Edukira joan

Seigarren Koalizioko Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Seigarren Koalizioaren Gerra» orritik birbideratua)
Seigarren Koalizioko Gerra
Napoleondar Gerrak eta Koalizioaren Gerrak
Data1813ko martxoa – 1814ko maiatza
LekuaEuropa
EmaitzaKoalizioaren garaipena, Fontainebleauko ituna, Parisko Lehen Ituna
Gudulariak
Hasierako koalizioa

Leipzigeko guduaren ostean

Frantzia Frantziako Inperioa

1814ko urtarrila arte


Buruzagiak
Indarra
ggb. 800.000; 1.200.000 Napoleonen aliatuek etsi zutenean ggb. 550.000. Alemaniak etsi ostean 400.000

Seigarren Koalizioko Gerra 1813ko martxoa eta 1814ko maiatza artean Europako potentzia gehienek eginiko gerra izan zen. Alde batetik Austria, Prusia, Errusia, Erresuma Batua, Portugal, Suedia, Espainia eta Alemaniako estatu multzo batek osatutako koalizioak Frantzia garaitu zuen eta Napoleon Bonaparte Elbara deserriratzea lortu zuten. Errusiako frantziar inbasioaren ostean, 1812an, kontinenteko botereek Errusiarekin bat egin zuten, batez ere Erresuma Batua, Portugal eta Frantziarekin ez zeuden Espainiako errebeldeek.

Fontainebleauko Itunaren ondoren, Napoleonek Espainia hartu eta bere anaia Jose Bonaparte boterean jarri zuenean, espainiarrek herri matxinada antifrantsesarekin erantzun zuten eta horrek luze iraungo zuen gerra bati hasiera eman zion (Independentzia Gerra, 1808ko maiatza-1814ko apirila). Horren aurrean, Grande Armée bidali behar izan zuten Espainiara (1808ko azaroan) Napoleon bera buru zutela, matxinada geldiarazi eta jada penintsulan zegoen ingeles armada kanporatzeko.[1]

Egoera hori aprobetxatu zuen Austriak, Britainia Handiarekin batera, Frantziaren aurka beste gerra bat hasteko[oh 3] (Bostgarren Koalizioko Gerra). Napoleonek, armadaren zati batekin batera, Espainiatik alde egin behar izan zuen horien aurka borrokatzeko. Aurrez izandako gerretan baino gehiago kostatu bazitzaion ere, Napoleonek garaitu egin zituen Wagramgo guduan (1809ko uztaila). Hala ere, horrek ez zuen bakea ekarriko, presentzia militarrak eta botereak zuten harreman estua areagotzen zihoala erakutsi baitzuen. Schönbrunngo Itunean (edo Vienako Itunean), 1809ko urria, Austriak 4 milioi biztanle eta itsasorako sarbidea[oh 4] galdu zituen, eta baita Salzburgo eta Galitzia[oh 5] ere. Garaipen horrek eta Iberiar Penintsulako gerraren egonkortzeak Napoleonen inperioaren finkapena ekarri zuten.[1]

Napoleonek 1809an bere emazte zen Josefina utzi eta 1810ean María Luisa Habsburgokoarekin ezkondu zen, bai ondorego bat izateko asmoarekin, bai eta Austria ahalgabetzeko asmoarekin ere. Erabakiak, hala ere, beste hainbat ondorio ekarri zituen: emazte-aukeraketa horrek Napoleonen Inperioa ideia iraultzaileetatik urruntzen zela erakutsi zuen[oh 6] eta horrek eragina izan zuen Inperioaren jarreran. 1810 baino lehen, jada zentralizaziorako joera bazuen ere, gertaera horiek areagotu egin zuten joera hori.[1]

Ezkontzarekin Inperioa nolabait egonkortzea lortu bazuten ere, 1811 hasieratik, Errusiarengandik ekonomikoki eta politikoki urrundu izanak beste ezegonkortasun faktore bat ekarri zuen. Ekonomikoki, Frantziak Britainia Handiari blokeoa[oh 7] ezartzeak Errusiari galera handiak zekarzkion, bi-bien arteko merkataritza eragozten baitzuen. Politikari dagokionez, hainbat gauzak haserrarazi zuten Errusia: frantziar presentzia Varsoviako Dukerri Handian, Errusiak Turkiar Inperioan eragina areagotzeko egindako eskariari Frantziak ezezkoa eman izana eta Frantziak Elizaren Estatuak (Aita Santuen Lurraldeak), Holandako erreinua eta Ipar itsasoko alemaniar lurraldeak anexionatu izana (blokeoa egonkortzeko egin zuten).[1]

Gerrarako prestatzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra hasi arte pasatako hilabeteetan, aliantzak egin zituzten: Frantziak Prusia eta Austriari armada-laguntza inposatu zien (lehenak 20.000 gizon emango zizkion eta bigarrenak 30.000). Errusiak, bestalde, Suedia eta Turkia neutral gera zitezen lortu zuen[oh 8]; hainbat lurralde eman zizkien horretarako.[1]

Ikuspuntu militarrari dagokionez, Frantziak 650.000 gizon inguruko Grande Armée sortzea lortu zuen; hala ere, eragozpenak ekarriko zizkion horrek, armadaren ⅓ besterik ez baitzuten frantziarrek osatzen, eta hain handia zenez gero, zailagoa baitzen tropak mugitu eta guztientzat hornidura izatea. Errusiak, bestalde, armada txikiagoa zuen eta, beraz, beste estrategia bat garatu behar izan zuen.[1]

Gogoan izan behar da Napoleonek Errusia inbaditzea erabaki zuenean, oraindik ez zela Independentzia Gerra amaitu Espainian. Beraz, Niemen ibaia gurutzatu zuenean (1812ko ekainean) bi fronte ireki zituen. Hala ere, Napoleonek uste zuen etsaiak erraz garaitu eta bakea ezarri ahal izango zuela.[2]

Baina, ez zen horrela izan. Izan ere, errusiarrek 一batzuen ustez estrategikoki jokatuz eta beste batzuen ustez beldurragatik一 aurrez aurreko borroka ekidin zuten. Ondorioz, Grande Armée ahulduz joan zen, eta jendea galduz. Baina, ez borrokan hiltzen zirelako, baizik eta  gaixotasunak eta hornidura falta zirela-eta, besteak beste. Errusiara bidean izan zituen galera handienak frantziar armadak.[2]

1812ko irailaren 7an Borodinon izandako guduan errusiarrak erretiratu egin behar izan ziren, eta astebete beranduago Napoleon Moskun sartu zen. Hala ere, Alexandro I. errusiar tsarrak ez zuen amorerik eman eta Napoleonek, bertan jarraitzeko baliabide nahikoak bazituen ere, Frantziara itzultzea erabaki zuen. Armada urriaren 19an atera zen Moskutik eta joatean egindako bide bera jarraitu zuten. Handik gutxira, hotz handia iritsi zen (-25 °C-raino jaitsi zen tenperatura) eta errusiarrak frantziarrei jarraitzen hasi ziren.[2]

Abenduaren 5ean, Vilnara iritsi baino lehen, Napoleonek bere armada utzi eta Parisera itzultzeko beharra izan zuen, bertan Estatu-kolpe bat ematen saiatu zirelako. Astebete beranduago, bere tropek Niemen gurutzatu zuten eta horrekin Errusiako gatazka amaitu zen. Hasierako 650.000 soldaduetatik 100.000 baino ez ziren Errusiatik itzuli, horietatik 35.000 soilik ziren frantsesak eta, gainera, askok armadan jarraitzeko gaitasuna galdu zuten.[2]

Napoleonen porrot horrek Prusiak Errusiaren aurkako borroka bertan behera uztea ekarri zuen, 1812ko abenduaren 30ean, eta estatu neutral bilakatu zen. Are gehiago, Prusiako erregeak aliantza bat sinatu zuen Errusiako tsarrarekin eta 1813ko martxoaren 17an Napoleon garaitzeko deia egin eta armada bat sortu zuen (Landwehr), alemaniar herrialdeen artean gehiegizko arrakastarik izan ez bazuen ere.[2]

Martxorako, frantziarrek alemaniar herrialdeetan utziak zituzten baliabideak eta Elba ibaian euste-lerro bat zuten sortua. Garai horretan Prusiako armadak 80.000 gizon biltzen zituen eta errusiarrenak 65.000. Bestalde, Napoleonek 226.000 gizon elkartzea lortu zuen. Gerraren aldi honetarako, Napoleonek bere estrategia aldatu behar izan zuen; aurkarien jarrera aldatu egin baitzen. Estrategia berri horretan tropa gehiago bidali behar izan zituen, hala nola: komunikazio-lerroak mantendu eta gordetako baliabideak babesteko.[2]

Kanpainaren lehen zatia apirila eta maiatza artean eman zen, eta Napoleonek hainbat garaipen lortu zituen arren, ez ziren erabakigarriak izan. Horregatik, eta bere armadako 90.000 pertsona gaixotu zirelako, Austriarekin abuztura arteko armistizioa[oh 9] sinatu zuen. Aliatuak bakea sinatzen saiatuko dira, baina Napoleonek ez ditu eurek jarritako baldintzak onartuko eta, beraz, gerrara itzuliko dira 1813ko abuztuan. Itzulera horretan, aliatuen armada 500.000 pertsonakoa zen eta frantziarrena 450.000koa. Bi armada horien arteko borroka garrantzitsuenak Saxonian gertatu ziren, eta gudu erabakigarria Leipzigen izan zen urriaren 16tik 19ra. Bertan, aliatuek Napoleon garaitu eta Frantziara itzulirazi zuten. Han, lehen aldiz, Napoleon bere lurraldea babesteko antolatzen hasiko da.[2]

Gerraren amaiera eta Napoleonen beherakada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleonen beherakada bi alditan eman zela esan daiteke. 1813an Alemaniaren aurkako porrotaren ondoren aliatuek bakea eskaini zioten frantziar enperadoreari eta hori izan zen Napoleonek boterean mantentzeko izan zuen azken aukera. Izan ere, ezekoaren aurrean aliatuek Frantzia inbaditzea erabaki zuten. Frantzian egoera kaskarra zen gerrak eragindako ondorioengatik eta, 1813ko amaiera aldera, bertako hainbat erakunde bakearen alde agertu ziren.[2]

Napoleon Elba irlara erbesteratzen.

Napoleonek pentsatu zuen aliatuek ez zutela udaberrira arte erasotuko, baina aliatuek abendua amaitu baino lehen bost armadadun erasoa egin zuten, mugako puntu guztietatik abiatu zirenak. Aliatuen tropen handitasunaren aurrean Napoleonek ez zuen zer eginik izan.[1]

Aliatuek, Castlereagh ministro nagusiak bultzatuta, Frantziaren mugak adostu zituzten 1814ko otsailean, eta Frantzia 1792ko mugetara itzul zedin erabaki zuten. Handik gutxira 一hilabete bat beranduago一 Britainia Handia, Prusia, Errusia eta Austriak aliantza itun bat sinatu zuten. Bertan gauza ugari onartzen bazituzten ere, ez zuten Frantziaren etorkizun ekonomikoaz hitz egiten. Hainbat aukeraren artean, Borboiak berrezartzearen alde egin zuten.[1]

1814an Napoleonek hainbat garaipen izan bazituen ere, ezin izan zuen martxoaren 30ean aliatuek Paris har zezaten ekidin. Apirilaren 3an, Senatuak Napoleon boteretik kendu zuen konstituzioaren aurkako jarrerak leporatuta. Kanpainaren azken borroka Tolosan izan zen apirilaren 10ean. Napoleonek hurrengo egunean abdikatu zuen eta hilabetearen amaierarako Elbako irlan zegoen erbestean.[2]

  1. Varsoviako dukerria estatu gisa Errusia edo Prusiak okupatua izan zen 1813ko maiatzerarte, horregatik poloniar gehienak Napoleonen alde jarri ziren.
  2. Bavaria indarrak nominalki Frantziar Inperioarekin aliatuak izan ziren 1813ko urriaren 8ra arte, aliatuekin batu zirenean
  3. Ez zen Frantziaren aurka egiten zuten lehen gerra, aurrez egondako koalizioak saiatu ziren herrialdea ahultzen.
  4. Itsaso Adriatikoa inguratzen zuten lurraldeak eman behar izan zituzten.
  5. Salzburgo Bavariaren esku geratu zen; Galitzia, berriz, Varsoviako Dukerri Handiak eta Errusiak partekatu zuten.
  6. Habsburgokoa zen Frantziako Iraultzan gillotinaz hil zuten Maria Antonieta, eta familia bereko beste kide bat zetorren haren postua hartzera.
  7. Frantziak Blokeo Kontinentala ezarri zuen Britainia Handian 1803tik 1814ra, azken hori ekonomikoki deuseztatzeko.
  8. Suediaren neutraltasuna 1812ko apirilean. Turkiarena Bucaresteko Itunean, urte bereko maiatzean.
  9. Denbora honetan Britainia Handiaren egitekoa garrantzitsua izan zen. 1813ko ekainean, Wellingtonek Jose I. garaitu zuen Gasteizko guduan eta frantziar armada Frantziara itzuli zen. Halaber, Prusia eta Errusiari 3 milioi libera mailegatu zizkien eta Austria aliantza berrira gehitu zedin lortu zuen. Austria eta Suediarekin batera aliantzaren barruan sartuko da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Canales, Esteban. Guerra y Paz en Europa 1799-1815: La Era Napoleónica. Eudema, 32 or. ISBN 8477541639..
  2. a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) Zurita Aldeguer, Rafael. (2019). europa en la época de Napoleón. SINTESIS, 71-75 or. ISBN 9788491714231..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]