Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Deinonychus

Deinonychus baten errepresentazioa, Vienako museoan

Deinonychus dinosauro bat izan zen, haren atzeko hanketako hatzapar erraldoiengatik ezaguna. Bere izenak «atzapar ikaragarria» esan nahi du, hain zuzen ere.

Deinonychusak duela 100 milioi urte baino gehiago bizi izan ziren, hau da, Lurraren historiako lehen zatian, Kretazeo izenez ezagutzen den garaian. Orain Ipar Amerikako mendebaldea den tokian aurkitu dituzte dinosauro hauen aztarnak. Deinonychusek iratze altu artean eta arbola azpietan zelatatzen zituzten harrapakinak, oso ondo ezkutaturik.

Deinonychusa dromaeosauridae deitutako dinosauroen taldean sartzen da. Harrapari gisa ezagunak diren talde horretan Velociraptorra ere sartzen da. Dromaeosauridae guztiak txikiak eta arinak ziren. Bi hankatan ibiltzen ziren eta buztan zurruna eta luzea zeukaten. Denek atzeko hanketan atzaparrak bazituzten ere, Deinonychusak zituen taldeko atzapar handienak. Atzaparrak 13 zentimetroko luzera edukitzera iritsi zitezkeen. Deinonychusa bera 3 metro luze zen eta 45 eta 68 kg artean pisatzen zituen. Altuan, 1,8 metro inguru izaten zituen.

Atzaparrak

Deinonychusak buru handia zuen, eta masailezurrean hortz zorrotzak, atzealderantz kurbatuak. Besoak hankak baino motzagoak zituen, baina beste antzeko dinosauro batzuen aurreko hankak baino luzeagoak ziren. Hiru hatzeko hanka haiek atzapar handiak eta okerrak zituzten.

Deinonychusa haragijalea zen. Haren aurreko hankak alboraka mugitzen ziren, eta zientzialariek uste dute horri esker harrapakinari heltzen ziola, atzeko hanka eta atzaparrekin erasotzen zion bitartean.

Zientzialariak ez daude ziur, baina Deinonychusek taldean ehizatzen zutela uste dute. Horrela, haiek baino handiagoak ziren dinosauroei eraso ziezaieketen. Bakarrik ehizatzen zutenean, aldiz, ugaztun txikiak, muskerrak eta dinosauro txikiagoak ehizatzen zituzten.