Seneka efektua
Seneka efektua —Senekaren amildegia edo Senekaren kolapsoa izenez ere ezaguna— Ugo Bardik proposatutako eredu matematikoa da, sistema baten gainbehera tasa aurretiko hazkunde tasa baino askoz handiagoa den egoerak deskribatzeko.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2017an, Bardik The Seneca Effect: When Growth is Slow, but Collapse is Rapid («Seneka efektua: hazkundea geldoa denean, baina kolapsoa bizkorra») izeneko liburua argitaratu zuen, Seneka erromatar filosofo eta idazlearen izena hartuta. Izan ere, Senekak idatzi zuenez, «aberastasuna motel hazten da, baina hondamena lasterra da» (Luziliorentzako gutun moralak, 91.6):[1]
« | Edozein egitura, urte askoren segidan eratu dena, lan handi baten kontura, eta jainkoen ontasun handiagatik, egun bakar batean desegiten eta deuseztatzen da. Ez, «egun bat» esan duenak, atzerapen luzeegia eman dio bat-bateko zorigaitzari; ordu bat, une bat, nahikoa da inperioak uzkailtzeko! Kontsolagarri samarra izango litzateke gure izatearen eta gure lanen ahultasunarentzat, baldin eta gauza guztiak sortu bezain mantso galduko balira; baina, izan ere, hobekuntzak hazkunde motelekoak dira, baina porrot egiteko bidea lasterra da. | » |
Luzio Anneo Seneka, Luziliorentzako gutun moralak, 91.6 |
Bardiren liburuak gainbehera azkarreko kasuak aztertu zituen, historian izan diren gizarteen artean (besteak beste, inperioen erorialdiak, finantza krisiak eta gosete handiak), naturan (elur jausiak barne) eta gizakiak egindako sistemetan (objektu metalikoetako arraildurak barne). Bardik ondorioztatu zuen kolapso azkarra ez dela akats bat, baizik eta «askotariko eta nonahiko fenomenoa», hainbat arrazoi eta bide dituena. Sistema bat kolapsatzean, askotan, egitura berri eta egokituagoetarako bidea ireki daiteke.[2] 2019ko liburu batean, Before the Collapse: A Guide to the Other Side of Growth («kolapsoa baino lehen: hazkundearen bestalderako gida») izenekoan, Bardik «Seneka errebotea» deskribatzen du, sistema berriek sistema kolapsatua ordezten dutenean sarritan gertatzen dena, eta askotan aurreko hazkunde tasak baino erritmo azkarragoan, kolapsoak aurreko sistemaren eragozpen edo murrizketa asko kendu baititu.[2]
Seneka efektua eredua Erromako Klubak argitaratutako Hazkundearen mugak 1972ko txostenaren World 3 ereduari lotuta dago.[1][3]
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ereduaren aplikazio praktiko nagusietako bat izan da erregai fosilen hornidura mundu osoan urria izango balitz izango liratekeen emaitzak deskribatzea.[1] Hubberten kurbako erregai fosilen eredu simetrikoan ez bezala, Senekaren amildegiaren ereduak asimetria materiala erakusten du, non erregai fosilen ekoizpena murrizteko tasa orokorra Hubberten kurbak aurreikusitakoa baino askoz handiagoa baita.[4]
Zenbait hamarkadatan hazi ziren enpresen gainbehera lasterra deskribatzeko ere erabili izan da termino hau. Adibidetzat aipatzen da Kodak enpresak 2005etik aurrera izandako gainbehera lasterra, porrot egitera eraman zuena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Ingelesez) «The Seneca Effect» Business Insider 2011-08-03 (Noiz kontsultatua: 2011-01-20).
- ↑ a b (Ingelesez) Ahmed, Nafeez. (2019-11-22). «The Collapse of Civilization May Have Already Begun» Vice (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- ↑ Turner, Graham. Is Global Collapse Imminent?. University of Melbourne, Melbourne Sustainable Society Institute, 2014.
- ↑ Heinrich, Torsten. "Resource Depletion, Growth, Collapse, and the Measurement of Capital." (2014).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Bardi, Ugo. (2011-08-28). «The Seneca effect: why decline is faster than growth» Cassandra Legacy Blog.