Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze | |
---|---|
Xabier Euzkitze, 2009an | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Xabier Peritz Mendizabal |
Jaiotza | Azpeitia, 1966ko ekainaren 9a (58 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | bertsolaria, kazetaria eta poeta |
Xabier Peritz Mendizabal —Xabier Euzkitze goitizenaz ezaguna— (Azpeitia, Gipuzkoa, 1966ko ekainaren 9a) kazetaria, euskaltzalea eta bertsolari profesional ohia da. Umetatik euskaltzalea eta pilotazalea, ogibide bihurtu ditu zaletasun horiek.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jaiotzaz azpeitiarra, ezkondu zenetik Zarautzen bizi da, eta Azkoitian —gurasoak bizi zaizkion herrian— du lagun taldea. Hain zuzen, Azkoitiko bere arbasoen Euzkitze baserritik datorkio goitizena, haren familiako beste askori bezala. Amarekin sartu zitzaion komunikazioaren harra, baita euskaltzaletu ere. Umetatik pilotazale amorratua, Azkoitira joaten zen esku huska jokatzera, Azpeitian ez baitzuen pilotaleku egokirik. 13-14 urte arte maila politean jokatu zuen, bai eta kopak eta txapelak irabazi ere, baina handik aurrera ezin izan zion mailari eutsi. Kolpe indartsurik ez zuenez eta eskuko minez ibiltzen zenez, garbi izan zuen pilotari profesionala izatera ez zela iritsiko.[1][2][3]
Pilota zaletasun hori ahaztu gabe, gaztetan bertsolaritzan eta kazetaritzan barneratuz ekin zion bere ibilbideari.
Nortasun handikoa, bertsolari zaharrek gogotik jo zioten adarra belarritakoak jantzita ibiltzen zelako, eta albistegiak belarritako eta guzti aurkeztu zituen lehen gizona izan zen ETBn.[2][3]
Bestalde, hainbat GKEtan lagundu izan du, eta Mendebaldeko Sahararekiko elkartasunean diharduen Saharautz erakundearen bozeramailea da.[4] Hiru seme-alabaren aita da, eta aldi baterako beste ume batzuk ere hartu izan ditu etxean, haien arazoei aurre egiten laguntzeko.[5]
Bertsolaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gazterik hasi zen bertsotan nabarmentzen. Eskolarteko II. Txapelketa irabazi zuen lehenik, eta gazte mailako beste hainbat sari ondoren. Bertsolari Txapelketa Nagusian, 3. izan zen 1989an, eta txapeldunorde 1993an. Bertso irakasle ere ibili zen, Arabako bederatzi ikastolatan. Jendaurrean bertsotan gazterik hasi ez ezik, erretiratu ere halaxe egin zen: 1998ko abenduaren 11n, 32 urte besterik ez zuela, egin zuen azken saioa Soraluzen. Bertso saioetarako gogoa galduta eta bikotekidearengandik banantzeko prozesuan sartuta, bat-batean erabaki zuen azken saioa izango zuela hura. Orain, jendaurrean urtean behin kantatu ohi du, Zumaiako Artadi auzoan, Done Mikel egunez, irailaren 29an, hedabideetan agertu gabe; Aner semearekin ere aritzen da bertsotan, jendaurretik at; eta bertsoak idazten jarraitzen du, urtean 50 bat.[2][3]
Bertsolari txapelketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bertsolari Txapelketa Nagusia:
- bigarrena (1): 1993
- hirugarrena (1): 1989
- Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa:
- hirugarrena (1): 1991
- Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa
- Txapelduna (2): 1982, 1983
- Sariak:
- Osinalde saria (1): 1983
- Xenpelar saria (2): 1983, 1984
- Lizardi saria (1): 1984
Diskoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertso jarriekin diskoa grabatu zuen Xabier Euzkitzek 2000. urteanː Argitzaletan (IZ Berria).[6]
Kazetaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertsolaritzan aritu bitartean, kazetari hasia zen lanbidez. Lehen urratsak irratian egin eta gero, Euskal Telebistan hasi zen, eta hainbat saio aurkeztu ditu: Hi Heu, Gaur Egun 2 albistegia, Sorginen Laratza umore saioa, Kalaka elkarrizketa eta eztabaida saioa... 2010eko irailean Anitzele eztabaida saioa aurkezteari ekin zion. 2012-2013. denboraldian Bisitaria programa aurkeztu zuen, eta 2013-2014. denboraldian Kontrako eztarria! umore-programa.
Halaber, 1988. urtetik ETB 1en esku huskako pilota emankizunen arduraduna da. Esku huskako pilota partiden emankizunetan esatari (gehienetan, Joxean Tolosa pilotari ohia lagun) eta hainbat umore nahiz elkarrizketa saioren aurkezle, betiere euskaraz. Euskal Herri osoan ulertuko den euskara batua erabiltzearen aldezle sutsua, betiere tokian tokiko aberastasunak jasota, euskalkiak maite baititu: gipuzkera da ondoen dakiena, baina lanaren eta lagunen bitartez bizkaieraz eta behe-nafarreraz egiten ere ikasia du. Kiroletan eta zuzeneko emanaldietan euskara jasoa eta batua lantzen ahalegin berezia egin duen kazetaria da, terminologia profesionala eta zuzentasuna uztartzeko ardura hartuz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Xabier Euzkitze: “Oholtza gainerako irrika ez zait itzuli, eta ez dut uste sekula itzuliko zaidanik”» Uztarria 2004-10-28 (Noiz kontsultatua: 2017-02-20).
- ↑ a b c Onintza LETE ARRIETA: «Xabier Euzkitze: "Inork ezin nau pilotarien abizenak gaizki ahoskatzera derrigortu"», Urola Kostako Hitza, 2013-10-13.
- ↑ a b c Enekoitz ESNAOLA: «Hitz batean, komunikatzailea», Uztarria, 2006ko azaroa.
- ↑ «Xabier Euzkitze: "Beti izan dut Sahararekiko aparteko sentiberatasun bat"», EuskoSare, 2008-08-20.
- ↑ «Joxean Tolosa eta Xabier Euzkitze, Amaraunean», Amarauna saioa, Euskadi Irratia, 2012-12-26.
- ↑ Matxinsalto. (2012-04-23). «Xabier Euzkitze- Argitzaletan (2000)» EKAITZALDI (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).