Edukira joan

Su Ta Gar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Su Ta Gar
Su ta Gar taldearen emanaldia, MUren 10. urteurreneko kontzertuan.
Datuak
EzizenakSuta
JatorriaEibar (Gipuzkoa)
 EH
Musika motaHeavy
Thrash Metal
Speed Metal
InstrumentuakAhotsa, Gitarra, Baxua, Bateria
Urteak1987 - gaur egun
Erlazionatutako artistakElbereth Taldea, EH Sukarra
Produkzioa
Diskoetxea(k)Zarata
Esan Ozenki
Gaztelupeko Hotsak
GOR
Jo Ta Ke Ekoizpenak
Taldekideak
Aitor Gorosabel: Ahotsa eta gitarra bakarlaria
Igor Diez: Baxua eta ahotsak
Xabier Bastida: gitarra erritmikoa
Galder Arrillaga:Bateria
Lehengo taldekideak
Borxa Arrillaga: Bateria (1987tik 1995era)
Iban Zugarramurdi: bateria (1996tik 2001era)
Asier Osoro: Baxua eta ahotsak (1987tik 2007ko bukaerara arte)
Igor Oiarbide: Baxua eta ahotsak (2008tik 2009ra)
David Zarzosa: Baxua eta ahotsak (2009tik 2011ra)
Informazio gehigarria
www.sutagar.com
Facebook: SUTAGARofizial Twitter: SUTAGARofizial Badok: su-ta-gar Spotify: 2yn2C3mkaTQ220ZRxWeVUC Last fm: Su ta gar Musicbrainz: ac1380d6-2f84-4956-8100-29a6d0008d49 Songkick: 556758 Discogs: 391932 Allmusic: mn0001438059 Musikasten: su-ta-gar Edit the value on Wikidata

Su Ta Gar euskal musika talde bat da, heavy metal estilokoa. Aitor Gorosabel, Xabi Bastida, Asier Osoro eta Borxa Arrillaga musikariek sortu zuten 1987 aldera, Eibarren (Gipuzkoa); lau fundatzaile haietatik, Gorosabelek eta Bastidak jarraitzen dute. Dagoeneko, estudioko hamahiru disko kaleratu dituzte, eta zuzeneko kontzertuekin osaturiko bortz bideo. Su Ta Gar euskarazko heavy metal musikaren aitzindaritzat jotzen da.[1][2]

Gorosabel (ahotsa, gitarra), Bastida (gitarra), Osoro (baxua) eta Arrillaga (bateria) eibartarrek Ondarroako gaztetxean eman zuten lehenbiziko kontzertua, 1988ko abuztuaren 14an, eta lehen grabaketa euren kontura egin zuten 1989an. Maketa hark arrakasta handia izan zuen taberna nahiz lokaletan eta beraz, bigarren proiektu bati ekin zioten. Bigarren maketak Su Ta Garren lehen diskoa ateratzea ahalbidetu zuen. 1991an kaleratu zuten, Jaiotze basatia izenburuarekin eta bertan daude Su Ta Garren kanta ezagunetariko asko: Jo Ta Ke, Mari, Begira, Ez etsi, David eta Goliath, Zure atzetik, Zure aurrean makurtzen naiz... Disko hura Euskal Herrian ez ezik, Austrian, Suitzan eta Alemanian ere aurkeztu zuten.

1992an, taldeak Esan Ozenki diskoetxea aukeratu zuen bigarren diskoa kaleratzeko. Hortzak Estuturik izenarekin 3. diskoan heavy-a, thrash eta metal estiloarekin nahasi zuten, bizkortasuna, gogortasuna eta aldi berean kantu melodikoak eginez. Lan honek taldea sendo ezagutarazi zuen Euskal Herrian zehar. 1993an taldeak bira bat egin zuen Europan zehar, E.H Sukarrarekin batera. Biraren azken kontzertua Eibarren eman eta More Volumen Tour - Su Ta Gar Zuzenean izenarekin kaleratu zuten VHS formatodun bideoa.

Urte honen irailean berriro estudioan sartu eta Munstro Hilak izeneko 3. lana kaleratu zuten. Disko horretan eboluzioa nabarmena da, erritmoak astunagoak dira, Metallica eta Pantera musika taldeen eraginak argi uzten eta nortasun indarra galdu gabe. Bitxikeria bezala esan behar da "Hortzak Estuturik" eta "Munstro Hilak" lanetan, nabaria dela Aitorren ahotsean aldaketa bat dagoela. Bere ahotsa orain grabeagoa da, lehen tinbrea agudoagoa zelarik.

1995ean Borxak istripua larria eduki zuen taldea utzi behar izan zuen, behintzat agertokietan. Beraz, Galder —Borxaren anaia gaztea— hasi zen bateria-jotzaile lanetan.

Horrela 1996ko maiatzean Sentimenak Jarraituz izeneko 4.diskoa kaleratu zuten. Hamalau kantuko lan honekin batera, lehenengo aldiz, bideoklip bat aterako zuten, diskoari izena ematen dion abestiarekin. Bideoklipak hainbat sari jaso zituen. Musikaren aldetik, "Sentimenak jarraituz" nahiko disko zabala da Rock esparruan, non, bitxikeria gisa, "Errepide hontan galdurik" izeneko Ska abesti bat sartzen duen taldeak.

Lan hau Frantzia eta Espainia aldean aurkeztu ondoren, berriro bateria jole aldaketa egongo da. Orain Iban Zugarramurdik hartuko du baketen ardura. Bateri jole hau, Baldin Bada edota Maixa eta Ixiar taldeetan aritutakoa zen, besteak beste.

1997ko iraila eta urria bitartean Agur jauna gizon txuriari 5.lana kaleratu zuten. Disko honetan thrash metal indartsu eta pisutsua jorratuko zuten gehienbat. Soinu geldoagoa lehenengo diskoekin konparaturik, eta Aitorren ahotsa garratzagoa eta urratuagoa agertzen da. Urte hartako azaroan "Etsaiak" taldearekin batera diskoa Kuban aurkeztu eta abenduan Euskal Herrian aurkeztu zuten.

1998an taldeak Herri Mugimenduaren "Abialdia" ekitaldirako abestia egin zuen, "Abian" izenarekin.

1999ko ekainean jarraitzaileek eskatuta beraien bi maketak berrargitaratu zituzten Su ta gar 1987-1989 izenburupean Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik. CDak kartoizko kutxa darama taldekideen argazki eta PCetarako egokitutako bideo batekin. Bideoa "Jo ta ke" abestiarena da.

Urte bereko uztaila eta iraila bitartean estudioan sartu ziren disko berria grabatzeko asmoz. Azaroaren 8an Gor diskoetxearekin batera Homo_Sapiens? izeneko estudioko 6. lana atera zuten. Lan honetan lehenengo diskoetako freskotasuna berreskuratzen dute, neurri batean, thrash metalarekin nahastuta baina "Agur Jauna gizon txuriari" baino pixka bat azkarrago eta melodikoagoa.

"Homo_Sapiens?" diskoak salmenta kopurua handituko zuen, eta askorentzat taldearen diskorik onenetariko bat da. Zuzenean aurkezteko argi muntaia berezia erabili zuten, horregatik soilik Euskal Herrian aurkezpenak egingo zituzten. Beraien erakustaldia argitaratzeko asmoz, Iholdi Iparraldeko herrian, 2000ko apirilaren 1ean, bideoa grabatu eta "Homo Sapiens Tour 2000" izenarekin argitaratu zuten. Hau diskoetxe berberarekin atera zuten. Zinta honetan azken hiru diskoetako 14 kanta bilduko zituzten, gehigarri gisa maketako "Basamortuetako zalduna" kantua ere sartuko zutelarik.

2000aren bukaeran eta 2001aren hasieran lau kontzertu grabatu ostean, zuzeneko disko bikoitza prestatu eta 2001eko apirilean atera zuten, Jo Ta Ke izenarekin. Oso disko arrakastatsua izan zen, eta toki askotan aurkeztu zuten, jendetza handia bilduta. Disko horretan aurreko sei diskoetako abesti batzuetatik aparte iparraldeko Gaur olerkiak, bihar presoak bilduman argitaratutako "Eromena" abestia ere sartu zuten, gainera, La Polla Recordsen "No somos nada" abestiaren bertsio bat ere, oroigarri gisa. "Jo Ta Ke" aurkezpen bira hasi bezain laster, Iban Zugarramurdik baketak utzi eta haren lekuan Galder Arrillaga sartu zen berriro taldean. Borxaren anaiak gaur arte dihardu taldean.

2002an Su Ta Gar-ek "Gaztea" izeneko abestia argitaratu zuen LP gisa Euskal Herriko Gazte Mugimenduaren egoera zela eta. Hainbat kontzertu egin ondoren, 2003ko apirilean Itsasoz beteriko mugetan 12 abestiko estudioko zazpigarren lana atera zuten. Lan honetan musika gogorra zein lasaiagoa egingo dute. "Agur Jauna gizon txuriari" eta "Homo_sapiens?" diskoko Thrash Metal doinua pixka bat leunduko dute, eta heavy klasikoa zein hard rock-a landuko dute, balada hunkigarri eta toke modernoekin. Aipatzekoa da azken orduan sartu zuten "Zu zara Egunkaria" kantua, Euskaldunon Egunkaria-ren omenezkoa. Bossannova estiloan egin zuten, beren ohiko estilotik urrun. Hedabide horren itxiera salatzeko prestatu zuen Aitorrek, 1993ko ekitaldi baterako.

Aurkezpen kontzertu batzuk bertan behera gelditu ziren, Aitorren eztarriko ebakuntza bat zela kausa. Bestalde, Espainiako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, taldearen hitzetan terrorismoari apologia interpretatu zuen, eta kontzertu batzuen bertan behera geratzea lortu zuen.

2004an Iker Treviño klip ekoizlearekin, "Bizitzaren Borroka" abestiaren inguruko bideoklipa grabatu zuten. Disko berria atera baino lehen hiru urte egon ziren emanaldiak eskaintzen. Nabarmentzekoa da 2005eko Gernikako Metalway jaialdian eman zutena, Saxon bezalako talde ezagunekin. Disko hori izango zen GOR diskoetxearekin argiratuko zuten azkena.

2006ko apirilaren hasieran Jainko Hilen Uhartean izeneko zortzigarren estudioko lana atera zuten. Aldaketa nabarmena da oraindik aurrera diskoetxe propioa sortuko dutela, soilik beraien lanak argitaratzeko. Beraz, diskoa Jo Ta Ke Ekoizpenak izeneko diskoetxe berri batekin editatuta dago.

Horrez gain, Juanma Bajo Ulloa zine zuzendari famatuarekin "Itxaropen Hitza" abestiaren inguruko bideoklip-a grabatu eta diskoan sartu zuten. Klip horrek hainbat sari jaso ditu. Diskoak 11 kanta ditu, non heavy klasikoa, thrash metal-a eta batzuetan nu metal kutsu bat bi abestietan tartekatzen dituzten. Azken lan honetan aspaldiko diskoetako ("Homo_sapiens?" esate baterako) baladen doinu akustikoa berreskuratzen dute bi kantuetan.

Jainko Hilen Uhartean leku askotan aurkeztu zuten; aspaldiko partez Ingalaterrara ere joan ziren. Oraindik taldearen kontrako kanpaina politikoak jarraitzen zuen, eta Madrilgo kontzertu bat bertan behera utzi zuten.

2007ko apirilean Su Ta Gar zuzenean More Volumen Tour bideoa DVD formatuan berrargitaratu zuten, eta bira hartako argazki sorta gehi gazteleraz, frantsesez eta ingelesez egindako azpitituluak sartu zizkioten edizio berrian.

Urte horren abenduan, Durangoko Azokari begira Une iraunkorrak DVDa atera zuten. Han, Jainko Hilen Uhartean birako hiru kontzertuen irudiekin osatutako 75 minutuko kontzertu bat bira, estudioko, zein azken bideoklip-aren grabaketako irudiekin osatuta dago.

Su Ta Garrek 2007an 20 urte bete zituen musika munduan eta horrela ospatu zuten. 2008 urtearen hasieran taldea sortu zenetik izandako baxu-jotzaile, Asier Osorok, taldea utzi eta Drindots erromeria taldean aritutako Igor Oiarbidek hartuko du bere lekua. Horrela Durangoko "Plateruena" antzokian grabaturiko Su Ta Gar 20 urte zuzeneko disko bikoitza kaleratu zuten.

2012an, hainbat baxu jotzaileren aldaketekin estudioko 9. lana kaleratu zuten, Ametsak Pilatzen. Disko hura "Hortzak Estuturik" diskoaren girorantz jota hasierako prologo instrumental batekin hasten da lehen kantua, doinu gogor eta melodikoak falta ezin direlarik.

Gaur egun euskal musikarentzat talde klasiko eta eredugarri bihurtu da Su Ta Gar. Euskaraz egindako rock gogorraren eta heavy metalaren aitzindariak dira. Haien pausoei jarraituz hainbat talde sortu dira, hala nola Latzen, Berri Txarrak, Eraso edota Idi Bihotz.

Su Ta Gar musika taldea Iruñarock jaialdian jotzen, 2023ko martxoaren 31n, Alarma beren azken diskoa aurkezten. Irudian lau taldekideak agertzen dira: Igor Diez, Galder Arrillaga, Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida.

Indar handiko taldea da, eta urteetan ibilbide luze eta zabala du. Aitor Gorosabel, taldeburua, abestiak egitez, ahotsa jartzeaz eta bakar saioez ere arduratzen da.

  • Borxa Arrillaga: bateria eta fundatzailea (1988 - 1995).
  • Iban Zugarramurdi: bateria (1997 - 2001).
  • Asier Osoro: baxua eta fundatzailea (1988 - 2008).
  • Igor Oiarbide: baxua eta koruak (2008 - 2009).
  • David Zarzosa: baxua eta koruak (2009 - 2011).

Estudioko diskoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Jaiotze basatia (Zarata, 1991).
  2. Hortzak estuturik (Esan Ozenki, 1992).
  3. Munstro hilak (Esan Ozenki, 1993).
  4. Sentimenak jarraituz (Esan Ozenki, 1995).
  5. Agur jauna gizon txuriari (Esan Ozenki, 1997).
  6. Homo_Sapiens? (GOR Diskak, 1999).
  7. Su ta Gar 1987-89 (Gaztelupeko Hotsak, 1999).
  8. Itsasoz beteriko mugetan (GOR Diskak, 2003).
  9. Jainko hilen uhartean (Jo Ta Ke Ekoizpenak, 2006).
  10. Ametsak pilatzen (Jo Ta Ke Ekoizpenak, 2011).
  11. Bizirik gaude (Jo eta Ke Ekoizpenak, 2013)
  12. Maitasunari pasioa (Jo Ta Ke Ekoizpenak, 2016)
  13. Alarma (Jo Ta Ke Ekoizpenak, 2022)[3]

Zuzeneko diskoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Jo Ta Ke (GOR Diskak, 2001) *Zuzeneko 2 CD.
  • Su Ta Gar 20 urte (Jo Ta Ke Ekoizpenak, 2009) *Zuzeneko 2 CD
  • Su Ta Gar Antzokietan (Jo Ta Ke Ekoizpenak, 2017)[4] *Zuzeneko 2 CD
  • Su Ta Gar Zuzenean More Volumen tour 93 (VHS, 1993, eta DVD, 2007)
  • Homo sapiens? tour 00 (GOR, VHS, 2000)
  • Une Iraunkorrak (Jo Ta Ke Ekoizpenak, DVD, 2007)
  • Su Ta Gar 20 urte (Jo Ta Ke Ekoizpenak, DVD, 2009)
  • Su Ta Gar Antzokietan (Jo Ta Ke Ekoizpenak, DVD, 2017)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Su ta Gar taldea, euskarazko heavy musikaren aitzindaria» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-04-02).
  2. MusikaZuzenean TB # 215 : Su Ta Gar. (Noiz kontsultatua: 2023-07-27).
  3. «Alarma» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).
  4. «Su Ta Gar antzokietan» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).
  5. Atxikallende, Alex Uriarte. «Bizi osoko abestien iruditegia» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-02).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]