Robert McCartney
Robert McCartney (Belfast, 1936ko apirilaren 24a) britainiar abokatu eta politikaria da. Britainia Handiko Alderdi Unionistako buruzagi nagusia izan zen. Zuzenbide-ikasketak egin zituen, bizi zen hirian bertan, Belfasten. Karrera politikoa 1970eko hamarraldian hasi zuen, baina 1980ko hamarraldira arte ez zen nabarmendu, Hiritartasun Berdintasunaren Aldeko Kanpainaren buru izan ondoren, batez ere. Dena dela, 1996an iritsi zen karreraren gailurrera, Britainia Handiko Alderdi Unionistako buruzagi nagusi hautatu baitzuten. Alderdi horrek bi helburu nagusi zituen: batetik, Irlandaren eta Britainia Handiaren arteko legeria-osotasuna lortzea; bestetik, Ipar Irlandak eta Britainia Handiko gainerako estatuek elkarren arteko harremanak estutzea. Mc Cartneyk, Ipar Irlandako unionista protestanteen interesen ordezkari konbentzituak, boikota egin zion bake-prozesuari, Sinn Fein alderdia negoziazio-mahaira eseri zen unean eta IRA erakunde armatuak su-etena deitu ondoren, zalantza handiak baitzituzten IRAren beso politikoak bere gain har zezakeen konpromiso-mailaz. Dena dela, negoziazio-prozesuaren azken fasean, eragozpen gutxiago jarri zituzten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.