Edukira joan

Rory Williams

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rory Williams
Whoniverse (en) Itzuli
Argitalpena
Ageri den obrak
Interpretatzailea
Datu biografikoak
JaiotzaErresuma Batua
HeriotzaNew York
HerrialdeaErresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuak
Sexuagizonezkoa
Jardueraerizaina
time traveller (en) Itzuli
militarra
Familia
Ezkontidea(k)Amy Pond
Seme-alabak

Rory Williams Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko pertsonaia bat da, Arthur Darvillek antzeztu zuena. Hamaikagarren Doktorearen bidaia-laguna da Amy Pond neskalagunarekin batera[1].

Hirukote horretan urduri sentitzen da uste baitu Amy Pondek Doktorea gehiago maite duela bera baino. Amy eta Rory ezkondu egingo dira eta TARDISean denboran bidaiatzen ari direla Amy haurdun geldituko da. Sortuko den alaba Melody Pond izango da.

Pertsonaiaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arthur Darvillek castinga egin zuenean lehen ataleko bi eszena eta seigarren ataleko bat baino ez zuen jaso, eta zekien gauza bakarra zen Amy Ponden senargaia izango zela[2]. Steven Moffat ekoizleak zalantzarik ez zuen izan Darvill aukeratzerakoan, oso farregarria baitzen. Arthur Darvill gainera Matt Smitzhekin (hamaikagarren Doktorea) lan egina zen Swimming with Sharks antzezlanean.

Amy Pondek haurra zenetik Doktorea izeneko ametsezko lagun bat zuen eta Rory haren itzalean bizi izan zen beti. Rory berez Amytaz erabat maiteminduta dago. Erizaina da, izaeraz beldurtia eta lotsatia, baina Amyrekin ezkontzen denetik aurrera akzio gizona bihurtzen da[3]. Dena dela bikote horretan aginte makila duena Amy da eta Doktoreak berak ere Pond bikotea esaten du Williams bikotea beharrean[4]. Arthur Darvillek ez zekien arren Steven Moffatek hasieratik zuen erabakia TARDISean bikote ezkondu batek bidaiatu behar zuela.

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

"The Eleventh Hour" (2010) atalean aurkezten dira hamaikagarren Doktorea, Amy Pond eta Rory Williams eta aurreko denboraldiko pertsonaia guztiak ordezkatuko dira horrela, Doktorearen aro berri bati hasiera emanez. Ingalaterrako Leadworth herriko ospitaleko erizaina da Rory[5]. Amy Doktorearekin agertzen da eta berehala identifikatzen du haren ametsetako laguna dela. Atraxiek alde egiten dutenean Doktorea TARDISean sartzen da berehala itzuliko esanez, baina bi urte pasatzen dira eta Rory eta Amyren arteko ezkontzaren bezperako gauean azaltzen da, eta Amy TARDISean eramango du, zein egun den jakin gabe. Hainbat abentura pasa ondoren une berera ekarriko du Amy eta Doktorea seduzitzen saiatuko da. Doktoreak atzera egingo du eta Amyk aitortuko dio ezkontza bezperako gaua dela[6]. Doktoreak Rory eta Amy hartu eta 1560. urteko Veneziara eramango ditu. "Amy's Choice" (2020) atalean Loaren atalean bikotearen bi bizitza posible agertuko dira; TARDISean bata eta Ezkonduta eta Amy haurdun dagoena bestea. Ordurate Amyk Doktorearen eta Roryren artean aukera egin beharko duela dirudi, baina bizitza batean Rory hiltzen denean bere buruaz beste egiten du, Rory gabeko bizitzarik nahi ez duelako, eta TARDISeko bizitza aukeratzen du horrela. Hurrengo atalean, "Cold Blood" (2010), siluriarrak ezagutu dituzte eta azken unean siluriar batek Rory hilko du. Ez hori bakarrik, denboraren arrakalak irentsi egingo du eta Amy Rorytaz ahaztu egingo da, Doktorea baino ez da hartaz gogoratuko.

"The Pandorica Opens" (2010) atalean agertuko da berriz Rory, erromatar zenturioi talde baten buru. Haiek ez badakite ere, plastikoz egindako autonak dira, Amyren barreneko oroitzapenetatik sorturikoak, txikitan erromatarren ipuin liburu bat oso gustuko baitzuen[7]. Amy hiltzeko programaturik dago ordea eta Doktorea Pandorica kutxan harrapatzeko ere bai. Amy hilko du, baina Doktoreak Pandorican sar dezala aginduko dio, horrela biziberritu dadin. Amyrekiko duen maitasunaz baliatuz 2.000 urte igaroko ditu Pandorica zaintzen, Amy berriz ikusteko[7]. Pandorica irekitzen denean Amy bizirik dago, River Song ere alboan dago eta Doktorea ere bai. Doktorea Pandorican sartuko da eta lehertu egingo du dena bere onera ekarriz. Rory berriz hezur haragizkoa izango da, baina auton gisa egin duen denboraren oroitzapen guztiak izango ditu[4]. Ezkontza egunean esnatuko dira Doktoreaz erabat ahaztuta. Ezkontza bazkarian ordea River Songek egunerokoa emango dio Amyri, eta beste hainbat detaile kontuan izanda Doktoreaz gogoratuko dira, lehenengo Amy eta gero Rory, eta dei egingo dio Doktoreari. TARDISa agertzuko da bazkaria ospatzen ari den aretoan.

Hurrengo denboraldian hirurek bidaiatuko dute eta tarteka River Song agertuko da. Jakingo dute River Song izatez Melody Pond dela, Amy eta Roryren alaba, TARDISa denboran bidaiatzen ari zela ernaldua, eta beraz Denboraren Jaunen arrasto batzuk baditu, denboran bidaiatzeko gaitasuna eta eraberritzeko energia pixka bat, besteak beste. Jakingo dute halaber haiekin bidaiatzen ari den Amy faltsua dela, autona, hark ez badaki ere. Benetako Amy Madame Kovarianek du bahituta eta askatu egingo dute.

Doktorea konturatzen hasi da Amy eta Rory ezkonduta daudela eta haur baten esperoan daudela, eta bidaiak arrisku handia dutela. Horregatik etxe bat eta auto bat oparitzen die eta gero eta bakanagoak dira haren bisitak.

"Asylum of the Daleks" (2012) atalean ikusten da denbora luzea pasa dela Doktoreak azkenengoz ikusi zituenetik eta Amy eta Rory banatzekotan daude. Azken misio baterako bildu ditu; dalek eroak bizi diren planeta batetara doaz. Dalekek planeta suntsitu nahi dute baina ez dira ausartzen hara sartzen eta Doktoreari laguntza eskatzen diote. Abentura hartan Amy eta Roryk argi hitzegiten dute elkarrekin eta ikusten da elkar asko maite dutela. Planeta hartan Clara Oswald "Soufflearen neska" aurkituko dute eta hark lagunduko die planetatik ateratzen, eta ez hori bakarrik, dalekek Doktorea ahaztu dezaten lortzen du. Clarak ez du lortuko ihes egitea, baina etorkizunean hamaikagarren Doktorearen laguntzailea izango da.

Rory eta Amyren azken agerpena "The Angels Take Manhattan" (2012). Aingeru negartiek New York hiria hartua dute. Atalaren amaieran Rory harrapatuko dute eta 1930. hamarkadako New Yorkera bidaliko dute. Amyk erabakitzen du bizitza Roryrekin igaro nahi duela eta aingeruak harrapa dezan uzten du denboran atzera egiteko. River Songek eta Doktoreak haien bizitza nolakoa zen irakurriko dute liburu batean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «For Doctor Who: Cold Blood viewers only - Den of Geek» web.archive.org 2010-06-02 (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
  2. (Ingelesez) «Arthur Darvill talks 'Doctor Who'» Digital Spy 2010-05-04 (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
  3. «BBC - Press Office - Doctor Who: Arthur Darvill plays Rory Williams» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
  4. a b (Gaztelaniaz) «Rory Williams» Doctor Who Wiki (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
  5. (Ingelesez) Kiyani, Raphael. (2018-08-08). «Doctor Who: Why Leadworth was a great setting» Winter is Coming (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
  6. (Ingelesez) «Doctor Who review: Flesh and Stone» The Telegraph 2010-04-30 (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
  7. a b (Ingelesez) «Rory Williams» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]