Edukira joan

Rabia al Adawiyya

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rabia al Adawiyya

Bizitza
JaiotzaBasora, 710(e)ko hamarkada
HerrialdeaOmeiatar Kaliferria
Abbastar Kaliferria
HeriotzaBasora, 801 (egutegi gregorianoa) (81/91 urte)
Hobiratze lekuaal-Hasan al-Basri cemetery (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakarabiera
Jarduerak
Jarduerakpoeta, filosofoa, mistikoa eta idazlea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaSufismoa

Musicbrainz: 17a785ca-86ea-4c45-9989-d0824cfdeb69 Edit the value on Wikidata

Rābiʻah al-ʻAdawiyya al-Qaysiyya (arabieraz: رابعة العدوية القيسية, , edo Rābiʿah al-Baṣrī arabieraz: رابعة العدوية القيسية‎; Basora, Irak, 717 – ibidem, 801), santu musulmana, sufi mistikoa eta filosofoa izan zen.[1][2][3][4][5][6]

713 eta 717 urte bitartean jaio zela uste da (Hejira ostean 91-95, egutegi musulmanean), Basoran, Iraken. Bere bizitzako lehen urteen zati handi bat Farid ud-Din Attarek kontatu zuen, beste santu eta poeta sufi bat, berantiarragoa, zeinek iturri goiztiarragoak erabili zituen. Rabiak ez zuen bere kabuz idatzitako testurik utzi.

Familia oso apal bateko laugarren alaba izan zen; hortik datorkio izena, Rabia, "laugarrena" esan nahi duena. Esklabutza garaiarengatik ezaguna izan arren, ez zen egoera horretan jaio; familia pobrea zuen, baina errespetatua zen bere komunitatean.

Farid ud-Din Attarren esanetan, Rabia jaio zenean, gurasoak hain ziren pobreak, ezen etxean ez baitzegoen kriseilu bat pizteko oliorik, ezta oihal zati bat ere, umea estaltzeko. Amak senarrari eskatu zion auzoko batengana joateko olio pixka bat eskatzera, baina aitak inoiz ez zion inori ezer eskatu, Jainkoari izan ezik. Hala ere, ez eztabaidatzearren, abiatu egin zen, bizilagunaren ateraino joateko itxurak egin zituen, eta gero esku hutsik itzuli zen, ezer eskatu barik.

Gauean, Mahoma amets batean agertu zitzaion, eta hauxe esan zion:

"Zure alaba jaio berria Jaunaren kuttuna da, eta musulman asko zuzenduko ditu bide zuzenera. Basorako emirrarengana hurbildu eta bere aurrean aurkeztu beharko zenuke gutun batekin, zeinean mezu hau idatzi behar den: 'Zuk otoitza (Durood) eskaintzen diozu Profeta Santuari ehun aldiz gauero eta laurehun aldiz ostegun gauero. Hala ere, azken ostegunean arau hori betetzen huts egin zenuenez, ordainetan laurehun dinar eman behar dizkiozu arau honen eramaileari'".

Rabiaren aita ohetik jaiki eta zuzenean joan zen emirraren bila, masailetan poz-malkoak zerizkiola. Emirrak poz-pozik hartu zuen mezua, bere bitartez jakin baitzuen Mahomaren begiek ikusi zutela; behartsuen artean 1000 dinar banarazi zituen, eta pozarren ordaindu zizkion 400 dinarrak Rabiaren aitari. Gainera, ezer behar izanez gero, berriz joateko eskatu zion, Jaunak hain maite zuen arima baten bisitak mesede egingo ziola eta.

Gurasoak hil ondoren, Basoran gosetea zegoela, Rabia, oso gazte, eta bere ahizpak banandu egin ziren bizibidea bilatzeko. Kondairak dioenez, karabana batean zihoala, lapur batzuk hartu zuten. Haien buruzagiak Rabia gatibu hartu eta merkatuan saldu zuen esklabo gisa.

Rabiaren nagusi berriak lan gogorrak eginarazi zizkion. Berak, etxeko lanak amaitu ostean, gau osoa otoitzean ematen zuen; baraua ere egiten zuen egun askotan.

Behin, etxeko nagusia gauaren erdian jaiki zen, eta Rabiaren ahotsak erakarri zuen, bere Jaunari erreguka. Honelaxe erregutzen zion:

« — Jauna! Ondo dakizu nire desira sutsua Zure nahia betetzea dela, eta nire bihotz guztiarekin zerbitzatzea, o, nire begien argia! Libre banintz, egun osoa eta gaua otoitzean emango nuke. Baina zer egin dezaket nik orain, gizaki baten esklabo bihurtu nauzunez gero?»

Berehala, nagusiak sentitu zuen sakrilegoa zela halako esklabuari eustea, eta, aitzitik, bere burua haren zerbitzuan jartzea erabaki zuen. Goizean deitu eta bere erabakia azaldu zion, berak zerbitza zezakeela eta bera han bizi zitekeela etxeko nagusi gisa, baina berak etxea utzi nahi bazuen, bera prest zegoela bere esklabotzatik askatzeko. Berak esan zion etxea utzi nahi zuela bere gurtza bakardadean egiteko, eta onartu egin zioten, beraz, joan egin zen.

Rabia basamortura joan zen otoitz egitera eta aszeta izatera. Hirira itzuli zen etxetxo batean bizitzera, eta maisu izan zuen Ḥasan al-Baṣrī, zazpi arima sakratuen mailara igota zegoela uste zen santu sufi ezaguna. Pitxer hautsi bat, estera bat eta burko gisa erabiltzen zuen adreilu bat besterik ez zuen. Gau osoa ematen zuen otoitzean eta kontenplazioan. Bere ospea hazi zenean, dizipulu asko izaten hasi zen. Eztabaidak ere izan zituen bere garaiko pertsona erlijioso ospetsu askorekin. Ezkontzeko eskaintza ugari izan zituen, tradizioak dioenez, Basorako emirraren eskaintza bat ere bai, baina baztertu egin zituen, bere bizitzan Jainkoari eskainitakoa beste denborarik ez izateko.

Honelaxe egiten zuen otoitz Rabiak:

«Ene Jaungoikoa! Infernuaren beldurrez gurtzen bazaitut, erre nazazu infernuan;

Paradisuaren zain adoratzen bazaitut, kanpora nazazu paradisutik,

baina Zeure Izenean adoratzen bazaitut, ez iezadazu uka Zure betiko Edertasuna.»

Rabia, hil zenean, laurogeitaka urtekoa zen, eta bide mistikoari jarraitu zion azkenera arte. Etengabe bere maitearen (Alaren) aurrean zegoela sentitzen zuen, ingurukoei esan zien:

«Nire maitea (Ala) beti dago nirekin.»

Jerusalemen hil zen K.o. 180.urtean. (mendebaldeko egutegiko 801. urtea), eta Igokunde Kaperan lurperatu zutela uste da.

Rabia izan zen Ishq-e-Haqeeqi izenez ezagutzen den maitasun Jainkotiarraren doktrina jarraitu zutenetako bat, eta sufi-poeta goiztiarren artean garrantzitsuentzat jotzen da.

Jatorri ezezagunekopoesia asko berari egotziak dira. Bizitza neketsu eta aszetiko baten ostean, bat-batean errealizazio egoera bat lortu zuen. Hasan al-Basri xakeak sekretu hori nola aurkitu zuen galdetu zionean, honelaxe erantzun zion:

«Zuk badakizu nola, baina nik badakit nola-'gabe'.»

  • Egun batean, Basorako kaleetatik korrika ikusi zuten, esku batean sua zuen ontzi bat eta bestean ura zeramala. Zertan ari zen galdetu ziotenean, esan zuen:

«Infernuko suak erretzeari uztea nahi dut, eta Paradisuko promesei su eman nahi diet. Biek blokeatu dute Alarenganako bidea. Ez dut adorazioa zigor-beldurrarengatik nahi, ezta sari promesarengatik ere, Alaren maitasunarengatik egiten dena baino.»

  • Jean de Joinvillek bere Vida de San Luis liburuan emakume baten gertaera horixe kontatzen du, baina ez zaio emakume horri inongo izen edo afiliazio erlijiosorik ematen; gainera, txostena garaikide gisa agertzen da, Joinville Rabia baino bost mende geroago bizi izan zen arren.
  • Rabia Hasan Basriren sermoiak entzutera joaten ez zenean, berak ez zuen irakaspenik ematen egun hartan. Entzuleek galdetu zioten ea zergatik; eta hauxe erantzun zuen:

«Elefanteek eramateko ontzietan dagoen xarabea ezin da inurrientzat egindako ontzietan kargatu.»

Herri kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiako zinemako hainbat filmen gaia izan da Rabiaren bizitza. Horietako bat, "Rabia" izenekoa eta 1973an ekoitzia, Osman F. Sedenek zuzendua.Fatma Girik aktoreak egin zuen Rabiaren rol nagusia.[7]

Santuaren bizitzari buruzko beste film turkiar bat "Rabia, Ilk Kadinen Evliya" (Rabia, santu izan zen lehen emakumea) izan zen, 1973koa hauxe ere, Süreyya Duruk zuzendua eta Hülya Koçyinahlo protagonista zuena.[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Rabia al-Adawiyya» Nodualidad.info (Noiz kontsultatua: 2024-12-10).
  2. (Gaztelaniaz) Islámica, Fundación de Cultura. (2016-06-17). «Rabi'a al Adawiyya y el sufismo» FUNCI - Fundación de Cultura Islámica (Noiz kontsultatua: 2024-12-10).
  3. (Gaztelaniaz) «¿Quién fue Rábi’ah al-‘Adawíyah? - Islam Preguntas y Respuestas» islamqa.info (Noiz kontsultatua: 2024-12-10).
  4. (Gaztelaniaz) Enrique. (2024-05-05). «Rabía al Adawiya» CIAG - Círculo de Investigación de la Antropología Gnóstica (Noiz kontsultatua: 2024-12-10).
  5. (Gaztelaniaz) «Rabia al-Adawiyya: la cuarta hacia el Uno, por Mardía Herrero» Nodualidad.info (Noiz kontsultatua: 2024-12-10).
  6. «Rabia al Adawiyya» Bing (Noiz kontsultatua: 2024-12-10).
  7. Seden, Osman F.; Toksöz, Tugay; Akboga, Ramazan; Aydan, Aynur. (1973-09-01). Rabia. Umut Film.
  8. «Rabia / İlk Kadın Evliya ~ Sinematurk.com» www.sinematurk.com.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]