Nazioarteko Zigor Auzitegia
Nazioarteko Zigor Auzitegia | |
---|---|
Datuak | |
Izen ofiziala | International Criminal Court eta Cour pénale internationale |
Izen laburra | CPI eta ICC |
Mota | international court (en) eta gobernu arteko erakundea |
Herrialdea | Herbehereak |
Jarduera | |
Kidetza | Liburutegien Elkarte eta Erakundeen Nazioarteko Federazioa |
Kide kopurua | 125 (2024) |
Agintea | |
Lehendakaria | 赤根智子 (mul) |
Zuzendaria | Silvia Fernández de Gurmendi (en) |
Egoitza nagusi | |
Osatuta | |
Historia | |
Sorrera | 2002ko uztailaren 1a |
Jasotako sariak | |
webgune ofiziala |
Nazioarteko Zigor Auzitegia[1][2] nazioarteko justizi auzitegi iraunkor bat da; genozidio krimena, gerra krimena, eta gizateriaren kontrako krimenak epaitzeko eskumena du. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren egoitza Hagan dago (Herbehereak).
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1919 urtean, Lehen Mundu Gerraren ostean, gerran garaile suertatu ziren estatuek, Alemaniako Wilhelm II Kaisarra eraso krimenengatik epaitzeko lanak bultzatu zituzten. Lan horien helburua ez zen inoiz burutu, baina etorkizunerako funtsezko oinarriak ezarri zituen. Auzitegiaren zuzeneko aurrekariak Nurenbergeko eta Tokioko epaiketak izan ziren. Epaiketa horiek kritika ugari jaso arren, legezkotasun printzipioa hausten zutelakoan, nazioarteko justizian aurrera pauso handia izan ziren. Nazio Batuen Erakundeak, nazioarteko zigor auzitegi iraunkor baten premiaz kontzientziatuta, hirurogeiko hamarkadan honelako auzitegi bat sortzeko lanak bultzatu zituen. Hala ere, ez zen 1998 urtera arte helburu hura lortu. Bultzada Jugoslaviako (1991-1995) eta Ruandako (1994) gerrek eman zuten, bertan gertatutako krimenak nazioarteko zigor auzitegien bitartez epaitu zirelako, nazioarteko segurtasun juridikoa berriro ere zalantzan jarriz. Beraz, nazioarteko zigor auzitegi iraunkor baten beharraz jabetuta, eta nazioarteko zuzenbide penalaren eta nazioarteko giza eskubideen garapenaz baliatuta, 1998 urtean Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Estatutua idatzi eta sinatu zen. Estatutua berresteko baldintzak ordea kritikatuak izan ziren (adibidez, estatutuari erreserbak egiteko debekua). Estatutua indarrean sartzeko quoruma 60 estaturen partaidetzan ezarri zen. Baldintza hori, azkenik, 2002ko uztailaren 1ean lortu zen, eta Estatutua indarrean sartu zen.
Estatu Partehartzaileen Batzarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu Parte-Hartzaileen Batzarra, Auzitegiaren organo legegilea da. Erromako Estatutua berretsi duten estatuez osaturik dago, hau da, estatu parte-hartzaileen ordezkariez osaturik. Auzitegiaren inpartzialtasuna babestearren, Estatu Parte-Hartzaileen Batzarra ez da Auzitegiaren organo bat. 2008ko apirilean, adibide gisa eta ideia bat egiteko, 106 estatuk sinatua zuten jada Erromako Estatutua: Afrikako 30, Asiako 13, Ekialdeko Europako 16, Latinoamerikako eta Karibeko 22, Mendebaldeko Europako 25, eta beste hainbat.
Hau da estatuen zerrenda:
- Europan: Albania, Andorra, Austria, Belgika, Bosnia eta Herzegovina, Bulgaria, Kroazia, Zipre, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Georgia, Alemania, Grezia, Hungaria, Islandia, Irlandako Errepublika, Italia, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Mazedoniako Errepublika, Malta, Montenegro, Herbehereak, Norvegia, Polonia, Portugal, Errumania, San Marino, Serbia, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Suedia, Suitza, Erresuma Batua
- Afrikan: Benin, Botswana, Burkina Faso, Burundi, Afrika Erdiko Errepublika, Txad, Kongoko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Komoreak, Djibuti, Gabon, Gambia, Ghana, Ginea, Kenya, Lesotho, Liberia, Madagaskar, Malawi, Mali, Maurizio, Namibia, Niger, Nigeria, Senegal, Sierra Leona, Hegoafrika, Tanzania, Uganda, Zambia.
- Amerikan: Antigua eta Barbuda, Argentina, Barbados, Belize, Bolivia, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Dominika, Dominikar Errepublika, Ekuador, Guyana, Honduras, Mexiko, Panama, Paraguai, Peru, Saint Kitts eta Nevis, Saint Vincent eta Grenadinak, Surinam, Trinidad eta Tobago, Uruguai, Venezuela
- Asian: Afganistan, Kanputxea, Cook Uharteak, Japonia, Jordania, Mongolia, Hego Korea, Tadjikistan
- Ozeanian: Australia, Ekialdeko Timor, Fiji, Marshall Uharteak, Nauru, Zeelanda Berria, Samoa
Funtzionamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazioarteko Auzitegia autonomoa da, baina bertan parte hartzen duten estatuekin lan egiten du.
Krimenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromako Estatutuaren 5. artikuluan daude ezarriak, eta krimen horietaz arduratzeko eskumena bakarrik izango du Auzitegiak:
- Genozidioa (6. artikulua);
- Gizartearen aurkako krimenak (7. artikulua);
- Gerra krimenak (8. artikulua); eta
- Eraso krimena (definiziorik gabe oraingoz; beraz, Auzitegia ez da eskudun krimen honetaz arduratzeko)
Auzitegiaren printzipio juridikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Auzitegiaren funtzionamendua arautzen duten arau eta printzipioek gorte hau auzitegi berezia bihurtzen dute, kasu partikularrez bakarrik arduratzeko eskumena ematen baitiote. Honako hauek dira Auzitegiaren printzipio juridikoak:
- Subsidiariotasun printzipioa: Auzitegiaren eskuduntza subsidiarioa da. Hau da, Auzitegia bakarrik da eskudun estatu batek epaitzen ez duenean edo ezin duenean epaitu.
- Nullum crimen sine lege: ez dago krimenik, horiek tipifikatzen dituen legerik gabe.
- Nulla poena sine lege: ez dago zigorrik edo penarik, horiek taxutzen ez dituen legerik ez bada existitzen.
- Ratione personae atzeraeraginik ez: 2002 urtetik aurrera gauzatutako krimenak bakarrik epaitzeko eskumena du Auzitegiak.
- Erantzukizun penal indibiduala: Pertsona juridikoak Auzitegiaren eskumenetik kanpo geratuko dira. Zilegi ez diren elkarteetan parte hartzea inguruabar astungarria da.
- Auzitegia ez da eskudun adinez nagusi ez diren pertsonak epaitzeko,
- Berdintasun printzipioa: pertsona guztiak berdinak dira Auzitegiaren aurrean. Nahiz eta inputatua gobernuburua izan, adibidez.
- Karguarengatiko erantzukizuna.
- Preskribaezintasun printzipioa.
- Kargu bat betetzeak ez du erantzukizun penaletik salbuesten
Ikerketa eta epaiketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Auzitegiak hiru era hauetan abiaraz dezake delituen ikerketa:
- Partaide den estatu baten eskaeraz
- NBEko Segurtasun Kontseiluaren eskaeraren bitartez
- Auzitegiaren fiskalak eraginda (ofizioz)
Behin ikertzeko eskaera Auzitegira iritsita, fiskalari dagokio kasuarekin jarraitzea edo artxibatzea. Kasuarekin jarraitzen badu, akusazio bat aurkezten du Aurretiazko Erabakizunen Ganberak berrikusteko. Azken organo honen oniritzia lortzen bada, fiskalaren akusazioa Lehenengo Instantziako Ganberaren esku uzten da, epaiketa egiteko. Ganbera honek emandako epaia Apelazio Ganberan apelatu daiteke.
Zigorrak eta zigorren betetzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Auzitegiak ezarri ditzakeen zigorrek ezin dute 30 urteko zigor-kartzela gainditu. Hala ere, krimenen larritasuna eta kondenatuaren egoeraren arabera, biziarteko kartzela zigorra ere ezarri dezake. Azkenik, isun-zigorrak ezar ditzake eta kondenatuaren jabetzak konfiskatu ditzake. (77. artikulua). Zigorren betetzea, Herbehereetan edota beste estatu batean ezarri daiteke, Auzitegiaren eta estatu horien arteko hitzarmenen arabera.
Erlazioak estatuekin eta nazioarteko erakundeekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Honetarako baimena ematen dioten Auzitegiaren Estatutuen xedapenen arabera, Auzitegiak bai estatuekin eta bai nazioarteko erakundeekin itunak sina ditzake lankidetzarako, ikerketarako edo ezarritako zigorren betearazpenerako. Itun horiek Estatutuaren osagarriak izan daitezke sinatzaileentzat.
98. artikuluaren kasua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]98. artikulua, nazioarteko itun batek estatu bateko nazionalak babesten dituen kasuetan, Auzitegiaren ebazpenak saihesteko bide bat da.
Salbuespenezko egoeretarako dago arau hau, baina AEBk orokorki hedatu du, hau da, anitz lankidetza itun sinatu ditu beste estatu batzuekin Auzitegiaren ebazpenak saihestearren. 2003 urtetik aurrera AEB 98. artikuluaren izenean esklusio itunak lortzeko presio neurriak hartzen hasi da (adibidez, aipatutako nazioarteko itun hauek sinatzen ez dituzten estatuei, laguntza militarrak ez ematea. Presio neurri horren eraginez, hainbat estatu kaltetuak izan dira: Brasil, Ekuador, Peru, Hegoafrika, Venezuela eta beste hainbat Afrikako eta Latin Amerikako estatu ere).
Kritikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromako Estatutua sinatu ez duten estatuen artean: AEB, Errusia, Txina, India, Israel, Txile, Kuba eta Irak aurkitzen ditugu. AEBren kasua da eztabaida gehien sortarazi duena. 2002ko abuztuaren 2an, estatu horren Kongresuak Ipar Ameriketako kanpo zerbitzuak egiten zituzten langileen babeserako legea onartu zuten (American Servicemembers'Protection Act). Auzitegiaren botereari ihes egiteko azpijoko bat besterik ez zen, lege hori dela medio, gorteak ezin baititu langile horiek epaitu (estradizioa beraz, ezin daiteke ezarri).
Gaur egun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Auzitegiak ezagutu dituen lehenengo kasuak, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Ugandako Errepublikan, Afrika Erdiko Errepublikan eta Sudanen gertaturiko krimenengatik izan dira eta estatu haien eskaerengatik abiarazi dira; Sudanen kasuan ordea (edo Darfur kasua bezala ere ezagutua) NBEren Segurtasun Kontseiluak eskatu zion Auzitegiari auzi horretaz arduratzea. Ugandako kasuan gainera, 2005eko urriaren 14an, Auzitegiko fiskalak ofizioz nazioarteko bilatze eta atzemate agindu bat jaulki zuen, Jaunaren Erresistentzia Armadan parte hartzen zuten bost Ugandarren kontra, beraien estatuan bertan krimen larriak gauzatzeagatik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ eitb. (Noiz kontsultatua: 2011-4-11).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Mikrotesaurusa | Lexikoa. Bizkaiko Foru Aldundia (Noiz kontsultatua: 2011-4-11).