Nora ez dakizun hori
Nora ez dakizun hori | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Irati Jimenez (2009) |
Argitaratze-data | 2009 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Nora ez dakizun hori |
Argitaletxea | Elkar |
Herrialdea | Euskal Herria |
Orrialdeak | 240 |
ISBN | 978-84-9783-672-2 |
Sariak | Igartza sariko akzesit |
Nora ez dakizun hori Irati Jimenezen eleberria da, 2009 urtean argitaratutakoa eta Igartza sariko akzesita eskuratu zuena. Idazlearen bigarren eleberria da, Bat, bi, Manchester ondoren. Bi istorio lotzen dituen eleberria da: alde batetik Martin argazkilaria, munduan zehar argazki misteriotsuak egin ondoren, itzuli eta gauero irrati-programa bera entzuten duen Elias kazetariaren etxean bizi dena; bestetik, Nora, irrati-esataria, bizi izan duen bizitza gogorraren amaiera gertu duen amonaren etxean bizi dena eta ama berarekin haurdun zegoela istripuz hil zitzaiona. Bi istorioak lotzen joango dira kontakizunean zehar, likantropo baten istorioak tarteko.
Argumentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martin argazkilari gaztea, munduan zehar ia hamabost urtetan ibilita, Bilbora itzultzen da, Elias agure lagun minaren etxera. Elias kazetari erretiratua da, bizitza osoan munduan zehar ibilitakoa. Martinek hamaika argazki misteriotsu ekarri ditu, zeinetan beti agertzen den emakume berbera tartean. Ipuin baterako istorioa izanik, argazkilariak aingeru batekin egindako tratua dakar gogora, arimaren trukean ipuin ezinezkoak emango dizkiona.
Bestetik, Nora, irrati-esatari gaztea, bizitza gogorra izan duen eta Nora bakarrik hazi duen ia ehun urteko amonaren etxean bizi da. Amona etxean erorikoa izan eta ospitalean dagoelarik, bere bizitza gogorraren xehetasun zenbait kontatzen dira: gerran gurasoak hilda, Frantziara ihes egin, handik polizoi ontzi batean sartu eta Ameriketara heldu zen. Han ume bikiak izan zituen, baina biak galdu zituen, mutilak alde eginda eta neska istripuz. Eliasek gauero entzuten du bere lanpostuan aspaldian gustura ez dabilen Noraren irratsaioa; non entzuleek eskatutako abestiak jartzen diren. Martinek irratsaiora deitu eta hiltzen direnerako abestia jartzea eskatzen dio Norari. Norak gauero irratsaioa entzuteko eskatzen die, eta azkenean abesti egokia aurkituko dutela agindu.
Martin argazkien erakusketa prestatzen dabilen bitartean, txikitan Eliasek bere ama nola ezagutu zuela ekartzen du gogora, Sukarrietan bizi zirela. Ezezaguna zen herrian, eta amaren eta Martin txikiaren adiskide bilakatu zen. Bitartean egunero deitzen du Noraren irratsaiora, telefonoz harreman berezia sortzen da bien artean, Norak guztiz zabalik onartzen ez duena; hain zuzen, Martinek erakusketara ere gonbidatzen du, baina Norak uko egiten dio. Egun batean, irrati kateko antena matxuratu eta irratsaiorik ez dago. Martinek Norari deitzen dio zuzenean, baina Norak berriz ere ez deitzeko esaten dio gogor. Martinek bere haurtzaroa gogoratzen du orduan, Norari kontatu nahi ziona, ipuin moduan. Nola amerikanoa deitzen zioten Eliasi amarekin ezkontzeko eskatu zion, nola aita txiki-txikia zelarik hil zitzaion, nola amarekin hazi zen, baina hura ere hil zitzaion, nola Santimamiñeko kobazuloa toki berezia zitzaien, ipuinleku. Hortik hartuko du Martin ezizena, Martin Leizezulo.
Erakusketarako gonbidapenerako gutuna bidaltzen dio Martinek Norari. Bitartean, Norak Berlingo egonaldia gogoratzen du, Manu lankidearekin, egun irratiko zuzendaria dena. Harekin izan zuen maitasun-harremana apurtu zuen han. Irratiko egoitzan beti soinean daraman osaba Kokolo Ameriketan zegoela agertzen den argazki zaharrean babesten da. Bere amaren patua ere datorkio gogora, nola istripuz hil zen eta bera hildako amaren sabeletik bizirik atera zuten. Amona Rosak izandako bikien historia, ama Sararena eta osaba Kokoloarena, Nebraskan abiatzen da; han izan zituen bikiak eta elkarrekin hazi ziren, anaitasunezko giroan. Han amonak ostatua jarri zuen, Ezinen Ostatua izenekoa. Aldiro etortzen den zirkuaren irrikitan hazten dira haurrak, amak kontatzen dizkien ipuinen artean, Amerikarako bidaian polizoi zelarik lapurtu zuen Mila gau eta bat gehiago liburukoak. Noraren eta amonaren ipuin hitzak esanahi berezia du, bere bizitza sekretuaren historia ere badelako. Handitzen doaz haurrak, Kokolo askoz ere gehiago, eta halako batean alde egiten du, bizikletaz eta bakarrik. Nora irratiko egoitzaren girora itzuli, eta Manuk errieta egiten dio, Martinekin duen uhin bidezko harremana moztu behar duela exijituz. Oroitzapenetara itzuliz, Sarak jantziko duen eraztun apal baten bitartez anaia Kokolo beti ikusiko duela irudikatzen du. Han daudelarik gizon euskaldun misteriotsu baten bisita jasotzen dute, Navarre abizenekoa. Amona Rosak tiroz zauritzen du hankan eta alde egiteko agindu. Kokolo, Elias dena, eskilarapean ezkutatzen da eta hortik bizitza osoan eramango duen ezizena hartuko du: Elias Eskilarapeko.
Erakusketarako lanetan dabilen bitartean, Noraren irratsaiora deitzen du berriz, baina Norak moztu egiten dio. Erakusketako laguntzaile duen Miriamekin harremanetan hasten da, baina estua izan arren Martinek azkenean uko egingo dion harremanari. Martin atsekabetuta dago eta afonikoaren itxura egiten du, Norak hitza kendu diola sinetsita.
Gaztetan Nebraskatik ihes eginda, hara joaten zen zirkua topatu zuen Eliasek beste hiri batean eta haiekin lan egin. Porrot egin zuen: aurkezle lanetan euskaraz egin zuenez lehenengoan, barre egin zioten; sorginaren laguntzaile ere aritu zen, magoarekin harreman estua izan zuen, eta bere familiaren historia kontatu zion. Zirkua Nebraskara itzuli zenean, Elias zirkua utzi zuen; magoak ere bai, Eliasen istorioekin liluratuta, Sararekin ezkontzearren, baina haurdun utzita, alde egingo du berriz ere. Eliasi, txikia zenean, sorginak patua kontatu zion, eta horregatik Sarak liskar gogorra izango du harekin. Banandutako bi haurren aita Ameriketarako ontzian amona Rosarekin polizoi joandako otso gizon bat dela kontatzen da.
Martinek aspaldian Bilborako errepidean pertsonaia berezia topatu zuela gogoratzen du, gurpildun aulkian, ingelesez bakarrik zekiena, eta itxura guztien arabera, Martinek ez badaki ere, Ameriketako zirkuko magoa dena. Bere argazkilari lanen hasiera gogoratzen du, nola Venezian hasi zen argazkiak egiten.
Nora Martinen bidera irten eta harekin topo egiten du, hura ustekabean harrapatuz. Martin hitz egiten hasten da berriz ere. Etxera darama eta Elias aurkezten dio, zeinak Bagdadeko istorioak, gerrako kazetari lanetan zebilenean, kontatzen dizkion. Sara autoko irratian ahots ezaguna, Ameriketan kazetari lanetan zebilen bere anaiarena itxura guztien arabera, entzun zuenean, kontrola galdu eta istripua izan zuela kontatzen da. Eliasen etxetik alde egin, ordu txikietan, eta muxuka hasten dira Martin eta Nora. Norak haginkada egiten dio lepoan eta guztiz bero dago, baina azkenean atzera egiten du.
Tradizioan, zazpigarren semea, sei alaben ondorengoa, likantropoa da, otso-gizona, eta hala zen Sara eta Eliasen aita, Ipar Euskal Herriko euskalduna. Txikitatik nabaritu zuen haren familiak bere izaera. Gaztetan, ilargi betean, otso bilakatu eta etxeko neskamea hil zuen. Ameriketara joan zen ihesi, eta bidean Rosa ezagutu eta elkarrekin maitemindu ziren. Ameriketan dirutza egin zuten kasino batean, otso gizonaren belarri luzeari esker diru kutxetako konbinazioa eskuratuta lapurreta eginez. Horrekin erosi zuten Nebraskako ostatua. Likantropoak bere burua lotuta izaten zuen ilargi betean, baina azkenean Rosak askatzea erabaki zuen, maitasunez, harik eta Navarre ehiztariak hil zuen arte, mendekuz, neskamea haren emaztea zelako.
Eliasek Ekialdeko Hurbileko hamaika gerretan ibilita, Euskal Herrira itzuli eta idazle lanetan jarraitzen du. Barruan sentitzen duen estutasuna sendatzen dion atso baten bitartez, John Sebastian Navarre, otso gizonen ehiztaria ezagutzen du, Nebraskan otso gizona, bere aita, hil zuena. Gaur egunera itzulita, Eliasek haginkada ikusten dio lepoan Martini eta horrek Nora banpiro delako susmoak pizten dizkio. Noraren irratsaiora deitu eta ironia egiten du banpiro kontuekin. Nora hitzik gabe uzten du. Eliasek testamentua idazten du, Martinentzat: gutuna eta urtetan munduko bazterretan Sarari idatziriko postal piloa, hunkidurazkoak, oraindik bidali gabeak, bidali behar dio Sarari. Martinek Noraren deia jasotzen du, eta banpiroa dela iradokiz, tantaz tanta bere odola zurrupatuko liokeela aitortzen dio, baina aurreko maitaleari, Manuri alegia, egin ziona egin gabe, arima kendu gabe alegia. Elias hil egiten da, bihotzekoak jota, juxtu erakusketa hasi baino lehen. Argazkien tratuko aingeruarekin elkarrizketa bitxia izango du ondoren: Martinek bere arima gorde ahal izango duela esango dio, azkenik.
Amona Rosa hilzorian dago. Nora postalak jasotzen hasten da, eta Elias osaba Kokolo dela deskubritzen du, guztiz hunkituta. Amona hil egiten da. Bizitza berri bati ekinez, Manu pikutara bidali eta beste irrati batean hasiko lanean. Martinen argazkien erakusketa zabalduta, Norak deskubritzen du argazkietako pertsonaia ezkutua bera dela, guztiz halabeharrez. Azkenik, Lisboara doaz biak, Eliasen errautsak itsasoan zabaldu eta elkarrekin maitasunezko bizitza hastera.