Edukira joan

Primo de Riveraren diktadura Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Primo de Rivera jenerala 1928an Errenterira egindako bisitan.

Primo de Riveraren diktadura 1923ko irailaren 13an Miguel Primo de Rivera jeneralak Bartzelonan jo zuen estatu kolpearekin hasi zen. Gertaera honek 1923-1930 bitarteko politika baldintzatu zuen Euskal Herrian.

Eskuinaren onespen gutxi-asko esplizitua izan zuen kolpeak Euskal Herrian, eta ezkerraren oposizioa, berriz, apatikoa gertatu zen. Bilbo salbuespena izan zen, komunistek greba orokorrerako deia egin baitzuten, sozialistek eta CNTk ere bultzatu zutena. Grebak ez zuen arrakastarik izan, eta harexekin hasi zen batere liskarrik gabeko bolada luze bat, ez baitzen erregimenaren kontrako agerraldi publikorik izan. Era horretan, kontserbadorismoaren aldera egin zuen egoera politikoak; gizarteko talde pribilegiodunek eta atzerakoienek begi onez onartu zuten aldaketa.

Mutur-muturreko eskuinean agerikoa zen diktaduraren aldeko gogoa, kolpeak Nafarroan izan zuen harrera onak frogatzen duen bezala. Izan ere, karlismoa, bere joera desberdinekin, oso garrantzitsua baitzen Nafarroan. Alfontso XIII.aren aldeko monarkiazaleak, Primo de Riveraren alde egin arren, zuhurrago ibili ziren, hasieratik bertatik zalantza egiten baitzuten zenbat iraungo ote zuen diktadurak. Duda horien ondorioz, jarrera desberdinak sortu ziren: batzuek gogo biziz onetsi zuten kolpea, eta beste batzuek berriz, Liga de Acción Monárquica de Vizcayako kideek adibidez, batetik bestera ibili baitziren, erregimenaren lankide izatetik inhibiziora mugituz. Euskal nazionalisten artean inhibizioa izan zen nagusi, nahiz eta alderdikide batzuek diktaduraren aldeko erabakia hartu nazionalismoaren definizioa oso zehatza ez zen lekutan, Gasteizen adibidez.

Diktadoreak, ordena konstituzionala hausteko arrazoitzat, lau arrisku aipatu zituen: separatismoa, sindikalismo iraultzailea, egoera ekonomikoaren larritasuna, eta Marokoko auzia. Hori dena, izan, beste arrisku baten agerpena baino ez zen -ez zen benetako arriskua, bai guztiz agerikoa ordea erdi mailako klaseen kontzientzian-, alegia, gizartearen hondamenaren arriskua. Izan ere, berehalako gauza ez bazen ere, gizartearen aldaketa iraultzailearen mehatxua airean zegoen langile taldeak sortu ziren unetik bertatik, hots, XIX. mende bukaeratik. Nolanahi zela ere, larriagotu egin zen 1917ko krisiaz geroztik. Urte horretako greba orokorrean, aurreneko aldiz agertu zen Espainiako politikan masek zuten garrantzia eta, aldi berean, diktadurak gainditu nahi zuen krisi baten hasiera markatu zuen grebak.

Euskal Herriko gizartearen egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aretxabaletako nekazariak area pasatzen, 1915.

Industrializazioaren garapenarekin batera zetorren gizartearen aldaketa prozesuari egotzi behar zaio krisiaren jatorria. Industrializazioaren ondorio nabariena ohiko paisaia desagertzea zen, eta beste batez, paisai urbano eta industrialaz, ordezkatzea. Baina, era berean, azpimarratzekoa da industrializazioak gizarteari ekarri zion demokratizatzea, adierazpen guztiz desberdinak zituena, hala nola modan, berdindu egin baitzuen, edota politikan esku hartzeko jendearen beraren erabakia. Modernizatzea, horrela izenda baitaiteke prozesu hori, ez zen modu beti berean gertatu. Euskal Herriari dagokionez, askoz ere indartsuagoa izan zen kostaldeko probintzietan barrualdekoetan baino. Bestalde, ez zuen harrera bera izan leku guztietan. Era horretan, modernotasunaren aldekoago ziruditen gizarte aldatuenek, eta gutxien aldatu zirenetan, berriz, erresistentzia handia zen. Hala ere, aurrenekoen artean, Bizkaia eta Gipuzkoan, aldaketaren aldeko jarrera nabariagoa zen hiri ingurunean eta hiriko langileen artean, landa ingurunean edota erdi mailako klaseetan baino.

Landa inguruneko jendeak eta erdi mailako klaseek zibilizazio baten bukaeraz mintzatzen ziren mezua jaso zuten, batez ere, eta hiri eta langile jendeek, berriz, etorkizunari begiratzen zioten gehiago, itxaropenez begiratu ere. Hala bada, etorkizunari buruzko zalantza izan zen Diktadura eta Errepublika garaian izan ziren jokamolde desberdinen giltzarria. Etorkizunak sorrarazten zituen sentimenduen inguruan mugitzen zen politika eta, horren ondorioz, sentimendu nahasi horiek nork bere asmo politikorantz bideratzean gauzatu zen politikarien lana. Horixe egin zuen Primo de Riverak, eta, geroago ikusiko den bezala, eta guztiz modu desberdinean izan arren, horixe bera gertatu zen Bigarren Errepublikan.

Diktaduraren aldaketa politikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarteari mehatxu egiten zioten arriskuak baztertzeko, Diktaduraren aldekoek ziotenez, gizartearen berritze lana bultzatu behar zen, eta horixe izan zen diktaduraren benetako helburua eta bere izateko arrazoirik sendoena. Horretarako, Primo de Rivera kazikismoa eta Berrezarkuntzaren konstituzio demokratikoa hondatzen zuen ustelkeria desagerrarazten saiatu zen, horiek baitziren abstentzionismo gero eta handiagoaren kausa. Baina, horretarako, gizartea gehiago demokratizatu ordez -hori egin zuen Errepublikak-, herri aginpideari oztopoak jartzen ahalegindu zen diktadura. Konstituzio politika zaharra baztertuz, politika hark adierazten zuen liberalismoa desagerrarazi nahi zuen diktadurak, ez haren hutsuneak zuzendu. Horren erakusgarri izan ziren konstituzio eskubideak ezabatzea, eta alderdi politikoen jarduna debekatzea.

Primo de Rivera 1927an Donostiara egindako bisitan.

Diktaduraren lan berritzaileak udalaren eta probintziaren aginpidea berrantolatzea zuen helburu nagusia, kazikismoaren eraginpetik aldentzeko. Helburu horrexekin zabaldu zen, oso azkar zabaldu ere, 1923ko irailaren 30ean, udal kargu guztiak aldatzeko dekretua. Errejimen berriaren lehen neurrietako bat izan zen hura, oso argi uzten zuena Primo de Riverak ematen zion garrantzia. Emaitzak, ordea, ez ziren larritasunaren maila berekoak gertatu. Euskal hiriburuetan, udal erreforma honen ondorioz, zinegotzien joan-etorri handia izan zen, eta udaleko eginkizunak zaintzeko beharrezko zen iraunkortasuna galarazi zuen horrek. Diktadurak nahi bezala, klase politikoa berritu zen, kargu kentze eta dimisio etengabeek areagotuta. Kargu aldaketak, gehienetan, gobernari zibilaren agindupekoak izaten ziren eta, era horretan, huraxe bihurtu zen udal bizitzako arbitroa. Eta horrek ez zuen ekarri udalen demokratizatzea, alderantziz baizik.

Bilboko Udalaren zinegotzien zerrenda begiratuta, ikusten dira politikari berri batzuk, baina bilbotar familia monarkiazale garrantzitsuenetatik datozen izenak ageri dira, batez ere, zerrenda haietan; ez lehen postuetan ordea. Hori da adibidez Federico Moyúaren kasua, ia diktadura osoan zehar ia alkate izan zenarena. Antzeko gauza gertatu zen Iruñean eta Gasteizen; haietan, zergapeko nagusien artean aukeratu ziren udal berriak. Udalen berriztatze honek ez zuen hautsi udal aginpidearen eta aginpide zentralaren arteko lotura, kazikismoaren ezaugarri izan zena; aitzitik, udal aginpidean gobernuaren eta haren politika kontserbadorearen gero eta aldekoago ziren pertsonak sartzea ekarri zuen. Horregatik, ez da harritzekoa monarkiazaleen monopolioa izatea udal guztien ezaugarria, dinastiazaleak nahiz karlistak izan. Bestalde, hiri handienetan ikusten den kargu berriztatzea askoz txikiagoa izan zen herrietan, kazikismo zaharraren sareek bere hartan jarraitu baitzuten haietan, edota berriz osatu ziren, diktaduraren lehen aldia igaro ondoren.

Bizitza politikoa txukuntzeko helburu berberaz, diputazioak ere berriztatu beharra zegoen. Horretan, ordea, salbuespena izan ziren euskal diputazioak, haien erregimen berezia kontuan hartuta. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi gobernu berriaren nahien arabera antolatu ez zirenik; gobernari zibilek esku hartu zuten diputatu kargu batzuk berritzerakoan eta, era horretan, antolatu ahal izan ziren Primo de Riveraren asmoekin bat zetozen diputazioak ere.

Orobat, diktadoreak euskal berezitasunaren aurrean erakutsitako begiruneak, eta diputazioek egindako presioak, ahalbideratu zuten Gobernuko ordezkarien eginkizuna aldatzea, eta euskal probintzietan modu berezian aplikatzea Udal estatutuak ezartzen zituen arauak. Bi erakunde horiek osatu zuten udal eta probintzia politikaren antolamendu berria, baina emaitza ez zen batere positiboa izan. Gobernuko ordezkariek udalen kontuak kontrolatu behar zituzten, baina alde horretatik ez zuten ia ezer egin. Beste hainbeste gertatu zen Udal estatutuaren aplikazioarekin. Udal erreforma bultzatu behar bazuen ere, udal erakundeen demokrazia eta autonomia garatuz, asmo hura teoria hutsa baino ez zen gertatu. Horrez gainera, eta udalen kontrola Euskal Herrian diputazioei zegokienez, diputazioen aginduak euskal erregimen bereziaren kontrako gertatzen ziren. Horren ondorioz, negoziazio luzeak izan ziren, arazo hori gainditu nahian. Azkenean, bai gobernua, bai diputazioak, aparte negoziatu zutelarik, pozik agertu ziren lortutako emaitzekin, eta gauza bera gertatu zen kontzertu ekonomikoarekin ere.

Gobernuak euskal berezitasunari buruz erakutsitako sentikortasuna bat zetorren diktadoreak estatuko lurralde antolamenduari buruz zituen ideiekin. Hasieran, eskualdeak aldezten zituen ikusmolde batean oinarritzen zen Primo de Rivera, baina azkenaldian probintziak nagusi ziren beste baterantz egin zuen. Diktadorearen hasierako erregionalismoak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioen interesa piztu zuen, euskal eskualde bat osatzeko aukeraz mintzatzeko gonbidatu baitzituzten banan-banan.

Eskaturiko txostenetatik, ordea, Gipuzkoako diputazioarena bakarrik idatzi zen. Azkenean, bizkaitarren aldetik oso oposizio gogorra jasan ondoren, gauzatzera ere zen heldu. Gipuzkoako txostenak euskal eskualde bat aipatzen zuen, estatuarekin harreman zuzenak, eta lege eta administrazio autonomoak izango zituena. Primo de Riverak, ordea, nazio batasuna zalantzan jar zezakeelakoan, baztertu egin zuen gerora erregionalismo hura eta, era horretan, alferrekoak izan ziren ahalegin haiek guztiak.

Diktaduraren aldeko organizazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Primo de Riveraren berriztatze lanek bi tresna nagusi zituzten lagungarri, bi organizazio, Unión Patriótica eta Somaten. Batak zein besteak erregimenaren aldeko jendea nahi zuten bildu, eta eginkizun desberdinak zituzten, elkarren osagarri ziren arren. Eta, bien ustetan, arriskuan zegoen gizartea.

Beren garaiaren ikusmolde alarmista horrek tradiziozko kontserbadoreetatik urruntzen zituen, eta aldi berean Errepublika garaiko eskuin muturreko aitzindari bihurtzen. Muturreko eskuinak bezala, liberalismoa baztertzearen beharra azpimarratzen zuen, gizartearen hondamendiaren erantzuletzat jotzen baitzuten. Gizartearen aldaketa hori saihesteko, hiritarren kontzientziak berriztatu behar ziren, kristau moralari hurbil zitezen. Hala bada, gizartearen birsorkuntza morala bultzatzen zuten, erabat sinetsita baitzeuden etorkizunean izan zitezkeen arrisku guztiak uxatuko zituztela horrekin.

Lan hori Somatenari zegokion; gizarte ordenaren berme izango zen milizia armatu baten moduan antolatu zen eta, behar izanez gero, armak ere erabiliko zituen ordena publikoa berrezartzeko. Horrez gainera, ordena moralaren berme ere izan behar zuen. Hala, prostituzioa, biraoa, alkoholismoa eta gizartearen beste edozein gaitz desagerraraztea zen haren eginkizuna, eta horrek, erraz asmatuko den bezala, protagonismo handia eman zion eguneroko bizimoduan. Defenditzen zituen balioak, unibertsalak omen zirenak, eta gizartearen defentsa globala egiten omen zutenak, erdi mailako klasearen interes eta ikusmoldeen araberakoak ziren. Hain zuzen ere, talde hori nahi zuen Somatenak bereganatu, hori bai, gizarte eliteen buruzagitzaren pean.

Bai Unión Patrióticak, bai Somatenak, garrantzia izan zuten Bizkaian. Are gehiago, bizkaitar organizazioak, Bartzelona eta Valladolidekoekin batera, estatuko egituraren zutabe nagusiak osatzen zituen. Izan ere, Primo de Riverak berak ere parte hartu zuen haien sorreran. Zenbaki ofizialek diotenez, 50.000 lagun inguru ziren Bizkaiko Unión Patrióticako kide, eta 4.000 baino gehiago Somatenekoak. Puztuak egonda ere, Bizkaian sustrai garrantzitsua zutela ematen dute aditzera kopuru horiek, Nafarroan ez bezala, han aski mugatua baitzen bi taldeen hedapena. Nafarroan izan zuten arrakasta eskasak ez du adierazten nafarrak ados ez zirenik talde hauek aldarrikatzen zuten gizarte garbiketa eginkizunekin. Aitzitik, muturreko eskuinak Nafarroan zuen garrantzia, bere organizazio propioekin, eta ordena soziala mehatxatuko zuen arrisku nabaririk ez izatea han, izan daitezke jokabide horren arrazoi.

Arrazoi berberek ager dezakete Arabako Somatenaren hedapen eskasa. Bertan Unión Patrióticak nahiko arrakasta izan zuen herrietan, hiriburuan ez bezala. Horrela gertatu zen, dudarik gabe, diktadurak eskura zituen tresna guztiak erabili zituelako bi taldeen izen ona zabaltzeko, eta eraginkorragoak izan ziren herri txikietan hirietan baino. Hala bada, Zacarías Martínez, Gasteizko gotzainaren agiri bat, bere parrokoak bi organizazioen alde lan egitera animatzen dituena. Zabaltze lan bera egiten zuen gobernari zibilak, eta kazikeen bide zaharrak ere erabili ziren kideen kopurua gehitzeko asmoz. Horren guztiaren ondorioak agerikoak dira. Bai Unión Patriótica, bai Somaten, gizartean gora egin nahi zuten oportunistez eta administrazioarekin loturiko pertsonez bete ziren. Unión Patrióticaren kasuan, lagungarri izan ziren taldekide izateak berekin zekartzan eginbehar eskasak, eta ordaindu beharrekoaren urritasuna. Somatenen kide izateak eginbehar gehiago suposatzen zuen, baina pribilejioak eskaintzen zituen aldi berean, hala, adibidez, arma bat eramateko eskubidea eta agintearen kidetzat hartua izatearena.

Diktaduraren masa organizazio bi hauen buruzagitza, esan den bezala, probintzia bakoitzeko sektore pribilegiodunei zegokion, baina tarteko pertsonen bidez gauzatu zen. Horren adibide garbiena Bizkaikoa da. Bizkaian, goi mailako klaseak diktadurarekin identifikatu baziren ere, diktadurak zuhur jokatu zuen, lehen postuak bigarren mailako politikoei utzi baitzitzaizkien, udal eta probintzietako karguekin egin zuten bezala. Hala, ikus daiteke Unión Patrióticaren organizazioa Liga de Acción Monárquica alderdiko pertsonek gidatzen zutela, baina Liga bera, bizkaitar oligarkia biltzen zuena, ez zegoela Unión Patrióticarekin lotua, kideei hartan sartzeko askatasuna ematen bazitzaien ere. Beste hainbeste gertatu zen eskuin monarkiazaleko beste organizazioekin, bai Bizkaian, bai gainerako probintzietan.

Horietako batzuek, edota buruzagi batzuek, hala ere, nahiago izan zuten prozesutik aparte geratu, eta uko egin zioten diktaduraren kide izateari eta, horrexegatik, baita diktadurak sorturiko bi taldeetatik ere. Nolanahi ere, eta kasuistika oso ugaria litzatekeen arren, banakako jarrerak oso desberdinak izan baitziren, zalantzarik gabe esan daiteke Euskal Herrian monarkiazaleek, dinastiazaleek nahiz karlistek, eutsi ziotela diktadurari eta diktaduraren organizazioei.

Euskal abertzaleen jokabidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oposizioa, bai nazionalistena, bai sozialista eta errepublikazaleena, oso mugatua zegoen, diktadurak konstituzio eskubideak ezabatu, eta alderdi politikoen jarduna debekatu zuenez gero. Horrez gainera, eta euskal nazionalismoari dagokionez, separatismoaren kontrako dekretuak kalte handia zion. Dekretu horrek lege militarren pean jartzen zituen estatuaren batasunaren kontrako delitu guztiak, eta aldi berean espainola ez ziren bandera guztiak debekatzen zituen. Bestalde, gaztelania deklaratu zen hizkuntza ofizial bakarra eta, hortaz, euskara eremu pribatuetara mugatua geratzen zen. Oso zigor gogorrak ezarri ziren arau horiek hausten zituztenentzat. Hori guztia kontuan izanik, ez da harritzekoa sozialistak eta errepublikazaleek ekintza publikorik ez egitea eta, nazionalistei dagokienez, kultura lanetan buru-belarri murgiltzea.

Diktaduraren hasieran, nazionalismoa bi organizazioetan zegoen banatua: EAJ, aberrianoak hartzen zituena, eta Comunión Nacionalista Vasca. Lehenak erbestera edo klandestinitatera jo behar izan zuen, eta bigarrenak, legezko izatea bazuen arren, ez zuen ezer egiterik izan, batzoki asko itxi baitzizkieten. Egoera horren adierazle esanguratsua da Gipuzkoako Buru Batzarrak hartutako erabakia, jarduera orori uko egitekoa, bere eginkizun guztiak Diputazioaren esku utziz.

Donostian ospatutako III. Euskal Astea, 1929.

1923 eta 1926 artean, oraindik ere mugiarazi zuten zerbait nazionalismoa Euskal Unibertsitatearen eskaerak, estatutu bat prestatzeak eta kontzertu ekonomikoa berritzeak, baina 1926tik aurrera are gehiago moteldu zen. Hala ere, diktadorearen hasierako erregionalismoak eta euskal kulturaren tolerantziak, zulo bat zabaldu zuten, nazionalismoak berehala bete zuena. Era horretan, euskal kultura bultzatzeko politikari ekin zion nazionalismoak. Horren adierazgarri da zenbat orri eskaini zizkion Euzkadi aldizkariak euskararen erabilera, eta euskal literatura eta antzerkia bultzatzen zuten ekimenei. Orobat esanguratsuak dira euskal musika eta margolaritzari, eta euskal kirolei eskainitakoak. Ekimen horien guztien arrakasta zela eta, Kultura Berpizkundeaz hasi ziren mintzatzen abertzaleak.

Euskara indartzeko ekimenen artean, aipagarria da euskararen egunaren antolatzea, edota Txistu aldizkariaren argitalpena, eta Oldargi edo Saski Naski bezalako taldeek egindako antzezpenak. Euskal elizak ere paper garrantzitsua jokatu zuen euskara bultzatzen.

Euskal kultura, beraz, une erabakior batean zegoen, Guridirenak bezalako obrak sor zitezen musikan, edota Kirikiñorenak poesian, eta Aurelio Arteta, Ramon eta Valentin Zubiaurre, edo José eta Ramiro Arruerenak margolaritzan. Artelan militantea zen gainera. Kulturaren alde nazionalismoak egindako orok herria abertzale bihurtzea zuen helburua. Hau da, nazionalismoarekin bat etorriko zen euskaltasunaren definizioa bilatzen zuen. Hala, aipaturiko artelan guztietan, nekazarien mundua, eta euskalduntzat jotzen diren eredu fisiko idealen eraikuntza goraipatzen zuen. Eredu horiek oso erraz antzematen dira margolaritzan edota Euzkadi egunkariaren orrialdeetan.

Azken helburua, euskal izatearen berezitasuna finkatzea zen, hizkuntzatik hasi eta arrazatik igaroz kulturaren osotasunera heltzen zena, hortik gero, ondorio gisa, Euskal Herria estatu baten gisa antolatzeko eskubidera iristeko. Nazionalismoak hautaturiko bideak bazuen bertute bat, diskurtso politiko hutsa baino hunkigarriagoa baita kultura, eta, horrexegatik, eraginkorragoa gertatzen zen alderdikideak eskuratzeko. Bestalde, jadanik organizazioaren baitan zeudenak bertan irautea ere errazten zuen. Horrez gainera, nazionalismoari atxikitzeko maila desberdinak onartzen ditu ikuspuntu horrek, eta huts-hutsik politikoak ez diren bestelako militantzien aukera zabaltzen du.

Lanean jardun ziren nazionalismoaren baitako organizazioen artean, aipagarriak dira mendigoizaleak, diktaduran zehar garrantzi handia hartu zutenak. Mendigoizaleen taldeak, mende bukaeratik aurrera Euskal Herri osoan zabaldu zen mendizaletasunari erantzuteaz gainera, gazte abertzaleak elkartzeko bideak ere jartzen zituen. Aire militar nabarmena zuen, garai hartan egin zituzten ekintza adoretsu batzuekin bat zetorrena, Sabino Aranaren hilobiaren gainean ikurrina jartzea adibidez.

Solidaridad de Obreros Vascos (SOV) sindikatu abertzaleak izan zuen zer edo zer egiteko aukera, langile elkarteekin gobernuak zeukan tolerantzia zela eta. Nolanahi ere, eta gobernuak UGT baitzuen begiko, ez zuen halako abantailarik lortu Organización Corporativa Nacional taldea sortu izanetik, SOVek ere talde horren beraren klase arteko harmoniaren printzipioak aldezten zituen arren. Bigarren Errepublikan garrantzi handia izan zuten beste organizazio batzuek, Emakume Abertzale Batzak adibidez, ez zuten lanerako batere aukerarik izan.

Euskal sozialisten jokabidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sozialistek ere geldirik egon beharra izan zuten, eta buru-belarri aritu ziren alderdi barneko lanetan. Hala, biziki ugaritu ziren talde sozialisten organo desberdinen bilerak, eta irtenaldi asko eta asko egin ziren, probintzia eta herri askotako jarraitzaileak harremanetan jartzeko balio izan zutenak. Bizkaitar propaganda egileen presentzia, bizkaitarrak baitziren sozialista gehienak, agerikoa izan zen beste probintzietan, eta era horretan alderdia ez zen ahuldu; garai hobeagoen zain geratu zen. Horren lagungarri izan zen Herriko Etxeak itxi ez izana, eta prentsa sozialista, zentsuratua izan arren, argitaratzen jarraitu izana. Horrez gainera, bai PSOEk bai UGTk lortu zuten diktadorearen baimena zeinek bere kongresua egiteko (1928).

Eusko-Nafar Federazio Sozialistak oso jokabide berezia izan zuen diktadurari buruz. Bere alderdikideak ez bezala, euskal sozialistak, Indalecio Prietoren gidaritzapean, espainiar sozialismoaren politika posibilistaren kontra jarri ziren, espresuki baitzegoen baztertua diktaduraren oposizioko edozein mugimendu. Prietoren errepublikazaletasunean eta euskal munduaren berezitasunean bilatu behar dira euskal sozialisten jokabidearen arrazoiak. Euskal Herrian, sozialistek, erregimenaren kontrako oposizioaren baitan, nazionalismoa zuten parez pare eta, beraz, ez zitzaien komeni Primo de Riverari gehiegi amore ematea.

Horixe zen UGTk zeukan arriskurik nagusia. Izan ere, diktadurarekin zuen konpromisoak -batzorde paritarioetan parte hartzean ageri dena, han eztabaidatzen baitziren enpresari eta langileen arteko arazoak- organizazioari jarraitzeko bidea zabaltzen zion, baina izen txarra ere ekar ziezaiokeen aldi berean. Indalecio Prietok, Annualgo hondamendia gertatu zenean ere monarkiaren kontrako jarreragatik nabarmendu zena, fama txar hori ez zabaltzea lortu zuen. Euskal Herriko kideen laguntzarekin, errepublikaren aldeko jarrera defenditu zuen, diktaduraren kontrakoa beraz, estatuko organizazioaren jarrera guztiz bestelakoa zen garaian. Agerian geratu zen hori 1928ko alderdiaren kongresuan. Hartan, Prietok, gainerako guztien sinestezintasunaren aurrean, erregimenaren hurbileko erortzea defenditu zuen, eta helburu hori bultzatu beharra. Prietoren jarrerak Eusko-Nafar Federazio Sozialistatik kanpora oso aldeko gutxi lortu zuen arren, handik denbora gutxira bete ziren hark iragarritakoak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]