Qabus Bin Said
Qabus bin Said Al Said (arabieraz: قابوس بن سعيد آل سعيد, Qābūs bin Saʿīd ʾĀl Saʿīd, qaː.buːs bin sa.ʕiːd ʔaːl sa.ʕiːd ahoskatua; Salalah, Dhofar, 1940ko azaroaren 18a - Maskat, 2020ko urtarrilaren 10a) Omango sultana izan zen. Said bin Taimurren semea, Albusai familiako errege-dinastiaren hamalaugarren ondorengoa.
Gaztetan Britainia Handira joan zen ikasketak sakontzera. 1960an, Sandhursteko Akademia Militarrean sartu zen. Ikasketa militarrak bukatuta, eskoziar erregimentu batera bidali zuten, Alemaniako Errepublika Federalera. Omango koroaren oinordeko gisa herrialde askotan ibili zen 60ko hamarraldiaren hasieran. 1964an sultanerrira itzuli zen. Aitak Salalahko jauregian egotera behartu zuen, Korana ikasten, sei urtez. Amak, ezkutuan, The Times egunkaria eskuratzen zion, eta britainiar BBC irratia entzuten zuen munduko berri jakiteko. 1970ean aita abdikatzera behartu zuten, eta semeak hartu zuen aginpidea. 29 urterekin, sultanerria modernizatzeari ekin zion. Aita 1972an hil zitzaion, Londresen. Izan zuen lehen arazoa Hegoaldeko Yemengo armada komunistaren matxinadari izan zen, baina kanpoko laguntza handirik gabe garaitu zituen. Duela urte batzuk demokraziaren alderako pauso batzuk eman ditu. Hauteskunde parlamentario libre eta justuak (emakumeek bozkatu ahal izan dute, baita hautagai izan ere) egin dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Artikulu hau Omango biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |