Edukira joan

Udalbiltza

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Udalbiltza
Datuak
MotaQ20053488 Itzuli
HerrialdeaEspainia eta Frantzia
Agintea
LehendakariaJabi Asurmendi Sainz
webgune ofiziala

Udalbiltza Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakunde publikoa da, Euskal Herri osoa hartzen duen lehen erakunde publiko nazionala, azken mendeetan nazio erakunderik ez izateak Euskal Herrian sortu duen erakunde desitxuratzeari aurre egiteko helburua duena. 1999ko irailaren 18an sortu zen, Euskalduna Jauregian (Bilbo), zazpi euskal lurraldeetako ia 2.000 udal hautetsi bilduta.

1999ko irailaren 18an sortu zen, Euskalduna Jauregian (Bilbo), zazpi euskal lurraldeetako ia 2.000 udal hautetsi bilduta. ETA su-etenean zegoenean eta euskal indar politiko eta sozial abertzale gehienek Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu ondoren. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 2.000 hautetsi bildu zituen. Helburua, udaletxeetako edo herriko etxeen eskuduntzak modu koordinatuan erabiltzea zen, eraikuntza nazionalaren bidean. "Euskal Herriaren zatiketa administratiboa gainditzea, Euskal Herriaren garapen osoa eragotzen duelako eta XXI. Mendeko erronkei aurre egiteko beharrezkoa delako lurralde artikulazioa", adierazi zen.[1]

2003ko apirilaren 29an, Udalbiltzako zortzi kide atxilotu eta haren egoitzak ixteko agindu zuen Baltasar Garzón epaileak. Sumarioan 22 lagun auzipetu zituzten "dena da ETA" doktrinapean, haietarik hemeretzi udal hautetsiak eta hiru Udalbiltzako langileak. 2011n guztiak absolbitu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Udalbiltza

Erakunde berriak laster nozitu zituen abertzaleen arteko zatiketa eta ETAren su-etenaren haustea. Udalbiltza bitan zatitu zenean, HBri hurbilekoa Espainiako Estatuaren eraso judizial pean egon zen 2003tik aurrera.

2013an Udalbiltza berrantolatu zuten, giro berrian, baina ez zuen leku bera aurkitu. Prozesu luze baten ondotik, 2013ko martxoaren 2an berregituratu zen, Mertxe Aizpurua (Usurbilgo alkatea) lehendakari zuela. 2016-2019 bitartean Luis Intxauspe Arozamena (Hernaniko alkatea) izan zen lehendakari; eta 2019tik Jabi Asurmendik (Arakaldoko alkatea) hartu du lekukoa[2].

Udalbiltzaren printzipioak eta helburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Udalbiltzaren sorrerari buruzko bideoa
  1. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea.
  2. Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna lekuko izanik eta zazpi euskal lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz.
  3. Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratikotzat harturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze askean oinarriturik.
  4. Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean eta beste esparru batzuetan, udal ordezkarien ekintza bateratuei bide emanez.
  5. Nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela ere Europako etorkizuneko egituraketan eta erakundeetan.

Udalbiltzaren funtzionamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalbiltza izaera juridiko publikoa duen euskal erakunde nazionala da. Partzuergoa da, eta finkatutako prozedurak betez, hala erabakitzen duten udalek eta lukro asmorik gabeko elkarte pribatuek osa dezakete. Euskal Herria burujabe bat eraikitzeko bidean, Udalbiltza Partzuergoak Euskal Herriko garapen eta barne kohesioa sustatzea ditu helburu nagusi. Horretarako, euskal lurraldea zatitzen duten hiru eremu administratiboetako udalen arteko elkar ezagutza eta lankidetza instituzionala bultzatzen ditu, Euskal Herriko jendartearen dinamismo handiko espresioak diren eragileak ere bidelagun izanik.

Udalbiltzaren barneko organoen antolaketa, funtzioak, ordezkaritzak eta hauek guztiak aukeratzeko prozedurak bere estatutuetan definitzen dira.

  • Kontseilu Nagusia: urtean bi aldiz elkartzen da, urtarrila eta ekainean. Erakundeek eta herritarrek Partzuergoan parte hartu eta erabakitzeko organoa da; bertan ordezkatuak daude partzuergokide diren erakunde guztiak.
  • Batzorde Eragilea: Partzuergoa gobernatu, kudeatu eta administratzeko organo kolegiatua da. Lehendakariak, Lehendakariordeak, Idazkariak eta erakunde publiko eta pribatuen Partzuergokideen ordezkaritzek osatuko dute.
  • Lehendakaria: Partzuergoko organo exekutiboa da, berak ordezten du legez, eta berak deitzen eta presiditzen ditu Kontseilu Nagusia eta Batzorde Eragilea. Lau urtero berritzen den kargua da.
  • Partzuergoko Idazkaritza Nagusia: Kontseilu Nagusiko eta Batzorde Eragileko idazkaritza-eginkizunak betetzen dituen organo teknikoa da. Idazkaria, zuzendaria, administraria, komunikazio arduraduna eta lurraldeetako teknikariek osatzen dute.
  • Partzuergoko Batzorde Teknikoak: Erakundearen helburuak garatzeko estrategiak landu eta prestatzeko lantalde bezala eratzen dira. Batzorde tekniko batek garatzen du proiektu bakoitza, eta alor bakoitzean adituak diren pertsonez osaturik daude.

Lurgida, UdalbiltzaK 2020ko ekainean martxan jarritako Euskal Herriko gida turistikoa da. Gure herriaren ezagutza sakona eta turismo jasangarria bultzatzea du xede APP honek. Hala bada, barne turismoari zein kanpo turismoari zuzentzen zaion tresna da.

Euskal Herriko lurralde desorekari laguntzeko asmoz, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bitartez herrien berpiztea helburu duen proiektua da.

Euskal Herrian garapena sustatzeko esperientzia eraldatzaileak biltzen dituen bankua da Hartu-Eman. Banku honen bitartez, udal, eragile eta herri ekimen ezberdinetatik sortzen diren ekinbideak saretu eta euskal gizarteari helarazi nah dizkio Udalbiltzak.

Gure herriak Euskal Herriaren parte direla ikusarazteko sortu zuen Udalbiltzak Euskal Herria Marka. Ekimen honen bitartez proposatzen dena da euskal ikurrak eta euskal herritartasunaren adierazpideak instituzionalki baliatzea, udalerrietatik eraginez Euskal Herria munduko mapan kokatzeraino. Seinaletika, paperezko euskarrietan, eraikinetan... edozein euskarriri egokitzeko diseinatua izan da EH Marka.

Senidetzeen garapenaren bitartez, Hurbiltzen programaren helburua da senidetzeak baliatzea Euskal Herria kohesionatzeko,  eta eskualde ezberdinen arteko elkar ezagutza eta harremanak indartzeko. Horretako, Hurbiltzen programa Euskal Herriko udalerrien artean dauden elementu komunetan (historia, ekonomia, kultura) oinarritzen da, lurralde horretan dauden era guztietako trabak (batez ere administratibo eta juridikoak) gainditzeko xedez.

Ikerbiltza programa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unibertsitatearen mailan dabiltzan ikasle eta irakasleekin lankidetza-sareak sortzeko Udalbiltzaren programa da Ikerbiltza.

Euskal Herriko Naziotasun Aitormena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

125.000 sinadura bildu zituen Herri Ekimen baten eskaerari eta 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko” 15. artikuluari jarraiki, Udalbiltzak Euskal Herriko Naziotasun Aitormena bideratzea erabaki zuen 2001eko martxoan egindako II. Batzar Nagusian, eta agiriari aterabidea eman eta hura eskuratu ahal izateko prozedurari ekin zion.

Euskal Curriculuma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko urtarrilean, urtebeteko harremanen ostean, Udalbiltzak, Ikastolen Konfederazioak eta Sortzen-Ikasbatuaz Elkarteak Euskal Curriculuma sortzeko prozesua abian jartzea hitzartu zuten.

1999ko otsailaren 6an, 21 alkateren deialdiari erantzunez, Iruñeko Carlos III zinema aretoan Euskal Herri osoko 317 udalerritako 666 zinegotzi eta alkate bildu ziren[3]. Bilkura hau Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren garaian geratu zen eta gerturatu ziren hautetsi asko hitzarmen horren sinatzaileak ziren EAJ, EH, EA eta AB alderdietako kideak ziren, beste batzuk independenteak zirelarik. Iruñeko bilkuran aho batez onartutako adierazpenean helburu batzuk zehaztu ziren: "Euskal Herriaren zatiketa administratiboa gainditzea, Euskal Herriaren garapen osoa eragozten duelako eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko beharrezkoa delako lurralde artikulazioa".

Dena den, Udalbiltza, instituzio bezala, Bilboko Euskalduna Jauregian 1999ko irailaren 18an sortu zen. Sortze bilkura horrek zazpi lurraldetako 1.778 hautetsiren parte hartzea izan zuen. Bertan, aho batez, bost printzipio programatikoren inguruko adostasuna lortu zen, bitan laburbildu daitezkeenak: Euskal Herria nazio bezala aldarrikatzea eta, era berean, euskal herritarrak eskubide osoko subjektutzat onartzea; bestalde, instituzio lanari esker, Euskal Herri osoko lurraldeetako udalerrien arteko garapen politika bateratuak sustatzea, herrialde ezberdinetako politikak kohesionatzearren, hizkuntza normalizazio, garapen sozio-ekonomiko, lurralde antolakuntza eta plangintza, eskubide demokratikoen defentsa, hezkuntza, kirola eta kulturaren sustapenaren alorretan.

Lan sail ezberdinak antolatu ziren eta 2000. urterako Kudeaketa Plana lantzen hasi ziren. Lanketa eta onarpena Udalbiltzako lehen Batzorde Eragilearen eskutik etorri zen. Batzordea EAJ zazpi kidek, EHko lauk, EAko hiruk eta ABko batek osatzen zuten. Lehen Kudeaketa Plan hau 2000. urteko udaberrian onartu zen.

Udalbiltzaren geldialdia eta zatiketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000. urtearen hasieran zegoen giro politiko gatazkatsuak (ETAren su-etenaren haustura, atxiloketak...) Estatu espainiar eta frantsesek erakunde nazionalaren aurka hartutako jarrera oldarkorrak eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2000ko udaberrirako iragarrita egotearen ondorioz izan ziren alderdikeriek ia erabat geldiarazi zuten Udalbiltzaren jarduera: ebazpenak ez ziren aho batez onartu (Aberriko Eguneko agiria izan ezik), udal aurrekontu askotan ez zen Udalbiltzarentzat aurreikusitako sailik bideratu eta Kudeaketa Planaren onarpena udara arte atzeratu zen.

Irailaren 16an, hainbat hautetsik (Gehienbat EHkoak baina baita EA, AB eta independenteak ere) 2000ko irailaren 30ean Iruñean bilkura egiteko deia egin zuen, alderdien arteko liskarren gainetik, Udalbiltzaren jarduera bultzatzearren.

Iruñeko Carlos III zinema aretoan izan zen bilera, eta Euskal Herriko 500 hautetsi baino gehiago bildu ziren, udaletakoak eta bestelako erakundeetakoak. Udalbiltzaren jarduera sustatzeko deia egin zitzaien bertan bildutakoei, eta agiri bat onartu zen. Iruñeko bileran sortutako Udalbiltzaren aldeko hautetsien mugimenduak hainbat bilera egin zuen hurrengo hilabeteetan, Udalbiltzaren 2000. urteko plangintza abian jarri eta Udalbiltzaren Batzorde Eragileari geldialdia gainditzeko eskatzeko.

Halere, aipatu egoera ez zen gainditu, eta EAJk eta EAk Batzorde Eragilean zituzten ordezkariek Udalbiltzaren eskumen eragile osoa izango zuen organo berri bat sortzea erabaki zuten 2000ko azaroaren 22an, hain zuzen ere, Zuzendaritza Batzordea izenekoa, geroago UDALBILTZA® sortuz. Batzorde hori EAJko eta EAko udal hautetsiek soilik osatzea erabaki zen, Euskalduna Jauregiko Batzar Nagusian erabakitakoaren aurka. Beraz, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ia lau (Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta ia Nafarroa Garai osoa) ordezkaritzarik gabe geratu ziren batzorde horretan.

2001eko urtarrilean Udalbiltzaren Batzar Nagusia deitzearen aldeko 920 hautetsiren sinadurak bildu ziren. Batzar horrek Bilboko Euskalduna Jauregian onartutako printzipio programatikoak berretsi eta 2001rako kudeaketa plana onartu, 2000. urtekoan oinarrituz. Batzar Nagusia 2001eko otsailean egin zen Donostiako Kursaal jauregian, Euskal Herri osoko 780 hautetsi bertaratu zirelarik. Gauzak horrela, momentu honetatik aurrera bi Udalbiltza egongo ziren: lehenengoa, Kursaalean bildu ziren hautetsiek osatua eta horregatik batzuetan Udalbiltza-Kursaal deitua eta bigarrena Udalbiltza-Udalbide (EAJ eta EAko hautetsiez osatua).

2003ko apirilaren 29an, udal hauteskundeen atarian, Espainiako Audientzia Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak 8 hautetsi eta langile atxilotzea agindu zuen. Era berean, Udalbiltzaren Iruñea, Bilbo, Gasteiz eta Astigarragako egoitzak zigilatu zituzten eta Udalbiltza Partzuergoko (Erakundeak baliatzen zuen zuzenbide-figura) zein Euskal Garapen eta Kohesio Fondoko kontuak blokeatu zituzten. Azkenik, Udalbiltzaren jarduerak bertan behera gelditzea agindu zen.

Maiatzean Udalbiltzako beste hiru ordezkariren (haien artean garai hartako erakundeko presidente eta Ondarroako alkate zen Loren Arkotxa) kartzelatzea agindu zen, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean. Ekainean erakundeko beste kide bat atxilotua izan zen. Pertsona hauek guztiak 2004ko apiril arte kartzelatuta egon ziren. Urte horretan Udalbiltzako 22 kideren (aurrekoak gehi beste batzuk) kontrako prozesatze autoa diktatu zen. Pertsona hauetako gehienak sufragio unibertsalaren bitartez demokratikoki aukeratutako hautetsiak, kultura, hezkuntza, herri-garapen, normalkuntza politikoa, bakea eta antzeko esparruetan lan instituzionala egite soilagatik auziperaturik zeudela defenditu zuten.

2007ko irailean Udalbiltzaren jarduera etendura altxatu zen baina hiru egunen buruan, irailaren 12an, 22 auziperatuen kontrako fiskaltza-eskaerak aditzera eman ziren: ministerio fiskalak erakunde terroristako kide izateagatik 10 urteko kartzela zigorra eskatzen zien denei eta bost urte gehiagokoa lau auziperaturi fondo publikoen bidegabeko erabiltzeagatik. Dignidad y Justicia elkarteak arrazoi berberengatik 15 eta 23 urteko kartzela zigorrak eskatu zituen.

Udalbiltzaren kontrako ahozko epaiketa 2010eko uztailaren 15a eta urriaren 26a bitartean burutu zen, eta 2011ko urtarrilaren 20an Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzako auzipetu guztiak absolbitu zituen.

Bigarren Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Udalbiltzaren berrantolaketa batzarra, 2013ko martxoaren 2an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Udalbiltzako lehendakari-ohi Mertxe Aizpurua.

Udalbiltza berrantolatu asmoz, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian 2013ko martxoaren 2an ekitaldia egin zuten Euskal Herriko 600 hautetsitik gora. Usurbilgo alkatea zen Mertxe Aizpurua hautatu zuten lehendakaritzarako. Berrantolaketak 1.227 hautetsiren (31 Lapurdikoak, 4 Nafarroa Beherekoak, 279 Nafarroa Garaikoak, 392 Bizkaikoak, 100 Arabakoak eta 412 Gipuzkoakoak) eta Euskal Herri osoko 393 udalerriren sostengua izan zuen, haien artean 153 alkaterena.[4]

2013 bukaeran 1.400 hautetsiren eta 176 alkateren babesa zeukan Udalbiltzak; haien artean Trebiñuko alkatearena.[5]. 2013ko batzarrean, sorrerako printzipioak berretsi eta lehentasunak ezarri zituzten: lurralde garapena eta kohesio sozioekonomikoa, Euskal Herriaren nazio egituratzean laguntzea, herrien arteko saretzea, Euskal herritartasuna ereitea eta nazioartea lantzea[6]. Itxaso Atutxa BBBko presidenteak 2013an adierazi zuen Udalbiltzaren Donostiako batzarrerako «alderdi moduan» ez zutela gonbidapenik izan. Udalbiltzak zehaztu zuenez, alderdi eta koalizioek ez zuten atxikimendu deirik jaso, udal hautetsiek baizik. Aizpuruak argitu nahi izan zuen udalbiltzakide izatea «pertsonalki egindako hautua» zela[7].

2014ko urriaren 4an, Udalbiltzak urte politiko hasierako batzar orokorra egin zuen, Uztaritzen, kohesioa ardatz hartuta. Pirinioetako proiektuaren, herritartasunaren eta itunen balantze bat egin zuen[8]. Egun berean, Udalbiltza.eusen ageri zenez, 1.424 udalbiltzakide zeuden. 177 alkateak ziren. Egun horretatik aurrera, gehiago izango ziren, Ipar Euskal Herriko martxoko udal bozen ostean Udalbiltzak kide gehiago lortu baitzituen[9].

Batzarrean jakinarazi zen Iparraldeko 108 kide zituela bere baitan. Udalbiltza 1999an sortu zenean, Ipar Euskal Herriko 30 hautetsik eman zuten atxikimendua. Lapurdikoak 68 ziren, Zuberoakoak 22 eta Nafarroa Beherekoak 18. Biltzarrak 1.471 udalbiltzakide zituen ; haietatik 183, alkateak ziren. Kohesioa zen urte politikorako Udalbiltzak hautaturiko hitza. Kohesioa lurralde, herritar eta udalerrien artean. 2014rako 592.120 euroko aurrekontua zeukan[10]. Udalbiltzak Uztaritzen egindako batzarrak honako ildoak onartu zituen urte politiko berrirako: lurraldeen eta herritarren kohesioa, senidetzeak (Hurbiltzen programa), aniztasuna, udalerrien arteko ezagutza, eskualde baztertuenen garapena, Pirinioak, ikerbiltza programa, Nazio Eraikuntzaren Behatokia, Erri Gora, euskara eta euskal kultura, ikurrak eta nazioartea[11].

Urriaren 28an, Udalbiltza diruz lagundu zuten udalen aurkako helegiteak jarri zituen Urkijok. Hemezortzi udalek jasoa zuren Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren helegitea, eta biltzarrak salatu zuen posible zela "beste askok jasotzea". "Udalbiltza arlo ekonomikoan ito nahian dabil" adierazi zuten[12].

Urriaren 31ean, burujabetza energetirako gida aurkeztu zuen Udalbiltzak. Nafarroa Behereko hainbat enpresaburu, hautetsi eta garapen eragileren aurrean aurkeztu zuen, Energiaren Goizak jardunaldien baitan[13].

Abenduaren 16an, Pirinioetarako diru laguntzen bigarren deialdia ireki zuen Udalbiltzak. Deialdian, 28 proiekturekin, 120.000 euro banatuko zituen Udalbiltzak. Bestalde, hitzarmena sinatu zuten Udalbiltzak eta Cederna Garalur elkarteak[14].

2015eko urtarrilaren 13an, Udalbiltzak 2015ean 24 proiektu bultzatuko zituela Pirinioak biziberritzeko jakin zen eta mugaren bi aldeetako 108 herritara hedatuko zen[15].

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]