Edukira joan

Times Beach

Wikipedia, Entziklopedia askea

Times Beach St. Louis konderrian (Missouri, AEB) dagoen herri hustua da.

1982ko azaroaren 10ean, Ingurumena Babesteko Agentziaren (EPA) arabera, 1.400 biztanleko herria dioxinaz kutsatutako ehun udalerrien zerrendan zegoela jakinarazi zuen kazetari batek. Abenduaren 3an agentziako hainbat teknikari lurzoruan laginak hartzen hasi ziren. Handik bi egunera, herriak inoizko uholde larrienak jasan zituen eta herritar asko ebakuatu zituzten. Abenduaren 23an, biztanleak etxera itzultzen hasi zirenean, EPAk laginen emaitzak eman zituen: dioxina tasa onargarritzat jotzen zena baino 300 aldiz handiagoa zen. Orduan hasi ziren gai toxikoa herritarren gaixotasun tasa izugarriarekin erlazionatzen[1].

Gaia komunikabideen azaletara iritsi zen, eta herrian izua zabaldu. 1983ko otsailean AEBetako gobernuak Times Beach erostea erabaki zuen, 30 milioi dolarren truke. Biztanle guztiei ostatu eman, kalte-ordainak banatu, herria suntsitu eta kutsatutako lurrak erraustuko zituztela esan zuten. Herria desagerrarazi zuten, errudunengana eramaten zuten froga guztiak bezala[1].

J. F. Quennyk 1901ean sortu zuen Mosanto enpresa ezaguna Saint Louisen (Missouri). Industria kimikoaren sektorean berehala nabarmendu zen Monsanto, eta 1925ean enpresako zuzendari eta langileentzat udaldi gune bat sortu zuten hiritik kilometro gutxira, Meramec ibaiaren ertzean. Apurka, gunea biztanle iraunkorrak erakartzen hasi zen eta, hala, Times Beach benetako udalerri bihurtu zen[1].

1970eko hamarkadaren hasieran hautsak hartu zituen Times Beacheko asfaltatu gabeko kaleak, eta udalak Bliss Waste Oil Company enpresarengana jo zuen konponbide bila. Enpresak olio hondakinak berreskuratzen zituen, eta kaleak hondakin horiez egindako lokatzez estaltzea proposatu zuen[1].

Hildako animaliak nonahi agertzen hasi ziren, eta herritarrek EPAn salatu arren, agentziak ez zuen ezertxo ere egin. Gaixotasunen Kontrolerako Zentroak 1971n egindako azterketaren emaitzen arabera, PCB, 2,4,5-T herbizida eta dioxina gai toxikoen tasak asaldagarriak ziren herrian. Baina EPAk afera isilean gordetzea lortu zuen[1].

Hainbat testigantzek Bliss Wastek zabaldutako hondakinak Monsantotik zetozela adierazi arren, bi enpresen arteko erlazioa frogatzen zuen dokumentu bakar bat ere ez zen lortu. 1983an Reagan administrazioak EPAren zuzendari Anne Burfordi Times Beach txostena “izozteko” eskatu ziola azaleratu zen. Burfordek dimititu egin zuen, baina Monsanto ez zen larritu: bere administrazio kontseiluko kide izandako William Ruckelhaus izendatu zuen EPAk ordezko[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore. (2012-11-11). «Mapatik ezabatutako herria eta errua» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]