Nikolas Lekuona
- Artikulu hau margolari eta artista ordiziarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lekuona».
Nikolas Lekuona | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ordizia, 1913ko abenduaren 19a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Fruiz, 1937ko ekainaren 11 (23 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria eta idazlea |
Nikolas Lekuona Nazabal (Ordizia, Gipuzkoa, 1913ko abenduaren 19a – Fruiz, Bizkaia, 1937ko ekainaren 11) margolari, marrazkilari, argazkilari, arkitekto eta artista abangoardista izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marrazketa industrialeko ikasketak egin zituen Donostian. 1932an egin zuen bere lehen erakusketa Ordizian. Madrila joanik, abangoardiako artistekin (Gomez de la Serna, Abril, Ferrant) harremanetan hasi zen. 1933an Donostian egin zen Artista berrien lehiaketan bigarren izan zen, Ellos, los detritus obrarekin, eta handik urte betera Oteizarekin eta Balentziagarekin batera Donostiako Gran Kursaaleko erakusketan parte hartu zuen. Hirurek Hegoamerikara bidaia bat egitea pentsatu zuten baina azken unean Lekuonak ezin izan zuen joan eta Oteiza eta Balentziaga soilik joan ziren[1][2].
Lekuonaren margolanek eta argazki-muntaiek surrealismoaren eragina izan zuten orduan. Abertzaletasunarekin harreman estuak izan bazituen ere, Balentziagak eta Oteizak bezala, etnizismotik ihes egin zuen. 1935etik 1936ra bitartean, arkitektura-proiektu handiak egin zituen arrazionalismoaren bidetik. Pinturaz gainera, argazkigintza eta zinemagintzarako gidoiak landu zituen. Jean Cocteauk eragin handia izan zuen alderdi horretatik.
Gerra Zibilean tropa frankistek Gipuzkoa hartu zutenean familiaren aholkuz haien alde egin zuen Lekuonak. Agerkari falangista batean erretratuak publikatu zituen eta GU taldearen parte izanik mugimenduaren aldeko erakusketa kolektiboetan ere hartu zuen parte. Bizkaiko frontera deitua izan zen zaurituak artatzera, eta Fruizen hil zen, 24 urte zituela[3]. Handik aurrera eta 40 bat urtez, Lekuonaren lana ez da aipatua izan, harik eta berriro ezagutzera eman den arte[4]. Harrezkero erakusketa ugari egin da[5][6].
Plaza eta eskultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun Ordizian Nikolas Lekuonaren izena du plaza batek, haren omenez. Plaza horretatik hurbil dago 2 gaineko 1, multzo hirukoitza eskultura, Jorge Oteizak Lekuonaren eta beste bi lagunen omenez egina.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012-01-09 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz) Cervantes, CVC Centro Virtual. «CVC. América, tierra de utopías. Utopía por que Arcadia: Oteiza y América, por Gabriel Insausti.» cvc.cervantes.es (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) ARTEINFORMADO. (20160323). «Oteiza, Lekuona, Balenciaga. El renacimiento incompleto, 1930-1936, Exposición, Escultura, Pintura, mar 2016» ARTEINFORMADO (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Nicolás de Lekuona, la poesía del fotomontaje.» ¡Ah! Magazine 2014-09-10 (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Descubriendo un artista: Nicolás de Lekula | Sobre Arquitectura y más | Desde 1998» www.metalocus.es (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Nicolás de Lekuona. Imagen y testimonio de la Vanguardia» masdearte. Información de exposiciones, museos y artistas 2013-12-30 (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) omnifoto. (2015-04-28). «Retrospectiva itinerante de Nicolás de Lekuona, estrella fugaz de la vanguardia» Fotografo digital y tutoriales Photoshop (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).