Seamus Heaney
Seamus Heaney (Castledawson, Ipar Irlanda, 1939ko apirilaren 13 – Dublin, 2013ko abuztuaren 30a) irlandar idazlea izan zen, poesia eta saiakera landu zituena. Literaturako Nobel Sariduna izan zen.
Literatura-ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1957an Belfast hirira joan zen, eta Queen’s unibertsitatean ingeles literatura ikasi zuen. Urte batzuk geroago, berriz ere Befastera bueltatu zen, eta 1966 eta 1972 bitartean irakasle gisa jardun zuen. Horren ondoren, literatura izan zuen lanbide bakar. Heaney irlandar katolikoa zen, eta Ulster eskualdeko katoliko eta protestanteen arteko gatazkak asko eragin zion.
1962an bere lehenengo poemak argitaratu zituen, aldizkarietan, Incertus ezizenaz. Belfasteko literatura giroa ezagutu zuen, eta poeta gazteen elkarte bat sortzen lagundu zuen. Garai hartako poesiek Ipar Irlandako herri giroko bere esperientzia pertsonalak biltzen dituzte. Horrelakoak idazteagatik abertzale irlandartzat zeukatela ohartu zenean, Ulsterretik alde egin zuen eta Irlandako Errepublikara joan zen bizitzera familiarekin 1972an, Dublinera hain zuzen[1].
Handik aurrera bere poesia gai unibertsaletara zabaldu zen, eta sinbolismorantz egin zuen, gauza misteriotsu eta anbiguoekiko zeukan lilura agerian jarriz. Heaneyren obretako batzuk pisu handikoak dira poesia unibertsalean: North (1975, Iparra) da haren lanik hoberena, Ulsterri buruzko inpresio sorta bat.
Dublingo Carysfort College ikastetxean 1975 eta 1980 bitartean irakasle gisa aritu zen.
1984an Estatu Batuetako Massachusetts estatuko Harvard unibertsitatean katedra bat bereganatu zuen. Gainera, 1989 eta 1994 artean Ingalaterrako Oxfordeko unibertsitatean olerkigintzako katedratikoa izan zen. 1990ean antzerki lan bat idatzi zuen, The Cure at Troy: A Version of Sophocles Philoctetes, antzinako antzerki lanaren bertsio modernoa, oso harrera ona izan zuena.
1995an Literaturako Nobel Saria irabazi zuen.
1996an Bartzelonan Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala babestu zuten pertsona ospetsuetako bat izan zen.[1]
Lan nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Death of a Naturalist (1966, Naturalista baten heriotza)
- Door into the Dark (1969, Atea ilunpetan)
- Field Work (1979)
- Selected Poems (1980, Olerki hautatuak)
- Preoccupations: Selected Prose (1980, Kezkak: prosa hautatua)
- Station Island (1984)
- The Haw Lantern (1987)
- The Government of the Tongue: Selected Prose 1978-87 (1988)
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- San Kevin eta xoxoa eta Glanmoreko xoxoa poemak (Erlea, 2. zk., 2010; itzultzailea: Patxi Ezkiaga).
- Basaran Pattarra (Pamiela, 2006); itzultzailea: Luigi Anselmi).
- Munduko poesia kaierak: Seamus Heaney (Susa, 2017; itzultzailea: Xabi Borda). Poemen antologia bat.[2][3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Susaeta, Igor. (2013-08-30). «Seamus Heaney idazle irlandarra hil da» Berria.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «Xabi Bordak Seamus Heaneyren poesia euskaratu du Munduko Poesia Kaierak egitasmorako» Urola Kostako Hitza 2017-09-04 (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
- ↑ [|Ugalde Pikabea, Iraitz]. «MPK» Uzta Erradioaktiboa.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Munduko poesia kaierak: Seamus Heaney (bildumaren zuzendari Beñat Sarasolaren hitzaurrearekin)
- Seamus Heaneyri buruzko webgunea (Ingelesez)