Nola hasi artikulu bat aldatzen? Lehenik eta behin, jakizu bi modu dituzula aldaketak egiteko, bi fitxa goiko aldean, orriaren erdialdean: "Aldatu" eta "Aldatu iturburu kodea". Wikipedian gehiago aritu ahala eta aldaketa finagoak egin ahala, "Aldatu iturburu kodea" erabiltzen hasiko zara, baina errazera joateko, hasiberria zara eta "Aldatu" fitxa erabiliko dugu aldaketak egiteko. Aldatzeko modu horri Ikusizko Editorea deitzen zaio.
Lehen pausoa
Ez da beharrezkoa, baina lehendabizi, aholkatzen dizugu kontu bat sortzea: mesedez bete formulario erraz hau. Behin fitxa betetakoan eta erabiltzaile izen bat eskuratuta, sartuko dugun testua argitaratu baino lehen probak egiteko, joan Proba orrira (1. irudia), "Nire eztabaida orria"ren aldamenean. Klikatu hor (egiaztatu Euskarazko Wikipedian zaudela, eta ez beste hizkuntza batean!).
Proba orria irekiko da eta Proba orriko menu orokorra ikusiko duzu, tartean "Aldatu" eta "Aldatu iturburu kodea" fitxak. Klikatu lehendabiziko aukeran. Orain, orrian editatzen hasi ahal izango zara, eta Ikusizko Editorearen menu barra izango duzu goiko aldean. Hasi nahi duzun testua sartzen, testu prozesadore baten oso antzekoa da.
Existitzen ote da idatzi nahi dudan artikulua
Artikulu bat idatzi nahi baduzu, erne! Beharbada existitzen da. Hori jakiteko, hau egin: ireki EU Wikipediako beste fitxa bat. Bilaketen koadroan (goian erdialde-ezkerrean), bilatu bertan zure artikuluko gaiak izan ditzakeen izenburuak, oraindik existitzen ez dela egiaztatzeko.
Ondu nahi duzun artikulua kontzeptu entziklopediko orokor bat bada, ez jarri artikulurik (= a/ak) hitz amaieran (adibidez, "Eguzki-energia termiko"); bestela bai, jarri (adibidez, "Kaliforniako urre sukarra"). Artikulua existitzen ez bada, sartu duzun izenburua honen antzeko esteka gorria izango da. Klikatu zuk egin duzun bilaketaren izena duen esteka gorrian, eta edizio lauki bat ireki da: hutsik dago orain. Izen bereko artikulua ez bada existitzen, hor sartuko duzu orain proba orrian landu duzun artikulua.
Artikulua ataletan antolatzen
Proba orrian, Ikusizko Editorean zaude eta, edozein testu tekleatu ahala, geratuko den bezalaxe ikusiko duzu, egin proba! Letra eta zenbaki soilak dira Wikipedia orrietan lehenetsia den testu formatua eta tamaina: "Paragrafo" formatua, testu soila. Orain, berriz, atalen izenburuak (atalburuak) idatzi nahi dituzu, kodeetan denbora galdu gabe. Joan goiko menu barrako "Paragrafoa" goitibeherako menura (3. irudia), eta aukeratu behar duzun atalerako izenburua (lehen mailako atalburua, azpiatalburua, bigarren azpiatalburua, etab.).
Askotariko emaitzak hauek izango dira:
Atalburua
Azpiatalburua
Bigarren mailako azpiatalburua
Eta gero idatzi nahi duzun testua hemen
Gainera, testu formatua aukeratu nahiko duzu: etzana, lodia, azpimarratua, etab. Horretarako, hautatu lehendabizi testua, joan "Paragrafoa"ren eskuinean dagoen menura, ireki goitibeherako menua, eta egin klik behar duzun aukeran. Testua behar duzun bezala ikusiko duzu:
Klik bakar bat mundu bat irekitzeko
Hala ere, Wikipediako artikuluen ezaugarri nagusienetako bat 'wikitua' izatea da eta, wikitua izateko, askotariko orriak elkarri lotuta egon behar dira, loturen (esteken) bitartez. Ikus menu barrako ikonoa. Haren bidez, hitz edo esaldi bat hauta dezakezu eta, botoi horretan klikatuta, hautatutako testu osoa esteka bihurtuko duzu. Barne loturen bilatzaileak Wikipediako testuaren antzeko proposamenak egingo dizkizu:
Otoi, gehitu erreferentziak edukia egiaztagarria izateko!
Esaldi edo paragrafoan erreferentzia bat gehitu nahi izango duzu eta, horretarako, Ikusizko Editoreak modu erraztu bat ematen dizu. Mesedez joan "Aipatu" menura : klikatu hor, eta hainbat aukera ikusiko dituzu leiho batean. Hori erreferentzietarako morroi bat da. Gehitu nahi duzun erreferentzia (iturria) fisikoa bada, paperezko liburu bat adibidez, klikatu "Eskuz" eta "Liburua" aukeran (beste aukera batzuk ere badituzu). Formulario bat irekiko da, eremu bakoitzean eskatzen diren datuak zeuk sartzeko; bukatutakoan, klikatu Txertatu botoi urdina. Dena den, liburuaren edo euskarri fisiko horren ISBN edo DOI ezagutzen baduzu (ikus hurrengo paragrafoan), sartu hura "Erreferentzia gehitu" eta, gero, "Automatikoa" bilaketa laukian.
-
Erreferentzia automatikoa
-
Eskuz betetzeko fitxa
-
Betetzeko liburu formularioa
Erosoa duzu, izan ere, "Automatikoa" fitxa (6. irudia), baldin eta zure erreferentzia/iturria Interneten badago. Sartu adierazitako tokian "URL, DOI, ISBN edo PMC/PMDI", eta morroiak berreskuratuko ditu Internetetik behar dituen datuak, eman "Sortu" botoian, eta automatikoki beteko dira beharrezko datuak. Gainera, behin erabilitako erreferentzia berriz erabil dezakezu "Berrerabili" fitxa baliatuz. Automatikoki sortuko da erreferentzia, eta artikuluko behealdean agertzen ikusiko duzu.
Hala ere, agertuko ez balitz, klik egin artikuluko behealdean, erreferentziaren (aipamenaren) datu osoak agertuko diren zatian. Orain, menu barrako "Txertatu"ren bidez (7. irudia), ireki goitibeherako menua eta aukeratu hor "Erreferentzia-zerrenda". Erreferentziak artikuluko behealdean agertuko dira, baina txukun geratzeko, atal bat sortuko duzu ("Paragrafoa" menuaren bidez, ikus goian). Eman atal horri atalburu izen bat: "Erreferentziak". Horrela txukun-txukun geratuko da!
Dagoeneko ikasi duzu artikulu bateko ezin besteko elementuak erabiltzen. Artean, baina, geratzen dira menu barran aurkituko dituzun baliabide eta tresna gehiago, testuak, irudiak, bideoak, taulak, diagramak eta gainerako materialak txukun-txukun artikuluan txertatzeko. Horretarako, erabili "Txertatu" menuko "Multimedia fitxategiak" aukera, eta egin hor bilatzen duzun irudi edo soinu fitxategiarekin bilaketa, fitxategiaren izena edo gaia bertan sartuz.
Proba orrian ondu duzun artikulua argitaratu
Zure testua eta haren diseinua txukun ikusten dituzu orain, baditu hainbat esteka, segur aski erreferentziak, argazkiak, etab. Artikulua argitaratu nahi duzu (=gorde eta denontzat ikusgai jarri). Joan goiko eskuin ertzera eta klikatu botoi angeluzuzen urdinean. Leiho bat irekiko zaizu: klikatu berriz botoi urdina (8. irudia). Orain gorde egin dira zure aldaketak, proba orrian.
Kopiatu edizio koadroan orain arte egin duzun guztia (Ctrl C izaten da); gero, joan esteka gorrira (ikus goian), klikatu, eta edizio koadroa irekiko da, eta itsatsi kopiatutako guztia hor (Ctrl V izaten da).
Behin aldaketa guztiak egin dituzunean, ikusi nola geratzen den dena eta, gustura bazaude, klikatu "Aldaketak argitaratu" botoia eta leiho txiki bat agertuko zaizu (8. irudia). Bertan adierazi laburki egindako aldaketak, eta klikatu berriz "Aldaketak argitaratu" botoi urdinean. Oso ondo, orain zure aldaketak edonorentzat bistan daude Wikipediako artikuluen artean!
Artikulua Wikipediara saretu
Baduzu artikulua bera argitaratuta, baina artikulua 'umezurtz' geratuko litzateke azken elementu batzuk gehituko ez bagenitu: kategoriak (orriaren behealdean) eta hizkuntza arteko estekak (ezkerraldeko zutabean).
Kategorizatu
Artikulua sailkatu eta beste batzuekin konektatu behar dugu, "linbo" batean geratu ez dadin. Horretarako, Ikusizko Editoreko goiko menu barran, joan "Orriaren aukerak" ikonora. Ireki goitibeherako menua eta klikatu "Kategoriak" aukera ; irekiko den alboko leihoan kategoriak txertatzeko eremuak ikusiko dituzu: zerbait idatzi ahala, aplikazioak berak proposamenak egingo dizkizu.
Behin beharrezko kategoria sartuta, artikulua sailkatuta geratu da Wikipediaren espazioan, dela kategoria batean, dela kategoria batean baino gehiagotan!
Hizkuntza arteko estekak gehitu
Hurrengo eta azken urratsa izango da hizkuntza arteko estekak sartzea, ezkerreko zutabean agertuko direnak. Falta d(ir)en hizkuntza(k) sartzeko, joan ezkerreko zutabera eta klikatu "Gehitu estekak" estekan: artikulua oraindik beste hizkuntza batean ez badago, leiho batek beste hizkuntzako hizkuntza kodea eskatuko dizu (adibidez, enwiki ingeleserako) eta, gero, hasi idazten aukeratu duzun hizkuntzan izan dezakeen izena: uneko artikuluen proposamen zerrenda bat eskainiko du; onartu artikuluak baldin eta ondo parekatu badira.
-
Klikatu "Gehitu loturak"
-
Hasi idazten ISO hizkuntza kodea (en, fr, es... wiki)
Dagoeneko artikulua beste hizkuntzetako artikulu batzuekin parekatuta badago, estekak Wikidatara bideratuko zaitu. Ezkerreko zutabean hizkuntza guztiak kargatuko dira dagoeneko esteka bat gutxienez badago, Wikidata irekiko da "Aldatu estekak" klikatzean. Bertan, klikatu "Aldatu" Wikipedia atalean agertzen den zerrendara euskarazko artikulua gehitzeko.
-
Klikatu "Aldatu estekak"
-
Bilatu Wikipedia atala eta sakatu "Aldatu" loturan
-
Gehitu nahi duzun esteka, eta "Argitaratu"
Ikus, gainera
- Wikipedia:Proba orriak, proiektu batean lankidetzan aritzeko toki egokia
- Artikuluak nola aldatzen diren, wiki sintaxiari buruzko detaile gehiago
- Erreferentzietarako txantiloia, erreferentziak wikitestuz idazteko
- Artikuluen formatua eta diseinua, artikuluak nola egituratu eta itxuratu jakiteko
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Ikusizko Editorearen ataria