Edukira joan

Nerbioi

Koordenatuak: 43°19′32″N 3°01′10″W / 43.325506°N 3.019372°W / 43.325506; -3.019372
Wikipedia, Entziklopedia askea
Nerbioi
Datu orokorrak
Motaibai eta Ibai nagusi
Luzera75,6 km
Geografia
Map
Koordenatuak43°19′32″N 3°01′10″W / 43.325506°N 3.019372°W / 43.325506; -3.019372
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Euskal Autonomia Erkidegoa
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera1.900 km²
Arro hidrografikoaNervión basin (en) Itzuli
Ur-emaria9,6 m³/s
IturburuaIbaizabal
Bokalea
()
Bilbo

Nerbioi[1] Arabako ipar-mendebaldeko eta Bizkaiko hego-mendebaldeko ibai bat da[2], Ibaizabalen ezkerraldeko ibaiadarretako bat. Guztira 49 km-ko ibilbidea du. Batzuen ustez, Nerbioi izena Nerva erromatar jainkoaren omenezkoa da. 530 km2-ko arro hidrografikoa du. Arro horren hegoaldean Gilarte mendatea dago (850 metrokoa).

Nerbioi ibaia Arrigorriagan

Kuartango udalerriko lurretan sortzen da, Araban.[3] Bi kilometro inguruko bidea egin eta gero, 222 metroko ur jauzi ikusgarria egiten du (Iberiar penintsulako luzeena[4]): Kuartangoko lurretatik Amurriokoetara jauzi egiten du (Arabako udalerri batetik bestera, alegia). Ur jauzia Santiagoko pagadian dago, Delika herriaren goiko aldean, ezkerraldean 100 bat metrora Burgosko probintziarekiko muga duela.[3]

Bizkaiko Urduña udalerriko lurrak igaro eta gero, Arabako Amurrio, Luiaondo eta Laudio zeharkatzen ditu. Ondoren, berriro eta behin betiko Bizkaiko lurretan sartzen da.

Gero, Arakaldo, Arrankudiaga, Ugao eta Arrigorriaga zeharkatuta, Basaurin ematen dizkio bere urak Ibaizabali, bere 49 kilometroko ibilbidea bukatuta.

Ibilbideak, oro har, hego-ipar norabideari jarraitzen dio.

Honako udaletatik igarotzen da[5]:

Nerbioi ibaiak Ibaizabal ibaiarekin bat egiten du Basauri eta Galdakao udaletan. Nerbioi ibaiak udalen arteko muga markatzen du zenbait kilometrotan.

Ibaizabalekin elkartzea eta izenarekin ika-mikak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basaurin Ibaizabal ibaiarekin elkartzen da. Bertan Nerbioi-Ibaizabal sistema sortzen da. Orain dela urte batzuk arte ondoren sortzen zen ibaiari Nerbioi izena ematen zitzaion (eta ematen zaio), baina gaur egun euskaldunen artean Ibaizabal deitzeko ohiturak gero eta indar handiagoa du.

Hala eta guztiz, Bilbotar gehienentzat, batez ere erdaldunak direnentzat baina baita ere euskaldun askorentzat, Ibaizabal beharrean Nerbioi deitzen diote Bilboko ibaiari. Hala ere, Euskaltzaindiak ez du zalantzarako betarik ematen: Ibaizabal da Abran itsasoratzen den ibaiaren izen ofiziala.

Izatez, mendez mende herriak erabilitako izena, bai euskaraz bai erdaraz Ibaizabal izan zen XIX. mendearen amaierararte. Besteak beste Miguel Unamunok eta Bilboko alkatea izan zen Javier Ybarrak Ibaizabal deitzen zioten. Ikerketa batzuen ondorioz, egiaztatu zen Begoñako udalerriko biztanleek betidanik Ibaizabal esan diotela Urbi (Basaurin) eta Abusu (Bilbon) arteko tarteari. Hortik aurrera, bilbotarrek itsasadarra esaten zioten, besterik gabe. Abusu auzoaren izena bera ere, Ibaizabal izan zen garai batean. Jakina da Ibaizabal eta Nerbioi ibaiak Basaurin elkartzen direla, Urbi izeneko inguruan hain justu.

Euskaltzaindiak, arrazoi historikoez gain, geografiari lotutakoak ere hartu ditu aintzakotzat Ibaizabal izena obesteko. Horietako bat ibaien norabideen menpekoa da: Ibaizabalek lerro zuena egiten du, gutxi gorabehera, Durangaldetik Abraraino; Nerbioik, aldiz, ez. Mapan begiratuta, Nerbioi Ibaizabalen sartzen dela dirudi. Bestetik, Ibaizabalen arroa gutxigatik bada ere, luzeagoa da Nerbioirena baino, eta baita lehenbizikoaren ur-emaria handiagoa ere.[6]

Nerbioi izena XIX. mendean hasi zen indar hartzen, zenbait entziklopediatan batez ere. Haietan esaten zenez, Nerbioi zen izenik egokiena, herri xeheak Ibaizabal erabili arren. Gaur egun, "Ibaizabal" hitza euskaldunek erabiltzen dute baina beraien artean oso zabalduta dago ere "Nerbioi" hitzaren erabilera gaztelaniaren eraginagatik. Aldiz, erdaldunek nekez deitzen diote "Ibaizabal" Bilbo zeharkatzen duen ibaiari.[7]

Ibaiaren kutsadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sei ibairen kutsadura mailak Europar Batasunak ezarritakoak baino altuagoak zirela jakinarazi zen Uraren Esparru Zuzentarauaren bitartez. Ibai hauek ziren: Oria, Deba, Kadagua, Nerbioi, Ibaizabal eta Zadorra. Horien uretan, legeak arautu baino kopuru handiagoan zeuden kromoa, butilestanioa, lindanoa, kuprea, zianuroa eta merkurioa.[8]

Egoera horren kausa dira, besteak beste, ibai ertzeetako industria jarduerak, arazketarik eza eta nekazarien isurketak. Hala ere, Euskadiko Ur Agentziak (URA) esan zuenez, arazoa ez zen ibaiak zikinago zeudela, baizik eta Europar Batasunak legeak gogortu zituela.

Gainera, Administrazio publikoek oraindik ere ez dituzte betetzen Europar Batasunaren 91/271 Zuzentaraua (1991. urtekoa) eta hura betearazteko Espainiako 11/1995 Errege Dekretua (1995. urtekoa). Hiriguneetako hondakin urak tratatzeari buruzko bi lege horietan zehaztuta dago hondakin ur guzti-guztiak bildu eta araztu egin behar zirela 2006ko urtarrilaren 1erako. Bereziki larria da egoera Nerbioi ibaian, Aiaraldean industria jarduera handia dagoen arren ez baitute araztegirik; eta Urduñan ere ez.[9][10][11]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nerbioi ibaiaren inguruko informazioa

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa