Uxue Barkos
Miren Uxue Barkos Berruezo[1] (Iruñea, 1964ko uztailaren 5a) nafar kazetaria eta politikaria da. 2015eko uztailetik 2019ko abuztura Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakari izandakoa. Aurretik, 2004tik 2015 arte Espainiako Gorteetako diputatua izan zen, eta 2007tik 2015era Iruñeko Udaleko zinegotzia ere bai. Ezkondua eta seme baten ama da.[2]
Kazetari lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Fermin Ikastolan ikasi ondoren, Nafarroako Unibertsitatean Kazetaritzan lizentziatu zen. Espainiako irrati eta telebista publikoetan lan egin zuen, bai eta Navarra Hoy egunkarian ere. 1990ean ETBn hasi zen. Iruñean eta Iurretan aritu ostean, Madrilgo berriemailea izan zen.[3]
Politikako jarduera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2004ko Espainiako hauteskunde orokorretan Nafarroa Bai koalizio sortu berriak kongresurako zerrendaburu aurkeztu zuen. Lortu zituen 61.045 botoek (% 17,98) Kongresuko diputatu izatera eraman zuten.[4] 2008ko hauteskunde orokorretan ere diputatu aukeratua izan zen, 62.073 botorekin (% 18,53).[5]
2007ko udal hauteskundeetan, Nafarroa Baiko alkategaia izan zen Iruñean. Bigarren zerrendarik bozkatuena izan zen, 28.581 botorekin (% 26,16), eta 8 zinegotzi lortu zituen.[6] Alkate izateko, PSNren eta ANVren sostengua behar zuen, baina sozialistek ukatu zioten. Yolanda Barcina, zerrenda bozkatueneko hautagaia izan zen alkate.[7]
2011ko martxoan bularreko minbizia zuela eta aldi baterako zeregin politikoak utziko zituela iragarri zuen.[8] Urte bereko maiatzean egin ziren udal hauteskundeetan, Nafarroa Bai 2011ko alkategaia izan zen Iruñean (EAk utzia zuen koalizioa). Artean ere bigarren bozkatuena izan zen, 21.715 boto (% 22,37) eta 7 zinegotzi erdietsita.[9]
2011ko hauteskunde orokorretan, Geroa Bai koalizioko zerrendaburua izan zen. 42.411 boto jaso zituen (% 12,84), eta diputatu eserlekua lortu.[10]
2015eko foru hauteskundeetan, Barkos buru zuen Geroa Bai koalizioak 53.497 boto (% 15,83) eta 9 eserleku erdietsi zituen.[11] Horren ondorioz, bere taldearen, Ezkerraren, Podemosen eta EH Bilduren babesarekin, Nafarroako Gobernuko lehendakari bihurtu zen, gehiengo osoaz.[12] Yolanda Barcina ordezkatu zuen gobernuko burutzan.
Iustitia et Veritas elkarteak salaketa jarri zion "Iruñean parte hartu ez zuen bilkura batzuen truke" 69.435 euro kobratzea leporatuz. Geroa Baik muntaketa faltsu bat zela argudiatu zuen hasieratik, baina prozesua asko luzatu zen; hala ere. 2017ko uztailean, Espainiako Kontuen Auzitegiak berretsi egin zuen Barkosek behar bezala egin zituela bere betebeharrak eta kobrantzak, lehenago Auzitegi Gorenak, Goreneko Bigarren Aretoak eta Nafarroako Fiskaltzak ere ebatzi bezala.[13]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Lehen deitura, ofizialki, Barcos du (ikus Nafarroako Aldizkari Ofizialeko iragarki hau), baina euskal abizen horren euskal idazkera arautua Barkos da (ikus Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegia), eta euskal testuetan Barkos idazten du berak; horregatik, hala dago jasota Euskarazko Wikipedian. (Erdarazko testuetan ere Barkos idazten du, nahiz eta horrek ez duen erabakitzen Euskal Wikipedian jasotako idazkera.)
- ↑ «Barkos Berruezo, Uxue», Espainiako Gorteen webgunea.
- ↑ Zuriñe Velez de Mendizabal: «Uxue Barkos», Euskonews Gaztea, 117. zenbakia.
- ↑ 2004ko Espainiako hauteskunde orokorretako emaitzak, Elecciones.mir.es
- ↑ 2008ko Espainiako hauteskunde orokorretako emaitzak
- ↑ 2007ko udal hauteskundetako emaitzakː Iruñea, Lainformacion.com
- ↑ «El PSN no apoyará a Na-Bai en Pamplona para evitar que ANV detemine la Alcaldía», El Correo, 2007-06-11.
- ↑ «Uxue Barkosek iragarri du bularreko minbizia duela», Eitb.com
- ↑ 2011ko udal hauteskundetako emaitzak: Iruñea, Lainformacion.com
- ↑ «Nafarroan Amaiurrek eta GeroaBaik eserleku bana lortu dute», Argia.
- ↑ Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak: behin betiko emaitzak. (Noiz kontsultatua: 2015-07-23).
- ↑ Ordoñez, Jon. «Barkos, lehen presidente abertzalea» Berria (Noiz kontsultatua: 2015-07-23).
- ↑ «Uxue Barkosek jasotako dietak "bidezkoak izan dira eta ez zuten irregulartasunik"» Euskalerria Irratia (Noiz kontsultatua: 2017-07-19).
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Uxue Barkos |
- Uxue Barkos-en webgune ofiziala
- Gorteetarako argazki ofiziala
- Uxue Barkosekin elkarrizketa Argia astekarian eta elkarrizketaren bideoa
- 1964ko jaiotzak
- Gizabanako biziak
- Iruindarrak
- Nafarroa Garaiko politikariak
- Nafarroa Garaiko kazetariak
- Nafarroako Gobernuko lehendakariak
- Geroa Baiko politikariak
- Nafarroa Baiko politikariak
- Iruñeko Udaleko zinegotziak
- Euskal kazetariak
- ETB 2ko aurkezleak
- Nafarroako Unibertsitateko ikasleak
- Espainiako diputatuak VIII. legegintzaldian
- Espainiako diputatuak IX. legegintzaldian
- Espainiako diputatuak X. legegintzaldian
- Akitania-Euskadi euroeskualdeko presidenteak
- Nafarroako Parlamentuko parlamentariak X. legealdian
- Nafarroako Parlamentuko parlamentariak IX. legealdian