Edukira joan

Unaso

Koordenatuak: 43°20′32″N 1°02′48″W / 43.3422°N 1.0467°W / 43.3422; -1.0467
Wikipedia, Entziklopedia askea
Unaso
 Euskal Herria
Map
Kokapena
Herrialdea Nafarroa Beherea
UdalerriaAmendüze-Unaso
Herritarraunastar
Geografia
Koordenatuak43°20′32″N 1°02′48″W / 43.3422°N 1.0467°W / 43.3422; -1.0467

Unaso Amendüze-Unaso udalerriko herria da, Nafarroa Behereko Amikuze eskualdean. Herri honek 1846 arte aparteko udalerria osatu zuen.

Herritarrei "unastar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 34 km daude.

Dokumentazio historikoan lekuizen hau forma desberdinetan agertzen da: Sanctus Petrus de Onas (1160an), Onnaçu (1249an), Oneyx (1316an), Honeis (1350ekoa), Onasso (1394an), Oneys, Onex (1472an Okzitaniako Bastidaxarreko notarioen idakzietan), Onecx (1513an Iruñeko dokumentazioan) eta Oniz (1621ean Martin Bizkaikoak aipatua).[1]

Amiküze eskualdea historikoki zatituta zegoen hiru eremuetatik Barhoa izenekoan kokatuta dago. Herriaren mugak hauexek dira: iparraldean Amendüze udalburua du; mendebaldean Garrüze; bere hego-mendebaldeko lurrek, kaskotik urrun, Bithiriñakoekin bat egiten dute. Aldiz, ekialde ia osoan muga Behotegi ibaiak markatzen du eta herri honen bizitza erabat baldintzatzen duen Donapaleu eskualde eta kantonamenduburuarekin.

Aipatu herri guztiak amikuztarrak dira.

Herrian ezarrita dagoen panel batean herriko kaskoaz gain beste auzo hauek nabaritzen dira: Bordaberri, Gapunteia edo Gapontegia (biak Garrüze eta Donapaleuren artean, D 11 errepidean), Arla edo Arlania eta Etxetoa; denak herriko lurretako hegoaldean, ia Donapaleuko aldiri gisa, non bai jarduera ekonomikoak bai biztanleria azken urteetan handitzen ari diren. Are gehiago, hazkuntza hori dela medio gaur egun Unasok aurrea hartu dio udalerri mailan Amendüze Herriko Etxea kokatuta dagoen herriari.

Altuera apaleko lurrak dira baina etengabeko gorabeherak daude. Herria bera 130 mtan dago eta punturik altuenak (hegoaldean Garrüzerekiko mugan) 168 m ditu; baxuena (39 m) Behotegi eta Biduze elkarren oso hurbil geratzen diren zonaldean dago, herritik ipar-ekialdera.

1695eko erroldan 20 etxerekin ageri zaigu.

Azken urteotan Donapaleuren gerizpean bizi izan duen hazkuntza -apala, betiere- dela eta, herri honek aurrea hartu dio Amendüze udalburuari biztanlerian eta horrek, besteak beste, bien arteko ika-mikak areagotu ditu.

Egun udalerriko Armel Drouilhet auzapeza Unasokoa da eta aipatu demografiari segituz herri honek 7 udal kontseilari baditu ere, Amendüze udalburuak 4 baino ez ditu.

Departamendu mailako errepide nagusi batek (D 11k, Donapaleu-Bidaxune) bere lurrak zeharkatzen ditu, eskualdeburuarekin uztartuta dauden hegoaldeko auzo eta industria-guneetatik hain justu; herri-kaskotik adar bat pasatzen da, D 511 baina hori apur bat iparraldera D 124an desagertzen da, Amendüzera heldu eta iparralderantza jotzeko. D 511tik paraleloan, bere ekialdean Amendüzetik Unasoko hegoaldera doan tokiko beste errepide bat dago, Arla auzoa, beste batzuen artean, bisitatzen duena.

Udalerri-aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri modernoak sortu baino lehen, erlijio aldetik ere orain udalkide direnek harreman bereziki hurbila zuten, parrokia berean bilduta baitzeuden.

1846 arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Amendüzerekin fusionatu zen; harrezkero Amendüze-Unasoren barruan dago.

Eraikin historikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Herri honetako hilerriko hilarri diskoidalak, eskualdeko gehienetakoak ez bezala, ez dira oso aipagarriak, 1635eko bat izan ezik.
  • Done Petri eliza 1787koa da. 1906an berreraikia.

Kultura eta hezkuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Eskola aldetik, azken urteetan Amendüze udalkidea, Gabadi, Ilharre eta Labetze-Bizkairekin batera RPI (regroupement pédagogique intercommunal, "udalerri arteko bateratze pedagogikoa") delako bat sortu du. Elkarketa honetako bi eskolak Amendüze eta Gabadin daude.

Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak. Azken urteotan, Amiküze osoan bezala, industria batzuk ere garatu dira; herri honen kasuan eraikuntza sektorean Ipar Euskal Herriko enpresa inportanteenetakoen artean kokatzen diren bi daude:[2]

  • SA Oyhamburu Jean Louis: mota desberdinetako bizitegiak eraikitzen ditu. 46 langile zituen 2004an.
  • Produits Béton d'Amikuze: porlana egiten duena. Honek ere 46 langile zituen 2004an.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Geografia
Nafarroa Beherea
Artikulu hau Nafarroa Behereko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa