Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Virgilio

Virgilioren omenez egindako mosaikoa.

Publio Virgilio Maron Antzinako Erromako poeta handienetariko bat izan zen. Poesia epikoa, didaktikoa eta pastorala idatzi zituen.

Jaiotzez ez zen erromatarra; Andes izeneko herri bateko landetxe batean jaio zen, Mantuatik gertu, Italian. Haren aita nekazaria zen, baina aberastasuna nahikoa zuen bere semeei hezkuntza hoberena emateko. Gaztetan, Virgilio Kremonara bidali zuten ikastera, eta ondoren Milanera. Hamazazpi urte zituela Erromara joan zen ikastera. Bertan erretorika eta filosofia ikasi zituen, garaiko maisurik hoberenekin.

Julio Zesar eta Ponpeioren arteko gerra zibilaren ostean, familiari landetxea konfiskatu zioten. Galera, ordea, Virgiliorentzat onuragarria izan zen, lagun boteretsuak egin baitzituen. Haiek Oktavioren lagunak aurkeztu zizkioten, Augusto izeneko enperadore bihurtu baino lehenago. Mezenas, Augustoren ministro inperial nagusia, bihurtu zen Virgilioren lagunik onena eta bere itzal handiko babesle bihurtu zen. Haren eskuzabaltasunari esker, Virgilio gai izan zen ekonomia aldeko kezkak alde batera utzi eta literaturan guztiz murgiltzeko.

Virgiliok Greziako poetak ikasi zituen. Teokrito izan zuen eredu Eglogak idazteko, Italiako landa ederrak deskribatzen dituzten poema pastoralak. Geroago, 34 urterekin, Napolira joan zen bizitzera. Mezenasen iradokizunak jarraitu zituen, eta horrela Georgikoak idatzi zituen, nekazaritzaren arteari eta landan bizitzeak duen xarmari buruzko lan serioagoak. Obra horri esker, garaiko poetarik garrantzitsuena izatera iritsi zen.

Georgikoak argitaratu eta urtebetera hasi zuen bere epopeia handia: Eneida. Lan horretan heroitzat hartu zuen Eneas troiarra, erromatar nazioaren ustezko sortzailea zena. Hamar urte zeramatzala Eneida liburuan lanean, Grezia bisitatu zuen, obran aipatzen zituen lekuak ikusteko, eta bertan hil zen, sukar hilgarri baten ondorioz. Hiltzear zegoela, Eneida suntsitzeko erregutu zuen, oraindik bukatu gabe zegoelako, esanez hiru urte behar zituela oraindik lana behar bezala burutzeko; Augustok uko egin zion lagunaren eskaerari eta horrela maisulan epikoa salbatu zuen. Azkenean, K.a. 19an, irailaren 21ean hil zen, Brindisi hirian. Poema-lan hura Virgilio hil ondoren argitaratu zen, eta latindar literaturan influentzia handia izatea lortu zuen; baita kristau literaturan ere geroago, prosa zein poesian. Erdi Aroan ere Virgilioren influentzia mantendu zen, garai modernora ere heldu zen. Dantek bere irakasle ohoratu zuen eta Jainkotiar komedian bere gidari gisa irudikatu zuen.