Edukira joan

Xarlo Etxezaharreta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xarlo Etxezaharreta

Bizitza
JaiotzaHazparne, 1941 (82/83 urte)
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakirakaslea
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakAljeriako Independentzia Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaEnbata
Euskal Herriko Alderdi Sozialista

Xarlo Etxezaharreta (Hazparne, 1941) euskal ekintzaile politiko abertzalea da.

Datu biografikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ogibidez kirol irakaslea.[1] Ezkondua, bi alaba eta hainbat biloba ditu. Luzien Etxezaharreta kazetari eta idazlea anai gazteagoa du. Kazetari bezala ere aritu da, irratian kolaborazioak eginez; Kale Gorria aldizkariaren zuzendari postua ere bete zuen, aldizkaria ixteko mehatxupean izan zenean.[2]

Aljeriako gerran parte hartu zuen Frantziako armadarekin. Zenbait bortizkeriren lekuko izanik, ezkerreko ideiak garatu zituen, baita sentsibilitate antikolonialista ere.[1]

Ibilbide politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soldadutzatik Euskal Herrira bueltatzean, Jean Louis Davant, Eñaut Etxamendi eta beste euskaltzale batzuekin izandako harremanen ondorioz abertzaletasunera hurbildu zen; eta Enbatan sartu zen. 1975ean, Euskal Herriko Alderdi Sozialista (EHAS) sortu zutenen artean egon zen,1979 hauteskunde kantonalen hautagaia izan zelarik Iholdiko kantonamenduan.[3] Ostera, EHAS-en banaketa egon zen Iparretarrak-eko bi kideren heriotzaren harira, eta Etxezaharreta alderditik atera zen. Abertzaleen Batasuneko (AB) kidea ere izan zen.

Ekialdeko Europako politikaz interesaturik, ez zuen begi onez ikusten Stalinen jarraitzaileen sozialismo-eredua. 1984ean Kubara eta Mexikora bidaiatu zuen; Kubako osasun eta hezkuntza sistemak ezagututa, Fidel Castroren jarraitzaile bihurtu zen eta blokeo egoeran zegoen Kubari laguntzeko ekimenetan parte hartzen hasi zen, Baionako elkarte batetik.[1]

1998an Hazparneko kantonamenduan hautatua izan zen AB-ren ordezkari bezala.[3] Hazparneko zinegotzia zela (Geroa Zain plataformaren izenean[2]), Udalbiltzako kide bihurtu zen; erakunde honen barruan diasporako euskaldunekiko harremanaren arduradunetako bat izan zelarik. Espainiako justiziak Udalbiltzaren kontra egin zuenean, zenbait arazo izan zituen hala nola AEB-etara bidean euskal diasporako ordezkaritza batekin biltzera zihoala aireportuan atxeki eta Europara itzularazi, edo 2003ko kartzelaldia. Urte horretan Abadiñon atxilotu zuten Internazionalista Egunean parte hartzen ari zela, Baionako Kubako Etxearen ordezkari bezala;[4] Espainiako Soto del Realera preso bidali zuten,[1] Baltasar Garzón epailearen aginduz. Sei hilebeteko kartzelaldiaren ostean,[5] 2004 baldintzapeko askatasunean geratu zen, 60.000 eurotako fidantzapean (herritarren laguntzaz ordaindu ahal izan zuen) eta epaitegian hamabostean behin sinatzeko beharrez.[6] Auzi hau 2010ean epaituko zen.[7] Kartzelaldian Aitzina Segi plataformaren hautagai izan zen Hazparneko kantonamendurako hauteskundeetan.[5] Urte berean, Udalbiltzako kanpo-lanei berrekin zien Argentinako hainbat euskal etxe bisitatuz.[2]

Migratzaileen babeserako mugimenduan parte hartuz, 2018an etxean Afrikako gazte bi hartu zituen.[8]

Diasporarekiko harremana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bidaizalea eta tratu errazekoa izaki, munduan zeharko euskal etxeetako zein handik kanpoko euskaldun askorekin ezagupidea egin zuen. Azken hauen kasuan, partikularki, euskal etxeetan ase ezin zuten "herri gose" hori deigarria egin zitzaion, eta premia horri erantzun bat emateko lanean aritu zen. Era berean, nazioarteko herrialde bakoitzeko euskal komunitateen ezaugarri propioak kontuan hartu beharrari erreparatu zion. Baita bake prozesuan joka zezakeen paperari ere, kontuan hartuta Euskal Herrian bertan sentsibilitate politikoen artean zegoen areriotasuna leunagoa zela diasporako euskaldunen artean.[1]

Euskal Diaspora Taldeko kidea izan zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e «Xarlo Etxezaharreta: "Udalbiltzan posible da batasuna egitea" - Azpeitia» uztarria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-02).
  2. a b c (Gaztelaniaz) «Una delegación de Udalbiltza viaja a la Argentina, donde participará en la Semana Nacional Vasca y mantendrá diversos contactos con vascos y euskal etxeak» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2020-09-03).
  3. a b «Etcheçaharreta, Charles - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-03).
  4. (Katalanez) 324cat. (2003-09-29). «Detingut el director de la revista "Kale Gorria" acusat de pertànyer a ETA» CCMA (Noiz kontsultatua: 2020-09-03).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Xarlo Etxezaharreta recibió ayer un caluroso homenaje en Hazparne tras pasar seis meses encarcelado por 'graves delitos' por orden de Garzón, que ahora lo libera» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2020-09-03).
  6. (Gaztelaniaz) Yoldi, José. (2004-04-06). «La Audiencia impone fianzas a cuatro dirigentes de Udalbiltza» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-09-03).
  7. [https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20100514/199263/es/El-juicio-contra-Udalbiltza-comenzara-15-julio-Audiencia-Nacional «El juicio contra Udalbiltza comenzar� el 15 de julio en la Audiencia Nacional - GARA»] gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-03).
  8. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-11-13). «Xarlo Etxezaharreta (bi migratzaile ditu etxean): «Familian ikasia dugu, 7 ginen mahaian eta baziren beti 8 platera»» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-09-03).