Utrechteko Ituna
Utrechteko Ituna | |
---|---|
Mota | bake itun : Espainiako Ondorengotza Gerra |
Data | 1713 |
Kokaleku | Utrecht |
Sinatzailea | |
Lanaren edo izenaren hizkuntza | ingeles |
Utrechteko Ituna edo Utrechteko Bakea hitzarmen-sail bat izan zen, Espainiako Ondorengotza Gerrari amaiera eman ziona. Itunaren ondorioz, Espainiak Europan zituen hainbat lurralde galdu zituen: Menorca, Gibraltar, Sizilia, Napoli eta Sardinia, besteak beste. Filipe V.a Espainiako eta Ameriketako kolonietako errege izatea onartu zen Utrechteko Itunean, baina Frantziako koroan zuen eskubideari uko egin behar izan zion. Utrechteko Bakeak Britainia Handiari ekarri zion onurarik handiena: jaso zituen lurraldeez gainera, ordu arte Espainiak zuen esklaboen salerosketaren monopolioa eta itsasoko merkataritzaren nagusitasuna bereganatu zuen.
Lurraldeei dagokienez, Frantziak galera handirik izan ez bazuen ere, Europako herrialde nagusia izateko aukera galdu zuen. Rastatteko Ituna sinatzearekin (1714) amaitu zen Utretchteko Bakea ezartzen. Bake-itun horren ondorioz, Frantziak Ingalaterrari Akadia, Ternua eta Hudson badiako lurralde eta itsasaldeak eman zizkion; hala, leku haietako arrantza-guneak galdu zituzten Euskal Herriko arrantzaleek.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Utrechteko Ituna 1712ko urtarrilaren 29an hasi zen hitzartzen Utrecht hirian. Itun hau hainbat akordiok osatu zuten, 1713an hiri hartan bertan izenpetuak. Akordio sail horren ondoren itun osagarri batzuk izenpetu ziren Rastatt, Baden eta Anberesen, hurrenez hurren. Bakearekin hasi aurretik, Borboi etxearen bi adarrei eskatu zitzaien ez batzeko erreinu bakar batean Frantziako eta Espainiako koroak.
Lehenbizi, 1713ko apirilaren 11n Frantziak hitzarmen bana izenpetu zuen Britainia Handia, Herbehereak, Saboia eta Prusiarekin. Karlos VI.a enperadorea izan zen hitzarmen hari kontra egin zion bakarra. Ingalaterrari Akadia, Ternua eta Hudson badiako lurraldeak, eta Antilletako San Kristobal uhartea eman zizkion. Hitz eman zuen Dunkerqueko gotorlekua desegingo zuela batetik eta, bestetik, uko egingo ziela Luis XIV.ak ilobarengandik Espainian eta Ameriketan lortu zituen merkataritza abantailei. Frantziak, ordainetan, Alsazia (Alemaniarako giltza) eskuratuko zuen, Estrasburgo barne. Saboiako dukeari dukerriari zegokion lurraldea itzuli behar zion eta, horrez gainera, Alpeez haraindiko lurraldeak, Barcelonnetteren ordainetan. Prusiari, batetik, Suitzako Neufchâtelgo printzerria, eta, bestetik, erreinu izateko eskubidea eman zizkion (enperadoreak 1700ean emana zion), eta espainiarren mendeko Gelderland emango ziola agindu zion. Tournai eta Ypres Herbehereen esku utzi zituen.
Espainia ez zuten Utrechteko batzarrean onartu, harik eta Frantziak berari zegozkion bakeak izenpetu eta, Britainia Handiarekin batera, Espainiako monarkiaren etorkizuna erabaki zuen arte. Britainia Handiari, Gibraltar eta Menorca emateaz gain, merkataritzaren alorreko hainbat eskubide eman behar izan zizkion, hala nola, Portobelorekin urtero salerosketa harremanak edukitzeko eskubidea (hogeita hamar urterako), eta Espainiaren mendeko Ameriketako lurraldeetan beltzak sartzeko eskubide berezia.
Zazpi Herbehere Batuen Errepublikak, Luis XIV.aren eskutik eta Filipe V.aren izenean, Espainiaren mendeko Herbehereak hartu zituen, Karlos enperadoreari emateko, honek hitzarmena onartzen zuenean. Frantziaren balizko eraso bati eutsi ahal izateko, Probintzia Batuek gotorleku sail bat (Furnes, Ypres, Menin, Tournai, Mons, Charleroi, Namur eta Gante) jaso zituzten, herbeheretarrek eta enperadoreak erdi bana ordaindu zutena. Saboiako dukeari errege izateko eskubidea onartu zitzaion, Sizilia uhartea eman zioten eta Espainiaren herentzia jasotzeko eskubideak onartu zitzaizkion, baldin eta borboitarren adarra banatzen bazen. Espainiaren eta Portugalen arteko bakea ez zen 1715 arte izenpetu. Bake haren arabera, bakoitzak bere konkistak itzuli behar zituen. Hala ere, onartu zen Portugalek Colonia del Sacramento gordetzea.
Frantziaren eta Austriaren arteko gerrak aurrera jarraitu zuen, harik eta inperioaren porrotek Karlos VI.a Utrechteko erabakiak onartzera behartu zuten arte (Rastatteko Ituna; 1714). Bake haren bidez, enperadoreari itzuli zitzaizkion frantsesek Alemanian egin zituzten azken konkistak, Espainiar Herbehereak, Milanerria, Napoli, Sardinia eta Toskanako Presondegiak.
Kataluniako auzia ere aipatu zuten Utrechten. Enperadorea saiatu zen lehenbizi Aragoiko erreinua eskuratzen, baina gainerako herrialdeek kontra egin zioten eta, azkenean, katalanak abandonaturik utzi zituen, nahiz eta haiek artean borrokan jarraitzen zuten.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Utrecheteko Itunak hainbat ondorio izan zituen. Frantziak Europan zuen nagusitasuna, Luis XIV.ak gogor gorde nahi izan zuena eta Westfaliako oreka apurtu zuena, galdu egin zuen. Izan ere, Frantziaren mugak aldatu ez ziren arren, kolonia asko galdu zituen. Luis XIV.a, hala ere, pozik gelditu zen bere iloba Espainiako erregetzara iritsi zenean. Espainia izan zen galera gehien izan zituena, Europako lurralde guztiak galdu baitzituen, baina Iberiar Penintsulako eta Ameriketako lurraldeak gorde zituen. Dena dela, azken horietan ere izan zituen galerak, Britainia Handiari hainbat eskubide eman behar izan baitzizkion ordainetan. Britainia Handiko Erresuma izan zen itun hartatik etekin hoberenak atera zituena. Europako oreka osatzen zen bitartean, berak aukera izan zuen itsasoz haraindiko inperioa zabaltzeko, ontzidia indartzeko eta merkataritza harremanak mundu osora hedatzeko. Baina Europako orekaren arima ez zegoen oinarri sendoen gainean eraikia, ezta goi mailako arrazoi moraletan ere. Hala, Europako orekaren garaia (XVIII. mendea) gerra garaia izan zen.
Utrechteko sistemaren osagarri izan ziren Passarowitzeko Ituna Ekialdeko Europan eta Stockholm-Nystadekoak iparraldean. Otomandar Inperioa eta Suedia izan ziren galtzaileak eta haien hondarrekin irabazleak nolabaiteko oreka egiten saiatu ziren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.