Okendo jauregiak (Sopuerta)
Okendo jauregiak (Sopuerta) | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Sopuerta |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVII. mendea |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura barrokoa |
Okendo Behekoa eta Okendo Goikoa Sopuertako Carral auzoan (Bizkaian) dauden bi landa-jauregi barroko dira.
Oinplano angeluzuzena eta lau isuriko teilatua dute eta bata bestearekiko ortogonalki ezarrita daude. Fatxada nagusiak iparralderantz begira dituzte eta ia bat egiten dute angeluetako batean. Bi jauregiek beheko solairua, lehenengo solairua eta teilatupeko solairua dute. Okendo Behekoa jauregia Okendo Goikoa jauregia baino beherago dago, eta horrekin alderatuta, lehen planoan; izan ere, azken hori bigarren planoan eta gorago kokatuta dago. Lurrean duen kokapenagatik, bi jauregientzat komunak diren bi kanpo-espazio daude, bata atzealdean eta bestea aurrealdean.
2003ko maiatzaren 6an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zituen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].
Okendo Behekoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Okendo Behekoa jauregiaren ezaugarri azpimarragarriena bere fatxada nagusia da: luzetara egituratuta dago eta 5 ardatz bertikal ditu, arku zuzeneko baodunak. Fatxadak simetria-ardatz bat du, honakoek osatuta: beheko solairuan, sarrerako ate nagusiak, harlanduzko lanez inguratua; bigarren solairuan, justu atearen gainean, hegal erdi-zirkularreko balkoiak; eta teilatupe-mailan armarriak. Erdiko ardatzaren bi aldeetan 3 baoko ardatz bat du: beheko solairukoak eta ganbarakoak txikiak, eta, lehenengo solairukoak, aldiz, handiagoak. Ardatz horietan baoak ez daude horizontalki lerratuta: ezkerrekoak gorago daude beheko solairuan eta lehenengoan. Alboetako muturretan, eskantzuetatik hurbil, beheko solairuan baoak etzanak dira, eta lehenengo solairuan, aldiz, hegal angeluzuzeneko balkoiak ditu; teilatupean, azkenik, leiho txikiak ditu. Inposta horizontal batek beheko eta lehenengo solairuaren arteko hutsartea zedarritzen du eta hiru balkoiak lotzen ditu. Balkoi horiek burdin landuzko barandak eta molduraz apaindutako harrizko mentsulak dituzte.
Okendo, Garai, Murga eta Carnero familien armarria laurdendua da eta honakoez apainduta eta inguratuta dago: kasko eta lumaje, bandera, gezi, tronpeta eta beste ikur militar batzuez.
Gainerako fatxadek eraikinean nagusi den apainduraren soiltasun-mailan eginda daude, baina balkoirik eta inposta horizontalik gabe. Atzealdeko fatxada heterogeneoagoa da eta bao gutxiago eta lau ardatz ditu. Alboko jauregitik hurbilen dagoen paramentua itsua da, eta eskuineko ertzean, duela gutxi egindako aldaketak daude: hegal itxiko begiratoki bat eta arkupe estali bat beheko solairuan. Alboetako fatxadetan ere beheko solairuetan berriki egindako esku-hartzeak nabari dira; esaterako, alboetako bat osorik hartzen duen hormigoizko eranskin iraingarri bat. Harearrizko harlanduzko lana erabili da eskantzuetan, baoetako markoetan, inpostetan eta balkoietako lauzetan.
Hormak, aldiz, kareharrizko harri-hormakoak dira, eta ez dute luziturik. Barnealdean, sarrerako atondoa edo ezkaratza nabarmentzen dira. Hor hareharrizko baranda bat eta teilatupekoaren espazio argia hasten dira; azken horrek hiru hormarte sortzen dituen zurezko egitura-sistema du: txarrantxa-haga horizontalak, belarri formako mihiztadurak, eta zenbait jabaloi ditu.
Okendo Goikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Okendo Goikoa jauregiaren ezaugarri nagusia bere zehar-fatxada nagusia da. Fatxada horrek hiru ardatz bertikal ditu, arku zuzeneko baodunak; eta simetria-ardatz bat du, honakoek osatuta: behe-solairuan, sarrerako erdiko ateak, harlanduzko lanez inguratuta eta arku zuzena dituena; bigarren solairuan, doi atearen gainean, balkoiak, molduradun eta hegal angeluzuzenekoak, eta teilatupe-mailan, armarriak. Erdiko ardatzaren bi aldeetan, beste ardatza dago, elkarren antzekoak diren 3 bao txiki, ia karratuak, dituena, solairu bakoitzeko bat. Luzitu gorriko inposta horizontal batek solairuen arteko tartea zedarritzen du.
Fatxada nagusian hiru armarri daude, denak teilatupeko solairuan. Okendotarren armarria oso handia da eta jauregiko fatxadaren erdiko ardatzean ezarrita dago. Armarriak, inguruan, apaindura-elementu hauek ditu: kaskoa aurpegi-babes eta lumajeaz, banderak, aizkorak, geziak, tronpetak eta beste ikur militar batzuk. Txikiagoak diren bi armarri ere badaude, alboetako leihoen kareletan kokatuta, eta inposta zertxobait makurrarazten dute. Ezker alboko armarria Abellaneda, Legizamon, Urrutia eta Altzedo familiena da, ez du ez kaskorik, ez bestelako apaingarririk, eta arma laurdenduak ditu: 1.an bi otso ibiltari, 2.ean hiru xingola, 3.ean tenplarioaren gurutzea eta 4.ean bost panel. Eskuin alboko armarria Altzedo familiarena da, kaskorik eta apaindurarik gabe, eta armak zatituta dauzka: 1.an bost panel eta 2.ean zuhaitza eta otso ibiltari bat.
Luzetarako ekialdeko albo-fatxadan azpimarragarrienak teilatupean eta auzoko jauregitik hurbil dituen iztukuzko bi sasi-leiho dira; batean emakume baten irudia agertzen da eta, bestean, gizon batena. Apaindura interesgarri hau, harlanduzko lanaren imitazio gisa erabiltzen da baoetako karel askotan. Baoen egituraketa beste jauregikoen oso antzekoa da: erregularra da, muturretan aldaerak ditu eta arrasean jarritako balkoi bat du lehen solairuko ezker-muturrean. Baoak ditu lau ardatzetan eta ia karratuak dira, estuagoak diren behe solairukoak izan ezik. Atzealdeko hego-fatxadak fatxada nagusiaren osaketa-eskema bera du: hiru bao-ardatz ditu, baina armarririk gabe eta halako eraikuntza-elementu aberatsik gabe; arrasean jarritako balkoia du fatxadako hormatalean, sarrerako ate nagusia, arku zuzenekoa, eta beheko solairuan, bao txiki batzuk. Jauregian, harri-horma luzitua erabili da hormetan, eta, aldiz, harlanduzko lana, nagusiki hareharrizkoa baina baita kareharrizkoa ere, baoak eta eskantzuak inguratzeko erabiltzen da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).