Edukira joan

Ska

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ska
Sorrera1950eko hamarkada
SorlekuaKingston, Jamaika
HedapenaHasieran Jamaikan, 1960ko hamarkadan zehar Ingalaterran eta 1980ko hamarkadan zehar mundu osora
InstrumentuakGitarra elektrikoa , baxua, kontrabaxua, tronpeta, tronboia, saxofoia, teklatua eta ahotsa
Azpigeneroak
Rocksteadya, duba, dancehalla eta reggaea

Ska jamaikar jatorriko musika estiloa da, 1950eko hamarkadako sound systemetan sortua.

Ska musika Kingstonen jaio zen, Jamaikako hiriburuan, XX. mendeko 1950eko hamarkadan. Jamaikako hiri handietan, jende asko plazetan elkartzen zen, bertan soundsystemek (DJen antzekoek) jartzen zituzten estatubatuar jazz, soul eta, batez ere rhythm & blues musika motetako kanta berriak entzuteko. Hasieran, furgoneta bat besterik ez zen, musika ekipo zaratatsu batekin. Furgoneta horiek sinbolo batzuk eramaten zituzten, ska musika irudikatzen zituztenak, lauki zuri-beltzekin.

Edward Seaga-k, geroago Jamaikako lehen ministro izan zenak, musika jamaikarra sustatu zuen. 1958an, West Indian Records Limited sortu zuen: bertako artisten musika ekoizten zuten, kanta estatubatuarrak jo zitzaten. Urte horretan bertan, Laurel Aitken-ek lehen grabazioa egin zuen eta handik urte batzuetara, beste artista batzuek ere beren disko-etxeak eratu. 1950eko hamarkadaren amaieran, Kingstongo musikariek hainbat musika mota nahastu zituzten: jazza eta rhythm & bluesarekin esperimentuak egiten hasi ziren, Karibeko musikarekin fusionatuz. Kantak beren gustura onduz, ska sortu zuten.

Ez dago ziur ska izenaren arrazoia: Skatalites taldeko kideek diotenez, horrela deitzen da, Cluet Johnson baxu jotzaileak Love Skavoovie esaten zuelako bere lagunak ikustean; aldiz, Ernest Ranglin gitarra jotzaileak esaten zuenez, hitz horrek gitarrak egiten zuen soinua deskribatzen zuelako. Agian bi ideia horien nahasketa da, Cluet Johnsonek baitzioen hitz horrek onomatopeiaren bidez azaltzen zuen musika horren soinua.

1970eko hamarkadan, jamaikar etorkin rude boy askok Inglaterrara alde egin zuten. Bertan ska punkaren soinu azkarrarekin nahastu zen baina, betiko gisan, beti ere era alai eta dantzagarrian. Handik urte batzuetara, talde ingeles asko oso ezagunak egin ziren: adibidez, The Specials, The Selecter, The Beat, Bad Manners eta Madness. Gero, musika estilo hori azkar-azkar hedatu zen Europa osoan zehar.

Ska taldeok mundu osoan zehar oso ezagunak dira: The Skatalites, Toots and the Maytals, Desmond Dekker, The Beat, The Specials, Madness, The Selecter... Euskal Herrian ere ezagun asko daude: Kortatu, Skalariak, Betagarri, Fermin Muguruza, Ze Esatek!, Hertzainak, Tijuana in Blue, Ska-p... Gaur egun, talde gehienek jaietan kontzertuak ematen dituzte eta lagun askok ondo pasatzeko bakarrik sortzen dute taldea.

Musika-tresnak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ska talde batean maizenik erabilitako musika tresnak honako hauek dira: baxua, gitarra, bateria, saxofoia, tronboia, teklatua eta tronpeta. Zenbait taldek beste musika-tresna batzuk ere darabiltzate: trikitrixa, dultzaina, harmonika, gaita...

Hainbat ska talde

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]