Rastafari mugimendua
Rastafari mugimendua 1930. urtean Jamaikan sortu zen mugimendu erlijiosoa da. Haile Selassie du jainko handiena: komunitate beltzaren aspirazio sozial eta politikoak gauzatzeko, Marcus Mosiah Garveyren ikasbide publizista eta antolatzaileari darraio; kontuak kontu, profetatzat hartua bada ere, hark ez zuen inoiz bere burua mugimendu horrekin identifikatu.
Ia 1.000.000 bat rastafari zeuden 2000. urtean. Jamaikako biztanleriaren % 60k, gutxi gorabehera, bere burua rastafaritzat jotzen du. Jamaikako langileriatik atera zen mugimendu rastafaria eta denbora batez, gorentasun beltza moduan egon zen. Gaur egun, ordea, imigrazioari esker, munduan zabaldu da.
Rastafariak eta reggaea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sinetsi behar duzu. Kale gorrian zaude, txabola zikin batean, sosik gabe, lanik gabe, eta etorkizuna zure azaleko kolore iluna baino ilunagoa da. Beltza zara, basatia, historiarik gabea, oroimenik gabea eta duintasunik gabe bizi zara kale gorrian. Sinetsi beharra duzu, sinistu nahi duzu. Entzun al duzu? Afrikan Ras Tafari Makoken izeneko etiopiar bat koroatua izan da. Haile Selassie da! Erregeen Errege, Jaunen Jaun, Judako Lehoi Konkistatzailea... Jainkoaren semea! Munduan zehar indarrez sakabanatutako afrikar esklabo guztiak askatu eta Afrikara, etxera bueltan eramango ditu. Etxera itzuliko zara eta aske izango zara. Rastafariren gotzainek bidea erakutsiko dizute, Jah zure jainkoa da, Babilonian bizi zara eta infernu honetatik aterako zaitu.
Erlijio gehienekin gertatu bezala, rastafarismoak ere interpretazio asko ditu, eta urteekin aldatuz joan dira. Aldaketarik gabe mantendu direnak ere egon badaude, eta rasta gehienek errespetatzen dituzte, gutxi gorabehera. Adibidez, alkohola edatea, tabakoa erretzea eta arraina edota haragia –bereziki txerrikia– jatea debekatuak dituzte, gatza bezala. Gorputzaren eta arimaren garbitasuna adierazteko Itzal hitza erabiltzen dute, naturala, garbia ez den guztiak izpiritua zikintzen duelako eta ezin dute onartu. Rasta erlijioaren jarraitzaileen paradisuak Zion du izena. Hiltzen direnean, beraz, Zion izeneko lurraldera doazela uste dute.
Elikadura kontuetan dituzten debekuez gain, rastafariek debekatua dute ilea, bizarra edota gorputz-atalak moztea ere. Hori dela eta, ilea neurrigabe hazten zaie, eta beltzek ilea oso kizkurra dutenez, txurroak sortzen zaizkie, “dreadlock” izenekoak.
Arau eta betebehar horiek zintzo jarraitzea konpromiso erlijiosoaren eta fededun zintzoaren adierazgarri dira. Hala ere, azkenean bakoitzak ahal duen neurrian edota nahi duen heinean betetzen ditu eta ezin da orokortu. Txurroak daramatzaten guztiak ez dira rastafariak: haien estetika gustatzen zaielako dituzte askok eta gauza bera gertatzen da marihuanarekin. Erretzaile guztiak ez dira rastak eta belar “sakratua” erretzen duen guztiari ez zaio derrigor reggae musika gustatu behar. Alderantziz halaber: reggaearen zale guztiek ez dute nahitaez erretzaile amorratuak izan beharrik, nahiz eta askok hala uste duten. Ukaezina da, ordea, reggae musikak, rasta erlijioak eta marihuanak lotura estua dutela.
Ganja
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rastafarien ustez, marihuana jakinduriaren belarra da eta belar hori erretzea Jainkoarekin harremanetan jartzeko bitartekoa da, erritu erlijiosoa. Erretzeaz gain, belarrari erabilpen ugari ematen diote: janariari botatzeko, infusioak egiteko, sendabelar modura...
- "Belarra erretzen duzunean zeure burua nolakoa den erakusten duzu. Belarrak egiten dituzun gauza txar guztiak erakusten dizkizu. Zure kontzientzia da. Zeure buruaren argazki zehatza erakusten dizu. Belarrak pentsatzen jartzen zaitu, meditatzen jartzen zaitu. Agian, pertsona lasaia eta orekatua bazara, posible duzu belarrik gabe meditatzea. Mendira bazoaz, txorien kantuak entzungo dituzu. Baina belarra erretzen baduzu, txorien kantuak ederragoak irudituko zaizkizu eta meditatzen lagunduko dizute. Belarra gauza naturala da, zuhaitzak bezala hazten da. Biblian, liburu santuan, idatzita dago gizakiak behar bezainbeste belar erre behar duela Jainkoarekin komunikatzeko" (Bob Marley).