelaiak abereentzako bazka gisa erabiltzeko gehiegizko ustiaketak (bereziki ardiak), sekuoia erraldoiaren mozketak eta beste zenbait kaltek Muir babes gehiagoren aldeko jarrera hartzera bultzarazi zuten. John Muirrek bisitari edo gonbidatu nabarmen ugari konbentzitu zituen eremua babes federalpean jartzeko garrantziaren aldeko apustua egin zezaten; hauetako gonbidatu bat Century Magazine aldizkariko argitaratzailea zen Robert Underwood Johnson izan zen. 1890ko Urriaren 1an Yosemiteko Parke Nazionala sortu zedin Muir eta Johnson elkarkidetu egin ziren.[19] Hala eta guztiz ere Kaliforniako Estatuak Yosemiteko Harana eta Grovearen gain zuen kontrolari eutsi zion. Muirrek Yosemiteko Goi Mendietan oraindik egiten zen abere bazka ematearen aurkako jarreran bertako ofizialak konbentzitzen asko ahalegindu zen.

1891ko Maiatzaren 19rako sortu berria zen parke nazionala Estatu Batuetako Gudarosteko Zalduneriako 4. Errejimentuaren jurisdikziopean ezarri zuten, azken honek bere akanpalekua Wawonak kokatu zuelarik. 1890ko hamarkadaren azken aldera, ardien bazka ematea dagoeneko arazo izaten utzi zuen eta Estatu Batuar Armadak beste hainbat hobekuntza lortzeari ekin zion. Halere Zalduneriak ezin izan zuen Yosemite Harana edo Groveko bizi baldintzen txartzearen aurka laguntzeko esku hartzerik egin ahal izan.

Muir eta bere Sierra Club elkarteak betiere elkarlanaren bidez gobernuak eta garai hartan eragin handia zuten jendeak Yosemiteko Parke Nazional bateratu baten aldeko jarrera har zezaten biziki ahalegindu ziren. 1903ko maiatzean Theodore Roosevelt presidenteak eta John Muirrek Glacier Pointetik hurbil hiru egunez akanpatu zuten. Bidaldi honetan zehar Muirrek Yosemiteko Harana eta Grovearen kontrola Kaliforniako Estatutik Gobernu Federalera itzuli zedin Roosevelt konbentzitzea lortu zuen. 1906an Theodore Rooseveltek azken hau egi bilakatu zuen lege-proiektua sinatu zuen.

Parke Nazionaleko Zerbitzua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1916an Parke Nazionalen Zerbitzua osatu zen eta Yosemiteko Parke Nazionala jurisdikzio agentzi horretara besteganatu edo transferitu zen. 1916an Tuolumne Meadows Lodge, Tioga Pass Road, eta Tenaya eta Merced lakuetako inguruko lursailak ere parke nazionalaren gunea osatzera igaro ziren.[20] Parkera urtaro guztietan irekia egoten zen errepidea eraiki ondoren ibilgailuen kopurua pixkanaka-pixkanaka ugaritzen joan zen. 1926an Ansel Franklin Hallen eginahalei esker Yosemiteko Museoa eratu zen.[21]

Hetch Hetchy Valleyko uharkaren eraikitzea.

1903an parkearen iparraldeko zatian uharka bat egitea proposatu izan zen. Hetch Hetchy Valleyen kokatuko omen zen eta San Frantzisko hiriari behar adinako ur eta indar hidroelektrikoz hornituko omen zuen. Muir eta bere Sierra Clubeko preserbatzaileak berehala jarri ziren proiektuaren aurka; Gifford Pinchotek eta beste zenbait kontserbazionistek, berriz, proiektua aldeztu zuten. 1913an AEBetako Kongresuak Raker Act delako agiriaren bitartez O'Shaughnessy Dam uharka eraikitzeari baiezkoa eman zion.[22]

Orain dela ez hainbeste, preserbazionistek 2,742 km² edo parkearen % 89 izango lukeen «Yosemite Basatia» edo Yosemite Wilderness —erabateko babesa duen gune basatia— eremua sortzeko Kongresua limurtzeko saiakeran zeuden.[23] Parkeko Zerbitzua parkea bisitatzeko ezaugarri artifizial erakargarri gutxituz joan da, adibidez, Firefall delakoa, gauez Glacier Pointetik gertu zegoen muino batetik gori-gori eta sugarretan zeuden gauzen bulkatze edo amiltzeak. Udako hilabeteetan Yosemiteko Haranean sortzen diren trafiko etenak ere kezka berria bihurtzen ari dira. Ostatuan edo kanpalekuan izen emanak ez dauden ibilgailuen udako hilabeteetako sarrera eragoztea ere ikertu da; horren bidez, haranera doazen udako bisitarientzako bus, bizikleta eta oinezko sistema erabilgarri ipin liteke.

Hetch Hetchy Reservoir inguruneko gaur egungo ikuspegia
Hetch Hetchy Reservoir inguruneko gaur egungo ikuspegia

Ostatu eta emakidadunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wawona Hotel ostatua

Parkearen lehendabiziko urteetan erakunde publikoek hainbat ostatu eta baliabide ezarri zituzten, besteak beste Wawona Hotel, Yosemite Park Lodge eta Camp Curry, azken hau Yosemiteko Haranean kokatzen den hamar etxoletako akanpalekua. 1925an, sortu berri ziren baliabide horiek ongi eta tentuz ustiatzeko Yosemite Park & Curry Company erakundea osatu zen. Parkearen Zerbitzua handituz joan hala osatu berria zen erakunde honek Yosemiteko ostatu, jatetxe eta denden ustiaketaren erabateko eskubideak jaso zituen. Bi urte beranduago, erakundeak Ahwahneeko bere ostatu berriaren solairuartean egoitza hartu zuten. Yosemite Park and Curry Company erakundeak zetozen 50 urtetarako parkeko ustiaketa eskubideak jaso zituen, halere 1970an United States Natural Resourcesek (USNR) erakundea erosi egin zuen eta urte pare batean ostean MCAk berrerosi zuen, azken hau Universal Studiosekin elkarlanean ibili ohi zelarik. Jabe aldaketa hauek ematen ziren bitartean, Curry Companyren izendapenak bertan jarraitu zuen. 1993an Matsushita erakundeak MCA bereganatu zuen. Barne Idazkaria zen Manuel Lujanek AEBetako parke nazionaleko eskubideak japoniar etxe bati utziaraztearen aurkako jarrera erakutsi zuen, horregatik bere parkearen ustiaketa eskubideen aurkako proiektu federalaren onarpena saihestu nahian, Matsushitak bere ustiaketa eskubideak saltzeari burubelarri ekin zion eta honela azkenik eskubide hauen jabetzak gobernu federalaren eskuetan amaitu zuen, Yosemite Park and Curry Co. behin betiko alboratu zelarik. Gaur egun parkearen ustiaketa eskubideak Delaware North Companies "Parks and Resorts" edo "Parke eta Baliabideak" erakundeak ditu (DNC Parks and Resorts at Yosemite, Inc. erakundearen izendapen ofiziala da).

Aktibitate tektoniko eta sumendikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parkeko eremua Aurrekanbriarra eta Paleozoiko aroetan zehar pixkanaka-pixkanaka ertz kontinental pasibo batetara lekutu ziren. Sedimentu edo jalkinak sarbide kontinentaletatik eratu eta uren azpialdean pilatu ziren. Arroka hauek metamorfozitatu egin dira.

Yosemiteko mapa geologiko orokorra (USGSen irudia)

Altxamendu eta higadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain dela 10 milioi urte hasita, Sierran zehar eman zen mugimendu bertikalaren bidez Sierra Nevadaren altxamenduak sortzen hasi ziren. Jarraieko Sierraren makurdurek eta Sierrako goraguneen bizkortzearen ondorioz Sierra Nevadako gradiantearen mendebaldeko gradiantea areagotuz joan zen. Mugimendu korronte hauek bizkorragotuz joan ziren eta honela haranak azkarrago ebaki zituen. Ekialderuntz zihoazen mugimendu gehiagoren garapenarekin bat goragune gehigarriak ere sortu ziren, bereziki Basin and Rangego Owens Valley harana sortu zelarik -kanpo indarren eraginez. Orain dela bi milioi urte inguru Pleistozeno Aroan goragune horren bizkortze berria eman zen.

Higaduraren goratze eta areagotzeak eremuko haitz granitikoak lurrazaleko presioen eraginpean ezarri zituen, ondorioz esfoliazio (parkeko domo ugariren ertz biribilen arduradun) eta masen higadurari loturaguneen apurtzeak jarraiki zien (hausturak; bereziki bertikalak) orain solidifikatuak dauden lur masetan. Pleistozenoko glaziarrek prozesu hau azkartu zuten eta glaziar hauetako handienek egin zuten material garraioren ondorioz haraneko lurzoruko goraketa eta taluak sortu ziren.

Lotura bertikal lau ugari higadura bizkorra eman zen lekuetan suertatu ziren. Hauetako asko luze, lerrokatuak eta oso sakonak dira, ipar-ekialdetik ipar-mendebalderako eraketa paraleloan, batzuetan euren artean tartekatuz. Hauek altxamenduen eraginez sortutako presio eta higaduraren bidezko harkaitz pilaketen ondorioz sortu ziren.

Glaziarrek eraldatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Yosemiteko glaziarrek haranak nola eratu zituzten azaltzen duen irudi animatua.

Orain dela bizpahiru miloi urte hasi ziren glaziazio sail batek eskualdea erabat eraberritu zuen, eta K. a. 10.000. urtearen inguruan bukatu zen prozesua. Lau glaziazio handienak Sierra Nevadan gertatu ziren behinik behin, bertakoek Sherwin izenpean ezagutzen duten kokalekuan (aurre-Tahoe ere deitua bada), Tahoe, Tenaya, eta Tioga-n. Sherwin glaziarrak handienak dira: Yosemite eta beste haranak bereganatzen dituzte. Aldiz, beste aro geologiko batzuk glaziar txikiagoak sortu zituzten. Ziurrenik Sherwin glaziar aroa Yosemite Harana eta eremu hartako beste haitzarteetako zulaketa eta eraketen eragilea izan bide zen.

Glaziar sistemak 1.200 metroko sakonera iritsi ziren eta aztarnak Yosemiteko eremuan utzi dituzte: glaziar handiena Grand Canyoneko Tuolumne River ibaietik 95 kilometro beherantz doa, Hetch Hetchy Valley haranetik haratago. Merced glaziarra Yosemite haranetik atera eta Merced ibaiko arroilan barneratu zen. Lee Vining Glacier glaziarrak Lee Vining Canyon haitzartea zulatu zuen, eta Lake Russel lakura husten zen (Mono Lake lakuaren Izotz Aroko bertsio handitua). Soilik gailur batzuk, hala nola Mount Dana eta Mount Conness, geratu ziren glaziarrez estali gabe. Atzeraldian zeuden zenbait glaziarren morrenek Lake Yosemite (Yosemite Haraneko zolaren zati handi bat estaltzen duen behealdeko lakua) gisako 8,9 kilometroko laku luzeak hartu zituzten.[24]

Ingurumen arriskuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hartz beltza, auto batean txikizioak egiten.

Nahiz eta Yosemiteko ingurumen edo bizilekuak kalitate handia izan, hiru espezie dagoeneko ahitu egin dira (Kaliforniako Hartz Urreztatua, Kaliforniako Kondorra eta Bell's Vireo txori mota) eta gaur egun 37 espezie Kaliforniako legerian edo mailan nazionalean arriskuan dauden espezie bezala kalifikatuta daude. Yosemiteko biziak aurrez-aurre egin behar dien arrisku larrienak hauek dira: suteen errejimen natural baten galera, espezie exotikoak, airearen kutsadura, habitat edo bizilekuaren zatiketa eta aldaketa klimatikoak. Zentzu mugatuago batean, zenbait espezie basatiak beren ibilbideetako istripu edota gizakien jakiak janaren ondorio diren heriotzak bezalako baldintzen eraginpean daude.

Centaurea solstitialis, bertako landareekin lehiatzen diren espezie inbaditzaileetako bat.

Noizbait Yosemiteko hartz beltzak janari bila autoetan sartzeagatik ospetsu egin ziren. Bisitariek botatako zaborrak jateko asmoz ere zakarrontzietan elkar topatzen ziren eta zenbaitetan gizakiei erasotzera ere iritsi ziren. Hartz eta gizakien topaketek jabegoari gero eta oker handiagoak eragiten zizkion. Honek hartzak gizakien eta beren jabetzetarako hurbilketaren aurkako kanpaina oldarkorra bultzatuarazi zuen. Aire libreko zabortegiak berehalakoan itxi ziren, hartzen aurka frogatutako tangak egin ziren eta akanpaleku guneak janaria gordetzeko kabinete bereziez hornitu ziren. Parkeko langileek kontrol neurriak areagotu dituzte. Urteko 30 hartz inguru atzematen dira: belarriak markatzen zaizkie eta DANaz identifikatu, istripuren bat gertatzen bada, behingoan arazoak zein hartzek sortu dituen erraz jakiteko.

Ozonoaren murrizteak ere sequoia erraldoien ehunei kalte egiten ari zaie. Honek zomorro izurrite eta gaisotasun aurrean zaurkorragoak bilakatzen ditu. Zuhaitz honen haziek ernetzeko aurretik suz erre den lurra behar dutenez, suteen ezereztapen historikoek beren ugaltze ahalmena murriztu egin dute. Inplementatutako sute kontrolatuen politika berria landare berrien ernalketan lagungarri izango delako itxaropena dago.

Parkearen barnean bertakoak ez diren 130 espezie aurkitu ahal izan dira. Yosemiten landare hauek 1850. urte amaierako euro-amerikarren inmigrazioarekin batera sartu ziren. Bai arrazoi naturalengatik baita gizakiengatik espezie kanpotar hauen oharkabeko hedatzearen areagotze azkarrean lagundu izan da. Espezie hauetako kopuru jakin batek bertakoak diren landareak erasotu eta lekualdatzen ditu, honek parkeko ekosisteman aldaketak dakarzkielarik, bertako landareak eta euretatik kate bidez sortzen diren prozesuak asaldatuz. Espezie exotikoetako batzuk eremuko suteen frekuentzia ugaritu edo lurzoruko nitrogeno kopurua murriztu dezakete, honek landare exotiko berrien ezarketa erraztasun gehiagoz mesedetzen duelarik.

Ibilgailu bat, Yosemiteko Parke Nazionala zeharkatzen duen errepide batean. Basabere ugari dabilenez, erne ibiltzea gomendatzen zaie gidariei.

Yosemite Harana urte osoan zehar irekita egon ohi da, baina parkearen gainerako eremua udazken amaiera aldera itxi eta udaberri amaieraren erdialderarte ez da berriz irekitzen. Yosemite Harana eta Giant Sequoiako Mariposa Groveko aire libreko txangoak baliagarri daude. Jende askok txango labur eta ur-jauzietarako ibilbideetaz goza ahal dezakete, bai eta Mariposako Sequoia Zuhaitz Erraldoietaz, Tuolumne edo Merced Groves bezalako leku ederrez. Beste aukera interesgarri batzuk Glacier Pointerako autobusa hartzea da (uda amaiera aldera), handik Yosemite Harana eta goi mendien ikuspegi bikainaz gozatu ahal izateko (bakoitzak norbere ibilgailuaz ere egin dezake), Tioga Roadtik Tuolumne Meadowsrako (uda-udazkena) ibilbidea ere ibilgailu gidatu batean edo oinez egiteko aukera badago.

Parkera datozen bisitarien gehiengoa egun bateko egonaldia egin ohi du eta soilik ibilgailuz joan daitezkeen Yosemite Haraneko lekuak bisitatu ohi ditu. Parkean ibilgailuz sartzeko auto bakoitzeko 20$ ordaindu berhar dira.[25] Haraneko trafico pilatzeak arazo larri bilakatzen dira turismo sasoian gorenean, bereziki udaldean. Dohaineko autobus sare publiko bat urte osoz haran osoan zehar dabil eta udan aparkalekua aurkitzea ia ezinezkoa denez parkeko zaintzaileek jende eta bisitariei autobus zerbitzua erabil dezaten biziki gomendatzen die.[26]

Oinezko ibilbideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Camp 4 akanpalekuaren irudi bat

Oinez ibiltzea gustatzen zaienen gozamenerako 1.300 km-tako ibilbideak daude. Erraz-errazak diren ibilaldi laburretatik hasi eta zenbait egunetan inguru basatian zeharkatzen dituzten mendi txangoetaraino.

Egun bateko ibiltarientzat, parkea 5 guneotan zatitua dago: Wawona/Mariposa Grove/Glacier Point, Tuolumne Meadows, Hetch Hetchy, eta azkenik Crane Flat/White Wolf. Liburu askok parkearen ibilbideak xehetasunez eta ederki asko deskribatzen dituzte, eta Yosemiteko Parkearen Zerbitzuan argibidea dohain lortu liteke. Parkeko langile askok bisitariei Yosemite Harana bezain ezagunak ez diren gune edo eremuak ezagutarazteko gomendatzen die.

Udaberriaren amaiera eta udazken hasiera alderartean parkearen eremuaren gehiengoa egun askotarako txango edo ibilaldientzako irekia egoten da. Gaueko ibilaldi guztiek inguru basatietan barneratzeko baimen agiria behar dute: azken horretan, hartzen aurkako janari biltegiak eramatea ere nahitaezkoa da, ibiltariei janaria jan ez diezaieten.[27]

Yosemite haranean udaberritik hasi eta udazkena arte bizikleak alokatzeko aukera dago. Bizikletentzako egokitutako 12 km inguruko bidezidor harlauzatuak ere badaude. Halere, bizikletak bide arruntetatik ere ibil daitezke. Legeak derrigorrez 18 urte azpiko gaztetxoei kaskoa eramatea behartzen die. Yosemiteko Parke Naturalean bidez kanpoko bizikleta arrunt eta mendi bizikleten ibilaldiak ez daude baimenduak.[28]

Mendi eskalada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harri Eskalada oso kirol edo jarduera garrantzitsua da Yosemiten.[29] Yosemite Haraneko Camp 4 akanpalekuan eskaladarako behar den material osoa dago eta National Register of Historic Places erakundearen zerrenda barnean sailkatuta dago. Eskalatzaileek hainbat era eta mailatako eskalada bide ugari dituzte: 3 metro garaierako boulderretatik hasi eta El Capitan aurpegian dauden kilometro bateko garaierako harkaitzezko harresietaraino. Inguru honetako eskalada maisu talde profesionalek kirol honetako ikastaroak eskaini ohi dituzte.

Neguko jarduerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Elurretako oinetakoak daramatzan talde gidatu bat, Yosemite Parkean zehar txangoa egiten.

Parkeko bide asko itxi ohi dira neguko elur pilaketekin; hala ere, Yosemite Harana urte osoz irekia dago. Jaitsierako eskiak Badger Pass Ski Area gunean eskuragarriak daude (Kaliforniako jaitsiera eskiko gune zaharrena) eta abenduaren erdialdea arte jaitsiera eskiko jarduerak eskaintzen ditu.[30] Parkearen zati handi bat elurretako hainbat kiroletarako irekia dago, eta iraupen eskiko zenbait ibilbide ere baditu.[31][32] Eski ibilbideak gauez ere egiten dira.[33]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c (Ingelesez) «Nature & History», United States National Park Service: Yosemite National Park (artxiboko kopia).
  2. a b (Ingelesez) Nature & Science. United States National Park Service: Yosemite National Park (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  3. (Ingelesez) Harris, Geology of National Parks (5th ed), page 329
  4. (Ingelesez) Geology: The Making of the Landscape. United States National Park Service: Yosemite National Park 2004-12-22 (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  5. (Ingelesez) Geological Survey Professional Paper 160: Geologic History of the Yosemite Valley - The Sierra Block. United States Geological Survey 2006-11-28 (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  6. (Ingelesez) Kiver, Geology of U.S. Parklands (5th ed), page 227
  7. (Ingelesez) Water Overview. National Park Service: Yosemite National Park 2004-12-22 (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  8. (Ingelesez) Hydrology and Watersheds. National Park Service: Yosemite National Park 2004-12-22 (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  9. (Ingelesez) Climate. National Park Service: Yosemite National Park 2004-12-22 (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  10. (Ingelesez) National Oceanic and Atmospheric Administration. NOWData - NOAA Online Weather Data. .
  11. (Ingelesez) National Park Service: Yosemite: Official National Park Service Handbook, National Park Service, Washington DC, 1989.
  12. (Ingelesez) Alfred RUNTE: Yosemite: The Embattled Wilderness, University of Nebraska Press, 1990, ISBN 0-8032-3894-0 (ikus 1. kapitulua).
  13. (Ingelesez) Harris, Geology of the National Parks (5th ed.), p. 326.
  14. (Ingelesez) Bunnell, Lafayette H.. (1892). «Chapter 17» Discovery of the Yosemite and the Indian War of 1851 Which Led to That Event. F.H. Revell (Noiz kontsultatua: 2007-01-27). ISBN 0-939666-58-8.
  15. (Ingelesez) Anderson, Daniel E.. (2005). Origin of the Word Yosemite. The Yosemite Web (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  16. (Ingelesez) Schaffer, Yosemite National Park (4th ed.), p. 46.
  17. (Ingelesez) History & Culture. United States National Park Service: Yosemite National Park (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  18. (Ingelesez) Schaffer, Yosemite National Park (4th ed.), p. 49.
  19. (Ingelesez) Schaffer, Yosemite National Park (4th ed.), p. 50.
  20. (Ingelesez) Schaffer, Yosemite National Park (4th ed.), p. 52.
  21. (Ingelesez) National Park Service, Yosemite: Official National Park Handbook, p. 117.
  22. (Ingelesez) Schaffer, Yosemite National Park (4th ed.), p. 51.
  23. (Ingelesez) 98th U.S. Congress. (1994). (PDF) PUBLIC LAW. 98-425. (Noiz kontsultatua: 2007-01-09).
  24. (Ingelesez) Harris, Geology of National Parks (5th ed.), p. 333.
  25. (Ingelesez) «Fees and Reservations». Parke Zerbitzu Nazionala: Yosemiteko Parke Nazionala.
  26. (Ingelesez) «Shuttle». Parke Zerbitzu Nazionala: Yosemiteko Parke Nazionala. 2006ko Irailaren 21a. 2007ko Urtarrilaren 4ean aurkitua.
  27. (Ingelesez) Roberts, Hayes. Food Storage.. National Park Service: National Park Service.
  28. (Ingelesez) «Plan Your Visit» Yosemite National Park (U.S. National Park Service).
  29. (Ingelesez) Roberts, Hayes. (2006-05-10). Climbing. National Park Service: Yosemite National Park (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  30. (Ingelesez) Skiing. National Park Service: Yosemite National Park 2006-06-21 (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  31. (Ingelesez) Tuolumne Meadows Winter Conditions Update. National Park Service: Yosemite National Park (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  32. (Ingelesez) Roberts, Hayes. (2004-12-22). Winter Wilderness Travel. National Park Service: Yosemite National Park (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).
  33. (Ingelesez) Roberts, Hayes. (2006-01-17). Permits. National Park Service: Yosemite National Park (Noiz kontsultatua: 2007-01-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Yosemite Parke Nazionala