Biolina orkestrako hari-instrumenturik (kordofonorik) txikiena da eta mendebaldeko musika klasikoan tresna nagusietakoa. Mendebaldeko eta Ekialde hurbileko herri-musiketan ere oso maiz erabiltzen da.
Herri-hizkeran biolinari arrabita ere esan izan zaio, nahiz eta izendapen hau beste igurtzitako kordofono bati ere eman izan zaion (gazteleraz rabel esaten zaionari). Segur aski antzina arrabitak betetzen zuen funtzioa biolinak hartuko zuen gerora, eta hortik etor liteke izenen nahasmena.
Nolakoa da?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biolin arruntak zurezko erresonantzia kaxa eta giderra izaten ditu. Biolinaren giderrak ez du traste edo koskarik (gitarrak, aldiz, bai). Larakotik zubira lau hari ditu tenkaturik. Tamaina ezberdinetako tresnak daude; adibidez, umeentzako biolin bereziak daude, apur bat txikiagoak.
Nola jotzen da?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esku batekin giderra heldu eta hatzekin hariak zanpatuz notak ematen dira. Beste eskuarekin arkua hartu eta honen hariekin biolinaren hariak igurzten dira, hotsa emanez. Tarteka biolin jotzaileek hatz puntekin ere pultsatzen dituzte hariak, pizzicato teknika erabiltzean, adibidez.
Musika klasikoan, biolin-jotzaileak kokotsa, sorbalda eta bularraren artean eusten dio kaxaren azpiko aldeari; normalean, kokotsa ipintzeko egur beltzezko pieza bat egoten da. Herri-musika batzuetan, ordea, biolina belaunaren gainean zutik jarrita jotzen da (lira izeneko igurtzitako hari instrumentua balitz bezala), edota ezkerreko besoaren gainean (arrabita jo izan den bezala).
Zein da biolinaren historia?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzeko igurtzitako hari instrumentuak antzinarotik existitu dira, lira, rebab edo arrabita modukoak . Baina XVI-XVI. mendeetako Italia iparraldeko tresna egileek (Amati, Guarneri, Stradivari) eman zioten forma eta ospea biolinari; gaur egun haien tresnak oso preziatuak dira, ehundaka urte badituzte ere, hots paregabea mantentzen dutelako.
Orkestra modernoak sortzen hasi zirenean, XVII. mende aldera, biolina ia guztiz garatua zegoen. Orkestra-instrumentu garrantzitsuena bihurtu zen eta melodia haien esku izaten zen. Izatez, orkestra bateko ia instrumentuen erdia biolinak dira, eta “lehen biolinak” eta “bigarren biolinak” daude. Mendebaldeko konpositore garrantzitsuenek idatzi dute biolinarentzako musika, instrumentu bakarlari bezala aritzeko, ganbera-musikan, orkestra-musikan eta abar.
Nortzuk izan ziren jole ezagunenak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat biolin jotzaile mundu mailan ezagun egin ziren; esaterako, Niccolò Paganini italiarra, edo Pablo Sarasate nafarra.
Ikusi eta entzun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bideo honetan ikusiko duzu nola jotzen den eta nolako soinua duen biolinak: