Nasa yuwe
Nasa yuwe | |
---|---|
Nasa Yuwe | |
Datu orokorrak | |
Hiztunak | 140.000 |
UNESCO sailkapena | 3: arriskuan |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza hizkuntza autoktono Ameriketako jatorrizko hizkuntzak | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | hizkuntza bakartua |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-3 | pbb |
Ethnologue | pbb |
Glottolog | paez1247 |
UNESCO | 641 |
IETF | pbb |
Endangered Languages Project | 2964 |
Nasa yuwea edo paeza Kolonbiako hego-mendebaldean hitz egiten den hizkuntza bat da.
Bereziki Cauca departamentuan hitz egiten den arren, Tolima, Huila, Meta, Valle del Cauca, Putumayo eta Caquetá departamentuetan ere mintzatzen da. Caucan Erdiko Mendikateko Totoró, Silvia, Caldono, Jambaló (Baçukwe nasa yuwez), Toribío (Tuunxiwxu nasa wuwez), Caloto, Santander de Quilichao (Kliçxaw nasa yuwez), Páez eta Inzá udalerrietan, eta Mendebaldeko Mendikateko Morales eta Buenos Aires udalerrietan hitz egiten da (Rojas, 2002[1]; Nieves, 2019[2]).
Nasa yuwe izenak "nasen hitza edo hizkuntza" esan nahi du. Hiztunek sarri kwe’sx yuwe ere esaten diote ("gure hitza edo hizkuntza"). Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik bakartua da nasa yuwe hizkuntza, nahiz zenbait ikerlarik zapoteca hizkuntza-taldekoa den esan duten.
Hiztunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etniako kideak 140.000 eta 400.000 artekoak dira, iturrien arabera kopurua aldatu egiten baita (Sichra, 2009[3]; Corrales eta Perdomo, 2007[4]). Horietako @, gutxi gorabehera, jatorrizko hizkuntzaren hiztuna da. Elebakarrak nasa nagusien artean baino ez daude.
Hiztun-kopuruaren arabera, Kolonbiako jatorrizko hizkuntzen artean bigarrena da, wayuuaren ostean eta enbereraren aurretik.
Gaur egun badute alfabeto edo sistema ortografiko estandarra, alfabeto latinoan oinarritua. Sistema ortografiko hori 2001ean onartu zuten CRIC (Consejo Regional Indígena del Cauca) erakundeak eta beste zenbait elkartek (Rojas, 2002[1]). Nasa yuwe hizkuntzak hots ugari duenez, sarri hots bakarra bi edo hiru hizkiz idaztean da.
Kwe’sxa çxhäçxhä mhin üstha’w kwe’sx yuwe pa’ka ("gu indartsu ari gara lanean gure hizkuntzaren alde").
Estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonbian 65 hizkuntza amerindiar, 2 kreolera eta romaniera hitz egiten dira (Landaburu, 2007[5]), zeinu-hizkuntzaz eta gaztelaniaz gain. Aniztasun hori Kolonbiako Konstituzio Politikoan onartuta dago, 10.artikuluan biltzen baitu “Gaztelania da Kolonbiako hizkuntza ofiziala. Talde etnikoen hizkuntza eta dialektoak ere ofizialak dira euren eskualdeetan”. Horregatik, nasa yuwea ere koofiziala da bere lurraldean. Gainera, 2010.urtean Jatorrizko Hizkuntzen Legea (1381 zenbakiduna, 2010) onartu zen eta honen “helburua tradizio linguistiko propioa duten talde etnikoen hizkuntza eskubide indibidual eta kolektiboen aitorpena, babesa eta garapena bermatzea da” eta lege honek berak jatorrizko hizkuntzen eta gaztelaniaren erabilera-eskubideari buruzko 5. artikuluan dio “jatorrizko hizkuntzetako hizkunek eskubidea izango dute elkarren artean euren hizkuntzetan komunikatzeko, berdin alor publiko edo pribatuan, herrialdearen hedadura osoan, ahoz zein idatziz, jarduera sozial, ekonomiko, politiko, kultural eta erlijioso guztietan” (Garabide, 2018; Idiazabal, 2017[6]).
Halere, ofizialtasun-estatusa teorikoa baino ez da, praktikan ez baitzaio inolako erraztasunik eskaintzen.
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nasa yuwea zein hizkuntza-familiatakoa den eztabaidagarria da. Uricoecheak (1877)[7] nasa yuweak kitxua bezalako andear hizkuntzekin zituen harremanak nabarmendu zituen, bereziki gramatika eta morfologiagatik, nahiz eta gaur egun proposamen hori erabat baztertua izan den.
Paul Rivetek eta beste batzuek txibcha bezala sailkatu zuten, baina Adolfo Constenla Umañak txibcha hizkuntza ez dela egiaztatu zuen.
Oraintsuago, makro-txibcha filoaren kidea dela proposatu da, familia barbakoarrarekin nolabaiteko harremana izan lezakeela uste izan baita, awá, guambiano, cayapa, colorado, andakiarekin eta agian beste batzurekin batera.
Beste aditu batzuk familia "paezana" proposatzen dute (Kaufmann, Key, Greenberg) edo "barbakoana-paezana". Hala ere, egiturari eta lexikoari dagokionez, nasa yuwea eta barbakoa oso ezberdinak dira, eta antzeko forma lexikoak mailegu linguistikoen ondorio izan litezke, hizkuntza horien hurbiltasun geografikoa dela eta.
Kokapen geografikoan oinarritutako mailegu lexikoak aipatzen ditu Jolkeskyk (2016)[8] ere txibtxa, barbakoa, txoko, tukano, andaki eta kofan hizkuntzekin alderatuta. Makro-txibcha proposamenaren ildo beretik, Greenbergek (1987)[9] makrofamilia txibtxano-paezana proposatzen du.
Beste batzuentzat (Gordon, 2005[10]) hizkuntza beregaina da, nahiz eta andakiarekin eta agian desagertutako beste hizkuntza batzurekin duen harremana onar daitekeen (Adelaar eta Muysken, 2004[11]).
Campbellek eta Grondonak (2012: 100)[12] honakoa diote: "Ez dago adostasunik paezanoari buruz, eta iritziak nabarmen aldatzen dira. Normalean, panikitarekin (Kolonbia) batera kokatzen da, izatez, hizkuntza honetako dialekto bat eta desagertutako panzaletasunari buruzko daturik ez dagoenez, sailkapenak ez du oinarri linguistiko errealik (Loukotka, 1968:245; Constenla, 1991; Adelaar eta Muysken, 2004:619)".
Hizkuntzalari askok gaur egun nasa hizkuntza isolatutzat jotzen duten arren, Jolkeskyk (2016)[8] nasa yuwearen eta Mexikoko zapoteka hizkuntzen arteko lotura genetikoaren ebidentzia garrantzitsuak aurkeztu omen ditu.
Dialektoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nasa yuwe hizkuntzak, hizkuntza gehienek bezala, aldaerak ditu. Edozelan ere, nabarmena da hiztunek zailtasunik gabe elkar ulertzen dutela.
Egoera soziolinguistikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen nasa yuwe - gaztelania hiztegia Eugenio del Castillo y Orozco apaizak egin zuen eta Ezequiel Uricoecheak argitaratu zuen 1877an. Misiolari hiztegiek eta gramatikek indigenak "ebanjelizatu" eta erdalduntzeko helburua izan ohi zuten, eta jatorrizko hizkuntzen atzerakada prozesuaren parte izan ziren. Gaur egun, ordea, hizkuntzaren historiaren testigantza dira eta hitzak berreskuratzeko eta toponimia hobeto ulertzeko balio dute.
Nasa yuwe eta jatorrizko hizkuntzen beherakada edo galera-prozesua kolonizazioaren eta errepubliken eskutik etorri da. Izan ere, ekonomiaren ekitate ezaren ondorio, espainiar koroak XVIII. mendearen amaieran hizkuntza indigenak debekatu zituen eta, ondoren, errepublikek areagotu egin dute hizkuntza indigenen bazterketa. Errepublikek, salbuespenak salbuespen, ez dute praktikan hizkuntza indigenentzako tokirik utzi administrazioan, hezkuntzan, ezta esparru publikoetan.
Gaur egun, nasen @k daki jatorrizko hizkuntza, bereziki belaunaldi nagusien artean, eta horregatik hiztun-kopurua murrizteko joera nabarmena da. Halere, badira hamaika herri-ekimen jatorrizko hizkuntza eta kulturaren alde, batez ere erakunde indigenek sustatuak eta babestuak. Horietako batzuk aipatzearren, helduak alfabetatzeko edo jatorrizko hizkuntza irakasteko programak, hezkuntzaren arloko murgilketa-ereduak eta irrati-saioak aipatu daitezke.
Helduen irakaskuntzaren arloan 2020an argitaratu da nasa yuwea irakasteko lehen metodoa: Kwe’sx yuwe’s piiywa’. Nyafx Fxidx[13] liburua, zein atazetan oinarritutako metodologia komunikatiboa du sorburu. Ekimena Tuunxiwxu-Toribio udalerriko nasa yuweren sustatzaileek burutu dute, Euskal Herriko adituek lagundurik. Izan ere, hainbat herritarrek euren jatorrizko hizkuntza berreskuratzeko gogoa izanik, gau-eskola saioak antolatzen ari dira azkeneko hamarkadan.
Hezkuntzaren arloan Programa de Educación Bilingüe Intercultural (PEBI) da erakunde indigenek azkeneko 30 urteetan bultzatu duten ekimena, nahiz eredu honetan nasa yuwe hizkuntza gehienez 2 orduz astero irakasten den. Baina azkeneko hamarkadan jaio dira, lurralde nasan zehar, hainbat murgilketa-eredu pilotu, ume txikiak nasa yuwe hizkuntzan, kulturan eta kosmobisioan hezteko. Izen diferenteak dituzten esperientzia pilotu horiek (wasakkwewe’sx, fxiw yat, eta abar) koordinatze-lanetan ere ari dira, estatuaren inolako laguntza barik eta erakunde indigenen aurrekontu murritzen laguntzaz.
Irratietan ere badituzte saioak jatorrizko hizkuntzan, hala nola, Radio Payuumath eta Radio Nasa irratietan.
Deskribapen linguistikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atal honetan nasa yuwearen deskribapen linguistikoa egiten da fonologia, morfologia eta sintaxia eta hiztegia azpigaietan pixka bat sakonduz.
Fonologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nasa yuweak 4 bokal ditu oinarrian (i, e, a, u), baina horiek ahokariak edo sudurkariak izan daitezke (a/ä, e/ë, i/ï, u/ü), eta guzti horiek luzeak (aː/äː, eː/ëː, iː/ïː, uː/üː), aspiratuak (ah/äh, eh/ëh, ih/ïh, uh/üh) edo glotariak (a’/ä’, e’/ë’, i’/ï’, u’/ü’) ere izan daitezke. Horregatik, estandarrean 32 bokal dituela esaten da (Rojas 1998[14], 2002[1]).
BOKALAK | Aitzinekoak | Erdikoak | Atzekoak |
---|---|---|---|
Itxiak | i ï iː ïː ih ïh i’ ï’ | u ü uː üː uh üh u’ ü’ | |
Erdi-itxiak | e ë eː ëː eh ëh e’ ë’ | ||
Irekiak | a ä aː äː ah äh a’ ä’ |
Kontsonanteei dagokienez, hizkuntzak 37 fonema ditu. Nasa yuwea bereziki aberatsa da fonema bustietan (palatalizatuetan), 19 baititu. Hasperenduak ere 8 ditu, horietako lau bustiak izanik[8] (Rojas, 1998[14], 2002[1]; Nieves, 2019[2]).
KONTSONANTEAK | Ezpainkariak | Apikalak | Hobikariak | Belarrak | |||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
bakuna | bustia | bakuna | bustia | bakuna | bustia | bakuna | bustia | ||
Herskariak | p | pʲ | t | ƫ | ç | çʲ | k | kʲ | |
hasperenduak | pʰ | pʲʰ | tʰ | ƫʰ | çʰ | çʲʰ | kʰ | kʲʰ | |
presudurkariak | mb | mbʲ | ⁿd | ⁿdʲ | ⁿz | ⁿʐ | ⁿɡ | ⁿgʲ | |
Sudurkariak | m | n | ɲ | ||||||
Igurzkariak | ahoskabeak | fʲ | s | ʃ | j | jʲ | |||
ahostunak | |||||||||
Albokariak | l | ʎ | |||||||
Hurbilkariak | w | vʲ | y |
Rojasek ez ditu kontsonante hauek jasotzen: pʲʰ, kʲʰ, ⁿgʲ
Herskari presudurkariek sudurkariren bat (m, n, ɲ) dute aurrean.
Idazkera eta ahoskera bateratuz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaldunentzako lagungarri izan daiteke jakitea x hizkiak zera adierazten duela, aurreko hizkia (fonema) busti egiten dela (goiko taulan adierazita /ʲ/ sinboloarekin). Horrela, ç hizkiak gure tz hotsa bezalatsu da; çx hizkiek, ostera, gure tx-ren berbera adierazten dute; lx, nx eta sx gure il/ll, in/ñ eta x dira; tx gure ts hotsaren antzekoa da; dx gure dd bezalakoa da. Gainerako bustiak ez ditugu gurean.
Bestalde, kontu handia izan behar da b, d, g eta z hizkiekin, bi fonemadun hizkiak baitira, mb, nd, ng, nz, hurrenez hurren. Gainera, z ahostuna da, ez ahoskabea, gurea bezalakoa.
J hizkiak beti hots gogorra adierazten du. W eta y hizkiak erdi bokalikoak dira; w egundo ezin da gure b bezala ahoskatu.
H, p, t, k, m, n, s eta l gure antzekoak dira, baina gainerakoek ikasi behar izaten ditugu euskaldunok.
Gramatika eta sintaxia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Perpausaren hitz-hurrenkera subjektua-objektua-aditza da, eta zaila da hurrenkera hori apurtzea, beste hurrenkeraren bat egoera berezietan soilik egin daitekeelako. Adjektiboa izenaren ondoren jartzen da.
Izenak eta izen-sintagmak atzizkien bidez deklinatzen dira, hizkuntza postposizionala baita. Postposizio-marken bidez akusatiboa (eta datiboa), destinatiboa edo benefaktiboa, soziatiboa, instrumentala, 4 inesibo, alatiboa eta elatiboa adierazten dira.
Subjektua aditzak edo posizioak seinalatzen du. Plurala kolektiboaren markaren bidez adierazten da: -we’sx (nasa/nasawe’sx).
Aditz-morfologia oso konplexua eta aberatsa da, pertsona, aspektua, denbora eta hainbat modu adierazten baititu aditzak. Gainera, ezeztapena, baieztapena, balizkoa, galdera eta beste zenbait informazio ere bere gain biltzen du aditzak morfemen bidez. Adibidez: Nasa Yuwe’s we’weth / Nasa Yuwe’s we’wemeth (‘Nasa Yuwez mintzatzen naiz / ez naiz mintzatzen’)
Nasa Yuweak ez du ‘izan’ aditzik, baina pertsona-marka izenei erantsi ahal zaie, hala nola, We’peth, ‘We’pe naiz’ esateko.
Perpausak topikoaren marka ere badu, eta mintzagaia adierazteko aditzaren pertsona-marka mintzagaiari eransten zaio, aditza erantziz.
Lehen eta bigarren pertsona singularreko izenordainak desberdinak dira genero femeninoetarako eta maskulinoetarako; haien plurala forma femeninotik dator bi generoetarako. Hirugarren pertsona neutroa da.
Hiztegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hurrengo taulako hainbat hitz Ä’skwe eta beste (2020)[13] eta PEBI-CRIC (2012)[15] liburuetatik atera dira
Euskaraz | Nasa yuwez | |
zenbakiak | bat | teeçx |
bi | e’z | |
hiru | tekh | |
lau | pahz | |
bost | tahç | |
sei | setx | |
zazpi | sa’t | |
zortzi | tawn | |
bederatzi | kheb | |
hamar | kseba | |
hamaika | kseba teeçx | |
hamabi | kseba e’z | |
hogei | e’ba | |
hogeita bat | e’ba teeçx | |
hogeita hamar | teba | |
ehun | eçxkahn | |
izenordainak | ni (gizonezkoa) | adx / adxa |
ni (emakumea) | u’k / u’ka | |
zu (gizonezkoa) | idx /idxa | |
zu (emakumea) | i’k / i’ka | |
natura | eguzkia | sek |
ilargia | a’te | |
izarra | a’ | |
ura | yu’ | |
harria | kwet | |
zuhaitza | fxtü | |
adjektiboak | handia | wala |
txikia | le’çkwe | |
koloreak | horia | sxkiitx |
gorria | bej | |
beltza | küçx | |
zuria | çxihme | |
animaliak | oiloa | atalx |
txakurra | alku | |
zaldia | jiba | |
behia | klaa | |
hartza | e’sxavx | |
sugea | ul | |
gorputz atalak | ahoa | yuwe |
burua | dxikthe | |
eskua | kuse | |
oina | çxida | |
bestelakoak | hizkuntza | yuwe |
etxea | yat | |
herria | çxhab | |
indarra | çxhäçxhä |
Nasak eta euskaldunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garabide Elkarteak eta EHU-UPVko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak 2011n izan zituzten lehen harremanak nasa herriarekin, Cauca Iparraldeko Çxhab Wala Kiwe-ACIN erakundearen Nasa Yuwe Hariarekin hain zuzen. Harremanok nasa yuwe eta euskara hizkuntzen biziberritzeari buruzko esperientziak eta jakituriak elkarrekin partekatzeko helburua dute, eta elkar-truke horri eta nasa herriaren erabakimenari esker gaur egun hainbat murgilketa-ereduko zenbait eskola pilotu eta helduei jatorrizko hizkuntza irakasteko metodo eta material sortu dira, besteak beste. Ibilbide hori Durangoko Udalaren laguntzari eta hainbat boluntarioen lanari esker gertatzen ari da.
2016an Garabide Elkarteak Cauca iparraldeko Tuunxiwxu-Toribio udalerriko Centro de Educación, Capacitación e Investigación para el Desarrollo Integral de la Comunidad (CECIDIC) erakundearekin hitzarmena sinatu zuen, eta ordutik hona Gipuzkoako Foru Aldundiaren Nazioarteko Lankidetzaren deialdian formazio-proiektuak aurkeztu eta eskuratu ditu urtero, beti ere EHU-UPVko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren laguntzarekin.
Nasa yuwe hizkuntzaren egoera larria da, etxeko hizkuntza-transmisioa oso etena dagoelako, baina itxaropena sortu da, esperientzia horiek arrakasta izan dutelako eta apurka-apurka prestigioa ari delako irabazten jatorrizko hizkuntza eta kulturaren ekimenak (Larrañaga, Mendizabal eta Barreña, 2020[16]).
Elezaharren lurraldea | Üus nxaak pnaasa’s kaajiyu’jn |
---|---|
Nasa izaeran, lurralde zentzuaren garapena bere jaiotzaren testuinguruaren araberakoa da. Etxetik ateratzen den hari gidariak, zilbor heste eran, nasa gizakiaren gogoeten eta ezagutzen garapena irudikatzen du.
|
Nasa fxi’zenxi’ kiwe na’wte walasa’, txahtha’w ja’da üus yaatxçx pnaasa’s ji’puna u’jwe’. Aça’ ayte uyu’tha’wna’ Nxadxtasxkiweka’ le’çxkwe maa’ne’ kiwe’su’ üuste uyna ya’ wala txä’sthu piisa’ xä’sthu yatuh wes vxitçxa’ takhe’.
|
Egilea: Huber Castro [17] |
XXI. mendean nasa yuwearen egoera hobetuz doa, eta hobekuntza horren atzean dauden eragileen artean, CECIDIC eta Garabide daude besteak beste.
Garabidek, CECIDIC eta UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrarekin batera, nasa yuwe hizkuntzaren biziberritzean lan egin du Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Diplomatura Nasa komunitatean aplikatuta diplomatura 2018an garatuz, eta unibertsitate-mailako Nasa Yuwe hizkuntzaren biziberritzeko prozesuetarako kudeaketarako formazio teknikoa 2019-2020ko biurtekoan, besteak beste (Larrañaga, Mendizabal eta Barreña, 2020[16]).
Garabideren eskutik sortutako kooperazio linguistiko proiektu hauei esker, nasa herriaren eta euskaldunen arteko loturak sortu dira. Eta nasa yuwea Euskal Herrira ailegatu den moduan, euskara ere, nasa herrira iritsi da ahotsak.eus-eko “101ELE” proiektuan ikus daitekeen moduan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Rojas, Tulio. (2002). Desde arriba y por abajo construyendo el alfabeto nasa. La experiencia de la unificación del alfabeto de la lengua páez (nasa yuwe) en el Departamento del Cauca - Colombia. .
- ↑ a b Nieves, Rocío del Pilar. (2019). Gramática descriptiva básica del nasa yuwe. Programa editorial Universidad del Valle.
- ↑ Sichra, I.. (2009). Atlas sociolingüístico de pueblos indígenas en América Latina. .
- ↑ Corrales, M. E.; Perdomo, A.. (2007). Nasa yuwea: Kolonbiako nasa herriaren hizkuntza. Erein, 37-38 or..
- ↑ Landaburu, J.. (2007). Kolonbian egun hitz egiten diren hizkuntzak. Erein, 35-37 or..
- ↑ Idiazabal, Itziar. (2017). ¿Qué significa la escuela bilingüe para lenguas minorizadas como el nasa yuwe o el euskera?. Onomázein Revista de lingüística filología y traducción (amerindias), 137-152 or. doi: ..
- ↑ Uricoechea, Ezequiel. (1877). Vocabulario Páez-Castellano. Catecismo, nociones gramaticales. , 146 or..
- ↑ a b Jolkesky, Marcelo Pinho De Valhery. (2016). Estudo arqueo-ecolinguístico das terras tropicais sul-americanas. .
- ↑ (Ingelesez) Greenberg, Joseph H.. (1987). Language in the Americas. Standford University Press ISBN 9780804788175..
- ↑ (Ingelesez) Gordon, Raymond J.. (2005). Ethnologue. Languages of the World. SIL Internacional.
- ↑ (Ingelesez) Adelaar, Willem F. H.; Muysken, Pieter C.. (2004). The Languages of the Andes. Cambridge University Press ISBN 9780511486852..
- ↑ (Ingelesez) Campbell, Lyle; Grondona, Verónica. (2012). The Indigenous Languages of South America. A comprehensive guide. De Gruter Mouton ISBN 9783110255133..
- ↑ a b Ä’skwe, Ladu. (2020). Kwe’sx yuwe’s piiywa’. Nyafx Fxidx. .
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Rojas, Tulio. (1998). La lengua páez: una visión de su gramática. Ministerio de Cultura, Bogota, Colombia ISBN 9789588052113..
- ↑ PEBI-CRIC. (2012). Diccionario Nasa Yuwe – Español. PEBI – CRIC.
- ↑ a b Larrañaga, Julen; Mendizabal, Mikel; Barreña, Andoni. (2020). Nasak eta euskaldunak elkarri begira. BAT Soziolinguistika aldizkaria, 39-54 or..
- ↑ Garabide. «[LIBURUA Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen»] Garabide (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- “Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen” liburua bai euskaraz, bai nasa yuwez. Garabide elkartearen, Easo Politeknikoaren eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco-Katedraren arteko elkarlanaren ondorioz argitaratua den liburua (2020/12/04)