Edukira joan

Ultimate frisbee

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ultimate frisbee-a kontakturik gabeko talde kirol auto-arbitratua da, eta jokatzeko disko hegalari bat (edo frisbee-a) behar da. Taldeak zazpi jokalariz osatuta daude eta lehiatzeko espazioa futbol zelai baten luzera duen zelaia da, baina zabaleraz estuagoa dena (100 x 37 m)[1]. Joko zelaiaren alde bakoitzean 18 x 37 m-ko eremu bat dago, eta talde bakoitzak bere eremua defendatzen du. Gola lortzeko jokalarietako batek kontrako taldeak defendatzen duen eremuan diskoa harrapatu behar du.

Diskoa duen jokalaria jaurtitzailea izango da eta horrek ezingo du diskoa eskuan duela korrika egin, baina baimenduta dago diskoa taldekide bati pasatzea[2]. Erasotzen duen taldeko jokalari batek ez badu taldekidearen pasea harrapatzen, defentsa-taldeak diskoa eskuratuko du eta kontrako eremuan gola egiten saiatuko da.

Jokoaren helburua zehaztutako gol kopurura aurkaria baino lehenago iristea da, edo denbora amaitzean gol gehien sartu dituen taldea izatea. Funtsean, arbitrorik ez izatea eta joko- edo kirol-izpiritua izatea dira jokoaren ezaugarri bereizleak. Printzipio horrek jokalarien esku uzten du araudia zintzotasunez eta kirol-izaeraz aplikatzea.

Jokalekua zelai naturalekoa edo artifizialekoa izan daiteke, errektangularra (100 metro luze × 37 metro zabal) eta zelaiaren alde bakoitzean eremu bat duena. Helburua diskoa hartzea da, kontrako taldeak defendatzen duen eremura iristea paseen bitartez, futbol amerikarraren antzera, baina jokalariek ezin dute ibili, ez eta korrika egin ere diskoa eskutan duten bitartean [3].

Haren jatorria 60ko hamarkadako AEBko unibertsitate eremuan aurki daiteke. Europan, 1980ko hamarkadaren hasieran sartu zen eta, gaur egun, mundu mailan 3.699.637 jokalari inguru daude, 5.000 taldetan banatuta.

Joko honen erakunde gidaria, Disko Hegalariaren Munduko Federazioa da (WFDF ingelesez) eta 1985ean sortu zen. Federazioaren arduren artean daude: munduko txapelketak antolatzea, araudiak berrikustea, jokoaren arautegia eguneratzea eta munduko errekorren estandarizazioa ezartzea.

1976rako, AEB-etako unibertsitate askok bazituzten euren taldeak eta, urte horretako apirilean, Yalen (AEB) egindako lehen ultimate txapelketa antolatu zuten. Urte berean, talde berriak sortu ziren Estatu Batuetako ipar-ekialdean. 16 taldeko txapelketa bakarra egin zen Amhersten-en (Massachusetts); ekialdeko kostaldeko 13 ekipok eta mendebaldeko 3 taldek hartu zuten parte Ultimate Frisbeeko Txapelketa Nazionala deitutako txapelketari. Gerora, ultimate kirola Los Angelesera eta Santa Barbarara zabaldu zen.

1979an eta 1980an, Ultimate Players Association (UPA) sortu zen; eskualdeko txapelketak antolatu zituen eta urtero txapelketa nazional bat antolatzen dute 2021a geroztik. Jokoa oso azkar hedatu zen AEB guztira eta ondoren Europara iritsi zen jolas antolatu tradizionalen alternatiba gisa. Ultimate-ak gero eta atleta gehiago erakartzen ditu eta, ondorioz, lehiakortasun-maila handituz do. 1981ean, European Flying Disc Federation sortu zen. 1985ean, World Flying Disc Federation[4] sortu zuen European Flying Disc Federation-ek, diskodun kirolen erregelamendua nazioartekotzeko. Egun Diskolaris taldea daukagu Bilbon.

Gaur egun, ia berdinak diren bi arau-sistema daude: Ipar Amerikan erabilitako UPAren araudia eta munduko gainerako herrialdeetan erabilitako WFDFren araudia. Bi arau sistemak ia denean berdinak dira, desberdintasun batzuekin, baina garrantzi gutxikoak. Xehetasun zehatzagoak nahi izanez gero, ikus artikuluaren amaieran zerrendatutako erakunde garrantzitsuen orri ofizialak. Espainiako Disko Hegalariaren Federazioaren web orrian arauen itzulpena dago gaztelaniaz[5]:

  • Ultimate kirolarien arteko kontaktu gabeko talde-kirola da, eta zazpi laguneko bi taldek jokatzen dute.
  • Jokoaren helburua puntuak egitea da. Puntuazio-eremuan pasea jasotzen denean lortzen da puntua.
  • Disko hegalaria paseen edo jaurtiketen bidez soilik mugitzen da, jaurtitzaileari ez baitzaio baimentzen diskoarekin ibiltzea edo korrika egitea.
  • Pase bat okerra, etena, blokeatua, lurrera botatakoa edo lurretik kanpoko eremuren batekin kontaktuan jartzen denean, jabetza aldatu egiten da.
  • Partida bat hasteko, bi taldeetako batek diskoa jokoan jartzen du, ahalik eta urrutien jaurtiz, diskoa beti ere eremuaren barruan dagoela.
  • Diskoa lurrera erortzen den tokian, talde hartzaileak haren jabetza lortzen du eta erasotzailea bihurtzen da; beste taldea defentsa-taldea bilakatuko da.
  • Lesioren bat izanez gero, jokalaria alda daiteke.

Ultimate-n jokalari-kopurua aldatu egiten da azaleraren arabera. Belarrezko zelaia da gehien erabiltzen den azalera eta talde bakoitzean 7 jokalarik jokatzen dute. Ultimate-a hondartzan edo pista estalian jokatzen denean, berriz, 5 jokalariko taldeekin jokatzen da. Horretaz gain, partida informaletan, jokalari-kopurua aldatu daiteke joko-motaren arabera. Ordezkapenetan ez dago mugarik, baina talderen batek puntua lortzen duenean bakarrik egin daitezke. Oro har, taldeek 15-20 jokalari izaten dituzte beren zerrendan txapelketa garrantzitsu baterako. Jokalari-eskasia dela eta, taldeak behartuta egon daitezke joko osoa ordezkapenik gabe jokatzera; ¨baldintza basatia¨ bezala ezagutzen da hori.

Materiala eta ekipamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako eta nazioarteko txapelketa batzuetarako 175 g-ko disko hegalaria erabiliz jokatzen da. Diskoen onarpenari dagokionez, txapelketa horren antolakuntza taldeak onartutako diskoak bakarrik erabil daitezke. Babes-tresnak erabili nahi badira, antolakuntza-taldeak araututako babes-tresnak bakarrik erabil daitezke.

Jokoaren helburua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokoaren helburua partidaren amaieran aurkariak baino puntu gehiago izatea da. Normalean, 17 puntura edo 90 minutuko partidak jokatzen dira. Horiek erdian atseden-tarte bat izaten dute 9 puntutan edo 45. minutuan. Ultimate hondartzan, belarrean, lurrean edo estalitako kantxetan jokatzen da frisbee batekin. Ez dago epailerik, hortaz,  jokalariak arduratzen dira partida auto arbitratzeaz.

Jokalariak beren defentsa eremuetako ertzeetan lerrokatzen dira, eta defendatzen hasten den taldeak eraso-taldeko jokalariei diskoa jaurtiko dio, hau da, pull deituriko sakea egingo du. Pull-ak jaurtiketa luzeak izaten dira normalean, eta defentsari denbora ematen dio zelaia gurutzatu eta erasotzailea markatzera iristeko. Jokoari hasiera emateko jaurtiketa zein taldek egingo duen zozketa bidez erabakitzen da, diskoaren aldeetako bat aukeratuz talde bakoitzak eta diskoa gorantz jaurtiz, txanpon bat balitz bezala. Irabazleak erabakitzen du erasotzen edo defendatzen duen. Zozketa hori egiteko beste modu ezagun bat da talde bakoitzean disko bat hartzea eta bi diskoak modu berean jaurtitzea, baina diskoaren alde bat aukeratu beharrean, “berdinak” edo “desberdinak” aukeratzen dira. Jokalariak ondo asmatzen badu, hau da, diskoaren bi aldeak berdinak edo desberdinak diren asmatu badu, irabazi duen taldeak erabakiko du erasoan edo defentsan hasi nahi duten.

Diskoa mugitzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskoa edozein norabidetan jaurti daiteke, taldekideen artean paseak eginez. Diskoa hartzen duen jokalariak ezin du harekin korrika egin, berme-oinaren inguruan baino ezin du biratu. Orokorrean uste den arau faltsu bat da jokalari batek oin bat aukeratu behar duela euskarri gisa diskoa bota baino lehen. Baina ez da horrela, izan ere, diskoa hartu eta gero, jokalariak diskoa bota dezake gelditu aurretik. Jaurtitzaile batek egin berri duen jaurtiketa har dezake beste jokalari batek diskoa airean ukitzen badu jaurtiketan zehar.

Diskoa jasotzean, jokalari batek hamar segundo ditu pasatzeko. Defendatzailea jaurtitzailetik 3 m-ra dagoenean, kontaketa bat abiaraz daiteke. Kontaketa abiaraztean, segundo batetik hamarreraino zenbatzen da. Jaurtitzaileak ez badu diskoa «hamar» hitzaren lehen soinua baino lehen askatzen, orduan jabetza aldatu egingo da. Zenbaketan zehar defentsak markatzaileak aldatzen baditu, markatzaile berria ezartzean kontaketa berri bat hasi behar da zerotik. "Conteo" baten kasuan, defendatzaile zena orain erasotzaile bihurtzen da, ez du diskoa hartu behar txekeoaren ondoren. Orain defendatzailea denak, lehen jaurtitzailea zena, jaurtitzaile berriari kontaketa bat has diezaioke. Erasotzaileak diskoa hartu nahi ez badu, markatzaileak "txekeatu" egingo du diskoa lurrean jarriz eta “jokoan” edo “zenbatzen” esanez[6].

Puntuak lortzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puntu bat lortuko da jokalari batek kontrako taldearen puntuaketa-eremuan pase bat hartzen duenean. Arauen bertsiorik zaharrenean, jokalari erasotzaileek bakarrik puntua dezakete. Hala ere, AEBko ultimate eta WFDFren egungo arauei esker, defentsa-talde batek erasotzen ari diren puntuaketa-eremuan pasea moztu eta hartzen badu. Puntuatzeko modu horri, Callahan deitzen zaio, Henry Callahan ultimate-jokalariaren izena emanez puntuatzeko moduari. Puntu bat lortu ondoren, taldeek zelaiak trukatzen dituzte. Puntua lortu duen taldea puntua lortu berri duen puntuaketa-eremua defendatzera pasako da eta beste puntuaketa-eremura beste taldea. Jokoa puntua lortu berri duen taldeak hasiko du.

Jabetza aldaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskoaren jabetza galtzeko arrazoiak:

  • Erorketa: jaurtitzaileak huts egin du jaurtiketan eta diskoa lurrera erori da.
  • Askatu: hartzaileak ez du diskoa harrapatu eta lurrera erori da.
  • Blokeoa: defendatzaile batek diskoa airean jo eta lurrera erori da.
  • Intertzeptazioa: defendatzaile batek diskoa airean harrapatzen du.
  • Eremutik kanpo: diskoa eremutik ateratzen da, eremutik kanpo dagoen objektu bat ukitzen du edo eremutik kanpo harrapatzen du jokalari batek.
  • Gelditu: erasotzaile batek ez du diskoa jaurtitzen defendatzailearen kontaketa 10 s-ra iritsi baino lehenago.

Jokoa gelditu behar da ondorengo egoeretan:

Arauak haustea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokalari batek joko-sistemaren aurkako ekintza bat egiten duenean, baina ez du kontaktu fisikoko akziorik gauzatzen. Bortxaketa arruntek diskoarekin ibiltzea ("travel") eta "picking"-a (defentsa-taldeko edozein jokalariren mugimendua eragozteko modu ez baimendu batean mugitzea) hartzen dituzte barne.

Hutsartea eta denbora erdia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talde bakoitzak 2 geldialdi eskatu ahal izango ditu partidaren zati bakoitzeko. Deskantsua edo partidaren erdiko denbora izango da talde bat puntuazio maximoaren erdira iristean. Joko gehienak zenbaki bakoitietara jokatzen direnez, amaierako markagailuaren erdia gorantz biribiltzen da. Adibidez, jokoa 15 puntura bada, erdia talde bat 8 puntura iristen denean izango da.

Jokalariak puntua lortu ondoren, lesio batengatik edo geldialdiaren ondoren ordezka daitezke. Ez dago ordezkapenen mugarik.

Estatu Batuetan eta Kanadan arau gehigarri batzuk daude, eta arau estandarrak gaindi ditzakete, behatzaile edo ikuskatzaile izeneko arbitroek parte hartzea baimenduz. Behatzaile batek gatazka bat bakarrik konpon dezake jokalariek beren iritzia eskatzen badute. Hala ere, kasu batzuetan, behatzaileek eskatu gabe egin ditzakete deiak, off-side deietan adibidez (jaurtiketa egin baino lehen jokalariek azken eremuko lerroa zeharkatzen dutenean). Portaera txarrak ere defini ditzake behatzaile batek hurrengoak bezalako bortxaketengatik: taunting oldarkorragatik, borrokatzeagatik, engainuagatik eta abarrengatik, eta txartel gorriaren eta horiaren sistema erabil dezake; hala ere, portaera txarra oso arraroa da eta honen barne dauden jokabideak ez daude oso ondo definituak. Behatzaileek, halaber, jolasaren funtzionamendua errazteko eta jolasteko denbora-mugak betearazten laguntzen dute.

Behatzaileak sartzea, neurri batean, UPAren ahaleginaren ondorio da, jolasek lasaiago funtziona dezaten eta lagunkortasuna bultzatzeko. Jokoaren eta arbitroaren izaera berezia direla eta, azken ultimate bertsioak jokoaren geldialdi erregular eta luzeen alde daude.

Ahalegin horrek eta lehiaketako maila altuenetan eman ohi den intentsitateak ultimateko komunitateko kide asko joko-izpirituaren galeraz kexatzen hasi dira. Dirudienez, UPAren eta WFDFren arauen arteko ezberdintasunek joko-izpirituan ezberdintasun nabarmenak erakusten dituen jarrerak azaleratu ditu.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «Ultimate» WFDF 2024-07-21 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  2. (Ingelesez) «Resources - WFDF Rules Accreditation» rules.wfdf.sport 2017-03-22 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  3. (Gaztelaniaz) «La web está en mantenimiento» Mi Bitácora de Viajes - Historias de una chica que viaja de acá para allá (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  4. (Ingelesez) «History» WFDF (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  5. «Reglas del Ultimate» Federación Española del Disco Volador (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  6. «Reglas de juego de la WFDF para el Ultimate, a partir el 1º de Mayo de 2001 (revisadas el 11/5/01 - todavía no se encuentran en el formato del reglamento o RULEBOOK)» web.archive.org 2010-09-23 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]