Kalkolitoa, Kobre Aroa edo Eneolitoa historiaurreko garai bat izan zen, Neolitoaren eta Brontze Aroaren artekoa, hain zuzen ere. Kalkolito izena grezierako “khalko” hitzetik dator: “kobre” esan nahi du. Garai honekin Metal Aroa hasi zen (K.a. 5000 – 1000 gutxi gora behera). Izenak adierazten duen bezala, garai honen ezaugarri nagusia izan zen gizakiak erabili zuen lehen metala azaldu zela: kobrea.
Aro honen hasiera eta bukaera ez dira zehatzak, historiaurreko etapa bakoitzaren garapen teknologikoa ez zelako berdina izan planeta osoan. Hala, Kobre Aroa kobrearen aurkikuntzarekin lotuta dago. Hasieran, gizakien taldeek ez zekiten nola urtu metal hori, eta hotzean mailukatzen zuten, kobrearekin objektuak egiteko.
Hala ere, garaiak aurrera egin zuen ahala, zeramikak egiteko eta labekatzeko teknika berriak sortu ziren. Horren ondorioz metalgintza eta aleazioak (metalen nahasketak) hasi ahal izan ziren. Modu horretan, gizakiek brontzea aurkitu zuten, eta Metal Aroaren bigarren etapan sartu ziren: Brontze Aroan.
Kobre Aroaren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historia-liburuetan esan ohi da Kobre Aroa K.a. 5000. urtean hasi zela. Baina egia esan, metal hori jadanik erabiltzen zen milaka urte lehenago, Turkiaren hegoaldeko hainbat eskualdetan eta Iraken iparraldean. Kasu horietan, hotzean lantzen zen, edo metala pixka bat berotzen zen.
Eskualde horietako edo alboko herriak kobrea oso baliagarria zela konturatu ziren, eta urtzen ikasi zuten. Horren frogak K.a. 4000. urteko aurkikuntzak dira, gaur egun Pakistan, India, Israel eta Jordania diren lurraldeetan egindakoak. Milurteko honetan, kobrearen ekoizpena Eurasian eta Balkanetan hedatu zen. Antzinako Greziara iritsi zen, eta bertatik Europako beste bazterretara hedatu zen.
Bestalde, Ameriketan argi dago kobrea askoz beranduago erabiltzen hasi zela, K.a. 1000. urte aldera. Haren erabilera batez ere Boliviako eta Peruko goi-lautadetan zabaldu zen. Gero zilarrarekin eta urrearekin aleatu edo nahasi zen K.a. 500. urtean, gaur egun Kolonbia eta Peru diren eskualdeetan. Baina bertako gizarteek ez zuten ikusi metalaren erabilgarritasuna tresnak sortzeko, eta beraz nahiago zuten apaintzeko edo erritualetarako erabili.
Kobre Aroaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai honetan, objektu eta tresna metalikoen ekoizpena handitu zen. Horrekin batera, nekazaritza-teknika berriak azaldu ziren, tresna horiek erabiltzen zituztenak: animaliek tiratutako goldea asmatu zen, eta lurra ureztatzen hasi zen uztak handitzeko.
Metalgintzaren garapenarekin, artisau espezializatuak agertu ziren, eta aldameneko taldeekin truke gehiago egin ziren, orobat. Garapen horren ondorioz, historiaurreko gizarte batzuk haien artean konektatuta zeuden bizilekuetan antolatu ziren. Bizileku horiek hirien hasiera izan ziren. Hori guztia aurrerapauso bat izan zen elkarrekin lotutako ekonomi lokalak agertzeko. Hau da, Neolitoaren ekonomia isolatua gainditu zen.
Kobre Aroan zehar gizarteak konplexuagoak bihurtu ziren, ekoizpenak ugaldu zirelako eta ekoizpen-mota berriak agertu zirelako. Gizartea antolatzeko modu berriak ere azaldu ziren, maila edo estratu sozial bereziekin. Truke ekonomikoak, sozialak eta kulturalak ere handitu ziren.
Horren ondorioz, biztanleria ugaldu eta gizatalde batzuk asko hedatu ziren. Hala, lehen estatuen agerpenerako bidea hasi zen.
Beste aldetik, metalgintzak ideia berriak ekarri zituen materialen eta beren eraldaketaren inguruan. Ondorioz, jainko berriak agertu ziren, sutegiei eta metalei lotutakoak. Gerraren jainkoak ere azaldu ziren, eta beraz Neolitoko ama-jainkosak (gizarte nekazari edo aurre-nekazarietan oso ohikoak) alde batera utzi zituzten.
Kobre Aroaren amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin kobrea menderatu ondoren, eta aleaziorako aukera berriak aurkitu ondoren, material berriak lortu ziren. Kobrearen forma gogorragoak sortu ziren, hala nola brontzea (kobrearen eta eztainuaren nahasketa).
Gertakari horrekin Kobre Aroa amaitu eta Brontze Aroa hasi zen. Ekialde Hurbilean K.a. 4000. urtean gertatu zela uste da, eta Asian eta Europan K.a. 3000. urtean.