Edukira joan

Safaviden dinastia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Safavi dinastia» orritik birbideratua)
Safaviden dinastia
Datuak
Motadinastia eta tribua
HerrialdeaSafaviden Inperioa
Historia
Sorrera1501
Sortzailea
Desagerpena1736

Safaviden dinastia[1] (persieraz: دودمان صفوی‎Dudmān e Safavi; azerbaijaneraz: صفويلر سولاله‌سى Səfəvilər sülaləsi) Irango leinu xiita izan zen, 1501-1736 bitartean herrialdean agindu zuena. Haren ekiteari esker gorpuztu zen Persia modernoa, egungo Iranen aitzindari izan zen estatua, eta sinesmen xiitari esker iraun zuten baturik inperio haren barnean zeuden herriek.

VII. mendetik XIII. mende hasierara arabiarren eta turkiar seljuktarren esku egon zen Persiako lurraldea eta hango herritarrak islamera bihurtu ziren. Persia Inperio Islamiko Unibertsal baten parte izan zen, baina dinastia askoren eragina izan zuen beti.

Safavidak Safi-ad-din Ardabili (1253-1334) xeke kurduaren ondorengoak ziren[2]; haiek lortu zuten leinu turkomanoen eragina deuseztea. Ismail I.a izan zen dinastiaren sortzailea. 1501ean, Azerbaijango xah izendatu zuten, eta hiriburua Tabrizen kokatu zuen; 1510erako Iraketik Khorasanerako eta Bakutik Persiar golkorako lur eremuak beretu zituen inperio berriak.

Otomandarrek Persiari eraso zioten, haien erlijio heretikoaren aitzakia harturik. Eta, horrekin batera, emirerri turkomanoen presioari ere aurre egin behar izan zion Persiak. Ismailen ondorengo Tahmasp I.ak, 1524-1576 bitartean agindu zuenak, turkiarren kontrako borrokan jarraitu zuen, habsburgotarrekin bat eginda; otomandarrek, berriz, hitzarmena sinatu zuten Frantziako errege Frantzisko I.arekin. Otomandarrek askoz ere indar gehiago zutela bistan da, eta horren ondorioz hainbat lurralde galdu zituen Persiak; Irango goi-ordokia baino ez zitzaion gelditu, Bagdad galdu eta 1555ean Amasiako hitzarmena sinatu ondoren.

Persiaren garai oparoena XVII. mendea izan zen, Abbas I.a Handiaren agintaldia (1587-1629); Abbasek, Konstantinoplako bake hitzarmena sinatu ondoren, ipar-ekialderantz zabaldu nahi izan zituen bere inperioaren lurrak. Ingelesen laguntzarekin gudarostea berrantolatu zuen eta erasoari ekin zion: Kandahar hartu zuen, portugaldarrak Ormuztik egotzi zituen eta Bagdad eta Irak kendu zizkien otomandarrei. Abbas I.ak Isfahanen jarri zuen erresumaren hiriburua eta gizartea eta ekonomia eraberritu zituen. Haren ondorengoak ordea, Safi I.a (1629-1642) eta Abbas II.a (1642-1667), oso ahulak izan ziren, eta gortean istilu ugari sortu izanaz baliatu ziren safaviden etsaiak. Horrela, Mahmud Hotak afganiar emirraren esku gelditu zen Isfahan 1722an.

1722an Mahmud Hotak Persiako xahanxah izendatu bazuten ere, Safaviden Inperioaren iparraldeko probintziak Bukharako turkomanoen esku zeuden, errusiarrek aginpidea zuten Kaspiar itsasoaren hegoaldean, eta otomandarren eragina agertu zen berriro Azerbaijan, Armenia eta Mesopotamian. Etsai haiek guztiek ekarritako hondamena zela-eta, Mahmud Hotaken ondorengo Axrafi ez zitzaion turkiarren sultana jaun bakar gisa onartu beste aukerarik gelditu, eta persiarrak sunismora bihurtuko zituela agindu behar izan zuen, orobat. Egoera horri erantzuten lehenak iparraldeko leinuak izan ziren; Nadir buruzagi nomadaren aginduetara, Tahmasp II.a izendatu zuten errege 1729an, afganiarren nagusitasunari uko egin, Azerbaijan, Armenia eta Georgia turkiarren mendekotasunetik askatu eta Errusiak kendu zizkien probintziak berreskuratu ondoren. 1736an Nadir-ek Abbas III.a eraitsi zuen eta bere burua errege izendatu zuen, Nadir Xah izenaz. Era horretan, Safaviden dinastia amaitu eta Afxariden dinastia hasi zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 182. arauaː Dinastien izenak. .
  2. Ebn Bazzaz. Encyclopaedia Iranica, VIII/1, p. 8, iranicaonline.org (Noiz kontsultatua: 2017-3-23).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]