Piano
- Artikulu hau musika tresnari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Piano (argipena)».
Piano | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | giltzadi, struck string instrument (en) eta true board zithers with resonator box (en) |
Hornbostel-Sachs sailkapena | 314.122-4-8 |
Hedadura | |
Jotzailea | piano-jotzaile |
Asmatzailea | Bartolomeo Cristofori (en) |
Asmakuntza-data | 1720 |
Pianoa (pianoforteren laburpena, italieraz «piano» (leun) eta «forte» (indartsu) hitzek osatzen duten hitzaren batura) perkusio eta hari-instrumentu gisa sailkatutako musika tresna harmonikoa da, eta, Hornbostel-Sachsen sailkapenaren arabera, kordofono sinple bat da. Pianoa jotzen duen musikariei pianista edo piano-jotzaile deritze.
Teklatu bat gehitu zaion Erresonantzia-kaxa batek osatzen du. Teklatu horren bidez, altzairuzko hariek feltroan bildutako mailutxoekin kolpatzen dira, soinua sortuz. Bibrazioak zubien bidez transmititzen dira taula harmonikora, eta horrek anplifikatu egiten ditu. Hari anitzeko harpa kromatiko batez osatuta dago, zeharkako perkusio mekanismo batek eraginda, eta itzalgailuak gehitu zaizkio. 1700. urtean asmatu zuen Bartolomeo Cristofori paduarrak. Bere aurrekarien artean, zitara, monokordioa, dultzimerra, klabikordioa eta klabezina (hortik datorkio forma, baina ez mekanika) moduko tresnak daude.
Historian zehar, piano mota ezberdinak egon dira, baina, ohikoenak, isats-pianoa eta piano bertikala edo horma-pianoa dira. Pianoa afinatzea funtsezko faktorea da instrumentuaren akustikan, eta harien tentsioa aldatuz egiten da, frekuentzia egokietan bibratzeko moduan.
Mendebaldeko musikan, pianoa erabil daiteke: bakarkako interpretaziorako, ganbera musikarako, akonpainamendurako, konposatzen laguntzeko eta entseatzeko. Instrumentu horrentzako lehen konposizio espezifikoak 1732 inguruan sortu ziren; horien artean, Lodovico Giustiniren pianorako hamabi sonatak nabarmentzen dira, Sonate da cimbalo di piano e forte detto volgarmente di martelletti izenburukoak. Ordutik, asko izan dira pianorako obrak egin dituzten konpositoreak, eta, kasu askotan, konpositore horiek berak piano-jotzaileak izan dira. Frédéric Chopin, Franz Liszt, Wolfgang Amadeus Mozart, Ludwig van Beethoven, Claude Debussy eta Piotr Ilitx Txaikovski konpositoreek jo zuten. Erromantizismo musikalaren tresna adierazgarria izan zen, eta paper garrantzitsua izan du gizartean, bereziki XVIII. eta XIX. mendeetako goi klaseen artean.
Izenaren jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Piano hitza instrumentuaren jatorrizko italierazko izenetik dator: «pianoforte» ―piano (leun) eta forte (indartsu)―; izena Bartolomeo Cristofori lehen eraikitzaileak eman zion: «clavicémbalo col piano e forte» (literalki, «klabikordioa, soinu leun eta indartsuarekin»). Hori pianoak intentsitate ezberdinekin soinuak sortzeko duen gaitasunari dagokio, teklei ezartzen zaien pisuaren arabera. Ezaugarri horrek bereizten zuen bere aurrekoengandik, bolumen bakarra eman baitzezaketen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste asmakuntza asko bezala, pianoa beste instrumentu batzuetatik abiatuta egin zen. Pianoaren eboluzio-lerroari hasiera ematen dion hari-musika tresnarik zaharrena zitara da, jatorriz Afrikakoa eta Asia hego-ekialdekoa den musika-tresna, Brontze Arokoa (K.a. 3000. urte ingurukoa). Zitara taula baten gainean jarritako hari tenkatuen multzo bat zen, hatzekin, azazkalekin edo objektu zorrotzekin bibrarazten zena.
Monokordioa zitararen ondorengo tresna izan zen, baina zitararekiko aldaketa txikiak zituen. Egurrezko Hots kutxa txiki baten gainean bibratzen zuen eta zitaran erabiltzen ziren hariak baino askoz ere luzeagoa zen hari bakarraz egina zegoen. Historian zehar, hainbat matematikarik erabili zuten instrumentu hori bere azterketak egiteko; adibidez, Pitagoras greziarrak, zeinak musika-bitarteen arteko erlazioei buruzko azterketak egin baitzituen, eta Euklidesek, zeinak geometria euklidearra instrumentu horren zatiketetan oinarritu zuen.
Geroago, salterioa asmatu zen, zitara-oinarrien gainean eraikitako tresna, baina forma trapezoidalarekin bere soken luzera ezberdinei egokitua. Salterioaren taula trapezoidalak, askoz geroago, lehen klabizenbaloaren diseinua ekarri zuen. hariak behatzekin kontaktuan ez egoteko mekanismoren bat aurkitu nahi zen[1].
Hainbat esperimentu egin ziren, eta klabikordioa izan zen horietako bat: iltze txiki baten edo metalezko orratz baten bidez bibratzen zuen tresna zen, zeinak tekla batzuek eraginez orratza edo iltzea mugiarazten baitzuten hariak dar-dar egin zezan. Klabikordioa sortu ondoren, klabikordiotik bereizitako klabea sortu zen; horrek plektro bat edo hegaztien luma punta erabiltzen zuen hariek bibrarazteko[1].
Hari kolpekatuko lehen instrumentuak dultzimerrak izan ziren, santur persiar musika instrumentu tradizionaletik eratorriak[2]. Erdi Aroan, hainbat saiakera egin ziren hari kolpekatuak zituzten tekla-instrumentuak sortzeko[3]. Lehenengoa zarrabetea izan zen, jatorri ezezagunekoa[4]. Eskakerrari buruzko lehen aipamenak XIV. mendekoak dira. Ez da oso tresna ezaguna, eta haren mekanismoa (Henri Arnault de Zwolle-ren eskuizkribu batean deskribatua) pianoarena baino lehenagokoa izan daiteke. XVII. mendean, klabikordioa eta klabezina gisako teklatu-tresnen mekanismoak oso ezagunak ziren. Klabikordio batean, hariak tangenteek kolpatzen dituzte; klabezin batean, berriz, antzara-lumek sakatzen dituzte. Bereziki klabearen mekanismoei buruz mendeetan egindako lanek erakutsi dute hots-kutxa, zubia eta teklatua egiteko baliabide eraginkorrenak.
Lehenengo pianoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paduako Bartolomeo Cristofori-k asmatu omen zuen piano modernoa. Garai hartan, Padua Veneziako Errepublikaren (Italia) mende zegoen, eta Fernando II.a Medicikoak kontratatu zuen instrumentu-kontserbatzaile gisa. Klabikordioak egiten aditua zen, eta tekladun hari-instrumentuak egiteko tekniketan trebatu zen. Ez da ezagutzen zehatz-mehatz Florentziako Cristoforiren tailerretik lehen pianoa noiz atera zen, baina haren mezenasek, Medici familiak, egindako inbentario batean, 1709. urtean piano bat zegoela adierazten da.
Tekladun hari-instrumentu gisa, pianoa, ikuspegi organologikotik, klabikordioaren antzekoa da, eta Klabizenbaloa, berriz, estetiko-musikaletik. Hiru instrumentu horiek soinua sortzeko mekanismoetan bereizten dira. Klabizenbaloa batean, plektroek sakatzen dituzte hariak. Klabikordio batean, berri<, hariak metalezko zi txikiek (tangenteak) kolpatzen dituzte, eta hariarekin kontaktuan jarraitzen dute tekla sakatzeari utzi arte. Pianoan, ordea, teklak mailutxoak jotzen dituzte, eta, berehala, atzera egiten dute, haria libreki dardarka utziz.
Cristoforiren arrakasta izan zen, aurretiko adibiderik gabe, pianoaren diseinuaren oinarrizko arazo mekanikoaren irtenbidea aurkitzea: larruz bildutako zurezko mailutxoak haria jo behar zuen, baina ez zuen ukitzen jarraitu behar, soinua moteltzen baitzuen, klabikordioaren sokekin kontaktuan zeuden ziekin gertatzen zen moduan. Bestalde, mailutxoa bere atseden-lekura itzuli behar zen, atzera buelta bortitzik egin gabe, eta, ahal izatera, nota bat azkar errepikatzeko aukera eman behar zuen. Cristoforiren perkusio-mekanismoa eredu izan zen ondorengo piano ikuspegi desberdin ugarietarako. Cristoforiren lehen instrumentuak hari meheekin egin baziren ere eta piano modernoa baino askoz isilagoak izan baziren ere, klabikordioarekin (teklen bidez ñabardura dinamikoak minimoki kontrolatzeko gai zen aurreko tekla-instrumentu bakarra) alderatuta, askoz indartsuagoak ziren, eta soinuaren indarrari hobeto eutsi ziezaioketen.
Pianoak ez zuen klabikordioak edo klabeak zituzten soinu kirrinkari eta metalikorik, soinu askoz leunago eta iraunkorragoa baizik. Gainera, mailuek ihes-sistema bat zuten, soinuaren bolumena eta tinbrea aldatzeko aukera ematen zuena. Horrekin, musika-tresnaren adierazpen-gaitasun musikala nabarmen handitzen zen; izan ere, aurreko tresnekin gertatzen zena zen soinu jakin bat beti bolumen berean ekoizteaz gain beste tresnak baino bolumen handiagoko edo txikiagoko soinuak sor zitezkeela, eta tinbre-aldaketa oso txikia eragin. Hori guztia pianoaren teklatua jotzeko moduaren araberakoa zen: teklen mugimendu azkar eta zakarrekin bolumen handiko eta distiratsuko soinuak sortzen ziren; eta mugimendu geldo eta lasaiekin bolumen txikiagoko soinuak eta tinbre gozoagoak sortzen ziren[1].
Cristoforik «grabizenbalo col piano e forte» izena eman zion. Izenak adierazten zuen tresnak hainbat intentsitaterekin sor zitzakeela soinuak, tekletan egindako presioaren arabera: indartsu estutuz gero, soinuak intentsitate handiago zuen, eta, leunago estutuz gero, soinuak, intentsitate txikiago; hortik dator lehenengoz jarri zion izena: «pianoforte» ―italieratik eratorria: «piano» (leuna) eta «forte» (indartsua)―. Cristoforik hogei bat piano egin zituen bere bizitzan zehar, eta, horietatik, hiru baino ez dira kontserbatzen, eta zaharrena New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-en dago, eta 1720koa da[1].
Cristoforik egindako instrumentu berria nahiko ezezagun mantendu zen Francesco Scipione idazle italiarrak, 1711n, Giornale de’ Letterati d’Italian pianoari buruzko artikulu gogotsu bat idatzi zuen arte, bere mekanismoaren diagrama bat barne. Artikulua oso modu zabalean banatu zen, eta hurrengo belaunaldiko piano fabrikatzaile gehienek irakurri ostean ekin zioten lanari. Fabrikatzaile horietako bat Gottfried Silbermann izan zen, organo fabrikatzaile gisa ezaguna, tailerra Freibergen (Saxonia, Alemania) zuena. Silbermannen pianoak Cristoforik asmatutako pianoaren kopia zuzenak dira, baina gehiketa garrantzitsu bat dute: Silbermannek erresonantzia modernoko pedalaren aitzindaria asmatu zuen, soken itzalgailu guztiak batera altxatzen zituena.
1726 inguruan, Cristoforik bere pianoetan korda bat sartu zuen, jotzaileari (komando berezi baten bidez) mekanismoa lekuz aldatzeko aukera ematen ziona; horrela, mailutxo bakoitzak ohikoa baino hari kopuru txikiagoan jotzen zuen soinu oso leuna lortzeko. Mekanismo hori, oraindik ere, egungo piano modernoetan mantentzen da, eta, korda bati esker, pianoaren mailutxoak talde bakoitzeko hari bakar baten gainean jotzen du. Pianorako lehen musika-konposizio espezifikoak 1732 inguruan agertu ziren, horien artean Lodovico Giustiniren pianorako 12 sonatak nabarmentzen direlarik, Sonate da cimbalo di piano e forte detto volgarmente di martelletti izenburupean.
Silbermannek Johann Sebastian Bachi bere lehen instrumentuetako bat erakutsi zion 1730eko hamarkadan, baina Bachi ez zitzaion instrumentu hori gustatu, goiko zortzidunak erregistro dinamiko osoa ahalbidetzeko leunegiak zirela argudiatuz, eta horrek etsaitasun apur bat ekarri zion Silbermannekin. Dirudienez, kritikak aintzat hartuak izan ziren, eta, 1747an, Bachek bere onespena eman zion instrumentuari, eta agente gisa ere aritu zen Silbermannek egindako pianoen salmentan[1].
Gottfried Silbermann-en tailerretik, pianoak fabrikatzeko eskola ospetsuak garatu ziren: «eskola ingelesa» Silbermannen bi ikasleengandik, Johan Zumpe eta Americus Backers, sortu zen; Londresera emigratu, eta Cristoforiren mekanismo bera zuen piano bat garatu zuten, baina aldaketa nabarmenekin, geroago «mekanismo ingelesa» deituko zena; eta «eskola alemana» Silbermannen beste dizipulu batek sortua, Johann Andreas Stein, zeinak beste aldaketa batzuk egin baitzizkion Schroter izeneko diseinatzaile baten jatorrizko mekanismoari, «mekanismo alemana edo vienarra» deitua[1].
Bilakaera eta garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVIII. mendea: lehen piano-egileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cristofori italiarraren lehen pianoetatik gaur egungo pianoetara, hobekuntza eta aurrerapauso asko eman dira, baina hura eraikitzeko kontzeptuak eta funtsezko ideia berak izaten jarraitzen dute. Soinu kalitate hobea lortzeko materialak optimizatu dira; nota kopurua pixkanaka handitu egin da instrumentuaren gaitasun musikala handitzeko eta diseinua hobetu da errendimendu hobea lortzeko. Hala ere, pianofortearen funtsezko kontzeptuak, hots indartsu eta leunak lortzeko gai den tresna den aldetik, berbera izaten jarraitzen du.
XVIII. mendearen amaieran izan zen Vienako eskolan pianoen fabrikazioaren goraldia, eta, besteak beste, Johann Andreas Stein (Augsburgen aritu zen, Alemanian), Nannette Streicher (Steinen alaba) eta Anton Walter vienarra nabarmendu ziren. Vienar estiloko pianoak zurezko markoekin eraiki zituzten; nota bakoitzerako bi hari eta larruz bildutako mailutxoekin. Vienar estiloko piano hauetako batzuek piano modernoen kontrako kolorea zuten: tekla naturalak beltzak ziren, eta akzidentalak zuriak[5]. Wolfgang Amadeus Mozartek haientzako konposatu zituen kontzertuak eta sonatak, eta antzinako musikaren interpretazioetan erabiltzeko erreplikak ere egin izan dira. Mozarten garaiko pianoek piano modernoek edo piano ingelesek baino tonu leun eta argiagoa zuten, potentzia mantenduarekin. Pianoforte hitza askotan erabiltzen da XVIII. mendeko pianoak eta geroagokoak bereizteko.
1760 eta 1830 urteen artean, pianoen fabrikazioak hedapen handia izan zuen, eta aldaketa handiak jasan zituen. Iraultza hori etorri zen musikagileek eta piano-jotzaileek soinu ahaltsuago eta iraunkorragoko pianoa hobesten zutelako, eta eman zen Industria Iraultzaren hasieratik sortutako aurrerapen teknologikoei esker. Aurrerapen horietako batzuk izan ziren: harien altzairuaren kalitate handia (bereziki piano-hari deitua), baita burdinurtua ekoizteko galdaketaren zehaztasuna ere. Denboraren poderioz, pianoaren gama tonala ere goratzen joan zen, eta Mozarten garaiko bost zortzidunetatik zazpi zortzidunetara igaro zen, eta, piano modernoetan, heren batera edo gehiagora igaro zen.
1762an, Henry Walshek pianorako lehen kontzertua eman zuen Dublinen (Irlanda)[6]. Sébastien Érard piano diseinatzaile frantziarrak, 1776an, piano laukizuzena egin zuen, isats pianoaren aldaera berezia. 1773an, Muzio Clementiren Opus 2 pianorako sonatak argitaratu ziren, pianoaren baliabideak ahalik eta gehien erabili nahi zituztenak. Estatu Batuetan, lehen pianoa 1775ean fabrikatu zuten Filadelfian, eta, 1795ean, lehen piano bertikala egin zuten Londresen, William Stodartek diseinatua[1]. Pascal Taskinek ere piano batzuk egin zituen 1786 eta 1790 urteen artean.
Lehen aurrerapen teknologikoak, hein handi batean, Broadwood enpresa ingelesari esker gertatu ziren, zeinak, ordurako, bere klabezinek zuten tonu distiratsu eta boteretsuagatik ospea baitzuen. Broadwoodek gero eta handiagoak, sendoagoak eta gogorragoak ziren instrumentuak egin zituen. Bi piano bidali zizkieten Joseph Haydn eta Ludwig van Beethoveni, eta bost zortzidun baino gehiagoko gama zuen lehen piano fabrikatzaile enpresa izan zen: 1790ean, bost zortzidun eta bosgarren bat; 1810ean, sei zortzidun (Beethovenek, ondorengo lanetan, gehitutako notak erabili zituen), eta, 1820an, zazpi zortzidun. Vienako fabrikatzaileek ere joera horiei jarraitu zieten, baina bi piano-eskolek hainbat ekintza erabili zituzten: Broadwooden mekanismoa sendoagoa zen, eta Vienako tresnena, berriz, sentiberagoa.
XIX. mendea: Industria Iraultzaren bultzada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendeko piano baten soinua
[[:Fitxategi:Frederic Chopin - Opus 25 - Twelve Grand Etudes - c minor.ogg|]]
Frédéric Chopinen Op. 25, 12. zb. estudioa Erarden piano batean, 1851an egina.
[[:Fitxategi:Frederic Chopin - etude no. 12 in c minor, op. 25.ogg|]]
Pieza bera piano moderno batean
|
|
Arazoak fitxategi hauek entzuteko? Ikus multimedia laguntza. |
1808an, Sébastien Érard-ek errepikapen sinpleko mekanismo bat patentatu zuen, eta grapa gehitu zuen, mailutxoek jo ondoren hariak bere leku zehatzean gelditzeko aukera ematen zuen pieza bat. Bi urte geroago, 1810ean, piano modernoaren pedal-mekanismoa diseinatu zuen[1]. 1820ko hamarkadan, Parisko Erard-en piano fabrika berrikuntzaren gune bihurtu zen pianoaren mekanismoari zegokionez. 1822an, bere errepikapen bikoitzeko mekanismoa sartu zuen, pianoaren teklak sakatzean errepikapen abiadura handia ahalbidetzen zuena, tekla oraindik posizio bertikal gorenera iritsi ez bazen ere, eta exekuzio azkarra errazten zuen. Asmakuntza hori publiko egin zenean Henri Herz-ek berrikusitako forman, errepikapen bikoitzeko mekanismoa isats-pianoen mekanismoaren elementu estandar bihurtu zen pixkanaka, eta isats-piano moderno guztien parte da.
Piano modernoaren soinua sortzen lagundu zuten berrikuntza tekniko nagusietako bat burdinurtuaren erabilera izan zen, baita «Markoa» deritzona ere, huts-kutxaren gainean dagoen burdinurtua, harien tentsioak eragindako indarraren aurkako gotorleku nagusi gisa balio duena. Ordura arte erabiltzen ziren letoizko harien ordez burdinurtuaren egitura-osotasuna handitzeak ahalbidetu zuen hari lodiagoak, tenkatuagoak eta ugariagoak erabiltzea; izan ere, hari horiek bigunagoak ziren, eta ez zuten tentsio hain handirik jasaten. Ondoren, altzairuzko hariak erabili zituzten, burdinazkoak baino indartsuagoak eta tentsio are handiagoa ahalbidetzen zutenak. Isats-piano moderno batean, harien tentsioaren guztizkoa 20 tona/indar ingurukoa izan daiteke[7]. Burdinurtuzko pieza sinple hura 1825ean patentatu zuen Bostonen Alpheus Babcockek, markoaren lotura (1821ean sortua eta Broadwood-ek Samuel Hervé-ren izenean erreklamatua) eta erresistentzia-barra (Thom eta Allen-ek 1820an sortua, baina Broadwoodek eta Erardek ere erreklamatua) konbinatuz. Geroago, Babcockek Chickering & Mackays-entzat; enpresa honek isats-pianoen burdinazko lehen markoa patentatu zuen, 1843an. XX. mendearen hasierara arte, Estatu Batuetako sistema erabat onartu zen arte, europar fabrikatzaileek nahiago izan zituzten burdinurtuzko markoak.
Pianoaren mekanismoan beste berrikuntza batzuk sartu ziren, hala nola larruz bildu beharrean, mailutxoetan feltroa erabiltzea. Feltrozko mailutxoak Jean-Henri Papek erabili zituen lehen aldiz, 1826an. Material sendoagoa zenez, erregistro dinamiko handiagoak ahalbidetzen zituen, hala nola mailutxoaren pisua eta harien tentsioaren handitzea. Garai hartako beste berrikuntza tekniko garrantzitsu batzuk hariak egiteko moduen aldaketak izan ziren, hala nola hari guztietarako bi erabili beharrean hiru sokako «koru» bat erabiltzea —beheko notetarako izan ezik—, eta tenkatzeko hainbat metodo erabiltzea. «Over string» tenkatze metodoarekin, «cross-stringing» ere deitua, hariak gainjarrita ezartzen dira, bertikalki inklinatuta, hots-kutxan bi altuerako zubiak jarriz, bakarra izan beharrean. Horrek hari handiagoak ahalbidetzen ditu, baina ez nahitaez luzeagoak, pianoaren barruan sartzeko. «Over string» tenkatua Jean-Henri Pape-k asmatu zuen 1820ko hamarkadan, eta Henry Steinway Jr.-ek patentatu zuen 1859an, Estatu Batuetako isats-pianoetan erabiltzeko.
XIX. mendean zehar, pianoak fabrikatzeko konpainia ugari sortu ziren. 1828an, Ignaz Bösendorfer-ek berea sortu zuen Austrian, eta 1853a mugarria izan zen pianoen fabrikak sortzeari dagokionez, Heinrich Engelhard Steinweg alemaniarrak Estatu Batuetara emigratu eta Steinway & Sons fabrika sortu baitzuen New Yorken; Julius Blüthnerrek Leipzigen sortu zuen bere konpainia, eta Carl Bechsteinek, Berlinen. 1859an, August Försterrek bere lehen pianoa egin zuen Löbaun.
1844an, Boisselot & Fils-ek pedal tonal edo «sostenuto»a patentatu zuen (erdiko pedala isats-piano gehienetan). Pedal horri esker, motelgailuak selektiboki kontrola zitezkeen, teklak sakatuta eduki beharrik gabe, eta pedal-nota izeneko efektua lortzen da, hots, nota edo akorde berari denbora batez eustea, ondoren jotzen direnak aldatu gabe.
1863an, Steinway & Sons-ek piano bertikal modernoa diseinatu eta fabrikatu zuen, hari gurutzatuekin eta taula harmoniko bakarrarekin, eta, 1874an, Julius Blüthner-ek «aliquot» sistema patentatu zuen; hiru hariko multzo bakoitzari, beste laugarren bat gehitzen zion, altuagoa, haien erresonantzia handitzeko; 1880an, Steinway & Sons-ek sukurtsal bat ireki zuen Hamburgon, eta horrek, Europako merkatuan, lehia areagotu zuen Bechstein-ekin eta Blüthner-ekin.
Urte hartatik aurrera, gaur egun ezagutzen den moduko piano modernoaz hitz egin daiteke, nahiz eta gerora aldaketak egin diren pianoaren diseinuan, baina garrantzi handirik gabekoak.
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun, pianoak burdinazko uztai gisako bat du –hari bikoitz eta hirukoitzen tentsio handiari eusteko modukoa–, 88 tekla, zurezko kabilatokia –gehienetan pago zurezkoa– eta, eskuarki, bi pedal, eskuinekoa, harien soinua luzatzeko eta soinua gehitzeko, eta, ezkerrekoa, soinua gutxitu eta tinbrea aldatzeko. Piano batzuek hirugarren pedal bat ere izaten dute, sordina izenekoa, musika tresnaren ozentasuna ezerezteko.
Piano berriak bi motatakoak dira:
- Piano isatsdunak; hariak posizio horizontalean daude, eta baita hots kutxa ere. Handienak kontzertuetarako erabiltzen dira.
- Piano zutak; hariak posizio bertikalean daude.
Saio asko egin dira pianoa eraberritzeko: teklatu bikoitzeko pianoa, etengabe luzatzen den soinua duen pianoa, tonu laurdeneko pianoa (mikrotonuak), piano elektrikoa, eta John Cageren piano prestatua, besteak beste.
Piano egile nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Baldwin (1890)
- Bechstein (1853)
- Bluthner
- Bösendorfer (1828)
- Broadwood (1783)
- Calisia (1873)
- Érard (1777)
- Fazioli (1978)
- Feurich (1851)
- Gaveau (1847)
- Grotrian
- Hosseschrueders (1814)
- Kawai (1930)
- Petrof (1864)
- Pleyel (1807)
- Samick (1958)
- Sauter (1819)
- Schimmel (1885)
- (Serj Tankian) (2008)
- Steingraeber & Söhne(1820)
- Steinway & Sons (1853)
- Stuart and Sons
- Yamaha (1889)
- Young Chang (1956)
- Wurlitzer
Piano-jotzaile eta konposatzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Frédéric Chopin (1810-1849).
- Anton Rubinstein (1829-1894).
- Alicia de Larrocha (1923-2009).
- Joaquin Atxukarro (1932-).
- Michael Nyman (1944-).
- Elton John (1947-).
- Tori Amos (1963-).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d e f g h Historia del piano. pianomundo.com.ar.
- ↑ Peterson, David R. (1994) «Acoustics of the hammered dulcimer, its history, and recent developments.» En Journal of the Acoustical Society of America, pp. 3002.
- ↑ Pollens, op. cit. 1995. Capítulo 1
- ↑ Baines, Anthony. «Reviewed work(s): Die Drehleier, ihr Bau und ihre Geschichte by Marianne Bröcker» en The Galpin Society Journal, volumen 29, mayo de 1976, pp. 140-141.
- ↑ (Ingelesez) The Viennese Piano. .
- ↑ Jeremy Siepmann, pág. 11.
- ↑ (Gaztelaniaz) Sistema Internacional de Unidades. 2024-04-06 (Noiz kontsultatua: 2024-10-05).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Grove Dictionary of Music and Musiciansen informazio asko du. Artikulu nagusia: «Pianoforte».
- Le Guide du Concert. (2 de diciembre de 1948). Piano. Numéro hors série.
- Piron, Constantin. (1949). L'Art du Piano. Paris, Frantzia: Fayard, 318 or..
- Jaime Ingram. (1978). Historia, repertorio y compositores de piano. San Jose, Costa Rica: Ministerio de Cultura, Juventud y Deportes. Departamento de publicaciones.
- Good, Edwin M.. (1982). Giraffes, black dragons, and other pianos: a technological history from Cristofori to the modern concert grand. Kalifornia (AEB): Stanford University Press.
- Banowetz, Joseph; Elder, Dean. (1985). The pianist's guide to pedaling. Bloomington: Indiana University Press ISBN 0-253-34494-8.
- The Encyclopædia Britannicako 1988ko edizioak ere informazioa dakar. Artikulu nagusia «Musika tresnak» atalean aurki daiteke.
- Kreidy, Ziad. (2012). Les avatars du piano. Paris: Beauchesne.
- Loesser, Arthur. (1991). Men, Women, and Pianos: A Social History. New York: Dover Publications.
- Reblitz, Arthur A.. (1993). Piano Servicing, Tuning and Rebuilding: For the Professional, the Student, and the Hobbyist. Vestal, NY: Vestal Press ISBN 1-879511-03-7.
- Pollens, Stewart. (1995). The Early Pianoforte. Cambridge: Cambridge University Press.
- Lelie, Christo. (1995). Van Piano tot Forte (The History of the Early Piano). Kampen: Kok-Lyra.
- Parakilas, James. (1999). Piano roles : three hundred years of life with the piano. New Haven, Connecticut: Yale University Press ISBN 0-300-08055-7.
- Siepmann, Jeremy. (1999). The Piano: The Complete Illustrated Guide to the World's Most Popular Musical Instrument. Hal Leonard Corporation, 192 or. ISBN 978-0-7935-9976-9.
- Fine, Larry; Gilbert, Douglas R. (2001). The Piano Book: Buying and Owning a New or Used Piano (4. edizioa). Jamaica Plain, MA: Brookside Press ISBN 1-929145-01-2.
- Carhart, Thad. (2002). The Piano Shop on the Left Bank. New York: Random House ISBN 0-375-75862-3.
- Thiollet, Jean-Pierre. (2012). Piano ma non solo. Paris, Frantzia: Anagramme, 191 or. ISBN 978 2 35035 333-3.
- Isacoff, Stuart. (2013). Una historia natural del piano. Madrid, España: Turner, 384 or. ISBN 978-84-7506-903-6.
- Thiollet, Jean-Pierre. (2015). 88 notes pour piano solo. Paris, Frantzia: Neva, 367 or. ISBN 978 2 3505 5192-0.
- Thiollet, Jean-Pierre. (2017). Improvisation so piano. Paris, Frantzia: Neva, 283 or. ISBN 978 2 3505 5228-6.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez)"Piano Technicians Guild" webgunea