Eduardo Moreno Bergaretxe
Eduardo Moreno Bergaretxe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1950eko urriaren 13a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Hendaia, 1976ko uztailaren 23a (25 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Deustuko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Kidetza | Euskadi Ta Askatasuna |
Eduardo Moreno Bergaretxe, ezagunagoa Pertur goitizenaz (Donostia, Gipuzkoa, 1950eko urriaren 13a – 1976ko uztailaren 23an desagertua) ETAko kidea izan zen. 1976ko uztailaren 23an desagertua, hiltzat jotzen da. ETAko Kultura Frontean lan egin zuen, Hautsi izeneko aldizkarian. ETA erakundea bi joeretan, militar —ETA (m)— eta politiko-militar —ETA (pm)— adarretan bereizi zenean, Pertur polimilien ideologo nagusietakoa izan zen, eta marxismo-leninismoa proposatu zuen erakundearen doktrina iraultzailetzat.
Bi teoria nagusi daude Perturren heriotzaren inguruan: batzuek diote Espainiako Estatuari lotutako indar parapolizialek edota italiar neofaxistek hil zutela; beste batzuek, aldiz, ETA (pm)-an izandako barne-liskarrekin lotu izan dute. Angel Berazadi enpresaburuaren bahiketan, familiak eskaintzen zuen diru kopurua onartzeko prest agertu zen Perturrek gidatzen zuen adar politikoa. Hala ere, ETA (pm)-aren zuzendaritza taldeak Berazadi hiltzea erabaki zuen, sei lagunetatik bi horren aurka zirela eta beste baten abstentzioarekin.[1] Horrek ETA (pm)-aren barne eztabaidetan gaindiezinezko hausturaren hasiera eragin zuen. Perturrek, Francisco Javier Garaialde Errekarekin batera VII. Batzarrerako Otsagabia ponentzia prestatu zuen, ETA bitan banatzea proposatzen zuena: EIA (Euskal Iraultzarako Alderdia) eta ETA (pm). EIAk demokrazia burgesaren lege barruko eremuan lan egitekoa zen eta ETA (pm) adar armatutzat geratzekoa. Militante gehienek onartu zuten arren, Komando Berezietako kide asko ez zeuden ados.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1976ko uztailaren 26an, Perturrek goizeko hamarretan hitzordua zuen Donibane Lohizuneko La Consolation tabernan, baina solaskidea ez zen azaldu. Perturrek hamaikak aldera alde egin zuen tabernatik eta Pakito Mujika Garmendia eta Migel Angel Apalategi Apala burkideekin egin zuen topo. Perturrek autoan Pausura (Urruña) eramateko eskatu zien, han beste hitzordu bat omen zuela eta. Bi lagunek esan zutenez, Pausura eraman eta elkar agurtu zuten, eta hura izan omen zen Pertur bizirik ikusi zuten azken aldia. Ofizialki hiltzat jo den arren, ez da inoiz haren gorpua aurkitu.
Ekintza hura Triple A (Alianza Apostólica Anticomunista) erakunde parapolizialak hartu zuen bere gain, eta ETA (pm)-ak komunikatu batean krimena estatu terrorismoari egotzi zion. Urteen poderioz, Stefano Delle Chiaiek, eskuin muturreko terroristak, Pertur izan zitekeen pertsona baten bahiketaz zehaztasunak eman zituen halaber.[2]
Hala ere, hilketa hura ETA (pm)-ko Komando Berezietako kide batzuek egin ote zuten susmoa zabaldu zen, eta Perturren familia ere hipotesi horren alde jarri zen 1978an emandako prentsaurreko batean. Hipotesi hori oinarritzeko arrazoia da nagusiki Donibanetik Hendaiara eraman zuten pertsonak Apala eta Pakito izan zirela, pisu handiko pertsonak ETA (pm)-ko Berezietan, eta Perturrekin desadostasun sakonak zeuzkatenak.[3] Egun, oraindik ere ez dago argi nork hil zuen. Hori argitzeko kasu judiziala, urte askoan itxita egon eta gero, 2008an berriz ireki zen, Perturren gurasoek kereila aurkeztu zutelako; eta gorpua agertu arte delitua ez da preskribatuko.
Epailearen aurrean, Eduardo Moreno Bergaretxeren bikotekide Lourdes Auzmendik Francisco Mujika Garmendia Pakitori eta Migel Angel Apalategi Apalari leporatu zien ETA (pm)-ko buruzagiaren desagertzearen eta heriotzaren ardura.[4]
El año de todos los demonios dokumentala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Angel Amigo zinema zuzendari eta ETA (pm)-ko kide ohiak El año de todos los demonios («Deabru guztien urtea») aurkeztu zuen 2007an. Dokumental horretan, Perturren desagertzea estatu-terrorismoa izan zelako hipotesia indartzen da. Amigok bildutako informazioaren arabera, Pertur erakunde neofaxistekin loturak zituzten jendeek bahitu zuten, gero Espainiako agente frankisten eskuetan uzteko.
Dokumentalak eskaintzen duen informazio gehiena, Italiako instrukzioko epaile talde batek 1984 eta 1987 bitartean osatutako sumario batean du oinarria. Sumario horretan neofaxisten eskutik hildako epaile erromatar baten kasua ikertzen da, eta "damuturik" edo preso zeuden italiar neofaxisten adierazpenak dakartza ikerketaren zati gisa. Italiar neofaxista haietako batzuek Txileko Kondor operazioan esku hartze esanguratsua izan zuten, Augusto Pinochetek aurrera eramandako ezkerzaleen "garbiketan", alegia: neofaxista haien arabera, Espainiako zerbitzu sekretuek emandako baliabideekin Ipar Euskal Herrian erabateko inpunitatearekin ibili omen ziren, borrokalari antifrankisten aurkako ekintzak egiten. Hainbat ekintzaren artean —tartean Argalaren bahiketa eta hilketa—, etakide baten 1976ko bahiketa aipatzen da: Espainiako agenteen eskuetan utzi omen zuten, galdekatua izan zedin. Lekukotasun horietan Perturren izenik ez da aipatzen, baina 1976an beste inor desagertu ez zela jakinda, bera zela ondoriozta daiteke. Italiako epaileek Espainiako justiziari laguntza eskatu ziotenean, espainiar epaileek ez zuten erantzun, eta hortaz, italiarrak "hormigoizko horma handi baten aurrean" ziren: ezin izan zuten ikerketaren zati horretan segitu.
Filmak garai hartako ETAko buru batzuen deklarazioak eskaintzen ditu, eta Eugenio Etxebeste Antxoni etakidea —hainbatek hilketa leporatu diote— bere bertsioa emateko aukera ematen zaio. Horrez gainera, Amigok sumarioan parte hartu zuten italiar epaileetako bat, gertaera haien gainean lanean aritu ziren bi kazetari, Alain Etcheto Frantziako inteligentzia zerbitzuetako agentea eta Angel Ugarte Euskal Herrian CESEDeko (frankismoko zerbitzu sekretuetako) arduraduna izan zena, elkarrizketatu zituen.
Auziaren berrirekitzea (2008)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2008ko maiatzean, Eduardo Moreno Bergaretxeren gurasoek kereila kriminala aurkeztu zuten, kasua iker zedin erreklamatzeko. Terrorismo delitua izan zenez, ikerketaren ardura Espainiako Audientzia Nazionalak izan zezan eskatu zuten. Pertur desagertu zenetik 40 urtetik gora igaro badira ere, delitua ez dago preskribatuta, biktimaren gorpua non den jakiten ez den bitartean. Fernando Andreu epaileak kereila aintzat hartu eta hainbat jende deklaratzera deitu zuen.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ ETApm El otro camino. Giovanni Giacopuzzi. Txalaparta, 1997
- ↑ https://elpais.com/diario/1987/07/05/espana/552434405_850215.html
- ↑ Martin Auzmendi (Perturren eta haren familiaren adiskidea): «Pertur: 40 urte desagertuta», Berria, 2016-07-23.
- ↑ «Pertur-en bikoteak Pakito-ri eta Apala-ri egotzi die ETAko buruzagiaren desagertzearen ardura»[Betiko hautsitako esteka], EITB.com, 2008-11-11.
- ↑ «Perturren desagertzeari buruzko ikerketa abiatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak»[Betiko hautsitako esteka], Berria 2008-11-03.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Gari Mujika: «Angel Amigo: "De confirmarse las declaraciones del italiano, sólo cabe que sea Pertur"», Gara, 2007-09-02.
- «Perturren desagertzeari buruzko ikerketa abiatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak», Berria, 2008-11-03.
- (Gaztelaniaz) Gaizka Fernández Soldevilla, «El nacionalismo vasco radical ante la transición española», Historia contemporánea, ISSN 1130-2402, 35. zenbakia, 2007, 817-844 orrialdeak [1].
- (Gaztelaniaz) Gaizka Fernández Soldevilla, «Agur a las armas. EIA, Euskadiko Ezkerra y la disolución de ETA político-militar (1976-1985)», Sancho el Sabio, ISSN 1131-5350, 33. zenbakia, 2010, 55-96 orrialdeak [2]