Edukira joan

Serologia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Serologia odol-serumaren ikerketa eta azterketa da, erreakzio immunologikoei dagokienez. Zentzu hertsiagoan, antigeno baten aurkako antigorputzen presentzia hautematen duen odol-analisia ere bada.[1]

Teknika serologiko izenekoen bidez antigeno eta antigorputzen arteko erreakzioak aztertzen ditu serologiak, eskuarki antigorputzak hautemateko [2]. Horrek laguntza handia ematen du immunologia klinikoaren arloan, gaixotasun infekziosoak zuzen diagnostikatzeko. Gizabanako baten odolean mikrobio baten aurkako antigorputzak baldin badaude (teknika serologikoen bidez detektatuak) mikrobio horrek pertsona hori infektatu duelaren seinalea da.

Pertsona baten odol-seruma mikrobio zehatz baten antigenoekin kontaktuan jartzen da gaixotasun infekzioso batzuk diagnostikatzeko. Erreakzioaren agerpenak (aglutinazioa, prezipitazioa...) agerian jartzen du odol-serumean mikrobio horren aurkako antigorputz espezifikoak daudela. Beraz, pertsona horrek mikrobioak eragiten duen patologia du, edo inoiz izan du (gerta daiteke ere pertsona hori infektatuta izan arren asintomatikoa izatea, hots, patologia ez garatzea)

Gizabanako batek mikrobio baten aurkako antigorputzak odolean baldin baditu, infektatuta izan den zantzua da. Infekzioa aspaldian gertatu bazen, antigorputzen kontzentrazioa txikia izan ohi da, eta berria baldin bada kontzentrazioa handiagoa izan ohi da. Halere, antigorputzen kontzentrazioaren neurketa bakar batek gaixoa inoiz infektatuta izan den adieraziko digu soilik [3]. Infekzioa aktiboa den ala ez ikusteko neurketa desberdinak egin beharko dira, eta antigorputzen kontzentrazioa igo egiten dela ziurtatzea (odol-serumaren titulua aztertu beharko da)

Serologiaren aplikazioak anitzak dira: gaixotasun infekziosoak hautemateko, odol taldeak ezagutzeko, gaixotasun autoimmuneak diagnostikatzeko, mikrobio ezezagun bat identifikatzeko....

Teknika serologikoak nabarmen sofistikatu dira azken urteotan. Horietako batzuk dira, esaterako, immunofluoreszentzia, ELISA, immunodifusioa, konplementua finkatzeko proba, etab.


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «serology» Merriam-Webster: Medical Dictionary (Noiz kontsultatua: 2016-05-15).
  2. Ingraham, J. eta Ingraham, C.: Introducción a la Microbiología vol. II, Ed. Reverté (1998), 448-449 orr. ISBN: 84-291-1871-3
  3. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:868 orr.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]