Oscar Peterson
Oscar Peterson (Montreal, Quebec, 1925eko abuztuaren 15a - Mississauga, Ontario, Kanada, 2007ko abenduaren 23a) piano-jotzailea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oso gazterik hasi zen musikagintzan; 5 urte zituenerako, bazekien pianoa jotzen. 1949an Estatu Batuetara joan zen Carnegie Hall aretoan kontzertu batean jotzera, eta Jazz at the Philarmonic Granz orkestrarekin bi bira egitera. 1953. urtean hirukotea osatu zuen Ray Brown baxuarekin eta Herb Ellis gitarra-jotzailearekin. Hainbat disko grabatu zituzten elkarrekin, eta ospe handia eskuratu zuten. Ellisek hirukotea utzi zuen 1959an, eta Ed Thigpen perkusio-jotzaileak bete zuen haren lekua; baina 1965ean behin betiko desegin zen taldea.
1967 eta 1972 bitartean Petersonek 15 diskoz osaturiko sail bat grabatu zuen, MPS alemaniar disko-etxearentzat; askoren ustez, orduan osatu zuen bere obrarik onena, piano-bakarlarirako zenbait grabaziorekin.
1970eko hamarraldiaren erdialdera, Neils-Henning Orsted Pederson daniar kontrabaxu-jotzailearekin hasi zen lanean, eta tarteka, hirukotea osatu zuten Joe Pass gitarra-jotzailearekin. Peterson jazz musikako jotzaile gisa nabarmendu zen nagusiki, bere teknika bikainari eta swing musika interpretatzeko zituen dohainei esker, batez ere. Kritikari askoren ustez, bere estiloak Art Tatum piano-jotzailearena gogorazten du, bere maisutasun teknikoan eta aberastasun harmonikoan, eta azpimarratzekoa du, orobat, Nat King Cole, Teddy Wilson eta James P. Johnson piano-jotzaileen eragina. Petersonek zazpi aldiz irabazi zuen Grammy saria, 1974, 1975, 1978, 1979, 1990 (bi) eta 1991. urteetan, hain zuzen ere.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oscar Peterson |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.