Edukira joan

Odol-agar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Odol-agarrean sortutako hemolisi-ziskuak: Staphylococcus aureus eta Streptococcus agalactiae

Odol-agarra mikrobiologiako laborategietan erabiltzen den hazkuntza-ingurune solido eta orokorra (mikrobio askoren hazkuntza ahalbidetzen duelako) da. Mikroorganismo aerobio eta anaerobioen hazkuntza errazten du, Gram positiboena zein Gram negatiboena, eta baita onddoena ere.

Hazkuntza-ingurune honek ardi-odola dauka. Odol horrek eskakizun nutritibo zorrotzak dituzten bakterioen hazkuntza ahalbidetzen du, alde batetik, eta hemolisiaren erreakzioak aztertu, bestetik. Peptonak eta haragi-extraktuak ere baditu, nitrogeno, karbono eta oligoelementuen iturria direnak bertan hazten diren mikrobioentzat.

Jakina da bakterio batzuek eritrozitoak puskatzeko (hots, eritrozitoen lisia egiteko) gaitasuna dutela (besteak beste, Streptococcus pyogenes-ek, Streptococcus agalictae-k, Staphylococcus aureus-ek, Listeria monocytogenes-ek...). Mikrobio hauek hemolisinak ekoiztu eta askatzen dituzte, eritrozitoen lisia eragiten dituztenak.

Odol-agarrean sortzen dituzten zisku edo haloen arabera (hots, hemolisi-eremuaren arabera) hiru hemolisi mota daude [1]:

  • alfa hemolisia: eritrozitoen lisi partziala gertatzen denean. Berde koloreko haloa agertzen da bakteriar kolonien inguruan.
  • beta hemolisia: eritrozitoen lisi osoa. Zisku edo halo argi nabarmena agertzen da bakteriar kolonien inguruan.
  • gamma hemolisia: bakteriar kolonien inguruan ez dago inongo aldaketarik, eritrozitoak puskatzen ez direlako.

Hazkuntza-ingurune orokorra izan arren, odol-agarrak hemolisiaren arabera bakterio batzuk bereizten ditu. Beraz, nolabaiteko hautakortasunak ere badu.

Mikrobiologia klinikoan usu erabiltzen den hazkuntza-ingurunea da odol-agarra.

Txokolate-agarra odol-agarraren deribatua da: hazkuntza-ingurune horrek eritrozito osoak izan beharrean eritrozito lisatuak dauzka. Eritrozito lisatuek hemoglobina eta heminak bezalako elikagaiak askatzen dituzte ingurunera, eskakizun nutritibo zorrotzak dituzten bakterioek hartzen dituztenak

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Sangre agar base britanialab.com

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]