Sophie Chotek
Sophie Chotek | |
---|---|
(1910(e)ko hamarkada) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Stuttgart, 1868ko martxoaren 1a |
Herrialdea | Cisleithania |
Heriotza | Sarajevo, 1914ko ekainaren 28a (46 urte) |
Hobiratze lekua | Artstetten Castle (en) |
Heriotza modua | : bala zauria |
Familia | |
Aita | Bohuslav, Count Chotek of Chotkow and Wognin |
Ama | Wilhelmina Gräfin Kinsky von Wchinitz und Tettau |
Ezkontidea(k) | Franz Ferdinand Austriakoa (1900eko uztailaren 1a - ezezaguna) |
Seme-alabak | |
Haurrideak | |
Leinua | Chotek family (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | lagun egiteko andrea eta argazkilaria |
Sophie Maria Josephine Albina Gräfin Chotek von Chotkowa und Wognin, Hohenbergeko dukesa eta Chotkova eta Wognineko kondesa (Stuttgart, 1868ko martxoaren 1a-Sarajevo,1914ko ekainaren 28a) Austriako tronuaren oinordekoa zen Franz Ferdinand Austriakoaren emazte izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sophie Chotek 1868ko martxoaren 1ean jaio zen Stuttgarten, gaurko Alemanian, Bohemiako familia noble batean. Aita Bohuslaw Chotek, Chotkova eta Wognineko kondea izan zen eta ama, berriz, Wilhelmine Kinsky, Wchinitz eta Tettauko kondesa. Bikoteak heziketa zaindua eman zien bere seme-alabei. Sophie bikotearen laugarren alaba izan zen eta, ama hil zitzaienean, bera arduratu zen etxeaz eta bere senide txikien zainketaz. Gaztaroan, Austriako Federiko artxidukearen emaztea zen Isabelen konpainia dama izan zen.
1888an, senarra izango zuena ezagutu zuen dantzaldi batean, Pragan, eta bikoteak harreman sekretuari ekin zion. Franz Ferdinand familia bisitatzera etortzen zenean, Sophierekin egoteko aprobetxatzen zuen eta familiak Maria Kristina, Federiko artxidukearen alaba zaharrenari (Alfontso XIII.a Espainiakoaren ama) begia bota ote zion susmatzen zuen. Isabel artxidukesak harremanaren berri izan zuenean, Sophie lana uztera behartu eta gortetik egotzi zuen, garaiko gizartean eskandalua azaleratuz.
Frantzisko Josef I.a Austriakoak garbi esan zion Franz Ferdinandi ezingo zuela Sophierekin ezkondu, oinordekoa zenez, errege familia bateko emaztea hartu beharrean baitzen[1].
Sophiek ez zuen baldintza betetzen, baina senargaiak ez zela beste inorekin ezkonduko esan zuen.
Ezkontza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez ziren 1899ra arte ezkondu, Frantzisko Josef I.a Austriakoak ezkontza morganatiko horretarako amore eman zuenean, alegia, baldintza honekin: haien seme-alabek ez zutela austria-hungariar inperioaren oinordetza eskuratuko. 1905ean, Hohenbergeko dukesa titulua eman zioten Sophieri eta Alteza izendapenaz hitz eginen ziitzaiola handik aurrera, beti ere, Austriako artxidukesa baino maila baxuagoan. Hurrengo urteko uztailaren 1ean ezkondu ziren eta ez enperadorea, ezta senargaiaren senideak ere, ez ziren ezteietara joango.
Hiru seme-alaba izan zituzten:
- Sofia Hohenberg-ekoa (1901-1990)
- Maximiliano Hohenberg-ekoa (1902-1962)
- Ernesto Hohenberg-ekoa (1904-1954)
Hilketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1914an, Bosnia-Herzegovina austro-hungariar probintziako gobernadore Oskar Potiorekek bikotea Sarajevon egin behar ziren maniobra militarrak ikustera gonbidatu zuen. Franz Ferdinandi ez zitzaion gauza segurua iruditu, garai hartan nazionalismo bosniarra pil-pilean baitzebilen, baina urtebetetzea zela-eta, senar-emazteak —emaztea ez zen sekula ere joaten— joateko prestatu ziren.
1914ko ekainaren 28an iritsi ziren Sarajevora. Auto irekia zen eta, bisita hasi bezain laster, granada batek egin zuen eztanda ondoko kotxean. Larritasunean, azkar baino azkarrago zuzendu ziren gertuen zegoen erietxera, baina handik gutxira, Gavrilo Princip Esku Beltzeko kide zen terrorista serbobosniarrak tiroka egin zien eraso. Hauxe izango zen Lehen Mundu Gerra piztuko zuen txinparta.
Sophie eta senarra berehalakoan hil ziren. Hauek izan omen ziren Franz Ferdinanden azken hitzak:
« | Sophie, ez zaitez hil; bizi zaitez, gure seme-alabengatik...[2] | » |
Bikotearen gorpuak Artstetten gazteluko kriptan daude, bere omenez eraikitako museoan.
Franz Ferdinand eta Sophieren hiru seme-alabak aitaren lagun batekin hezi ziren, Jaroslaw von Thurn und Hohenstein printzearekin. Gerra bukatu zenean, haien jabetzak Txekoslovakia barruan geratu zirenez, galdu egin zituzten. Vienan egon ziren urte batzuetan, Artstetten gazteluan. Anschlussa gertatu zenean, naziek hiru senideak atxilotu eta Dachauko kontzentrazio-esparrura bidali zituzten: han zazpi urte eman zituzten. Askatasuna lortu ondoren, ezkondu eta seme-alaba ugari izan zituzten, Sophie zenaren oinordeko[3].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz)http://monarquiasdeeuropa.blogspot.com.es/2009/07/condesa-sofia-chotek-princesa-von.html
- ↑ (Gaztelaniaz)[http://dawsr.wordpress.com/2011/06/24/sofia-von-chotek-la-otra-protagonista-del-asesinato-en-sarajevo/
- ↑ (Gaztelaniaz)http://dawsr.wordpress.com/2011/06/24/sofia-von-chotek-la-otra-protagonista-del-asesinato-en-sarajevo/
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sophie Chotek |