Txino dantza
Txino dantza Aretxabaletako dantza bat da, Aratuste igandean herriko kaleetan egiten dena. Gerra Zibilaren aurretik egiten zela jakina da eta 1975ean berreskuratu zen Ramon Erañaren ekimenez. Santa Ageda gazteek egiten dute dantza, izan ere 1998tik aurrera mutil eta neskek batera egiten baitute. Santa Ageda bezperan hasitako zikloa ixten dute horrela[1].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez da ezagutzen dantzaren jatorria, ez eta esanahia ere. 1880. urtearen inguruan Bergara eta Antzuola aldean sortu zen sorgin dantzaren aldaera bat izan liteke[2], gaur egun Lasarte-Orian mantentzen denaren antzera[3]. XX. mendearen hasieran egiten zela jakina da baina Gerra Zibilak aratusteak ospatzea eten zuen eta harekin batera Txino dantza ere bertan behera gelditu zen. Francoren diktadura garaian debekaturik egon zen eta 1967an hasi ziren aretxabaletar batzuk ohitura zaharra berreskuratzeko ahaleginetan. Ramon Eraña izan zen dantzaren bultzatzaile nagusia[4]. Juan Jose Gartziaetxabek pausuak, janzkera eta melodiaren transmisioa egin zuen, Demetrio Iriarte txistulariak musika eta Ramon Eraña berak hitzak itzuli zituen, izan ere Gerra aurreko hitzak, Edurne Galdosek jaso zituenak, gazteleraz baitziren[2]. Pentsatzen da lehen bertso gehiago izango zituela txino-dantzarako abestiak, orain bi kopla baino ez dira abesten[1].
Garai berrian kintoak hasi ziren dantza hau egiten, soldadutzara joatekoak zirenak alegia. Santa Ageda bezperan diru bilketan hasi eta aratustetan Txino dantzarekin amaitzen zuten haien jarduna[5]. 1998an emakumezkoak ere dantzan parte hartzen hasi ziren, nahiz eta ofizialki 2005 arte "Santa Ageda mutilen" artean neskarik ez izan.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Janzkera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aratuste igandean egiten denez janzkera oso bitxia izaten da. Dantzariek ehunezko tunika zuri bat daramate soinean (antzina emakumezkoen kamisoia izaten zen) eta buruan kapela bitxi bat edo zapi koloretsuak. Aurpegia ikatzez zikinduta izaten dute eta hanka bakoitzean galtzerdi ezberdina eta antzinako oinetakoak janzten dituzte, abarkak edo alpargatak[6].
Dantza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamabi dantzarik osatzen dute taldea eta bi ilaratan ezartzen dira. Herriko txistulari bandak lagundurik Aretxabaletako alde zaharrean ibilbide bat osatzen dute. Antzina eguerdiko ordu batean hasten zuten ibilbidea baina azken urteetan 12:30etara aurreratu da ekitaldia. Sorgin dantzaren antzeko doinua jotzen dute txistulariek, Frantzia aldean fricasse esaten zaiona[5].
Dantzak bi zati desberdin ditu:[1]
- Lehenengo zatian bi ilaratan jarrita aurrerantz 50 metro inguru egiten dute. Hankekin txandakaturiko salto txikiak egiten dituzte eta altxatzen duten hankaren aldeko eskua ere altxatzen dute hatz erakuslea goian dutela. Beste eskua bizkarrean izaten dute. Zati honetan honako melodia hau kantatzen da behin eta berriz:
- Txin, txin, txin, txin, mahatsa heldu gabe dago, txin, txin, txin, txin, baina helduko da
- Bigarren zatia estatikoa da eta gazteen ilara biak aurrez aurre jartzen dira. Bikoteek elkar agurtzen dute eta elkar zirikatzen dute, besarkada batekin amaituz. Guztira lau joko egiten dituzte elkarren artean. Zati honetako melodia eta kopla desberdinak dira:
- Txiribito ta andrea, joan ziren jatera, Txiribito hasarretu ta bota zun lapiku
Ibilbidearen amaieran fandangoa eta arin arina dantzatuz bukatzen da ekitaldia[7].
Aretxabaletako aratusteen erreferentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txino dantza herriko berezitasuna izanik Aretxabaletako aratusteek ere dantza hau erreferentziazko bihurtu dute eta asteartean sardina erre beharrean 1987. urtetik aurrera "Txin-en hileta" egiten da[6]. Gazteek hilkutxa bat eramaten dute herriko plazara atzean segizio dotore eta serioa dutela. Segizio horretarako herritarrak Mitarte kalean elkartzen dira, lutoz jantzita, eta eskutan kandela eramaten dute. Plazan hilkutxa erre egiten da eta herritarrek eskutan piztuta dituzten kandelak sutan dagoen hilkutxara botatzen dituzte[6]. Horrekin amaitzen dira Aretxabaletako aratuste jaiak[8].
Azken urteetan Aratuste igandearen aurreko asteburuan Txapel Txin Eguna ospatzen da, herria girotu eta aratusteak datozela iragartzeko. Txapel Txin pertsonaiak irekitzen du jaia plaza gaineko balkotik eta izenak dioen bezala herritarrek txapel edo kapela bitxiak eramaten dituzte[9]. 2008an izan zuen aurreneko ekitaldia eta ordutik aurrera urtero ospatu izan da, COVID-19 pandemiak eragindako etenaldian ezik[10].
Ezpalak nazioarteko jaialdian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdian, 2013ko maiatzaren 25ean Iruñean eta 26an Eibarren, Aretxabaletako txino dantza erakutsi zen Oriako sorgin dantzarekin eta Zuberoako kerestuen jokoarekin batera[11][12].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Ingelesez) Aretxabaletako Txino dantza. (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
- ↑ a b «Txino dantza, Aretxabaletako altxorretako bat» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-11-19).
- ↑ «Dantza tradizionala - Gobierno Vasco - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Ramón Eraña, una vida dedicada a los demás» El Diario Vasco 2015-10-03 (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
- ↑ a b dantzan.com. «Kontrako bidetik dator txino-dantza Aretxabaletan» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
- ↑ a b c «Txino Dantza (Aratusteetan) — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
- ↑ «Txino-dantza - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
- ↑ «'Txin'-en hiletarekin esan diete agur Aratusteei - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
- ↑ «Txapel Txin Eguna Aratusteak iragartzeko» goienamedia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
- ↑ «Txapel Txin eguna, aratusteen atariko, larunbat honetan» El Diario Vasco 2008-01-18 (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
- ↑ ezpalak. «Sorgin-dantza, fricassee-ak eta oxdans-ak 2013ko Ezpalak jaialdian» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
- ↑ ezpalak. «Mahatsa heldu da, Ramon» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aretxabaletako txino dantzaren argazkiak, 2008koa (www.dantzan.eus)
- Aretxabaletako txino dantzaren bideoa, 2013koa (Euskal Dantzarien Biltzarrak YouTuben argitaratua)