Sunismo
Sunismoa edo suni islama islamaren adar nagusia da, haren jarraitzaileek —suniak edo sunitak— musulmanen % 80 osatzen baitute. Gainerako musulmanen artean, bigarren adar zabalduena xiismoa da.[1] Itzulpenetan, doktrina eta praktika hauei, sunismo deritze; jarraitzaileei, berriz, suni musulman, suni, sunita edo Ahlus Sunnah deitzen zaie. Kasu batzuetan, «islam ortodoxo» ere deitzen zaie,[2][3][4] nahiz eta adituek itzulpen okerra dela dioten.[5]
Profetarengan jartzen duen enfasiagatik bereizten da, sahabak (bereziki rasidar kalifak), eta handik eratorritako ohiturak azpimarratzen ditu. Izena, Koranez gain, sunnaren (Mahoma profetari egotzitako gertakarien bilduma) jarraitzaileak direlako datorkie. Nahiz eta islam sunia eskola teologiko eta legal anitzez osatuta dagoen, inguru historiko, leku eta kultura bidez garatu zirenak, mundu osoko sunitek zenbait sinesmen komun partekatzen dituzte: Mahoma profetaren lehen lau ondorengoen (Abu Bakr, Omar ibn al-Khattab, Uthman ibn Affan eta Ali ibn Abi Talib) zilegitasuna onartzea, eta beste talde islamiar batzuek (gehiengoaren ustetik abiatuta) berrikuntzak (bidah) sartu dituztelako ustea. Musulman suniten eta xiien arteko ezberdintasunak sortu ziren Mahomaren oinordeko nor izan behar zuen bat ez zetozelako, eta, aurrerantzean, esanahi politiko handiagoa hartu zuten, baita dimentsio teologiko eta juridikoak ere.
Tradizio suniten arabera, Mahomak ez zuen oinordeko garbirik izendatu, eta komunitate musulmanak bere sunnaren arabera jokatu zuen, Abu Bakr, haren aitaginarreba, lehen kalifatzat aukeratuz. Xiismoaren arabera, ordea, Mahomak bere suhia eta lehengusu, Ali ibn Abi Talib, izendatu zuen oinordeko, batez ere Ghadir Khumm-eko sermoian. Suniten eta xiien arteko tentsio politikoek intentsitate ezberdinarekin jarraitu dute islamiar historian zehar, eta, azkenaldian, areagotu egin dira gatazka etnikoen eta wahhabismoaren sorreraren ondorioz.
Suni islama islam goiztiarrean lidergoari buruz izandako borroketatik abiatuta garatu zen. Jarrera politiko eta erlijiosoak sortu ziren «egiazko» sinesmenaren, askatasunaren eta determinismoaren definizioari buruzko eztabaidetatik. Sunitek, kredo kontuetan, gehiegizko arrazionalismoa edo intelektualismoa baztertzeko joera dute, eta lehen mailako iturrien izpirituan eta asmoan zentratzen dira ortodoxia defendatzeko eta heresia gezurtatzeko, argumentu arrazionalak erabiliz beharrezkoa denean[6][7].
Arabieraz, islam suniaren jarraitzaileei «ahl as-sunnah wa l-jamāah» (Sunna herria eta komunitatea) edo «ahl as-Sunnah» soilik deitzen zaie. Islam suniari, batzuetan, «islam ortodoxoa» deitzen zaion arren, zenbait akademikok itzulpen hori desegokitzat jotzen dute.
Korana, «hadith»ekin (batez ere Kutub al-Sittah-n bildutakoekin) eta behartutako adostasun juridikoarekin batera, islam suniaren barruko jurisprudentzia tradizional guztiaren oinarria osatzen dute. Xariaren dekretuak oinarrizko iturri horietatik eratortzen dira, arrazoinamendu analogikoaz gain, ongizate publikoaren gogoetaz eta diskrezio juridikoez, lege eskola tradizionalek garatutako jurisprudentzia printzipioak erabiliz. Sinesbide gaietan, tradizio suniak imamaren sei zutabeak defendatzen ditu, eta teologia arrazionalistako «Ax'ari» eta «Maturidi» eskolak barne biltzen ditu, baita teologia tradizionalista izenez ezagutzen den eskola testualista ere. Suni islama ez da tradizioaren ildo koherente bat, baizik eta doktrinen eta posizioen sendotze bat, eztabaida eta idazkien bidez iritsi dena denboraren poderioz.
Sunismoa lau islamiar eskola juridikotan banatuta dago. Suniten dotrina Mahomak irakatsitakoan oinarritzen da, eta suni izena dute sunna testua aintzakotzat hartzen dutelako, xiiek ez bezala.
Terminologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabierazko sunna terminoak jatorri aurreislamikoko sustraiak ditu, eta jarraitzaileen gehiengoak praktikatzen dituen ohiturak deskribatzeko erabiltzen da. Hitzak garrantzi politiko handiagoa eskuratu zuen Uthman ibn Affan-en, hirugarren kalifa sunia, hilketaren ondoren (ca. VII. mendea). Sunnat an-nabī (profetaren sunna) «sunna» laburdura bilakatu zen garaia oraindik ezezaguna da.[8]
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduko erlijio monoteista handienetakoa, 610. urtean sortu zen, Arabian, Gabriel Goiaingeruak Hira mendian Mahomari egindako errebelazioaren bitartez. Errebelazioa aleya deritzen bertsetetan agertzen da; horiek sura deituriko kapitulutan biltzen dira, organikoki Koranaren testu sakratua eratzen dutenak. Mahoma profeta 632an hil zen, eta jarraitzaileak haren haren ondorengoa nor izango zen zalantzan jartzen hasi ziren.
Lehen hiru kalifak Abu Bakr, Omar eta Uthman izan ziren. Azken horren hilketaren ondoren, Ali Ibn Abi Talibek, Mahomaren lehengusu eta suhiak (Ali Fatimarekin, Mahomaren alabarekin, ezkondu zen), eta haren biloben aitak, oinordekotza eskubideak aldarrikatu zituen, eta laugarren kalifatzat (656-661) aukeratu zuten, nahiz eta ez aho batez; Muawiyahren (omeiatarren taldekoa eta Siriako gobernadore) oposizio bortitz batekin topo egin zuen. Bi taldeak Siffineko guduan borrokatu ziren 657an, non Aliren aldekoak garaituak izan ziren, eta Muawiyah kalifa berritzat hartu zuten. Ali 661ean hil zuten, eta haren jarraitzaileek bere semea, Hussein, oinordekotzat onartu zuten; geroago, Kerbalako guduan hil zen (680). Gatazka horrek islamaren barruko bi talde garrantzitsuenak sortu zituen: suniak eta xiiak. Hirugarren talderik garrantzitsuena kharijiak dira.
Musulmanen % 85 ordezkatzen dituzten suniek lehen lau kalifak aukeratu zituzten, «Ongi Gidatuak» izenekoak. Suni izena sunnatik dator, «Ahl as-Sunnah ul-Muhammad wa’l-Jamāah» esamolde arabiarretik, eta Mahomaren jarraibide eta komunitatearen herria esan nahi du. Suniak izena jasotzen dute sunnari ematen dioten garrantziagatik, Mahomari egotzitako eta ahoz transmititutako esaera eta gertakarien bilduma. Bestela esanda, Koranen ez ezik, sunnan ere oinarritzen dira.
Xiiek, musulmanen % 10 inguru, uste dute Ali izan zela Mahomaren ondorengotza lerroaren abiarazlea. Etimologikoki, xii hitza Xiat Ali-tik dator (Aliren alderdia). Xiien ustez, Ali hil ondorengo kalifak usurpatzaileak dira.
Kharijiak uste dute kalifaren duintasuna komunitateak ematen duela; beraz, duinena aukeratu behar du libreki, «esklabo beltza bada ere».
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ohiko akats bat izaten da onartzea islam suniak islam normatibo bat ordezkatzen duela, Mahoma hil eta hurrengo aldian sortu zena, eta sufismoa eta xiismoa islam sunitik garatu zirela[9]. Pertzepzio hori da, neurri batean, lan historiko fidagarri gisa onartu direlako iturri oso ideologikoetan oinarritutakoak, baita musulman gehien-gehienak suniak direlako ere. Egia esan, bai sunismoa zein xiismoa ideologien arteko hainbat mendetako lehiaren emaitza dira. Bi alderdiak erabili izan dira bata besteari beren identitate eta doktrina propioak oinarritzeko[10].
Lehenengo lau kalifak «Raxidun» (Ongi Gidatuak) izenez ezagutzen dira sunien artean. Suniek lehen aipatutako Abu Bakr hartzen dute lehen kalifatzat; Omar, bigarrena; Uthman, hirugarrena, eta Ali, laugarrena[11]. Sunitek hainbat agintari hartu zituzten kalifatzat, baina ez zuten beste inor sartu raxidunen zerrendan Aliren hilketaren ostean; harik eta 1924ko martxoaren 3an, Turkian, konstituzioak kalifatza indargabetu zuen arte.
Kalifatzatik Banu Omeia klanaren monarkia dinastikora trantsizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]632an hil zenerako (62 urte zituela), Mahomak Meka konkistatua zuen, eta Arabiako tribuak elkartuak zituen gobernu erlijioso bakar baten mendean. Mahomak, dagoeneko, Medinako Gutuna proposatua zuen, Medinako tribuen arteko borroka garratzei amaiera emateko sortutako konstituzioa, komunitate musulman, judu eta paganoentzako eskubide eta erantzukizun kopuru bat ezarriz eta guztiak ummaren pean batuz. Mahomaren iraultzak aldaketa sozial ugari eragin zituen, eta gutxi gorabeherako gizarte berdinzale bat sortu zuen. Mahomaren heriotzarekin, komunitate musulmanaren buruzagitza nork hartu behar zueneko eztabaidak hasi ziren. Abu Bakr, Mahomaren lagun mina eta laguna, aukeratu zuten lehen kalifatzat. Abu Bakrren gobernupean, musulmanek tribu arabiarren matxinada bat zapaldu zuten, Ridda Gerrak (Apostasiaren Gerrak) izenez ezagutzen den pasartea. Korana liburu bakar batean bildu zen garai horretan. Abu Bakr 634an hil zen, aukeratua izan eta bi urtera, eta Omar ibn al-Khattab aukeratu zuten bigarren kalifatzat.
Omarrek antzematen zuen moduan, kalifatzatik erresumarako metamorfosiaren haziak ereinda ziren Uthman hirugarren kalifaren erregimenez geroztik. Hark Banu Omeia klaneko kide asko izendatu zituen gobernuko kargu garrantzitsuenetarako, Marwan eta bere anaierdia Al-Walid ibn Uqa barne. Hori izan zen, hain zuzen ere, liskarren zergatia eta Omarren hilketa ekarriko zuen ondorio nagusia, baita, jarraian, Aliren garaian eta Muawiyaren matxinadan (Uthmanen klaneko beste kide bat) piztuko ziren borrokarenak ere. Azken batean, Banu Omeia klanaren esku zegoen botere dinastiko sendo bat ezarri zenean gertatu zen hori guztia, Husain (Alik Fatimarekin izandako seme gazteena) Kerbalako guduan hil ondoren.
Omeiatar klana Mekako eliteen tribua zen, justu Meka konkistatu baino lehentxeago arte Mahomaren aurka gogor egin zuena Abu Sufyanen (Muawiyahren aita) gidaritzapean. Uthman, Mahomaren oinordeko gisa, kalifatzara igo zenean, ondasunak zituztenen eta ez zituztenen artean estratifikatutako gizarte batek ordezkatu zuen Mahomaren iraultzaren ondorioz sortutako gizarte berdinzalea, nepotismoari esker eta, El-Hibriren hitzetan: «karitate erlijiosoko diru-sarrerak (zakat) familiaren interesak babesteko erabili zituelako»[12][13][14].
Laugarren kalifa, Ali, Uthmanen ondorengoa, bizimodu soilari eutsi zion bere erregimen laburreko denboran, eta ahalegin handiz saiatu zen berriro ezartzen Mahomaren mezuan idealizatutako berdintasunezko sistema eta agintariaren gainetiko legearen nagusitasuna, baina etengabeko aurkakotasunarekin eta ondoz ondoko gerrekin egin zuen topo: lehen Aixa[15], Talhah eta Zubair-en arteko aliantzaren aurka; gero, Muawiyaren aurka, eta, azkenik, kharijien aurka. Bere heriotzaren ondoren, jarraitzaileek Hasan ibn Ali (Fatimarekin zuen seme zaharrena) aukeratu zuten ondorengo bezala. Hasanek, ordea, Muawiyahrekin hitzarmen bat sinatu zuen berehala, haren mesedetan botereari uko eginez, beste batzuen artean baldintza bat jarriz: bestea baino gehiago bizirik irauten zuen bietako edozein kalifa izango zela eta kalifa horrek ez zuela oinordekorik izendatuko, baizik eta jendearen esku utziko zuela auzia. Hasan pozoituta hil zen, eta Muawiyahk aurkaririk gabeko boterea lortu zuen. Hasanekin zuen tratatua ohoratu gabe, Yazid semea izendatu zuen ondorengo. Muawiyah hil ondoren, Yazidek bere aliantza eskaintzeko eskatu zion Husaini (Aliren seme eta Mahomaren biloba zen Hasanen anaia gazteari), baina hark uko egin zion. Orduan, Yaziden armadak bere karabana inguratu zuen Kerbalan, eta bertan hil zuten bere lagun guztiekin, guztira 72 lagun. Guduak egun bat iraun zuen, non Yazid subiranotzat ezarri zen; bere heriotzaren ostean, bere dinastiaren aurkako herriaren altxamendu indartsu bat lehertu zen Kerbalako sarraskia mendekatzeko. Banu Omeia klanak, ordea, berehala zapaldu zuen altxamendua, eta mundu musulmana gobernatu zuen, azkenean abbastar kalifatzak kanporatu zituen arte[16][17][18][19].
Kalifatza eta Banu Abbasid klanaren Monarkia Dinastikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Omeiatarren klanaren gobernua eta kalifatza bukatu zen Abbastar klanaren eskuetan erori zenean, Banu Haxim klanaren adar bat, Mahomaren tribua, eta, 750. urtetik aurrera, kalifatza gisa deskribaturiko beste monarkia dinastiko bati hasiera eman zion. Garai hori suni islamaren formakuntza gisa ikusten da, lau eskolen sortzaileek (Abu Hanifa, Malik ibn Anas, Al-Xafi'i[15] eta Ahmad bin Hanbal) guztiak praktikatu zutena , baita Jafar al-Sadiq ere, imamatzaren doktrina landu zuena, xiien pentsamendu erlijiosoaren oinarria. Abbastar kalifatzan, ez zegoen ondorengotza zehazteko formula argirik. Hiltzen ari zen kalifaren bizpahiru seme edo beste senide agertzen ziren tronurako hautagai gisa, bakoitza bere jarraitzaile taldearen babesarekin. Orduan, indar-proba bat gertatzen zen elkarren artean; talderik boteretsuenak irabazten zuen, eta, behin tronura igotzean, sostengatu zutenek kalifaren faborearen zain zeuden. Dinastia horren kalifatza Al-Mamun kalifaren heriotzarekin amaitu zen, 833. urtean, turkiarren menderatze garaia hasi zenean[20].
Islam sunia aro garaikidean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Mundu Gerraren amaieran, Otomandar Inperioa erori zen, sei mendez sunien inperio handiena izan zena, eta horrek markatu zuen kalifatzaren amaiera. Gertaerak sunien protestak eragin zituen leku urrunetan, Indiako Khilafat mugimenduan esaterako, gero (Britainia Handitik independentzia lortu ondoren) sunien mende zegoen Pakistan India sekularretik banandu zuena. Pakistan (sortu zenean biztanle suni gehien zituen estatua), gero, Pakistan eta Bangladesh estatuetan banatu zen. Otomandar kalifatzaren erorketak Saudi Arabiaren sorrera ere ekarri zuen, britainiarren eta Muhammad ibn Abd al-Wahhab wahhabismoaren sortzailearen babesarekin sortutako monarkia dinastiko absolutua[21][22][23][24]. Horren ondoren, wahhabismoa, salafismoa eta jihadismoa sortu ziren, Ibn Taimiyahren[15] (Ahmad bin Hanbalen tradizioen defendatzaile sutsuaren) predikazioen eraginpean. Gerra hotzak eragindako inguruabarrak amaitu ziren Pakistanen errefuxiatu afganistandarren erradikalizatzearen aldeko aldarriekin. Afganistandar errefuxiatuek trebatu eta armatu ziren Afganistanen zeuden SESBeko indarrek babestutako erregimen komunistaren aurka borrokatzeko; horrek talibanak sorrarazi zituen. Talibanek boterea kendu zieten komunistei Afganistanen, eta gobernu osatu zuten Mohammed Omarren gidaritzapean, zeinari «Fededunen emirra» deitu baitzioten, kalifei deitzeko ohorezko modua. Pakistanek eta Saudi Arabiak talibanen erregimena onartu zuten, irailaren 11n Osama bin Ladenek (jaiotzez saudiarra eta talibanek babestua) bultzatutako atentatuak gertatu arte, talibanen aurkako eta terrorismoaren aurkako gerra suertatu arte[25][26][27].
XX. mendeko gertaeren sekuentziak erresumina eragin du sunien komunitateko sektore batzuetan, aurretik sunien mendekoak ziren zenbait eskualdetan nagusitasuna galtzearen ondorioz, hala nola Ekialdean, Mesopotamian, Balkanetan, Ipar Kaukason eta Indiako azpikontinentean[28]. Salafien talde batek kalifa suni bat berrezartzeko egindako azken saiakera, Estatu Islamikoaren talde militantearen sorreran ikusi zen; Abu Bakr al-Baghdadi liderra, izan ere, kalifa eta «Amir-al-maumineen» (Fededunen komandantea) izena ematen diote[29]. Jihadismoa, ordea, komunitate musulmanaren (umma arabieraz) barnealdetik oposizioaren objektu da munduko eskualde guztietan, Estatu Islamikoaren aurkako Londresko biztanleria musulmanaren ia % 2aren protestetan agerian geratzen denez[30].
Ibn Kathir, Muhammad Abduh eta Muhmmad Raxid Ridaren hurbilketa puritanoari jarraituz, gaur egungo tafsi (tratatu exegetiko) askok garrantzia kentzen diote Bibliako (Isra'iliyyat) materialaren aurreko esanahiari. Iruzkin arabiarren erdiek, oro har, «Isra'iliyyat»a gaitzesten dute, eta Turkiako tafsir-ek, berriz, Bibliako materialari erreferentzia partzialak egiteko aukera ematen dute. Hala ere, arabiarrak ez diren iruzkingile gehienek, berriz, alferrikakotzat edo aplikaezintzat jotzen dituzte[31]. Ezin izan zen Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren zuzeneko erreferentziarik aurkitu. Oraindik ez dago argi «Isra'ilyyat»i uko egitea diskurtso politikoak edo pentsamendu tradizionalistak bakarrik eragin duen[31]. «Tafsir'ilmi»ren erabilera egungo tafsir sunien beste ezaugarri nabarmen bat da. Tafsir'ilmia Koranen aurkitutako ustezko mirari zientifikoz ari da. Laburbilduz, ideia da Koranak VII. mendeko autore batek eduki ezingo lituzkeen gaiei buruzko ezagutza duela. Horrelako interpretazioak ezagunak dira iruzkingile askoren artean. Hala ere, zenbait akademikok, Al-Azhar Unibertsitateko iruzkingileek adibidez, errefusatu egiten dute hurbilketa hori, argudiatuz Korana gida erlijiosoarentzako testu bat dela, ez gero gezurta daitezkeen zientzia eta teoria zientifikoentzat; horrela, tafsir'ilmiak faltsukeria gisa interpretatzera eraman lezake Koraneko pasarteak[32]. Interpretazio islamiarraren joera modernoak uste du horiek audientzia modernoari egokitzen zaizkiola eta islama ustezko aldaketetatik garbitzen dutela. Horietako batzuk islamean sartutako nahita egindako hondatzeak direla uste da, haren mezua gutxitzeko eta hondatzeko[31].
Jarraitzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mahoma profetaren bidelagun ziren sahabarrak islamaren transmisore fidelak zirela uste dute suniek, bada, Jainkoak eta Mahomak haren osotasuna onartu baitzuten[33]. Erdi Aroko iturriek haiek madarikatzea edo arbuiatzea ere debekatzen dute. Sinesmen hori tradizio profetikoetan oinarritzen da, hala nola Abdullah ibn Masud-ek kontatutakoa, zeinean Mahomak esaten duen: «Pertsonarik onenak nire belaunaldian daude; gero, atzetik datozenak, eta, ondoren, haien atzetik datozenak»[34]. Suniek diotenez perspektiba horren babesa ere badago Koranen. Beraz, sahaben historiak ere konfiantzaz hartzen dira kontuan fede islamikoa ezagutzeko. Sunien ustez ere, laguntzaileak benetako fededunak ziren, bada, haiei esleitu baitzitzaien Korana biltzeko lana.
Suni islamak ez du hierarkia formalik. Liderrak informalak dira, eta eragina irabazten dute ikerketaren bidez lege islamikoaren (Xaria) edo teologia islamikoaren (Kalam) ikasle bihurtuz. Lidergo erlijioso eta politikoa musulman guztiei irekita dago, printzipioz[35]. Hego Carolinako Columbia Zentro Islamikoaren arabera, adimena eta borondatea duen edonork egin dezake eskola-kide islamikoa. Meskitetako eguneko zerbitzuetan, ostiraletan, kongregazioak ondo hezitako pertsona bat aukeratzen du zerbitzua zuzentzeko, «Jatib» (hitz egiten duena) izenez ezagutzen dena[36].
Pew Research Center-ek 2010ean egindako eta 2011ko[37] urtarrilean argitaratutako ikerketa baten arabera, mila eta seiehun milioi musulman daude munduan, eta horietatik % 85-90 suniak dira[38].
1. Fede-aitortza. Testigantzen aurrean eta bizitzako une nagusietan, fededunak formula hau esan behar du buruz: «Ez dago Jainkorik Jainkoa izan ezik, eta Mahoma da bere profeta». Bestalde, musulmana izateko ez dago iniziazio edo bataio erriturik, fede lanbide hori baino ez da esan behar.
2. Otoitz errituala. Egunean bost aldiz, ordu jakinetan eta Mekara begiratuz, fededunek otoitzarekin Alari zuzendu behar diote. Otoitz bakarra, ostiral eguerdikoa, amankomunean eta meskitan egin behar da. Koranaren surak errezitatzen dira, eta beti «Allah akbar» (Ala handia da) esaera errepikatzen da.
3. Limosna. Limosnak bi modalitate ditu: bat-batean eta askatasunez Jainkoari atsegin emateko egindakoa, eta arauzkoa eta derrigorrezkoa (zakat); horren arabera, musulman guztiek behartsuei eta komunitateari beren errenten eta kapitalaren hamarren bat eman behar diete.
4. Baraualdia ramadanaren hilabetean. Ilargiaren egutegiko bederatzigarren hilabetea da ramadana, eta hilabete horretan hasi zen Koranen errebelazioa. Egunsentitik ilunabarrera arte, fededunek ez dute, ez jan, ez eta edan behar, ezta erre eta sexu-harremanik izan ere.
5. Mekarako erromesaldia. Bizitzan behin gutxienez, nahikoa baliabide duten musulman helduek erromes joan behar dute Mekara eta Meskita Handira; «Harri beltza» edo «Ka'ba»ren aurrean, elkarrekin aditzera eman behar dute.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Sunni Islam - Oxford Islamic Studies Online» www.oxfordislamicstudies.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
- ↑ Braswell, George W., Jr.. (2000). What you need to know about Islam & Muslims. ISBN 0-8054-1829-6. PMC 42428848. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
- ↑ Nasir, Jamal J.. (2009). The status of women under Islamic law and modern Islamic legislation. (3rd ed. rev. and updated work. argitaraldia) Brill ISBN 978-90-474-2620-2. PMC 568651694. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
- ↑ (Ingelesez) Thackrah, John Richard. (2013-09-05). Dictionary of Terrorism. Routledge ISBN 978-1-135-16595-6. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
- ↑ Burton, John. (1994). An introduction to the Ḥadīth. Edinburgh University Press ISBN 0-7486-0435-9. PMC 32115306. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
- ↑ «Sunni Islam». Oxford Islamic Studies (ingelesez). The Oxford Dictionary of Islam. Consultado el 2 de abril de 2020.
- ↑ Esposito, John (2011). What everyone needs to know about Islam (2. edizioa). Oxford University Press, USA. p. 49. ISBN 9780199794133. Consultado el 2 de abril de 2020
- ↑ Ess, Josef van. (2011). Der Eine und das Andere : Beobachtungen an islamischen häresiographischen Texten. Walter de Gruyter ISBN 978-3-11-021578-6. PMC 754713668. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
- ↑ Hughes, Aaron (2013). Muslim Identities: An Introduction to Islam. Columbia University Press. p. 115. ISBN 978-0231531924
- ↑ Hughes, Aaron (2013). Muslim Identities: An Introduction to Islam. Columbia University Press. p. 116. ISBN 978-0231531924
- ↑ Tore Kjeilen. "Lexic Orient.com". Archived from the original on 5 June 2011. Retrieved 5 June 2011
- ↑ El-Hibri, Tayeb (22 October 2010). Parable and Politics in Early Islamic History:The Rashidun Caliphs. New York Chichester West Sussex: A Columbia University Press. p. 526 (kindle). ISBN 978-0231521659
- ↑ Maududi, Abul A'la (July 2000). Khilafat o Malookiat [Caliphate and Monarchistic] (in Urdu). Lahore, Pakistan: Adara Tarjuman-ul-Quran (Private) Ltd, Urdu Bazar, Lahore, Pakistan. pp. 105–153.
- ↑ Hazleton, Lesley (4 September 2009). After the Prophet:The Epic Story of Shia-Sunni Split in Islam. New York, London, Toronto, Sydney, Auckland: Anchor (Doubleday). p. 193 (kindle). ISBN 978-0385523936
- ↑ a b c Euskaltzaindia, 165. araua, Arabieraren alfabetoan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema.
- ↑ (Ingelesez) Irving, Washington. (1859). Lives of the Successors of Mahomet. print. by W. Clowes (Noiz kontsultatua: 2024-07-11).
- ↑ Nadvi, Syed Abul Hasan Ali. Al-Murtaza [The Murtaza] (in Urdu). Karachi Pakistan: Majlis-e-Nashriyat-e-Islam. pp. 218–382
- ↑ Maududi, Abul A'la (July 2000). Khilafat o Malookiat [Caliphate and Monarchistic] (in Urdu). Lahore, Pakistan: Adara Tarjuman-ul-Quran (Private) Ltd, Urdu Bazar, Lahore, Pakistan. p. 90
- ↑ Jafri, Syed Husain Mohammad (976). The Origins and Early Development of Shi'a Islam (Millennium (Series)) (The Millennium (Series).). Karachi: Oxford University Press (First Published By Longman Group Ltd and Librairie du Liban 1979). pp. 108–109. ISBN 978-0195793871
- ↑ Kennedy, Hugh (2016). The Early Abbasid Caliphate: A Political History (Routledge Revivals) 1st Edition. Oxon: Routledge. pp. 15–16. ISBN 978-1138953215
- ↑ Gail Minault, The Khilafat Movement: Religious Symbolism and Political Mobilization in India (1982).
- ↑ (Ingelesez) Rogan, Eugene. (2015-02-26). The Fall of the Ottomans: The Great War in the Middle East, 1914-1920. Penguin Books Limited ISBN 978-0-14-196870-4. (Noiz kontsultatua: 2024-07-11).
- ↑ Ian Harris; Stuart Mews; Paul Morris; John Shepherd (1992). Contemporary Religions: A World Guide. Longman. p. 369. ISBN 978-0582086951
- ↑ Bowen, Wayne H. (2007). The History of Saudi Arabia. Greenwood Press. ISBN 978-0313340123
- ↑ Hitti, Philip K. (1970). History of The Arabs (Tenth ed.). Macmillan Education. pp. 689–741. ISBN 978-0333098714
- ↑ Kepel, Gilles (2003). Jihad: The Trail of Political Islam. Bloomsbury Publishing PLC. ISBN 978-1845112578
- ↑ (Ingelesez) Wiktorowicz, Quintan. (2005-02-16). «A Genealogy of Radical Islam» Studies in Conflict & Terrorism 28 (2): 75–97. doi: . ISSN 1057-610X. (Noiz kontsultatua: 2024-07-11).
- ↑ Minahan, James (2002). Encyclopedia of the Stateless Nations. p. 547
- ↑ (Ingelesez) «Profile: Abu Bakr al-Baghdadi» BBC News 2014-06-11 (Noiz kontsultatua: 2024-07-11).
- ↑ (Ingelesez) «10,000 Muslims to march against terrorism» The Independent 2017-06-16 (Noiz kontsultatua: 2024-07-11).
- ↑ a b c Johanna Pink (2010). Sunnitischer Tafsīr in der modernen islamischen Welt: Akademische Traditionen, Popularisierung und nationalstaatliche Interessen. Brill, ISBN 978-9004185920, pp. 114–116.
- ↑ Johanna Pink (2010). Sunnitischer Tafsīr in der modernen islamischen Welt: Akademische Traditionen, Popularisierung und nationalstaatliche Interessen. Brill, ISBN 978-9004185920, pp. 120–121.
- ↑ Coeli Fitzpatrick Ph.D., Adam Hani Walker Muhammad in History, Thought, and Culture: An Encyclopedia of the Prophet of God [2 volumes] ABC-CLIO, 2014 ISBN 978-1610691789 pp. 106–107
- ↑ Quran 9:100
- ↑ Simone Chambers, Peter Nosco Dissent on Core Beliefs: Religious and Secular Perspectives Cambridge University Press, 2015 ISBN 978-1107101524 p. 138
- ↑ Masjid al-Muslimiin. "Organizational Structure Of Islam". The Islamic Center of Columbia (South Carolina). Archived from the original on 1 October 2008. Retrieved 7 December 2013
- ↑ "Region: Middle East-North Africa". The Future of the Global Muslim Population – Executive Summary. Pew Research Center. 27 January 2011. Archived from the original on 9 March 2013. Retrieved 3 April 2013.
- ↑ Ikus:
- Eastern Europe Russia and Central Asia "some 80% of the worlds Muslims are Sunni"
- "Religions". The World Factbook. Central Intelligence Agency (CIA). Archived from the original on 27 March 2010. Retrieved 25 August 2010.
Sunni Islam accounts for over 75% of the world's Muslim population
- Sue Hellett;U.S. should focus on sanctions against Iran "Sunnis make up over 75 percent of the world's Muslim population"
- Iran, Israel and the United States "Sunni, accounts for over 75% of the Islamic population"
- A dictionary of modern politics "probably 80% of the worlds Muslims are Sunni"
- "Mapping the Global Muslim Population: A Report on the Size and Distribution of the World's Muslim Population". Pew Research Center. 7 October 2009. Archived from the original on 27 August 2010. Retrieved 24 August 2010.
Of the total Muslim population, 10–13% are Shia Muslims and 87–90% are Sunni Muslims.
- "Sunnis and Shia: Islam's ancient schism" BBC News. 4 January 2016. Archived from the original on 9 January 2024. Retrieved 19 January 2024.
The great majority of the world's more than 1.5 billion Muslims are Sunnis - estimates suggest the figure is somewhere between 85% and 90%.
- Grossman, Cathy Lynn (24 September 2007). "Tension between Sunnis, Shiites emerging in USA" USA Today. Archived from the original on 10 December 2011. Retrieved 22 January 2019.
Among the world's estimated 1.4 billion Muslims, about 85% are Sunni and about 15% are Shiite.
- Sunni Islam: Oxford Bibliographies Online Research Guide Sunni Islam is the dominant division of the global Muslim community, and throughout history it has made up a substantial majority (85 to 90 percent) of that community."
Irakurketa gehiago
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ahmed, Khaled. Sectarian war: Pakistan's Sunni-Shia violence and its links to the Middle East (Oxford University Press, 2011).
- Charles River Editors. The History of the Sunni and Shia Split: Understanding the Divisions within Islam (2010) 44pp excerpt; brief introduction.
- Farooqi, Mudassir, Sarwar Mehmood Azhar, and Rubeena Tashfeen. "Jihadist Organizations History and Analysis." Journal of Social, Political, and Economic Studies 43.1/2 (2018): 142–151. online
- Gesink, Indira Falk. Islamic reform and conservatism: Al-Azhar and the evolution of modern Sunni Islam (Tauris Academic Studies, 2010)
- Haddad, Fanar. Understanding 'Sectarianism': Sunni-Shi'a Relations in the Modern Arab World (Oxford UP, 2020).
- Haddad, Fanar. "Anti-Sunnism and anti-Shiism: Minorities, majorities and the question of equivalence." Mediterranean Politics (2020): 1–7 online[Esteka hautsia].
- Halverson, Jeffry. Theology and creed in Sunni Islam: the Muslim Brotherhood, Ash'arism, and political Sunnism (Springer, 2010).
- Hazleton, Lesley. After the prophet: the epic story of the Shia-Sunni split in Islam (Anchor, 2010).
- Kamolnick, Paul. The Al-Qaeda Organization and the Islamic State Organization: History, Doctrine, Modus, Operandi, and US Policy to Degrade and Defeat Terrorism Conducted in the Name of Sunni Islam (Strategic Studies Institute, United States Army War College, 2017) online.
- Khaddour, Kheder. Localism, War, and the Fragmentation of Sunni Islam in Syria (Carnegie Endowment for International Peace., 2019) online.
- McHugo, John. A Concise History of Sunnis and Shi'is (2018) excerpt
- Nuruzzaman, Mohammed. "Conflicts in Sunni Political Islam and Their Implications." Strategic Analysis 41.3 (2017): 285–296 online[Esteka hautsia].
- Nydell, Margaret K. Understanding Arabs: A guide for modern times (3rd ed. Hachette UK, 2018).
- Patler, Nicholas. (2017). From Mecca to Selma: Malcolm X, Islam, and the Journey Into the American Civil Rights Movement. The Islamic Monthly.
- Tezcan, Baki. "The Disenchantment of Sufism, the Rationalization of Sunni Islam, and Early Modernity." Journal of the Ottoman and Turkish Studies Association 7.1 (2020): 67–69 online.
- Wheeler, Branon. Applying the Canon in Islam: The Authorization and Maintenance of Interpretive Reasoning in Ḥanafī Scholarship, SUNY Press, 1996.
Sarean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sunni: Islam, in Encyclopædia Britannica Online, by The Editors of Encyclopædia Britannica, Asma Afsaruddin, Yamini Chauhan, Aakanksha Gaur, Gloria Lotha, Matt Stefon, Noah Tesch and Adam Zeidan