Napoleon III.a
- Artikulu hau Napoleon III.ari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Napoleon (argipena)».
Napoleon III.a edo Luis Napoleon Bonaparte[1] (1808ko apirilaren 20a - 1873ko urtarrilaren 9a) 1848tik 1851 arte Frantziako II. Errepublikako presidentea izan zen eta 1852 eta 1870 bitartean, frantesen enperadorea. Napoleon I.a osaba bezala, Errepublikako boterea hartzean, iraultzaileen ideiak eta agintean jarrera autoritarioa bat egiten saiatu zen. Gainera, bi inperioak armadaren porrotak zirela kausa erori ziren.
Frantziako presidentea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1848ko Iraultzako gatazken ostean, abenduaren 10eko hauteskundeen ondorioz, Luis Napoleon Bonaparte II. Errepublikako presidente bihurtu zen burokrazia, armada eta Frantziako probintzietako biztanleria nekazari eta atzerakoiagoaren babesa lortuta. Aurrerakoiagoen aurrean, Luis Napoleonek gizonezkoen sufragio unibertsala indarrean jarri zuen berriro.
Alabaina, 1851ko abenduaren 2an, estatu-kolpea eman zuen:[2] Nazio Biltzarra desegin eta oposizioko buru nagusiak atxilotu zituen. 1852ko urtarrilean, presidentetza hamar urterako luzatu zitzaion, eta Guardia Nazionaleko kontrol zuzena bere esku geratu zen. 1852ko azaroan, plebiszitu baten ondoren, II. Inperioa ezarri zuen.[3]
Inperio autoritarioa (1851-1860)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barne politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inperio autoritario deritzon Bigarren Inperioaren lehen epe horretan, Napoleon III.ak barne politikan bi helburu nagusi izan zituen: estatuko botereak bereganatzea eta matxinadak itzaltzea. 1852ko konstituzioak Napoleonen esku botere betearazlea eta militarra utzi zituen, baita justizia boterean eskua sartzeko eskumena ere, ordezkariak izendatu ahal izaten baitzituen. Legegintzari zegokionez, Napoleonek Estatu Kontseilua eratu zuen: horrek proposatzen zituen gizonezko sufragio unibertsalaren bidez hautatutako legebiltzarrak aztertu behar zituen legeak.
Orden publikoa poliziaren bidez gorde zen: hirietan, polizia eta herrietan, jendarmeria. Zentsurarik ez egon arren, prentsa zein unibertsitateak zelatan zituen. Elizarekin aliatuta, batik bat Industria Iraultzak ekarritako aberastasunak, baikortasuna, segurtasuna eta ondasun andana eman zizkien frantsesei. Horrela, matxinatzeko gogoa apaldu zen.
Kanpo politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo politikan, epe horretan Krimeako Gerran zein Austria-Piamonteko Gerran ere aritu zen.
Krimeako Gerran Napoleon III.ak Erresuma Batuaren alde egin zuen eta Nikolas I.aren Errusiaren aurka Ekialdeko katolikoei lagundu nahian. Bi urteren buruan garaile aterata, nazioarteko mailan ospe handia lortu zuen Napoleonek.
Italian, Piamonteko Cavourrekin sinatu zuen Plombiers hitzarmena (1858ko uztailaren 21ean) Austriaren aurka. Hurrengo urteko ekainean, Magenta eta Solferino batailetan austriarrak garaitu ostean, Prusiak Austriari laguntza emango zien beldurrez, Napoleonek bakea sinatu zuen, Piamontekin adostu gabe. Piamontek lurralde batzuk lortu arren, tartean Aita Santuen Estatuko zati bat, Cavourrek dimisioa aurkeztu zuen.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historialari frankok Frantziako benetako Industria Iraultzaren garapena epe horretan kokatzen dute.
Napoleonek eskua sartu zuen ekonomian. Frantziako nekazarien babesa (populazio aktiboaren % 50 baino gehiago) bereganatu nahian, laguntza eman zien. Halaber, Paris eraberritu zuen, hiriburuko langabeziari aurre egiteko eta negozio-burgesiaren babesa ere bereganatzeko.
1850eko hamarkadan babeskor jokatu zuen Napoleonek ekonomia arloan, eta ekonomia modernizatu ahal izan zuen. 1860ko hamarkadan, merkatuak ireki zituen eta 1866ko krisi ekonomikora arte, Frantziako kanpoko salmentak ugaltzea lortu zuen.
Inperio liberala (1860-1870)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barne politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziaren laguntzaz, Piamontek Aita Santuen Estatuetako zati bat eskuratu izanak (1859) kendu zion Napoleoni hainbat katoliko frantziarren babesa. Orduan, Napoleonek politika aurrerakoiagoa hartu zuen, —1859an, amnistia ezarri zuen, esterako— errepublikazaleen babesa bereganatu nahian. Hala ere, atzerakoiekiko lotura moztu ez zuenez, hein txiki batean baino ez zuen lortu.
Liberalizazio politiko (eta ekonomiko) horri esker, legebiltzarrak eskumen gehiago izan zituen eta, 1864an, langileen elkarteak eta grebak onartu zituen.
Kanpo politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Porrot latzak ere izan bazituen ere, batik bat 1866tik aurrera, Napoleonek arrakastak izan zituen: Savoia eta Niza bereganatu zituen Frantziak 1860an, Indotxinan eta Senegalen lehenengo koloniak kokatu zituen, Suezko Kanala eraiki zen (1859-1869), eta Mexikora espedizioa bidali zuen (1861-1866); baina 1866an bertan, Bismarcken estreinako porrot diplomatikoa izan zuen Napoleonek, Luxenburgo Frantziarako bereganatu nahi izan zuenean. AEBetako Gerra Zibilean Hegoaldearen alde egin zuen Napoleonek, eta 1865ean Iparraldea atera zen garaile. Gainera, Frantziak Mexikon ezarritako gobernua –Maximilianorena— ez zuten onartu AEBek. 1867an, Frantziak abandonaturik, Maximiliano atzeman eta hil zuten.
Porrot erabakigarria 1869-1870eko Prusiaren kontrako gerra izan zen. Bismarckek berehala garaitu zituen Frantziako armadak. Horren ondorioz, Alsazia eta Lorena galdu zituen Frantziak, eta legebiltzarrak III. Errepublika aldarrikatu ondoren, II. Inperioa amaitu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 186. arauaː Atzerriko pertsona-izenak. Grafia-irizpideak. Erregeerreginen eta kidekoen kasua. .
- ↑ John Burt Halsted (1972). December 2, 1851: contemporary writings on the coup d'etat of Louis Napoleon, Anchor Books
- ↑ Margadant, Ted (1979). French Peasants in Revolt: The Insurrection of 1851