Edukira joan

Sarpen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sarketa irudi bat.

Sarpena, sarketa, penetrazioa edo koitoa sexu harreman batean zehar gorputzeko atal bat edo objektu bat (arrunki, zakila) gorputz zulo batean —hala nola: baginan, uzkian, ahoan...— sartzea da. Giza sexualitatean, sarpen mota ohikoena da, bikote heterosexualetan, gizonaren zakila emakumearen baginan sartzea, baina uzkian (uzki-koitoa) edo ahoan (felazioa) ere egin daiteke. Koitoa pertsonen arteko lotura fisikoaz gainera, sexu harremana burutzen duen ekintza da, eta pertsonen arteko amodioaren adierazgarri izaten da. Pertsona batek beste pertsona bati egindako ekintza mingarria ere izan daiteke: gizon batek emakume bat bortxatu duenean, kasu.

Koitoa sexu harreman bateko ekitaldi nabarmengarria izaten da, eta beraren bitartez harremankideek orgasmora heldu nahi izaten dute. Aldi berean, sarpen baginala gizakiek eta sexuaren bitartez ugaltzen diren beste animaliek ugalketarako egin behar duten ekintza da. Animalien kasuan, sarpena estaldura ere deitzen da. Sarpenaren amaieratzat, arrak isuri eta emearen baginan espermatozoideak askatuz, ernalketa gertatzen da, ugalketa-prozesuaren abiapuntu.

Sarpenaren arriskuetako bat da sexu-transmisiozko gaixotasunak hartzea, hala nola HIES eta sifili, batez ere sarpena preserbatiborik gabe egiten bada. Sarpen baginalak, gainera, borondaterik gabeko haurdunaldia ekar dezake, antisorgailurik erabiltzen ez bada. Ordezko aukera gisa, sarpenik gabeko sexu-harremanak izan daitezke, zirritan ibiliz edo sexu-organoak kilikatuz, esaterako.

Sexualitate osoa bezalaxe, koitoaren praktika ere moralak araututako ekintza izaten da gizarte zenbaitetan, erlijioaren debekuek eta kultura-ereduak eraginda. Hartara, tabu eta mito anitz jasaten dituen ekintza da. Adibidez, erlijio askotan koitoa praktikatzen den lehenengo aldia ezkondu ondoren eta senarrarekin izan behar da. Kultura eredu nagusian, bestalde, orgasmoa koitoaz eta bi harremankideek batera lortu behar duten zerbait da, intziri eta gozamen-garrasiak eginez; eta koitoa sexualitate-ekintza gorentzat bultzatzen da.

Sarpen baginala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Andromakaren jarrera: sarpen baginala egiteko moduetako bat, gizona etzana eta emakumea bere gainean.

Sarpen baginalean[1] gizonaren zakila emakumearen baginatik sartzen da. Sexu harreman heterosexualetan gertatzen den sarpen mota ohikoena da, baina felazioa, cunnilingusa eta koito anala ere praktikatzen dira bikote heterosexual batzuetan. Sexu-harremanean sexu-organoen kitzikapena gertatu eta gero ekiten diote harremankideek koitoari. Kitzikapenaz, zakila tente eta gogor jartzen da, bagina barnean aise sartzeko, eta emakumearen baginan lubrifikazioa eta handitzea gertatzen dira, sarpena errazago eta gozagarriago izan dadin. Baginaren azken bi herenak luzatu eta zabaldu egiten dira. Kitzikapena izanez gero, baginaren sarrera aski zabala izaten da zakila poliki sartzeko, baina erosoena emakumeak berak zakila eskutan hartu eta baginan sartzea da.

Koitoan zehar, gizakiaren sexu-erantzun zikloari jarraikiz, gizonaren eta emakumearen kitzikapena handituz joaten da, zakilak baginan aurrera eta atzera eginiko mugimenduengatik eta hurbileko ukitze fisikoarengatik. Askotan, gizonaren isurtze eta orgasmora heldu arte irauten du koitoak. Une horretan, zakila baginatik atera eta koitoa bukatu egiten da, isuri eta gero zakilak bere gogortasuna galdu eta baginak bere egoera normalera itzultzen da. Emakumearen orgasmoa koitoan zehar gerta daiteke, baina emakume askok orgasmora heltzeko klitoria eskuz edo mihiz kitzikatzea behar izaten dute.

Koitoan aritu ondoren, koitoan berriz ere hasi nahi izanez gero, denbora bat behar izaten dute harremankideek, kitzikapen-koito zikloa berriz ere abiarazi ahal izateko. Denbora horri aldi etorgaitz deritzo.

Sarpen baginalerako jarrerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalien artean, sarpen baginala arrak emearen bizkar gainean jarriz izaten da. Gizakien artean, ordea, sarpen baginala egiteko hainbat jarrera dago, hala nola misiolariaren jarrera, koilararen jarrera eta emakumea gainean dagoela. Bikote batek jarrera ezberdinak saia ditzake sexu harreman berean zehar. Jarrera aukeratzeko faktoreak hiru dira: erosotasuna, lekua eta gogoa.

Jarrera bakoitzak bere abantailak era eragozpenak ditu:

  • Emakumea gainean dagoela, hobeto kontrolatzen dira zakilaren mugimenduak baginaren barruan, kitzikapena eta plazera areagotu eta azkenean orgasmora aiseago heltzeko.
  • Misiolariaren jarreran, gizonak kontrolatzen du zakilaren aurreranzko eta atzeranzko mugimendua, eta —neurri batean horrekin batera— isurtzea bera ere bai. Kontuan hartu behar da sarpen baginal hutsaz emakumeak oro har ez direla orgasmora aise heltzen eta beraz, emakumea ere orgasmora heltzea bilatzen bada sexu harremanean, gizonak bere isurtzea kontrolatu behar duela, isuritakoan ezin baita jarraitu ohiko sarpen baginala egiten.

Beste jarrera zenbaitetan, koitoa atzetik egiten da, animalien antzera, emakumea lau hankan jarririk; edo gizona eserita dagoelarik, emakumea belauniko bere gainean (lotoaren jarreran, alegia) jarririk. Koitoa egiteko beste jarrera asko daude; adibidez, Kama Sutra sexualitate-liburu klasikoak koitoa egiteko jarrera-bilduma zabala biltzen du.

Sarpen baginala eta sexualitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koitoa definizioz zakila baginan sartzea bada ere, koitoa giza sexualitatean integratzen den ekintza da batez ere. Ugalketaz harago, amodioz eta elkarren gozamenerako burutzen den ekintza izaten da (prostituzioan edo sexu-bortxaketetan ezik) eta horretarako ez da nahikoa izaten koitoa besterik gabe egitea. Batzuen iritziz amodioa gizakiaren eboluzioaren emaitza den familia modu egokian garatzeko beste tresna ebolutibo bat besterik ez da[2]. Primate-taldeetan ere, elkarri laztantzen denbora luzea pasatzen dutela hauteman da: taldea sendotzeaz gainera, eme bati laztantzen luzaroan aritzen den ar batek berarekin elkartzeko aukera handiagoak izango ditu. Primate zenbait estalketan hasi aurretik elkarri begira denbora bat pasatzen dutela ere hauteman da. Gizakiarengan, koitoa gozagarria izan dadin garrantzitsua da aurretik sexu jolasetan aritzea eta bikotean gutxieneko lotura emozional bat izatea, batez ere emakumeen kasuan. Horrela, koitoa errazteko behar den kitzikapenaz gainera, aurretik emandako musu, besarkada eta kilikapenek koitoaren beraren gozamena handitzen dute. Koitoan zehar ere, zakila bagina barnean gora eta behera mugitzeaz gainera, musu, besarkada, laztan eta bestelako amodio-erakusgarriak izaten dira. Bitartean, klitoriaren kitzikapena funtsezkoa izaten da gozamena izan eta orgasmoa izateko. Koito hutsaz emakumea orgasmora heldu ohi ez bada ere, koitoa sexu-harremanaren funtsezko ekitaldi da beraientzat:

« Heltzeko behar dut klitoria berak laztantzea eta biziki atsegin dut. Hori funtsezkoa da. Baina heldu ondoren sarpenak ematen didan hurkotasuna ere behar dut. »

—Emakume baten testigantza [3]


« Orgasmoa baino garrantzitsuagoa beso eta hankekin beste gizaki bat biltzea da. Bakartasuna ezabatzen eta bizi-sentimendua handitzen laguntzen du. Ez dago hori bezalakorik. »

—Gizon baten testigantza [4]


Hala ere, gizonezkoek euren maskulinitatea baieztatzeko tresnatzat ere hartzen dute koitoa. Izan ere, kulturaz haraindi gizonaren joera ere bada poligamia, ugaztun gehienetan bezalaxe. Hauetan, emearen ugalketa-estrategia ar egokiena aukeratzea bada, arraren estrategia denbora laburrenean ahalik eta eme gehien estaltzea da. Gizonak sexualitate-eredu horri jarraitu ohi dio baita ere, koitoa besterik gabe bilatuz [5].

Lehenengo aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Koitoa gozagarriago izan dadin, amodioa eta amodioaren erakusgarriak, musuak eta laztanak, garrantzitsuak dira.

Kulturaren aldetik, lehenengo aldia noiz eta norekin egin behar den erlijioak eta moralak arautu izan dute historian zehar. Erlijio askotan birjintasun edo garbitasun egoera batetik jaustea dakar lehenengo koitoak. Egun ere pertsonaren bizitza-mugarri garrantzitsutzat jotzen da, aro berri baterako sarbide moduan, baita gizarte moderno eta laikoenetan ere [6].

Horregatik guztiagatik, eta sexu-harremanak tabu gaia izaten dela eta, koitoa praktikatzen den lehenengo aldiari buruzko ezjakintasuna, urduritasuna eta beldurra nagusi izaten dira emakume eta gizonezkoen artean. Zakila sartzean himena zulatu eta ondorioz mina sentitu eta odola isurtzen da batzuetan. Himena haurtzaroan bagina babestu eta infekzioak ekiditeko mintz fina da. Helduaroan, hormona-jarioak bagina infekzioetatik babesten dute eta himen ez da fisiologikoki beharrezkoa. Himena ez da beti koitoaz zulatzen eta kirol praktikatuz, tanpoiak erabiliz edo behatzak baginan sartuz ere zula daiteke, askotan minik sentitu ere egin gabe. Beraz, lehenengo aldiko oinazeagatiko beldurrak funtsik gabekoak dira eta oinazea lehenengo aldiko tentsioak, urduritasunak edo beldurrak berak eragiten du gehienetan, bagina itxi egiten delako egoera horietan. Garrantzitsutzat jotzen da, beraz, sexu-harremanetan poliki joan eta bagina zakila sartzen den lehenengo aldi horretarako prestatzea, sexu-jolasak ugalduz eta aurreko saio zenbaitetan baginan behatz bat edo bi sartuz eta barruan mugituz, himena poliki zabaltzen joatea, inongo tentsiorik gabe zakila sartuko den koitora heldu arte [7]. Hala ere, kultura eta erlijio askotan himenaren osotasunak ezteiak heltzean emakumea birjina eta garbia dela frogatzeko erabili ohi da. Adibidez, islamean ohikoa da ezteien biharamunean emazte gaztearen amak himenaren zulaketak odoleztutako maindireak kalean erakustea, familiaren ohorea frogatzeko [8].

Koito baginala, gozamena eta orgasmoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarpen baginalak kitzikapen handiagoa ekartzen du gizonarengan emakumearengan baino. Zakila baginan sentitzea emakumearentzat gozagarria bada ere, emakumeak klitoriaren kitzikapenaz gozatzen du batik bat koitoan zehar [9]. Koitoa gizonezkoek orgasmoa lortzeko bide naturala edo ohikoena den bitartean, emakumeen 0ek gutxi gorabehera soilik lortzen du orgasmoa sarpen baginal hutsez [10]. Kontuan hatu behar da emakumeak batik bat klitoriaz gozatzen duela eta gehienez ere emakumeen 0ek lortzen dutela orgasmoa koito hutsaz. Hala ere, koitoa lehenesten da sexu-harremanetan eta sexu-praktika nagusitzat jotzen da. Koitoaren nagusitasuna azaltzeko arrazoi zenbait eman dira: sexu-harremanak ugalketarako direlako ustea edota psikologian eragin handia izan duen Sigmund Freudek klitoriaren masturbazioan aritzen ziren emakumeak heldu gabeak direla baieztatzea. Indarrean dagoen patriarkatuak ere koitoa bultzatu du gizonek inposaturiko praktika nagusi moduan, gizonen gozamenerako. Horrela, emakumeak koitoaz gozatzera behartuak izan dira. Emakumeen bagina, ordea, ez dago prest aparteko kitzikapena lortzeko, klitoria bagina-zulotik aparte samar geratzen baita. Arrazoia primateen sailean gizakiek buruturiko eboluzioa da, bi hanka gainean ibiltzearen ondorioz [11]. Sarpen baginalaren gozamenerako presio kulturalak beraien buruarekiko gutxiespena ekarri izan die emakumeei, euren anorgasmia arazo bat zelakoan, baina batzuen iritziz arazo hauek inposaturiko eredu baten onarpenaz besterik ez dira sortzen[12]. Eredu horietan, gizonari ere eskatzen zaio emakumeak koitoan goza dezala. Koito hutsaz gozamen hori iristen ez denean, gizonak ere maiz ikusten du bere burua gutxietsia, ustez behar duen denboraz heltzen ez diolako zakilaren gogortasunari edo behar baino lehenago isurtzen duelako, sexu-harremanetaz gozatzeko ahalmena kenduz horrela[13].

Koito-lerrokatzearen teknikan, gizona zertxobait goratuz zakilaren oinarriak zuzenean kitzikatzen du klitoria (puntu gorria), eskua erabili gabe. Emakumeak hankak gizonaren hanken gainetik jarri behar ditu, mugimenduak emakumeak berak hobeki kontrolatu eta ukipena estuagoa izan dadin.

Nolanahi ere, koitoaz ere lortu ahal izaten dute emakumeek orgasmoa. Horretarako, sarpena egin aurretik, sexu jolasetan aritu behar izaten da, sexu-organoak kitzikatu eta sarpenerako prestatzeko. Koitoan zehar, emakumeak orgasmoa aiseago lortzeko aukera zenbait dago. Sarpena klitoriaren kilikapenaz lagundu daiteke, harremankide den gizonak edo emakumeak berak eginda. Misiolariaren jarreran emakumeak berak klitoria kilikatzea erosoagoa da; sarpena atzetik egiten bada, gizona ere izan daiteke klitoria kitzikatzen duena. Sarpena egin aurretik, klitoria kitzikatu edo cunnilingusa praktikatzea ere emakumeak ondorengo koitoan zehar orgasmoa lortzeko bidea izan daiteke. Kasu askotan, sarpena emakumearen orgasmoarekin bukatzeko emakumeak bultzadatxo bat besterik ez du behar izaten[10]. Sarpenaren beraren iraupenari buruz, sexologoen artean egindako inkesta baten arabera, gozamenerako sarpen egoki baten iraupena 3-7 minutukoa izan beharko litzateke eta desiragarria litzateke 7-13 minutukoa izatea. 1-2 minutukoa laburregitzat jotzen da eta 10-30 minutukoa luzeegitzat [14]. Sarpenean zehar, baginaren luzeraren lehenengo herena emakumearentzat gozagarriagoa dela ere frogatu da, zehatzago aurreko aldean, klitoriaren inguruan eta G puntua kokatzen den gunean [15]. Gozamenerako, baginako atariaz haraindi sarpen sakonak egitea ere gomendatzen da, zakila aurrera eta atzera mugituz. Sarpenarekin batera, eskuak erabili gabe, klitoria kitzikatu eta emakumeak orgasmoa lortzeko koito-lerrokatzearen teknika ere garatu da, non misiolariaren jarrera erabiliz gizona zertxobait gorago jartzen den, zakila nolabait bihurrituz; modu horretan, zakilaren oinarriak klitoria kitzikatu egiten du, emakumearen mugimenduak lagunduta[16].

Koitoa eta ernalketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Artikulu nagusia: «Ernalketa»
Artikulu nagusia: «Antisorgailu»

Koito baginala ernalketa naturalaren lehenengo pausoa izaten da. Ernalketaren ondoren, haurdunaldia garatzen da, normaltasunez bilakatuz gero 38 asteren ondoren haurraren jaiotzarkein bukatuko dena. Koitoan zehar, bagina barruan isurtzea gertatzen denean, zakilak espermatozoideak askatu, hauek igo baginan gora igo eta Falopioren tronpa izenekoetan hilabete horretan askatutako obulua (normalean bakarra izaten da) ernalduko dute. Koitoaren helburu naturala ugalketa da, animalia eta gizakian ere bai. Eboluzioak gizakia animalia sozial moduan garatu eta familian elkartzea ekarri du. Gizakia familia batean hazi beharrak ekarri du koitoak ugalketarako ez ezik, amodioa eta atxikimendua adierazteko ekitaldia izatea. Horrela, pertsona batek bizitzan burutzen dituen koitoak milaka izaten badira ere, ernalketa ekarriko dutenak bakan batzuk besterik ez dira.

Ernalketa eta haurdun geratzea ez da gertatzen sarpen baginala egiten den guztietan. Obuloa emakumearen hilerokoen artean askatzen denean bakarrik ernal daiteke, gutxi gorabehera azken hilerokoa hasi zenetik 14 egunetara, baina egun batzuk lehenago edo beranduago gerta daiteke. Obuloak egun bateko bizitza izaten du. Espermatozoideek, berriz, 5-6 eguneko bizitza izaten dute. Beraz, aldeko egun batean sarpen baginala praktikatu eta isurtzea normaltasunez gertatuz gero, ernalkortasun edo fertilitate arazoak ez dituzten gizon eta emakumeen kasuan ernalketa gertatzeko aukerak handi samarrak dira (Pean zenbatetsi dira).

Askotan koitoa praktikatzea bilatzen da, baina emakumea haurdun geratzeko arriskua ekidinez. Horretarako, praktika daude: erabateko sexu-abstinentzia, sarpen baginala ezik beste sexu-praktikak egitea (felazioa, cunnilingus, ...), ernalketa gerta daitekeen egunetan sarpen baginala ez praktikatzea (egutegi metodoa, alegia), isurtzea gertatu behar denean zakila baginatik erretiratzea edo coitus interruptus. Egutegi metodoa eta coitus interruptus ez dira ernalketa ekiditeko praktika fidagarriak eta metodo antisorgailuak hobesten dira, kondoia esaterako.

Koitoak ernalketa dakarren ekintza dela jakina da kultura gehienetan. Ezaguera orokor hau inguruko animaliak eta abereak behatuz jaso dela pentsatzen da. Antropologo zenbaitek, ordea, Australia eta Melanesiako aborigenek koitoak ernalketa dakarrela ez zekitela jaso zuten XX. mendean. Adibidez, Bronislaw Malinowski antropologoak Trobiand uharteetako aborigenek haurrak amaren arbaso batek sortzen zituela pentsatzen zuten. Haurrak amak izandako amets baten eraginez jaiotzen direlako pentsamendua ere jaso da [17].

Koitoa haurdunaldian zehar

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Sarpen baginala haurdunaldi osoan zehar egin daiteke. Emakumearen sabelaren handitzeak, ordea, koitoa praktikatzeko jarrerak mugatu ditzake: misiolariaren jarrera alde batera utzi eta atzetik egitea izaten da erosoena. Dena den, koitoa ez da praktikatu emakumea erditzear dagoenean, umetokiaren tapoia askatu edo likido amniotikoa askatzen hasi denean. Haurdunaldian zehar, baginako odoljarioak gertatu, haurgaltze edo abortua izateko arriskua dagoenean. Halaber, erditze goiztiarra aurresaten denean, aurreko asteetan koitorik ez praktikatzea aholkatzen da [18].

Koitorako arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Sarpen baginala egiterakoan sortzen diren arazo nagusiak dispareunia, emakumeak koitoan zehar senti dezakeen mina alegia, eta gizonen kasuna, inpotentzia, zakila tente ezin mantendu denean, eta isurketa goiztiarra, gizonak zakila sartu baino lehen eta sartu bezain pronto isurtzea alegia, koitoa etenez horrela. Dispareunia arrazoi psikosexual zein fisikoengatik sor daiteke: baginismoa emakumeak bagina nahi gabe itxi egiten duenean gertatzen da, emakumeak sarpen baginala praktikatzeko beldurra edo urduritasunak edo iraganeko trauma batek eraginda; baginako lubrifikazio eskasak eragin dezake, emakumeak gogorik ez duelarik, gizonak bat batean zakila sartu edo sexu jolasetan behar adina denboran jarduten ez denean; menopausia ondoren ere gutxitu egiten da baginako lubrifikazioa; baginako infekzioak edo baginan antisorgailu kimiko moduan sartutako produktuekiko alergiaren batek ere eragin dezake baginako mina koitoan zehar. Dispareuniarako kausa anatomikoak ere izan daitezke. Sexu-organoekin zuzenean loturik ez dauden gaixotasunek libido edo sexu gogoaren gutxitzea ekarri eta baginako lubrifikazio eskasa ekar dezakete. Dispareunia tratatzen ez bada, gerora koitoan sentitzen den baginako mina areagotzeko arriskua dago, emakumeak beldurrez bagina itxi egingo baitu, baginismo arazo kroniko bat sorraraziz horrela. Emakumearen dispareuniaren kausa fisikoa tratatzeaz gainera, lubrifikatzaile bat gomendatu ohi da kasu hauetarako. Sexu-jolasetan denbora luzeagoan aritu, lubrifikazio hobea izateko, edo besterik gabe sexu-harremanetan koito baginala ez egitea. Gizonak ere mina senti dezake koitoan zehar isuri ondoren: barrabiletako mina, osasun arazo batengatik zein koitoan isuri ez delako ere gerta daitekeena, edo zakilan erremina, infekzio batengatik izan daitekeena.

Gizonen kasuan, isurketa goiztiarra arazo psikosexual bat izaten da, sexualitate lasaiago batez, sexu-jolasekin eta kontrol-ariketak eginez konpondu ohi dena. Inpotentzia edo erekzio edo zakila gogor mantentzeko ezintasunerako zenbait arrazoi daude. Konfiantza eza, beldurra eta bestelako arazo psikosexualak ere izan daitezke inpotentziaren arrazoi. Osasun-arazoak ere izan daitezke kausa. Nolanahi ere, adinak ere badu eraginik, adinarekin batera erekzioak makaldu eta zahartzaroan nekez gertatzen baitira. Inpotentziari aurre egin eta erekzioak izateko ospetsua da gizonengan «Viagra» edo sildenafiloa esaterako.

Koitoa praktikatzeko zailtasunak sortzen dira baita ere, libido edo sexu-gogorik ez dagoenean. Kasu horietan, gogorik ez badago, koitoa praktikatzeko presioa, psikologikoa edo soziala, baztertzea da hoberena eta sexu-harremanak modu atseginago batez hartzea. Sexu-gogoa berpizteko afrodisiako izeneko produktuak daude, emakumezko zein gizonezkoentzat.

Sarpena uzkian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Édouard-Henri Avril artistaren margolan bat, non uzki-koitoa irudikatzen den.
Sakontzeko, irakurri: «Uzki-koito»

Uzki-koitoa[1] ipurtzulo edo uzkitik egiten den sarpena da. Bikote heterosexual zein gizonezo homosexualen arteko harremanetarako aukera bat da, gizartean gizonen arteko homosexualitatearekin lotzen bada ere. Dena den bikote heterosexual askok praktikatzen duten koito mota ere bada [19]. Psikoanalisiaren teoria zenbaitetik sarpen anala pertsonaren garapen psikosexual desegoki batetik sortutako praktika da, beste batzuen ustez praktika hau guztiz normaltzat jotzen bada ere. Erlijio eta zuzenbide zenbaitetan bekatu edo delitutzat jo izan den praktika izan da, sodomia izenpean [20]. Beste kultura batzuetan, birjintasuna atxiki edo ernalketa ekiditeko burutu den praktika izan da. Egungo gizarte modernoetan, harremankideen adostasuna egonez gero, onartu egiten den praktika da, erabateko askatasunez egin daitekeena. Nolanahi ere, kontu handia eskatzen duen praktika da. Uzkia ez dago lubrifikatuta, ez da bagina bezala handitzen kitzikapenarekin eta ondorioz zakilaren sarpenak mina eragin dezake. Aldi berean, uzkian infekzioa eragin dezakeen praktika da eta, hori dela eta, kondoia eta, sarpena errazagoa izan dadin, lubrifikatzaile bat erabiltzea gomendatzen da. Bikote egonkor baten baitan praktikatzen ez bada, ezinbestekotzat jotzen da kondoiaren erabilera . Gainera, uzki-koitoa burutu ondoren ez da komeni koito baginala egitea, osasun-arrazoiengatik[21][22]

Felazio sakona: zakil osoa sartzen da ahoan.
Sakontzeko, irakurri: «Felazio»

Felazioa, herri-hizkeran frantsesa ere deitzen dena, zakila beste pertsona baten ahoan sartzea da. Aho-sexu izeneko praktiken barnean sailkatzen da, cunnilingusarekin batera. Zakila osoa (felazio sakona) edo zati bat bakarrik sar daiteke ahoan. Zati bat bakarrik sartzen denean, harremankidearentzat erosoagoa izateaz gainera, zakila mingainaz edo ezpainekin ere kilika daiteke. Felazioa beste sarpenekin batera egin daiteke: gizonak zakila sarpen baginalerako nahiko gogorra ez duenean kitzikatu eta gogortzeko erabil daiteke, esaterako. Ernalketa ekiditeko sarpen baginala baztertu nahi den kasuetan ere aukera bat da.

Sarpena eta sexu-transmisiozko gaixotasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Artikulu nagusia: «Sexu-transmisiozko gaixotasun»

Sarpen baginala, uzki-koitoa eta felazioa sexu-transmisiozko gaixotasunak kutsatzeko probabilitate handia dakarten praktikak dira, behar bezalako babesik gabe burutzen badira. Zakilaren punta, bagina eta ahoa mukosak dira eta patogenoak izaten dira bertan, koito edo felazioan harremankideari pasa dakizkiokeenak. Sexu-transmisiozko gaixotasunak dira, besteak beste, klamidia, gonorrea, herpesa, B hepatitisa, HIESa, kandidiasia, sifilia eta pubis-zorriak. Gaixotasun hauek arinak izan daitezke (egun batzuetan zehar azalean erremina edo hazkurea eraginez, besterik ez, kandidiasis gaixotasunaren kasuan esaterako) eta oso larriak ere bai (kalmidiak eta gonorreak antzutasuna ekar dezakete emakumeengan). Gaixotasunik jasaten ez duen pertsona batekin koitoa praktikatzeak ez du esan nahi kutsatzeko arriskurik ez dagoenik: pertsona sano batek patogenoa izan dezake bere gorputzean eta koitoan zehar beste pertsonari kutsatu eta gaixotasuna eragin.

Sexu-transmisiozko gaixotasunak neurri batean ekiditeko aholkuen artean hauek daude, besteak beste: koitoa pertsona bakar batekin egitea, sexu harreman informal edo noizbehinkakoetan sarpenetan kondoia erabili edo sarpena ez praktikatzea, gizonak aldiro zakila ongi garbitzea, bagina behar baino gehiago ez garbitzea (patogenoetarako babes-flora baginala suntsitu egiten baita horrela), ugaltze-aparatuan edo inguruko azalean ohikoak ez diren sintomak daudenean sexu-harremanik ez praktikatzea eta sendagilearengana joatea[23].

Beste sarpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zakila ez ezik, atzamarrak eta zenbait objektu ere sar daitezke baginan eta uzkian. Hatzamarren sarpena emakumearen kitzikapena lortzeko erabil daiteke, ondoren zakila aiseago sartzeko. Gizonari zakilari tente jartzen ez zaionean, baginako sarpena egin eta emakumea orgasmora eramateko metodo egokia ere izan daiteke, klitoria kilikatzearekin batera esaterako. Halaber, emakumeek atzamarrak sartu ohi dituzte baginan norberaren masturbaziorako. Felazioa eta sarpen baginala praktikatzen den aldi berean, uzkitik atzamarra sartu ere egiten da. Atzamarra uzkitik sartzarena uzki-koitoaren prestakuntza moduan izaten da [24]. Gizon zein emakumeen uzkian ukabila sartzea ere jaso da[25].

Zakila irudikatzen duten zenbait objektu ere asmatu da sarpena egiteko: kontsolagailua edo dildoa, norberak masturbaziorako edo bikotean erabil daitekeena. Objektu hauek denetariko harremanetan erabil daitezke, berez sarpena egin ezin duten bikote lesbianetan barne. Historian egurrezko eta beste gaietan egindako kontsolagailuak erabili dira. Botilak, azenarioak eta txorizoak ere erabili izan dira kontsolagailu moduan [26][27]. Dildo bibragailuak ere sarri erabiltzen dira eta baita plug izeneko dildo antzekoak, eskua erabili gabe erabil daitezkeenak, eskuak aldi berean klitoria ere kilikatu ahal izateko esaterako. Ben Wa bolatxo txinatarrak ere erabiltzen dira baginan sartuta gozatzeko. Fisiologiaren aldetik, dildoz edo bestelako sexu-jostailu batez lortzen diren orgasmoak zakilaz lortzen direnen berdinak badira ere, hobetsi egiten da bikote batean kontsolagailua sexu-harreman baten baitan osagarri moduan erabiltzea eta ez sexu-harremanak ordezteko.

Objekturik gabe, sarpena irudikatu edo zakila sarpen baginalaren antzera kitzikatzen duten beste praktikak ere badaude: izter arteko sarpena zakila izter artean sartu eta atzera eta aurrera mugitzea da; emakumeak eskuarekin zakila hartu eta sarpen baginala irudika daiteke, zakila inguratuz eta gora eta behera mugituz; edota kubana izeneko praktika non gizonak emakumearen bularren arteko zirrikituan zakila sartu eta igurzten duen isuri arte. Zoofilia edo animalieko sexu-praktikarako joera dutenek sarpenak ere egiten dituzte. Historian zehar, behor, ahuntza eta ardiekiko gizonaren zakil-sarpenak egin izanaren testigantzak daude. Estatu Batuetan granjetan hazitako gizonen ek animaliaren batekin sexua praktikatu dutela jaso du Alfred Kinsey biologoak. Estatu Batuetan jarraituz, gizon homosexualek urtxintxaren antzeko karraskariak komuneko paperaren tututik pasa eta uzkitik sartzearen praktika ere jaso da [28].

Sarpenei buruzko estatistikak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexualitatearen inguruko gaiei buruzko inkesten emaitzen fidagarritasuna eztabaidagarria bada ere[29], sexu harreman eta koitoari buruzko estatistikak egiten dira [30]. 2004 urtean Espainian egindako inkesta baten arabera, 18-49 urteko biztanleriaren �'1 sarpenezko sexu-harremanak egin ditu bere bizitzan zehar (gizonen �,6 eta emakumeen �,4, zehatzago). Lehenengo sexu-harreman osoaren adinari buruz (lehenengo sarpena), gizonezkoetan 18,1 urterekin eta 19,1 urterekin emakumezkoen kasuan, denboran zehar adin behera egiteko joera badago ere.

Koitoa norekin praktikatzen den galderari buruz, 2004 urteko datuen arabera eta Espainiako estatuan betiere, gizonen $,4 eta emakumeen U,6 bizitzan zehar harremankide bakarra izan dutela baieztatu zuten. Emakumeen %4,1 eta gizonen !,6 bizitzan 10 harremankide baino gehiago izan zituztela baieztatu zuten. Guztietatik ",3 azken urtean harremankide bat baino gehiago izan zutela adierazi zuten, portzentaje hau gazteetan askoz ere handiagoa bada ere (3,9 gazteen artean eta ,4 40-49 urteko pertsonen artean). Gizonen ',3ek prostituta batekin harremanak izan zituela esan zuten, azken urtean ordainduta koitoa egin zutenak %6,7 izan ziren, eta horretan ez dago alde adierazgarririk adinari buruz[31].

Sarpen mota bakoitzaren praktikari dagokionean, espainiar estatuko 15-24 urte bitarteko gazteen artean (beraz Hego Euskal Herrikoak barne) 2003 urtean egindako inkesta batean, gazteen sexu-harremanetan izandako sarpen-praktikei buruzko datu hauek jaso ziren:[32]

Sexua Aho-sexua Koito baginala Uzki-koitoa Eskuzko kilikapena
Gizonezkoak % 26,5 % 54,2 % 7,5 % 36,5
Emakumezkoak % 19,7 % 50,5 % 2,7 % 27,9

Sarpena munduko kulturetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko tradizioa: tao eta tantra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tao, Txinan sortua eta tantra, Indian, sexualitatea pertsonaren transzendentziarako erabiltzen duten irakaspenak edo bideak dira. Tao bidea yin eta yang hurrenez hurren printzipio femenino eta maskulinoen arteko mugimendu edo fluxuz azaltzen da. Sexuak ere printzipio horien orekaz jokatu behar du du eta horiei jarraiki transzendentziara hel daiteke.[33]. Taoismoak sexualitatean ezartzen duen praktika adierazgarrienetako bat coitus reservatus edo isurtze-eza. Koitoan isuri gabe, gizona maila gorenera heltzen joaten da, bere osasuna hobetuz hasiera batean eta hilezkortasunera helduz azkenik. Isurketaren kontrol zorrotzaz gainera, koitorako bestelako teknikak ere zehazten dira taoismoaren tradizioan. Tung-hsuan-tzu bilduman, esaten denez:

« Gizona eta emakumea orientazio kosmikoari jarraiki mugitu behar dira, gizonak goitik bultzatuz eta emakumea behetik hartuz. Horrela egiten badute bat, zerua eta lurra orekan daudela esan daiteke. »


Tantrak koitoa praktikatuz pertsona unibertsoaren oreka bere baitan sortzea bilatzen du. Sexualitatearen transzendentzia honek ekialdeko artean eragin nabarmena izan du.

Liburu berean bagina barruan zakil-bultzadak egiteko zenbait modu deskribatzen dira. Adibidez, bultzada mantsoan «amuarekin jolasten duen karpa baten astinduak» egin behar dira; bultzada bizia, berriz, «txoriek haizearen aurka duten hegazkera» bezalako izan behar da. Gainaldeko bultzadak «ontzi bateko arroz-hondarrak mokokokatzen dituen txolarreak» bezala egin behar dira eta bultzada sakonak «ekaitzari aurre egiten dion belaontzi handiaren moduan». Bultzada hauek modu egokian tartekatuz, osasunerako onurak lortzen omen dira, nekerako eta zirkulazio-arazoetarako esaterako.

Indian beranduago, eta taoismoaren eraginpean, sortutako tantra filosofiak sexualitatea argipen edo gorapen izenekora heltzeko bidetzat jotzen du. Sexua errealitate kosmikoa da tantran: mundua, zentzu zabalean, Shakti jainkosaren eta Shiva jainkoaren sexu-harremanak sortzen du, beste kultura askotan kontatzen den antzera. «Tantrika» edo tantra praktikatzen duenarentzat sexualitatea jainkotasunez betetzeko modu bat da. Helburu horretara heltzeko, koitoa edo «maithuna» errituz bete behar da: ardoa edan eta arraina, haragia eta aleak jan behar dira koitoa praktikatu aurretik, afrodisiako moduan; mantra edo otoitzak ere errezitatu behar dira eta meditazioa egin, besteak beste; koitoa geldotasunez burutu behar da isurketa ekiditeko, eta horrela ez balitz isuria kopetan jarri behar da, isurketaren energia berriz ere bereganatzeko. Modu horretan, isurketa-ezak kundalini batasun-energia bat abiarazten du gorputzean, chakra izenekoetara helduz eta gizona betetasunera eramanez. Emakumeak ere heldu behar dira orgasmora, raja edo baginako lubrifikazioaren likidoa askatzeko, eta tantra praktika batzuetan gizonak likido hori edan behar du. Beste alde batetik, tantrarekiko interesa piztu da mendebaldean XX. mendeko bukaera aldera, modu arrakastatsuan gizarte-sektore batzuetan eta sexu-harremanak beste era batera ulertzeko praktika-multzo moduan, baina modu indargabetuan eta mamirik gabeko dibulgazioz askotan[34].

Horrela, tao eta tantra filosofiek koitoa unibertsoaren orekaren islada gisa ulertzen dute, printzipio maskulino eta femeninoen arteko batasun moduan. Sexu-harreman eta koito egokien bitartez, gizakia ere orekara helduko da. Aldi berean, tantra zein tao sexu-tradizioek ekialdeko herrietako sexualitate-praktiketan eragin handia izan dute. Ildo horretatik, ekialdeko tradizioan ugari dira artean eta literaturan sexu-harremanei buruzko gaiak. Esaterako, mendebaldean ospetsua da Kama Sutra bilduma, sexu-harremanei buruzko entziklopedia zabala dena. Bertan, koitoari buruzko aholkuak ere ematen dira. Adibidez, gizonak euren lingam edo zakilen tamainari buruz, erbi, zezen eta zaldi izan daitezke, txikienetik handienera; emakumeak, berriz, euren yoni edo baginaren luzerari buruz oreinak, behorrak edo elefanteak izan daitezke: horrela, Kama Sutraren arabera koitoa parekoen artean izan behar da, erkia oreinarekin, zezena behorrarekin edo zaldia elefantearekin alegia [35].

Koitoa tradizio judu-kristauan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tradizio judu-kristauan, sexualitatea eta koitoa pekatu, heriotza eta Satanasekin lotua izan da. Irudian, Eba, Sugea eta Heriotza margolana. Hans Baldung, circa 1520.

Tradizio judu-kristauan munduaren sorrera azaltzen duen Bibliako Hasiera liburuan bertan agertzen dira koitoari buruzko lehenengo aipamenak: «Hargatik, gizonak bere aita-amak utziko ditu bere emaztearekin elkartzeko, eta (haragi) bat bera izango dira»[36]. Pasarte hori baino lehenago, Jainkoak gizona eta emakumea batera sortu zituela interpretatzen da: «Jainkoak, beraz, bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; ar eta eme egin zituen» [37]. Interpretazio horri jarraiki, tradizio judua biltzen duen Talmud bilduman bi pasarte hauetako emakumeak ezberdinak dira. Gizonarekin batera sortu zen lehenengo emakumea Lilith izan zen eta koitoa egitean, gizona beti gainean jartzen zitzaiolako kexua azaldu eta azkenik Adan lehenengo gizona abandonatu zuena. Lilith emakume menderakaitza da, naturako indarra irudikatzen duena. Ihes eginda, sexu-bizitza nahasia egin zuen, tradizioaren esanetan betiere. Horregatik guztiagatik, Lilith emakume okertzat jo eta Eva sortzen da emakume eredu zuzen gisa [38]. Eva sortu baino lehen, Jainkoak «ezagutzeko ahalmena duen zuhaitzetik» [39] ez jateko ohartarazten dio Adani. Batzuen iritziz, ezagutzeko ahalmena duen zuhaitza sexualitatea da [40]. Hasiera liburuaren kontakizunari jarraiki, sugearen iradokizunez, Evak zuhaitz horretatik fruitua hartu eta Adani ere ematen dio. Fruitua jatearena koitoarekin lotuta dago kultura askotan, baita Biblian bertan ere. Berehala, euren biluztasunaz lotsatu eta Jainkoak zigortu egiten ditu. Zigorraren aurretik Eva da Adani fruitua edo sexua eskaintzen diona, baina zigortzean, Jainkoak «irritsak senarrarengana bultzatuko zaitu, eta hura izango duzu nagusi» [41]. Emakumeak gizonarekiko harremanetan, baita sexualitatean eta koitoan ere, jokatu behar duen rola zehazten da modu horretan [20]. Hilkortasuna ere ezarri zien zigor moduan sexualitatea praktikatu izateagatik [42]. Sexuaren eta heriotzaren arteko lotura Jesusek ere ezarri zuen, ebanjelioan esaten den bezala: «Jesusek erantzun zien: Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizonezko nahiz emakume, ez dira ezkonduko; izan ere, ez daitezke berriro hil, aingeruen antzeko baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero»[43].

Sexualitate askea ukatzen duen oinarri horretatik, anitz dira Itun Zaharrean koitoari buruz agertzen diren debekuak, batez ere Lebitarrenean: koitoak eta isurtzeak kutsadura dakarkiote gizonari [44], adulterioak, abere batekiko sarpena egiteak eta gizonen arteko uzki-koitoak heriotza zigorra dakar eta hilerokoa duen emakume batekin koitoa praktikatzeak herritik bidaltzea dakar zigor moduan [45], besteak beste. Tradizio juduko beste arau nagusi bat, gerora kristautasunak ere bereganatuko zuena, koitoaren helburuari buruzkoa zen: koitoaren mundura haurrak ekartzeko da eta ez plazera izateko[46]. Adulterioa heriotza zigortzen bazuen ere, ez zituen gaitzesten, ordea, ezkontza aurreko sexu-harremanak.

Kristauek ere hasieratik lotu zituzten sexu-harremanak lizunkeriarekin. Jesusek berak, tradizio judua errespetatuz betiere[47], koitoa praktikatzeko modu zuzena matrimonio kristauaren barruan zela nabarmendu zuen, matrimonioa zuzendu behar duen agape edo maitasunarekin batera. Birjintasunaren mitoa ere bereganatu zuten. Laster, kristau-legez kanpoko harreman horiek porneia (grekeraz) edo fornicatio (latinez) terminoetan bildu ziren. Paulo Tartsokoa nabarmendu zen hasieran sexu-harremanak kristau bizitzarako oztopotzat hartzen eta sexu-gogoari eustea zen bere ustez onena, adulterioa edo matrimonioz kanpoko sexu-harremanak hilketa bezain larritzat joaz. [48]. Kristautasunaren zabalkunde eta sendotze politikoarekin batera, dotrina hauek lege bihurtzen joan zen. Erdi Aroan Graziano legegizonak Europa osoan onespen zabala izan zuen Concordia discordantium canonum lege-bilduma (Decretum, labur) osatu zuen, aurreko eliza-legeetan oinarriturik. Bertan matrimoniorako baldintza bi bete behar zirela ezarri zuen: hitzezko konpromezua eta ondorengo consummatio edo ezkontza ondorengo lehenengo koitoa, matrimonioa batasun izpirituzkoa eta fisikoa baitzen batera, bere iritziz. Ezkon-hitza ez zen nahikoa matrimonioa burutzeko, koitorik ez badago; eta koitoa elkarren onespenik gabe ere ez zen nahikoa. Ezkondu ondoren lehenengo koitoa edo consummatioa zen matrimonio sakramentu edo erakunde hautsezin egiten zuena. Legea horrela ezarrita, posible zen gizon bat emakume batekin ezkondu, koitoa ez praktikatu eta bigarren aldiz ezkontzea. Koitoa behin praktikatu eta ondoren sexu-inpotentzia sortzen bazen, matrimonioa ezin zen desegin eta ondorioz, bigarrenez ezin zen ezkondu. Aldi berean, sexu-harremanak naturalak izan behar zirela ezarri zuen, uzki-koitoa eta, behar bada, felazioa ere, gaitzetsiz. Horrela, sexu-delitu hauek ezarri zituen larritasun txikienetik handienera: fornikazioa, matrimonioz kanpoko edozein harreman alegia; adulterioa, matrimonioz kanpoko harremana ezkondua izanik; intzestua, arreba batekin koitoa praktikatzea esaterako; eta naturaren aurkako sexua, uzki-koitoa adibidez [49]. Koitoa gizona emakumearen gainean izanda praktikatzea zen kristau kanonen arabera jarrera naturala eta beste jarrerak makurkeriatzat jotzen ziren.

Egun, Eliza Katolikoak koitoa, edo haren hitzetan sexu-ekintza, sexualitatean integratu beharreko zerbait da, plazer hutsa ekidinez, helburutzat ugalketa duena, maitasunaren baitan eta gizon eta emakumearen artean betiere. Fornikazio izenez ezkontzaz kanpoko koitoak ere gaitzetsi egiten ditu. Prostituzioa, sexu-bortxaketak eta pornografia ere kastitatearen aurkako bidegabekeriatzat jotzen ditu. Uzki-koitoa eta homosexualek egin ditzaketen beste sexu harremanak ere okerrak dira bere esanetan, naturaren aurkakoak eta ugalketa helburu ez dutelako. Koitoaren helburua ugalketa denez, ez dira zuzenak koitoan erabil daitezkeen antisorgailuak, egutegi metodoan eta abstinentzian oinarritutakoak ezik [50].

Pornografia eta koitoaren mitologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Emakumearen sarpen anizkoitzak maiz agertzen dira pornografian. Irudian, baginatik eta uzkitik egiten zaio sarpena, beste batzuetan emakumeak ahotik felazio bat ere egiten dio aldi berean beste gizon bati.

Koitoa, sexu harremanetako ekintza moduan, pornografiaren osagai nagusienetako bat da. Kultura eredu nagusiak babestutako generoetan, koitoa ezkutatu egiten da, amodio-jolasetan ari diren harremankideek koitoari egin behar dioten unean filmetan sekuentzia edo planoa mozten denean adibidez. XX. mendearen bukaeran ugaldu den hardcore pornografian, berriz, sarpenak dira gai nagusi. Koitoen ugaritasuna pornografian narrazio-osagaiaren kaltetarako dela aipatu da. Ildo horretako kritikekin jarraituz, egungo pornografiak koitoak erakuskeriaz azaldu besterik ez ditu egiten zenbaiten iritziz eta horrela sexu-harremanen ikuspuntu murriztailea ematen du: felazioak, koito analak eta baginalak azaltzen dira etengabe, inolako musu, besarkada eta bestelako elkarrenganako amodiozko erakusgarririk gabe. Adierazgarria da, baita ere, txortan agertzen diren pertsonen arteko harremanak, gehienetan ezezagunak edo elkarrekiko atxikimendu eskasa dutenak izaten direla: oso gutxitan agertzen dira bikote egonkor baten baitan izandako koitoak. Koitoa gainera unean uneko sexu-gogo bat asetzeko ekintza moduan agertzen da, bertan dagoen pertsonarekin agertzen dena. Emakumeak gizonaren mendean agertzen diren eszenak ere ugari dira, matxismorako joera nabarmen batez. Koiotan zehar, zakil-astindu bortitzak maiz agertzen dira. Gehienetan, gizonak emozio gutxi erakusten ditu, emakumeak koitoan zehar plazerraren plazerraz intziriak egiten dituen bitartean. Mito hauek, pornografiatik kanpo amodiozko harremanak islatzen dituzten narrazio eta bestelako kultura-produktuetan ere agertzen dira, hala nola koitoan bi harremnakideak beti heltzen direla orgasmora eta batera gainera edo sarpenak ematen duen plazerrak eragindako intziriak. Osagai hauekin guztiekin, sexu-eredu jakin bat taxutzen da, pornografia kontsumitu edo, baita ere, noizean behin ikusten dutenengan, askotan sexu-esperientzia handirik ez duten gazteak barne. Pornografia mota horren arriskua, kritiko batzuen arabera, sexu-eredu horiek errealitatean erreproduzitzea da, sexu-harremana koitoan disolbatuz [51][52]. Beste batzuen iritziz, ordea, pornografiaren erakusketa horiek errealitatea islatu besterik ez dute egiten eta balio hezitzaile garrantzitsua dute, sexu-gaietan kontserbadurismoaren aurka joaz. Azken finean, pornografiak azaltzen dituen koito-andanak plazerra eta gozamena besterik ez du erakusten eta jolasgarri moduan bakarrik hartu behar da[53].

Sarpena eta herri hizkuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ama alabarekin medikuarengana joan eta alabak aluan mina daukala esaten dio medikuari. Medikuak alabaren parteak ikusi eta amari alabak koitoa egin behar duela erantzuten dio. -Egiozu, bada!- amak. -Ni zahartu naiz, ordea; aldameneko mediku gaztearengana eramango dut - medikuak. Harekin joan eta piska batera garrasiak aditzen dira: Segi! Segiiiii!. Amak, orduan, honela esaten dio medikuari: Eskerrak badakigun zer den koitoa, baina bestela txortan ari direla esango genuke!.

Txiste berdeek koitoaren tabua arindu egiten badute ere, koitoaren inguruko mitoak sendotu ere egiten dituzte: emakumearen ezjakintasuna eta gizonaren nagusitasuna, besteak beste.
Iraintzat hartzen den hatz luzea luzatzeak sarpena irudikatzen du.

Sexualitateari buruzko gai guztiak bezala, koitoa tabu gaia izan da gizarte askotan. Tabu horiek gainditzeko, herri kulturak tabu-terminoa eraldatu egin du sarri, tabu-gaia azaldu eta era ezberdinetan agertuz.

Horretarako, estrategia ezberdinak daude: koitoaren kasuan, eufemismoak, disfemismoak eta txisteak daude, besteak beste. Eufemismoa tabu-errealitatearen adierazpen apala da. Adierazpen literala den koito edo sarpenaren ordez, eufemismo hauek erabili izan dira tabua saihesteko: amodioa egin, sexu-ekintza edo lausoa den sexu harreman edo bikotean erabiltzen den jokatu aditza. Disfemismoak, berriz, tabua gutxietsi egiten du, tabuari adierazpen zakarra esleituz, tabuaren errealitatearekin distantzia bat sortuz: txortan egin, gainkatu, zikotu, sakatu, zankatu[54]. Disfemismoak gizarteko hizkuntza-talde jakinetan sortzen dira, hala nola gazteak. Elipsia ere baliabide arrunt bat da: adibidez, «Zer, egingo al dugu?», txortan egin edo larrutan egin adierazpen zakarrak saihestuz. Metaforailtzea jo», adibidez) eta sinonimiakanpoan hustu», coitus interruptus adierazteko, edo «bustitzea», sarpena adierazteko) ere erabiltzen dira [55]. Koitoa tabu izanik, izaera negatiboa hartu eta iraintzat ere hartzen da: adibidez, «joan hadi ipurditik hartzera» esaten denean edo hatz luzea modu jakin batean erakustean [56].

Koitoa ere umore-gai moduan erabili izan da herri kulturan. Herri-literatura osatzen duten txisteetan maiz agertzen den gaia da. «Txiste berde» kategorian bildurik, koitoari buruzko txisteak tabuari aurre egiten zaio, seriotasuna eta transzendentzia kenduz, baina aldi berean koitoaren inguruko mitoak azaldu eta indartu egiten ditu[57].

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak[58] honako eufemismo, esapide eta lokuzio hauek bildu ditu gizakien arteko koitoa izendatzeko (euskara batuko forman emanak):

  • afera egin
  • alua jo
  • apaindu
  • apainka (erauntsi)
  • aparejua egin
  • ari
  • berea egin
  • beste hori egin
  • beste kontua egin
  • bizikletan ibili
  • egin
  • eginkizun egin
  • elkarrekin etzan
  • elkarretaratu
  • elkarri eman
  • elkartu
  • funtzioa egin
  • gainka
  • ibili
  • igo [nork-nori]
  • ikertu
  • jokatu
  • jolas egin
  • kargatu
  • larrua jo
  • larrutan egin
  • maxinan aritu
  • nahikoa egin
  • negozioan ari
  • olgatu
  • potton egin
  • tanka(ka) tiratu
  • tratamenduan egin
  • txakiletan egin
  • txitxinka
  • txolan
  • txorta jo
  • txortan egin
  • txotxokan egin
  • xablatu
  • xikoka(n)
  • xikokan ari
  • xikotu
  • zertu
Koitoa adierazteko esaldia beste hizkuntza batzuetan
Gaztelera follar, joder, hacer el amor (eufemismoa), acto sexual (eufemismoa), echar un polvo, echar un kiki, echar un viaje, coger (Argentinan, Mexikon eta Uruguain), chingar (Mexikon), fornicar, trajinar, triki triki, ñaka ñaka, marcha atrás (coitus interruptus)
Frantsesa faire l'amour (eufemismoa), la chose (eufemismoa), baiser (disfemismoa), niquer (disfemismoa), fourrer (disfemismoa), sauter (disfemismoa), troncher (disfemismoa)
Ingelesa fuck (disfemismoa), make love (eufemismoa), sexual intercourse (sexologia-terminoa), fuck you! (iraintzeko edo gorrotoa adierazteko)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltermek proposaturiko izendapena
  2. (Gaztelaniaz) Elberdin, Luis. La polémica clítoris-vagina. Xenpelar Kulturdenda, 170-176 or..
  3. (Gaztelaniaz) Elberdin, Luis. La polémica clítoris-vagina. Xenpelar Kulturdenda, 214 or..
  4. (Gaztelaniaz) Hite, Shere. (1992). El informe Hite sobre l a sexualidad masculina. , 300 or..
  5. (Gaztelaniaz) Barash, David P.; Lipton, Judith Eve. (2003). El mito de la monogamia. Siglo XXI..
  6. (Gaztelaniaz) Bishop, Clifford. (1996). Sexo y espíritu. Debate, 20-23 or..
  7. (Gaztelaniaz) Elberdin, Luis. (2001). Erosen txokoa. Askabide, 22-23 or...
  8. (Gaztelaniaz) La mujer en el Islam. www.webislam.com..
  9. (Gaztelaniaz) Elberdin, Luis. (2001). Erosen txokoa. Askabide, 190-191 or...
  10. a b (Gaztelaniaz) Hite, Shere. (1976)...
  11. (Gaztelaniaz) Elberdin, Luis. (1999). La polémica clítoris-vagina. Xenpelar Kulturdenda, 57-160 or..
  12. (Gaztelaniaz) Elberdin, Luis. (1999). op. cit.. , 215-223 or..
  13. (Gaztelaniaz) Elberdin, Luis. (1999). op. cit.. , 203-204 or..
  14. (Ingelesez) Corty, Eric W.; Guardiani, Jenay M.. (2008). «Canadian and American Sex Therapists' Perceptions of Normal and Abnormal Ejaculatory Latencies: How Long Should Intercourse Last?» Journal of Sexual Medicine..
  15. (Gaztelaniaz) Rubio Casillas, Alberto; Rodríguez Quintero, César Manuel. Cómo llevar a cabo la técnica de penetración coital  para favorecer la estimulación de la próstata y desencadenar la Eyaculación Femenina . educandoensexualidad.com (Noiz kontsultatua: 2010-05-10)..
  16. (Ingelesez) Pierce, Aaron Paul. (2000). «The Coital Alignment Technique (CAT): An Overview of Studies» Journal of Sex & Marital Therapy (26): 257-268..
  17. (Gaztelaniaz) Bishop, Clifford. (1996). Sexo y espíritu. Debate, 40-44 or..
  18. (Gaztelaniaz) Sexualidad y embarazo. www.elbebe.com (Noiz kontsultatua: 2010-05-19)..
  19. Estatistika zenbaiten arabera, bikote heterosexualen 5ek praktikatzen dutela jaso da.
  20. a b Sodomia edo uzki-koitoaren lehenengo erreferentzia Bibliako Hasiera liburuan hautematen da, emakumearen rola tradizio judu-kristauan ere argi uzten duena: Baina bisitariek oheratu baino lehen, Sodomako gizaseme guztiek, zahar eta gazte, hiritar guztiek, etxea inguratu zuten. Oihuka esan zioten Loti: Non dituk bart etorri zaizkian gizonak? Atera itzak, bortxatu egin nahi dizkiagu eta! Lot atarira irten, bere atzean atea itxi eta esan zien: Arren, anaiok, ez egin horrelako gaiztakeriarik! Hara, baditut oraindik birjina dauden bi alaba. Aterako dizkizuet zeuen gogara erabil ditzazuen. Gizaseme hauek, ordea, ez ukitu, ostatua eta babesa eman baitizkiet, Hasiera, 19-(4-8).
  21. (Gaztelaniaz) Elberdin, Luis. (2001). Erosen txokoa. Askabide, 96-97 or...
  22. (Gaztelaniaz) Flores Colombino, Andrés. (1988). «Parafilias» Cuadernos de Sexología (7)..
  23. (Gaztelaniaz) Enfermedades de transmisión sexual (ETS), FOROAPS Foro de educación y consulta en Atención Primaria de la Salud, 2010-05-25ean kontsultatua.
  24. (Gaztelaniaz) Hite, Shere. (1992). El informe Hite sobre la sexualidad masculina. , 533 or..
  25. (Gaztelaniaz) Potts, Malcolm; Short, Roger. (2001). Historia de la sexualidad desde Adán y Eva. cambridge University Press, 131 or...
  26. (Ingelesez) What else can you masturbate with instead of a dildo?. Answers.com (Noiz kontsultatua: 2010-05-18)..
  27. Bill Clinton Estatu Batuetako presidenteak eta Monica Lewinskyk izan zituzten sexu-harremanetan, Lewinskyk presidentea eta bera zigarro puru batekin aritu zirela deklaratu zuen. Ikus: (Ingelesez) Why I kept that dress, BBC News, 1998-09-24.
  28. (Gaztelaniaz) Potts, Malcolm; Short, Roger. (2001). Historia de la sexualidad desde Adán y Eva. cambridge University Press, 130-131 or..
  29. (Gaztelaniaz) López Cobo, Montserrat. (2006-03). «Encuesta de Salud y Hábitos Sexuales de España» Indice..
  30. INE Espainiako estatistika-erakunde ofizialaren arabera, inkestak egiterakoan sarpen baginal, anal eta felazioak jotzen dira sexu harremantzat.
  31. (Gaztelaniaz) Cifras INE: Salud y hábitos sexuales. 2004-04..
  32. (Gaztelaniaz) «LAS PRÁCTICAS SEXUALES DE LOS ADOLESCENTES Y JÓVENES ESPAÑOLES» Estudios de Juventud (63)..
  33. (Gaztelaniaz) Bishop, Clifford. (1996). Sexo y espíritu. Debate, 130-155 or..
  34. (Gaztelaniaz) «Swami Shankaratilakananda sobre el Tantra» Revista Entre Volcanes 2010-01..
  35. (Gaztelaniaz) II. atala, I. kapitulua: Kind of Union.
  36. Hasiera, 2-24.
  37. Hasiera, 1-27.
  38. (Gaztelaniaz) Juarros, Laura. (2006). «Arquetipos y sexualidad femenina» Revista Frida..
  39. Hasiera, 2-17.
  40. Michelangelok Adam eta Eva irudikatzen dituen margolan batean, Evaren aurpegia Adanen zakiletik oso gertu margotzen du, sugearen begiradapean. Ikus: (Gaztelaniaz) Saavedra, Walter. (2010). «Miguel Angel Buonarroti y el pecado original» Revista Tataykiri (Colegio Oficial de Antropólogos, Lima).. Aldi berean, Hasiera liburuan bertan ere, aurrerago Adanek Eva ezagutu eta haurdun gelditu zela esaten da.
  41. Hasiera, 3-16.
  42. «Zeure bekokiko izerdiz jango duzu ogia, lurrera itzuli arte, handik izan zara hartua eta: hautsa zara eta hautsera itzuliko zara.», Hasiera, 3-19.
  43. Lukas, 20:34.
  44. Lb 15: Gizonezkoaren sexu-kutsadura.
  45. Lb 20: Sexu-harreman debekatuak.
  46. (Ingelesez) Brundage, James A.. Law, sex, and Christian society in medieval Europe. , 52-53 or...
  47. Prostituzioa praktikatzen zuten emakumeekiko atxikimendua erakutsi zuen, ordea.
  48. (Ingelesez) Brundage, James A.. Law, sex, and Christian society in medieval Europe. , 51-76 or..
  49. (Ingelesez) Brundage, James A.. Law, sex, and Christian society in medieval Europe. , 229-255 or..
  50. (Gaztelaniaz) Catecismo de la Iglesia Católica, 2331-2400, Vatikano: Egoitza Santua, 2010-05-26an kontsultatua.
  51. (Ingelesez) Brosius, Hans-Bernd; Weaver III, James B.; Staab, Joachim F. (1993). «Exploring the social and sexual “reality” of contemporary pornography» The Journal of Sex Research..
  52. (Ingelesez) Häggström-Nordin, E; Hanson, U; Tydén, T. (2005). «Associations between pornography consumption and sexual practices among adolescents in Sweden» International Journal of STD & AIDS..
  53. (Ingelesez) Dyer, Richard. (1985). «Male gay porn: Coming to terms» Jump Cut: A Review of Contemporary Media..
  54. Urmeneta, Asisko. Kolokiala=Koloniala (?). www.mendebalde.com (Noiz kontsultatua: 2010-05-27)..
  55. (Gaztelaniaz) Ramírez Vásquez, Neldys María. (2009). «Aspectos Semánticos en la Jerga Estudiantil Universitaria, Sede de Guanacaste» Káñina: Revista de Artes y Letras de la Universidad de Costa Rica.[Betiko hautsitako esteka].
  56. (Gaztelaniaz) Colin Rodea, Marisela. (2003). El insulto: estudio pragmático-textual y representación lexicográfica. Doktorego-tesia: Universitat Pompeu Fabra, 70 or..
  57. Mary Daly feministak Gyn/ecology bere liburuan dioenez: Gizarte falokratikoak sortzen dituen kutsadura guztiak interesatzen zaizkidan arren, liburu hau maila guztietan mito eta hizkuntza patriarkaletik datozen adimen, izpiritu eta gorputzeko kutsaduraz aritzen da batez ere. Maila hauek gramatika-estiloetatik erakargarritasunaren eraketara, erlijio-mitoetatik txiste berdeetara zabaltzen dira .... Ikus: (Ingelesez) Daly, Mary. (1990). Gyn/ecology: the metaethics of radical feminism. ..
  58. Euskaltzaindia. «2297 mapa» Euskararen Herri Hizkeren Atlasa. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: Koito .