Udala (Iparraldeko euskaraz, Herriko Etxea) halako hiri edo Udalerri bat gobernatzen duen erakundea da, hiriak behar bezala funtzionatzeko behar dituen zerbitzu publikoak antolatzen dituena.
Erakunde horren barruan «udalbatza» izeneko organo edo atal bat dago. Udalbatzaren ardura udalaren lana zuzentzea eta kontrolatzea da. Herritarrek udal hauteskundeetan aukeratzen dituzte udalbatza osatzen duten pertsonak. Honako hauek dira:
Alkatea: udala edo udal gobernua zuzentzen duen pertsona eta hiriko agintari gorena da.
Zinegotziak: herritarrek hauteskundeetan aukeratutako pertsonak hauek alkatearekin batera osatzen dute udalbatzarra, udalerriko gaiak eztabaidatu eta erabakitzeko. Horietako batzuk, gainera, udal gobernua osatzen dutenak hain zuzen ere, udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoez arduratzen dira.
Alkatea eta zinegotziak maiz biltzen dira «osoko bilkura» izena duten bileretan. Bilera horietan, hiriarekin zerikusia duten gaiei buruz eztabaidatu eta erabakiak hartzen dituzte. Gainera, hiria eta udal zerbitzuak behar bezala funtzionatzeko arauak ezartzen dituzte. Udalbatzak erabaki beharreko beste gai oso garrantzitsu bat aurrekontua da; hau da, udalak bere lana egin eta udalerriak funtzionatzeko behar duen dirua. Horretarako, udal zergen inguruko erabakiak hartzen dituzte. Udal zergak hiri bateko biztanleek udal horren funtzionamendua laguntzeko eta udal zerbitzuak edukitzeko ordaintzen duten dirua dira.
Gainera, udalak langileak izan ohi ditu; hau da, udaletxean lan egiteko eta udal zerbitzuak eskaintzeko kontratatzen diren pertsonak.
Udal zerbitzuak udalak herritarren beharrak asetzeko antolatzen dituen zerbitzu publikoak dira; aipagarrienak hauek dira:
- Garraio publikoa: autobusa, tranbia edo metroa.
- Ura eta argia: zehazki gure etxeetara iristen den ura eta kaletako argia.
- Segurtasuna eta trafikoa: udaltzaingoa eta suhiltzaileak.
- Garbiketa: zabor bilketa, kale garbiketa, lorezaintza.
- Kaleen, plazen, lorategien eta abarren konponketa.
- Kultura: erakusketa aretoak eta museoak, antzokiak, liburutegiak, kongresu-jauregiak eta abar.
- Kirolak: futbol edo saskibaloi zelaiak, kiroldegiak, pilotalekuak, igerilekuak eta abar.
- Gizarte-zentroak: ludotekak, adinekoentzako zentroak, gizarte laguntza eta abar.
Nola aukeratzen dira udalak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udala erakundea da, eta udaletxea, aldiz, erakundearen eraikina besterik ez, erakundearen egoitza nagusia, normalean. Baina jende askok esaten du "Udaletxea" erakundea bakarrik esateko, eta hori ez dago ondo.
Herrialde demokratikoetan, herritarrak alderdi politikoetan eta beste talde mota batzuetan antolatzen dira. Hauteskundeetan, alderdi edo talde horiek udalbatzako kide izateko hautagai zerrenda bat aurkezten dute eta herritarrei hiriarentzat zer egin nahi duten azaltzen diete. Hauteskunde-egunean, 18 urtetik gorako herritarrek nahi duten hautagaiaren alde bozkatu dezakete edo, nahi izanez gero, inori botoa ez ematea erabaki dezakete.
Hauteskundeak amaitu ondoren, talde edo alderdi politiko bakoitzak lortu dituen botoak zenbatzen dira, eta boto gehien dituenak zinegotzi gehiago lortuko ditu. Aurrerago, zinegotziek euren artean alkatea aukeratuko dute. Alkateak, bere alderdikoak diren zinegotzien laguntzarekin, eta, batzuetan, beste alderdietakoak diren beste batzuekin ere, hiriko gobernua osatuko du, udal gobernua, alegia. Beste taldeetako zinegotziek, aldiz, oposizioa osatzen dute. Hortik aurrera, Udalaren erabakiak gehiengo eta gutxiengoen arabera hartzen dira. Hau da, proposamen bat egin eta udalbatzako kideen boto gehien lortzen dituen taldeak lortuko du proposamen hori aurrera ateratzea.